Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da

Filosofia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Filosofiko» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search

Pentsalaria, Auguste Rodinen eskultura (1880-82): hausnarketan murgildutako gizonaren betiereko irudikapena.

Filosofia (grezierazko φιλος -filos- eta σοφος -sophos- hitzetatik, "jakintzaren maitasuna") unibertsoari, munduari eta gizakiari buruzko gogoeta eta arrazoibide bat da. Jakintza-modu bat da filosofia, naturaren eta gizakiaren errealitatea aditzeko eta adierazteko bide bat, zientzia, artea eta teologia diren bezala. Horien arteko harremanak oso konplexuak dira eta garai ezberdinetan eta pentsaera ezberdinen arabera elkar osatu zein ukatu egiten dutenak.

Kontzeptua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gogoetazko jarduera da filosofia, metodikoa eta sistematikoa, arrazoimenean oinarritua. Alor espezifikorik gabea da, natura eta gizarte zientziak ez bezala; eta oro har, errealitatearen eta giza esperientziaren edozein alor da, berez, filosofiaren gai.

Adarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filosofiaren alor klasikoekin batera -metafisika, logika, etika eta epistemologiarekin batera- zientziaren filosofia, zuzenbidearen filosofia, historiaren filosofia, filosofia politikoa, artearen filosofia, erlijioaren filosofia, hezkuntzaren filosofia eta abar ere bereizten dira.

Mundu klasikoan filosofia hiru adarretan banatzen zuten: natura-filosofia (biologia, astrologia, fisika eta abar barne hartzen zituena), moral-filosofia (ekintzen zuzentasuna edo egokitasunari buruz mintzo zena) eta metafisika-filosofia (existentzia, logika eta beste ideia abstraktu batzuk aztertzen zituena). Sailkapen horretan ikus daitekeenez, aitzinako filosofiak gaur egun beste disziplina batzutan aztertzen diren gaiak barne hartzen zituen.

Gaur egun, maila akademikoan, tradizionalki filosofia bost adarretan bereizi izan da:

  • Metafisika eta epistemologia.
  • Balioen teoria.
  • Logika, zientzia eta matematika.
  • Filosofiaren historia.
  • Filosofia tradizioak edo korronteak.

Ohar bedi adar hauek ez dutela filosofia deritzona bere osotasunean hartzen, ezta elkar baztertzen ere.

Metafisika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errealitatearen ezaugarri orokorrak aztertzen dituen alorra da. Existentzia, denbora, objetuen eta beren propietateak, osotasuna, gertaerak eta gorputz eta gogoaren arteko harremana jorratzen ditu, beste hainbat ideiaren artean.

Epistemologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezagutzaren ikerketa lantzen duen alorra da epistemologia. Ezagutzaren izatea eta izaera aztertzen ditu: intuizioa, arrazoia, memoria, esperientzia, zentzumenak, norbere buruaren ezagutza eta beste. Bereziki arduratzen da egia delakoaren ideiaz eta honen oinarriez, baita jakintza, sinesmen eta usteen arteko bereizketaz ere.

Balioen teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Balioen teoria objetu, ekintza eta ideien zuzentasuna eta egokitasunaz arduratzen da. Etika eta estetika ziren jatorrizko adarrak. Gaur egun, balioen teoriaren barnean ikusi ohi dira politika-filosofia, feminismo-filosofia, lege-filosofia eta beste hainbat.

Logika, zientzia eta matematikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Logika arrazoi eta argudioen azterketa helburu duen arloa da. Premisa batzuetatik abiatuz zein ondorio lor daitezkeen adierazten duten legeak aztertzen ditu. Zientzietan anitz erabiltzen diren elementuak direnez, logika matematikaren ikuspuntutik ere aztertzen den arloa da.

Zientziaren filosofiari dagokionez, zientziaren oinarri, helburu eta metodologiak aztertzen dituen arloa litzateke. Gauza bera matematikaren filosofiaren kasuan.

Filosofiaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filosofia garai historikoetan banatua aztertzen duen disziplina da hau. Filosofia ideien agerpena eta garapena aztertzen du garai bakoitzean, baita filosofia korronteek garaiarekiko zuten harremana ere.

Historia-filosofiaren ezberdina da, nahiz eta zerikusirik baduen. Azken honek, historiaren ikerketaren inplikazio filosofikoak jorratzen ditu, "froga historiko" eta "objetibitate historiko" bezalako kontzeptuak, adibidez.

Filosofia tradizioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filosofia korronteen arabera aztertzen dituen arloa da. Filosofia eskola deritzotenetan sailkatzen dituzte ideia eta korronteak, taldeka aztertuz.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Filosofiaren historia»

Filosofia izenez, etimologikoki, Greziatik garaturiko pentsamendu korronte arrazionalen multzoa ezagutzen bada ere, badira filosofiatzat jotzen diren beste zenbait jakintza-tradizio ere, munduko beste zenbait zibilizaiotan sortuak, bereziki indiar filosofia eta txinatar filosofia.

K. a. VI. mendearen inguruan sortu ziren tradizio filosofiko handiak: grekoa, indiarra eta txinatarra. Mendebaldeko filosofia K.a. VI. mendean abiatu zen (Tales Miletokoa), filosofo handienak (Sokrates, Platon, Aristoteles) V. eta IV. mendeetakoak badira ere. Txinako bi eskola handien, konfuzianismoaren eta taoismoaren, sortzaileak (Konfuzio eta Laozi, hurrenez hurren) VI. eta V. mendeen artekoak dira. Era berean, Indiako sistema filosofiko nagusien sortzaileak ere mende berekoak dira: Gautama (nyayaren sortzailea), Kapila (samkhyarena), Buda (budismoarena) eta Mahavira (jainismoarena). VII. eta VI. mendeen artekoak dira Persiako Zaratustra eta Israelgo Jeremias eta Ezekiel profeta handiak ere. Aipaturiko hiru tradizio filosofiko handiek XIX. mendearen bigarren partean egin zuten bata bestearekin topo, bai Txinak eta bai Indiak Mendebaldeari ateak erabat irekitzean, edo, hobeto esanda, mendebaldar zibilizazioa indar handiz Ekialdeko bi herrialdeetara sartzean.

Munduaren elementu aldakorrak aztertzetik eta kosmologia eraikitzetik hasi zen Greziako filosofia (Anaximandros, Parmenides, etab.), hortik arazo metafisikoetara, etikoetara eta politikoetara igarotzeko (Sokrates, Platon); Aristotelesek alor guztiok bildu zituen bere ikuspegi sistematikoan.

Erdi Aroan eta kristautasunaren hedapenaren eraginez, filosofia teologiari lotuta garatu zen (San Agustin, filosofo eskolastikoak). Errenazimentuan askatzen hasi ziren ezagutza eta jakintzaren mundua eskolastikarekin zituzten lokarri estuak antzinate klasikoaren ondarea berreskuratzeko gogoak eta gizabanakoaren autonomia bilgune zuten humanismo-korronte desberdinek eraginda (Nikolas Cusakoa, Makiavelo, Erasmo, Tomas Moro, etab.). Geroago, zientzi aurkikuntza eta teoria berriek ordu arteko hainbat filosofi ikuspegi irauli egin zituzten (Koperniko, Galileo, etab.), espekulazio filosofikoaren objektu ziren zenbait gai zientziaren ardurapeko bihurtuz.

Filosofia modernoaren garaian, arrazoia ezagutzaren oinarritzat hartu zuten filosofo arrazionalisten aurka (Descartes, Leibniz eta Spinoza), behaketa, esperimentazioa eta indukzioa azterketa filosofikoaren oinarri zuten enpiristen ikuspegia sortu zen (Bacon, Locke eta Hume). Ilustrazioan ordura arteko ideiak kritikatzera jo zuten, materialismotik hurbil zegoen ikuspegi batetik gainera, eta espiritu praktikoak bultzaturik, Montesquieuk eta Rousseauk politikari lotutako filosofia garatu zuten. Kant filosofoaren inguruan Alemaniako eskola idealista sortu zen (Fichte, Schelling); horientzat filosofiaren eginkizun nagusia arrazoiak egia iristeko duen ahalmena mugatzea da. Kantek adimenari emandako garrantzia kritikatuz, Hegelek arrazoia azpimarratu zuen errealitatea hautemateko eta erdiesteko bide gisa. Marx eta Engelsek munduaren interpretazio soilaren ordez, horren eraldaketa sakona proposatzen zuen marxismoa hedatu zuten, klaseen arteko borroka ardatz duen historiaren interpretazio materialista emanez. Aldi berean Frantzian Comtek positibismoa sortu zuen, Britainia Handian enpirismoan oinarritutako utilitarismoa nagusitu zen eta Kierkegaard daniarrak existentzialismoaren oinarriak jarri zituen. XX. mendearen hasierako fenomenologiaren ondoren (Husserl), existentzialismoa (Heidegger, Sartre), filosofia analitikoa (Russell), neopositibismoa (Wittgenstein) indartu dira.

Gaur egun aniztasuna nagusi bada ere, bi joera nabarmentzen dira: antropologia, hizkuntzalaritza, psikologia eta psikoanalisiarekin elkarlanean diharduen humanismoa eta ikuspegi pragmatikotik lengoaia, ezagutza eta zientzia aztertzen dituen eskola analitikoa.

Galdera filosofikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filosofiak izan duen norabide-aldaketa aplikatuak orientazioak eskatzen dizkio hari. Hainbat auziri eta galderari gizatasun handiz aurre egiteko. Hauek dira auzi eta galdera horietako batzuk:

  • Medikuntzaren alorreko dilema etikoak.
  • Ingeniaritza genetikoaren aurrerakuntzak dakartzan arriskuak.
  • Aberastasunaren banaketa bidegabea.
  • Oreka ekologikoaren asaldura.
  • Enpresetako lanarekin, eta haien kontsumoarekin eta erantzunkizunarekin lotutako galderak.
  • Politikako ustelkeria eta hainbat profesional talderena.

Etika aplikatuak era honetako arazoez arduratzen den filosofia zatia osatzen dute.

Pentsaerari buruzko galderak elkarrizketa filosofikora garamatzate, zuzenean. Elkarrizketa bat filosofikoa da arrazoiketa bultzatzen badu.

Filosofo ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Filosofo ospetsuen zerrenda»

Euskal Herriko filosofoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Filosofia Aldatu lotura Wikidatan
Wikiliburuetan liburu bat dago honi buruz:
Filosofia
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Filosofia