Jatabe

Koordenatuak: 43°23′47″N 2°52′08″W / 43.3964°N 2.8688°W / 43.3964; -2.8688
Wikipedia, Entziklopedia askea
Jatabe
 Bizkaia, Euskal Herria
Maruri-Jataberen ikuspegia.
Jatabeko bandera

Jatabeko armarria

Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaBizkaia
EskualdeaMungialdea
Izen ofiziala Maruri-Jatabe
AlkateaIsaac Amezaga Larrazabal (EAJ)
Posta kodea48112
INE kodea48061
Herritarrajatabetarra
Kokapena
Koordenatuak43°23′47″N 2°52′08″W / 43.3964°N 2.8688°W / 43.3964; -2.8688
Map
Azalera15,8 km²
Garaiera43 metro
Distantzia18 km Bilbora
Demografia
Biztanleria1.069 (2023)
33 (2022)
alt_left 480 (%44,9) (%47,8) 511 alt_right
Dentsitatea67,66 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
% 29,51
Zahartze tasa[1]% 21,12
Ugalkortasun tasa[1]‰ 27,15
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 80,47 (2011)
Genero desoreka[1]% 9,15 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 6,56 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 63,69 (2010)
Kaleko erabilera [2] (2016)
Etxeko erabilera [3]% 45.47 (2016)
Datu gehigarriak
Webguneahttp://www.maruri-jatabe.net

Jatabe[4] Bizkaiko iparraldeko udalerri bat da, barrualdekoa, Mungialdeako eskualdean kokatua. 15,8 kilometro koadro ditu, eta 941 biztanle zituen 2016. urtean.

Izena

Herriaren izena konposatua da 1997tik; ordu arte Maruri izena zuen. Toponimo horrek, Koldo Mitxelenak zioenez, «mairu uri» esan nahiko zuen; Jatabe toponimoak, berriz, «Jata mendiaren azpikoa».

Geografia

Ingurune naturala

Jataberen lurraldeak menditsuak dira, Jatabe herria bera dagoen hegoaldeko partean salbu. Udalerria Butroe ibaiaren bailararen iparraldean dago kokaturik, Jata mendiaren (599 m) magaletan. Jatak udalerriaren ekialdeko mugarriarena egiten du. Badaude altuera txikiagoko beste muino batzuk: Artebakarra, Irutxurre, Kurtzegana, Garbi-mendi, Iruarteta, Santakurtze, Amezti eta Txarola mendiak. Udalerria zeharkatzen du, hegoaldetik iparraldera, Mungia kostaldearekin lotzen duen eta Goieta auzunea kokatuta dagoen bailaratxoak.

Jatabe herria itsas mailatik 20 metro inguruko altueran dago. Udalerriaren zatirik gehiena, berriz, 150 eta 350 metro arteko altuerako muinoez osaturik dago, eta punturik altuena Jata mendiaren 599 metroak dira.

Butroi errekak hegoaldeko muga osatzen du eta Jatabe Gatikako udalerritik banatzen du.

Udalerri mugakideak

Lau udalerrik inguratzen dute Jatabe: Lemoiz, Bakio, Mungia eta Gatika.

Auzoak

Herriko auzoak 12 hauek dira, alfabetikoki ordenaturik:

  • Billelabaso: Ipar-mendebaldean kokatuta dago, Lemoizko mugan. Goikomendi, Obarre, Billelabaso, Karabieta, Bitxilarreneta eta Ortuazpi izeneko inguruneak eta Amezti eta Txarola mendiak barne hartzen ditu. Ur-biltegia ere badauka eta hainbat errekak gurutzatzen dute. Auzoko erdigunea Etxebarrigoiko, Goikoetxea, Hurrengoetxea, Sustatxaena, Bekoetxea, Asolo eta Heredad de Maitegi izeneko etxe edo baserriek osatzen dute.
  • Elortegi: Ekialdeko erdialdean kokatuta dago. Santakurtze mendia eta Eldroka eta Elortegi inguruneak barne hartzen ditu.
  • Erdigune: Hegoaldean kokatuta dago, Mungiako mugan. Udaletxea, eliza, kanposantua, gizarte-etxea, pilotalekua, igerilekua, parkea eta bi jatetxe biltzen ditu.
  • Erribera: Hego-mendebaldean kokatuta dago. Gorostola, Iretzagorri, Ixerdi, Urretxua, Lexarzarreta, Basozarra eta Sagubaso inguruneak eta Garbi-mendi eta Iruarteta mendiak barne hartzen ditu.
  • Ianduri: Hego-ekialdeko bazterrean dagoen auzo txikia da.
  • Ibarra: Hegoaldean kokaturik dago, Gatika eta Mungiako mugetan. Probalekua, errementari etxea, hiru bus geltoki eta bi jatetxe biltzen ditu.
  • Jule: Erdialdean dagoen auzo txikia da.
  • Kurtzegana: Erdialdean dagoen auzoa da. Izen bereko mendia eta Urgozo, Alegriburu inguruneak barne hartzen ditu, Garaizarreko landetxea eta ur-errota, ur-biltegi eta iturri banarekin batera.
  • Larreta: Hegoaldean dagoen auzo txikia da, Mungiako mugan.
  • Goieta: Iparraldean dagoen auzo zabala da, Lemoizko mugan kokatua. Txorietxe, Lamitzeta, Askabe, Zaldizuri, Goieta eta Amezola inguruneak, Artebakarra eta Irutxurre mendiak, adinekoen egoitza eta jatetxe bat barne hartzen ditu
  • Saburdi: Udalerriko ekialde osoa hartzen du, Bakio eta Mungiako mugetan. Markinaresti, Arrizurieta eta Saburdi inguruneak, Jata mendia eta ur-biltegi bat barne hartzen ditu.
  • Sakalde: Erdialdean dagoen auzoa da. Artezarra, Iturralde eta Sakalde inguruneak eta iturri eta jatetxe bana barne hartzen ditu.

Historia

San Lorentzo Martiriaren izeneko elizatea Jataren malda altu batean eraiki zuten XII. mendean.

XVII. mendeko hastapenetan Marurik oinaztarren alde egin zuen, Gaztelaren alde alegia. Filipe IV.a Espainiakoak 1637an soldaduak eskatu zizkion Bizkaiko jaurerriari Frantziaren aurka borrokatzeko eta herriak 6 gizon bidali zuen tropa hori osatzeko. Tartean, Konbentzio Gerran parte hartu zuten.

1704an bestela herriak 54 "sutzar" zituen eta 1798an 55, 61 etxe, 350 pertsona ("de comunión"), Añakako burdinola, taberna bat, 6 errota eta Santa Kurtzeko baseliza, Juan Ramón Iturriza historialariak erregistratu zuen moduan.[5]

Historia garaikideari dagokionez, herritar gehien-gehienak euskal abertzaleak izan arren, 1972tik 2008ra Jaime Larrinagak [6] abade lanak egin izan zituen herrian, politikoki espainiar nazionalismoaren alde lerratutakoa. Honek herriko bazterrak nahastu zituen, batez ere kanpotik etorritako interesek hauspotuta. "Foro El Salvador" izeneko taldean ibili zen eta ETAren mehatxuak salatu zituen.

Demografia

Jatabeko biztanleriak inguruko herri txikien eboluzio bera izan zuen XX. mendean. Tradizioz nekazaritzari lotutako herria izanik, 1950eko hamarkadatik aurrera biztanleak galduz joan zen, askok inguruko herri handietako eta Bilboko languneetara alde egin baitzuten. 1980ko hamarkadatik aurrera, berriz, errepideak hobetzean eta automobilaren erabilera zabaltzearekin batera, Bilbotik eta Mungiatik hain hurbil egonik, Jatabe biztanle berriak jasotzen hasi zen.

XXI. mendearen lehen hamarkadan inoiz baino biztanle gehiago edukitzera iritsi zen, ia 1.000 bizilagunen kopurua erdietsiz.

Jatabeko biztanleria

Politika

2011ko hauteskundeen emaitzak hauek izan ziren [7]: 756 biztanleko erroldatik 576 hautesle (%76,19) eta abstenitutako 180 pertsona (%23,81) zenbatu zituzten. EAJk 321 boto (%58,68) eta 4 eserleku eskuratu zituen, eta Bilduk, aldiz, 198 boto (%36,20) eta 3 zinegotzi. Gainerako alderdiek ez zuten ordezkaritzarik izateko adina boto eskuratu.

2015eko hauteskundeen ondorioz, EAJ alderdiak zinegotzi bat irabazi zuen eta Euskal Herria Bilduren ondorengoa zen Bildu koalizioak bat galdu zuen.

Jatabeko udalbatza

Alderdia

2015eko maiatzaren 24a

2011ko maiatzaren 22a

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV)
5 / 7
341 (% 65,7)
4 / 7
321 (% 58,68)
Euskal Herria Bildu (EH BILDU)*
2 / 7
146 (% 28,13)
3 / 7
198 (% 36,2)
* 2011n Bildu koalizioa aurkeztu zen.
Datuen iturria: 2015eko eta 2011ko udal hauteskundeen emaitzak emaitzak euskadi.eus webgunean

Jaiak

Herriko jaiak abuztuaren 10ean dira, Laurentzi Deunaren egunean. Herriko Ibarra auzoan probaleku bat dago, udaletxe eta bus geltokiaren ondoan, idi-probak egiteko.

Ondasun nabarmenak

Udaletxea

San Lorentzo Eliza

Jatabeko San Lorentzo eliza aurretik zegoen tenplu baten berreraikuntza da. Espainiako Gerra Zibilean aurretik zegoen eliza guztiz suntsituta geratu zen eta orubea baino ez zen geratzen. Eliza berria antzinakoa zegoen lekuan eraiki zen, baina metro batzuk aldatuta. Estiloa erromaniko berrikoa da eta arkitektoa Luis Maria de Gana izan zen, Bizkaiko Regiones Devastadaseko arkitektoa. Elizaren iparraldean lehengo ara dago eta bertan inskripzio zahar bat irakur daiteke. Mahaiaren ondoan antzinako Santa Kruz baselizaren (Jata mendiaren magaletan zegoen baseliza) balizko zutabe bat dago, XII. mendekoa.

Garaizar Errota

Ur-errota guztiz berritua da eta irekita dago nahi duenak bisita dezan, Kurtzegana auzoan eta Garaizarreko landetxearen ondoan kokatuta dagoena.

Erreferentziak

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jatabe Aldatu lotura Wikidatan
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Bizkaia