Urduliz
|
Urduliz |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Urduliz | ||
| Estatua Erkidegoa Lurralde Historikoa Eskualdea |
Espainia Euskal Autonomia Erkidegoa Bizkaia Uribe Kosta |
||
| Alkatea | Javier Bilbao (EAJ) | ||
| Herritarra | urduliztar | ||
| Koordenatuak | 43°22′40″N 2°57′28″W / 43.37778°N 2.95778°WKoordenatuak: 43°22′40″N 2°57′28″W / 43.37778°N 2.95778°W | ||
| Eremua | 7,8 km2 | ||
| Garaiera | 82 m | ||
| Distantzia | 23 km Bilbora | ||
| Posta kodea | 48610 |
||
| Biztanleria | 3.631 bizt. (2012) | ||
| Dentsitatea | 465,51 bizt./km² | ||
| www.urduliz.net http://www.urduliz.net www.urduliz.net | |||
Urduliz Bizkaiko (Euskal Herria) udalerria da. Uribe Kostako eskualdean kokatzen den herri honek 3.631 biztanle zituen 2012ko erroldaren arabera.
Eduki-taula |
Inguru naturala eta kokapena [aldatu]
Urduliz Butroe ibaiaren haranean kokatzen da, ibai horren ezkerreko aldean alegia. Geologiari dagokionez, Bizkaiko sinklinorioan dago. Sinklinoriaren mendebalde-ekialdeko norabidea, argi ikus daiteke Urduliz zeharkatzen duten mendixken kokapenagatik. Udalerriko mendirik garrantzitsuenak Munarrikolanda (255 m.), eta Peñas (198 m.) dira.
Herriaren iparraldean, Butroe ibaian zehar itsasorantz gehiago hurbiltzean, Tarigua eta Kukatxe errekek bat egiten duten puntua dago.
Urdulizko herri mugakideak honakoak dira: Barrika eta Plentzia iparraldean, Berango eta Erandio hegoaldean, Gatika eta Laukiz ekialdean, eta Sopela eta Berango mendebaldean.
Historia [aldatu]
Uribe merindadeko elizatea, Gernikako batzar nagusietako berrogeitahamargarren jesarlekua betetzen zuen. Butroiko Etxebarriatarren jaurgoaren zati izan zen, euren boterea adierazteko Barriako dorretxea eraiki zuten. 1770. urtean berreraikitako Santa Marina baselizaren patroiak izan ziren. Baseliza hori izen bereko haitzetan dago eta elizaz gain, zortzi errota egon ziren antzina.
Santa Marina haitzetatik Bizkaiko kostalde guztia ikus daiteke, Luzero puntatik Billao lurmuturreraino. Nekazaritza izan zen mende askoan Urdulizko jarduera ekonomiko nagusia. Horren adierazle, landatzen ziren garia, indabak, eta txakolina ekoizteko mahastiak esaterako. Horrez gain, udalerriaren gune garaienetan zurgintza zen jarduera nagusia. XIX. mendearen amaieran Urdulizko harrobietatik ateratako harriarekin, Butroiko gaztelua eraiki zen.
XX. mende hasierara arte Urduliz nekazarien herria zen. Industrializazioaren hastapenak ziren, eta nekazaritzaren mundutik zetozen hainbat bizilagunek landa guneak hustuz joan ziren. Dena den, Bizkaiko bestelako herriek izan zuten biztanleria galerak ez zuen eraginik izan Urdulizen: batetik, herrian zegoen harrobi eta bestelako industria txikiengatik, eta bestetik, Bilborekin zeukan hurbiltasun erlatiboarengatik. Urtetan, Bizkaiko industrializazioaren ikur izan zen Mecanica de la Peña enpresaren egoitza izan zen Urduliz.
Azken urteetan, eraikitzeko lur asko izan, eta Bilbotik hurbil zegoela eta, biztanle asko erakarri ditu herriak.
Demografia [aldatu]
| Urtea | 1857 | 1877 | 1887 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1980 | 1991 | 2001 | 2006 |
| Biztanleak | 634 | 602 | 682 | 728 | 777 | 847 | 989 | 1.091 | 1.325 | 1.453 | 2.128 | 2.658 | 2.580 | 3.094 | 3.139 |
Garraiobide eta azpiegiturak [aldatu]
Bilboko metroaren
lineak geltokia dauka herrian, "Urduliz"ko geltokia alegia, metroaren C Gunean. 2006an Bizkaiko Garraio Partzuergoak, trenbidea herrian zehar lurperatzeko eta trenbidea eta errepidearen arteko igarobidea kentzeko proiektua aurkeztu zuen. Proiektuaren arabera, trenbidearen 500 bat metro lurperatu, eta geltoki berria eraikitzekoak ziren.
Lanak 2007an hastea berrikusten zen, oraindik hasi ez badira ere.
Hauteskundeak [aldatu]
Urdulizko alkatea, EAJko Javier Bilbao da, 2011ko udal hauteskundeez geroztik. Baliogabeko botoak 41 izan ziren, emandako boto guztien %2,05. Boto zuriak, berriz, 62 izan ziren, emandakoen %3,16. Abstentzioa %30,50koa izan zen.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| EAJ | 831 | 5 |
| Bildu | 706 | 5 |
| PSE-EE | 147 | 1 |
Jaiak eta ospakizunak [aldatu]
Urdulizko Andra Mari jaiak Irailaren 8an ospatzen dira. Jaietako kartela erabakitzeko lehiaketa hilabete batzuk lehenago, apirilean, izan ohi da.
Uztailaren 20an erromeria antolatzen da.
Abuztuaren 16an nekazaritza azoka antolatzen da, bertako produktuen lehiaketa, salmenta eta erakustaldiarekin.
Kirolak [aldatu]
- Iparralde kiroldegia, Aita Gotzon kalean.
- Futbol zelai zaharra, Igeltzera kalean.
- Txiberri tabernako frontoia, Aita Gotzon kalean.
- Urdulizko zaldi Kluba, Goieta kalean.
- Urdulizko futbol zelai berria, Iparralde kiroldegiaren aurrean.
Kanpo loturak [aldatu]
- (Euskaraz) Urdulizko udalaren webgunea.