Edukira joan

Lisboa

Koordenatuak: 38°42′29″N 9°08′20″W / 38.708042°N 9.139016°W / 38.708042; -9.139016
Wikipedia, Entziklopedia askea
Lisboa
Lisboa
Lisboa
hiri handia
Lisboa hiriko hainbat irudi. Goikaldeko irudian Apirilak 25 zubia;San Jurgiren gaztelua, Baixa de Lisboaren ikuspegia, Lisboako ohiko tranbia bat, Mega Arvore de Natal edo Eguberrietako Zuhaitz Erraldoia, eta São Bento jauregia; Belém dorrea, São Rafael eta São Gabriel dorreak, Praça do Comércio enparantzako Garaipenaren Arkua; Estádio da Luz futbol zelaia, eta Lisboako katedrala; Gare do Oriente geltokia, Apirilak 25 zubia Tajo ibaia zeharkatuz, Eduardo VII.aren parkea, eta Pombaleko markesaren errotonda; Lisboa hiriaren ikuspegia San Jurgiren gaztelutik, eta azkenik Lisboako aireportua. Irudi gehiago
Administrazioa
Estatu burujabe Portugal
Portugalgo barrutiaLisboa
AlkateaCarlos Moedas
Izen ofizialaLisboa
Jatorrizko izenaLisboa
Posta kodea1000–1900
Geografia
Koordenatuak38°42′29″N 9°08′20″W / 38.708042°N 9.139016°W / 38.708042; -9.139016
Map
Azalera100,05 km²
Altuera0-199
MugakideakOeiras, Amadora, Odivelas eta Loures
Demografia
Biztanleria545.923 (2021)
Metropolia2.821.876
Dentsitatea5 066,4 bizt/km²
Informazio gehigarria
SorreraK.a. 1200 Alis Ubbo herri feniziarra
Olissipona erromatar hiria
Ordu eremuaUTC±00:00 eta UTC+01:00
Hiri senidetuakBissau, Praia, Macao, Rio de Janeiro, Budapest, Buenos Aires, Cacheu (en) Itzuli, Luanda, Madril, Malaka, Maputo, Montevideo, Rabat, Sao Tome, Zagreb, Salvador da Bahia, Tunis, Betleem, Malacca (en) Itzuli, Kiev, Pekin, Panaji (en) Itzuli, Brasilia, São Paulo, Miami, Dili eta San Frantzisko
http://www.cm-lisboa.pt www.cm-lisboa.pt

Lisboa[1] Portugalgo eta Lisboako barrutiko hiriburua da. Herrialdeko hego-mendebaldean dago, Ozeano Atlantikoaren ertzeko Tajo ibaiaren bokalean (Mar da Palha), eta Europako mendebaldeko lur-muturrean. 100,05 km²ko eremua du eta 2021an 545.796 biztanle zituen[2]. Beti ere, Lisboa Handia deitutako metropoli eremuan 2,8 milioi pertsona bizi dira.

Lisboa aldea da Portugalgo merkataritza, industria eta kultur gune nagusia. Bertako portutik bideratzen da Portugalgo itsas merkataritza gehiena (ardoa, kortxoa, erretxina, arrain kontserbak, Afrikara eta Hego Amerikara gehiena; 12,5 milioi tona 1986an) eta bertan jasotzen da herrialdeak inportatzen dituen lehen gai asko. Industria Tejo ibaiaren hegoaldean dago batez ere (Barreiro, Alhandra, Cavo Ruivo, Seixal): kimika eta petrokimika industria, mekanika, ontziolak, ehungintza eta janari industria.

Portugalgo kultur hiri nagusia da: unibertsitatea, liburutegiak, museoak. Cidade Baixa («Beheko Hiria») aldea ia osorik eraiki zuten 1755eko lurrikararen ondoren; Bairro Alto («Goiko Auzoa») aldean kontserbatu dira arabiarren garaiko eta Erdi Aroko harresi-atal batzuk (Alfama, Mouraia). Monumentu aipagarri asko ditu hiriak: XII. mendeko katedrala (Sé Patriarcal), Belémgo dorrea (XVI. mendea), Carmo eliza (XIV. mendea, Karmeloko eliza, 1755eko lurrikararen ondoren bere horretan utzia), São Jorge gaztelua, São Roque eliza eta Jeronimotarren monasterioa (Belém, XVI. mendea). Lisboako hirialde ugari daude mendien mazeletan eraikiak eta hiriaren gaineko ikuspegi eder askoak eskaintzen dituzten miradouro edo talaia ugari daude inguruetan.

Geografia

Klima

    Datu klimatikoak (Lisboa)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 22.6 24.8 29.4 32.2 34.8 41.5 40.6 41.8 37.3 32.6 25.3 23.2 41.8
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 14.8 16.2 18.8 19.8 22.1 25.7 27.9 28.3 26.5 22.5 18.2 15.3 21.5
Batez besteko tenperatura (ºC) 11.6 12.7 14.9 15.9 18.0 21.2 23.1 23.5 22.1 18.8 15.0 12.4 17.5
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 8.3 9.1 11.0 11.9 13.9 16.6 18.2 18.6 17.6 15.1 11.8 9.4 13.5
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) 1.0 1.2 0.2 5.5 6.8 10.4 14.1 14.7 12.1 9.2 4.3 2.1 0.2
Euria (mm) 99.9 84.9 53.2 68.1 53.6 15.9 4.2 6.2 32.9 100.8 127.6 126.7 774
Euri egunak (≥ 0.1 mm) 15.0 15.0 13.0 12.0 8.0 5.0 2.0 2.0 6.0 11.0 14.0 14.0 117.0
Eguzki orduak 142.6 156.6 207.7 234.0 291.4 303.0 353.4 344.1 261.0 213.9 156.0 142.6 2806.3
Iturria: [3]

Auzoak

Lisboako fregesien mapa.

Hiria 53 freguesiatan banatuta dago eta horiek guztiak, lau auzo nagusitan. Auzo historikoen artean, ezagunenak hauexek dira:

  • Alcântara: Garai batean Lisboako suburbioa zena, gaur egun erdigunetik gertu dago. XIX. mendean eremu industriala zen baina XX. mende bukaeran gazte giroa nagusitu zen, bertako pub eta diskoteka ugariak lekuko. Eraikuntza ezagunena akueduktua da.
  • Alfama: Lisboako auzo historikoa da, San Jurgi gazteluaren azpian zabaltzen dena. Izen arabiarrak erakusten du X. mendearen aurretik auzoak Lisboko zati handiena hartzen zuela.
  • Bairro Alto: Gazteluaren pareko muinoan altxatzen den auzo erresidentziala da. Lisboako gau-giroa bertan dago gaur. Auzoa fadoari oso lotuta dago.
  • Baixa Pombalina: 1755eko lurrikarak Lisboako behealde guztia suntsitu zuen eta Pombalgo markesak, Portugalgo lehen ministroa zenak, Ilustrazioaren garaiko ereduen arabera berreraiki zuen. Hiriko auzo dotoreena da.
  • Belem: Lisboaren mendebaldean kokaturik dagoen auzoa da. Bertatik ateratzen ziren itsasgizon portugaldarren espedizioak. Belém dorrea eta Jeronimotarren monasterioa daude bertan.
  • Benfica: Monsantoko basoaren inguruan kokaturiko auzoa da, hiriaren iparraldean. SL Benfica futbol taldeak egin du auzoa ezagun.
  • Castelo: San Jurgi gazteluaren inguruan kokaturiko auzoa da.
  • Chiado: Merkataritza gunea da, Bairro alto eta Baixa Pombalinaren artean kokatzen dena. Hainbat museo eta antzokik auzo kulturala bihurtu dute.
  • Madre Deus: inguruko auzoa da.
  • Mouraria: Kristauek Lisboa konkistatu zutenean mairuei erreserbatu zieten eremua da. 1930 eta 1970 artean etxe guztiak bota eta berriak eraiki ziren.
  • Parque das Nações: 1998ko Erakusketa Unibertsala izan zen eremuan sortu zen auzo berria, hiriaren ipar-ekialdean, Tejo ibaiaren ertzean.

Historia

Sorrera

Feniziarrek sortu zuten Lisboa hiria K. a. 1200. urte aldera. Olisipo hiriaren izen zaharrak Alis ubbo («Portutxo zoragarria») esapide feniziarra bide du jatorri. Odiseako Ulisesen aztarnak ikusi nahi izan dituzte beste batzuek izen horretan. K. a. 205ean erromatarrak jarri ziren Lisboan eta bertan egon ziren 409. arte (Felicitas Julia izena eman zion Julio Zesarrek). Alanoak, sueboak eta bisigodoak ibili ziren ondoren eta VIII. mendean musulmanen eskuetara igaro zen (714): haiek Al-Ushbuna izena eman zioten. Hauek, etxe eta mezkita ugari egin zituzten eta harrezia berregin zuten. Hau, Alfama auzunean ikuz daiteke. Mendeetan defentsa lan garrantzitsuak egin ahal izan zituen gerora San Jurgi gazteluak, portugesez Castelo dos Mouros izenaz ere ezaguna.

Portugalgo hiriburua

Normandiarren (844) eta Alfontso VI. Gaztelako eta Leongo erregearen (1093) erasoari aurre egin behar izan zion hurrengo mendeetan. Alfontso I.a Portugalgo lehen erregeak 1147an konkistatu ondoren herrialde hartako hiri bihurtu zuen betiko. 1256an Portugalgo hiriburu bihurtu zen eta erregeen egoitza hiria izan zen aurrerantzean, Coimbraren ordez. XIII mendean hiria San Jurgi gazteluaren muinotik atera eta behealdean hedatzen hasi zenean Rossio plaza bihurtu zen herri xehearen erdigunea.

1384an Lisboak bere bigarren setioa jasan zuen, 4 hilabete eta 27 egun iraun zuena eta erasotzaile moduan Gaztelako Koroak eragindakoa, Fernando I.a Portugalgo erregea zelarik.

Urrezko Aroa

XV-XVI. mendeetan ezagutu zuen Lisboak bere gorena, Europako kolonia-portu nagusia baitzen. Manuel I.aren erreinaldian (1495-1521) guztiz edertu zen hiria (Belemgo Dorrea eta Jeronimotarren monasterioa). Erregeak berak ere gaztelua utzi eta Tajo ibaiaren ertzean eraiki zuen jauregi berrian bizitzea erabaki zuen. 1497ko uztailaren 8an Vasco da Gamaren espedizioa hiriko portutik itsasoz atera zen, Mozambike eta Indiara iritsi zena.

1506. urtean, 3000 judu hil egin zituzten hirian.

Joanes III.a Elizkoiaren agintaldian (1521-1557) Kontrarreforma nagusitu zen Lisboan (Inkisizioa eta jesuitak tarteko). Espainiar gudarostearen okupazioarekin batean (1580-1640) hasi zen Lisboako hiri distiratsu haren gainbehera. Ingalaterrako gudarosteak hartu zuen parte gatazka horretan (1654), eta 1668an Lisboan izenpetu zuen Espainiako erregeak Portugalen burujabetasuna berresten zuen ituna. Britainiarren eragina nabaria izan zen handik aurrera Lisboan eta Portugal osoan.

1755eko lurrikara handia

1755eko Domusantu egunez, lurrikara izugarri batek jo zuen Lisboa bete-betean; 40 minutuko tartean bi aldiz jo zuen dardarak, eliza guztiak eraitsi eta Tajo ibaiko urak hartu zuen hiri guztia. Hogeita hamar mila lagunetik gora hil eta bederatzi mila etxe inguru galdu ziren. Pombalgo markesa lehen ministroak hiriaren behealdearen berreraikitzea planifikatu zuen. Errege jauregi suntsituaren tokian, Praça do Comércio enparantza ezarri zuen eta handik kale luze paraleloak luzatu zituen Rossio eta Figueira plazetaraino. Baixa Pombalina auzoa sortu zen horrela.

XIX. mendea

XIX. mendearen hasieran, britainiarrek eta frantziarrek hartu nahi izan zuten Lisboa eta gorabehera handien artean igaro ziren urteak (1807an frantsesek okupatu zuten eta ondoko urtean sartu ziren ingelesak berriro). Hiria handituz joan zen nolanahi ere, eta 1885erako 1785eko biztanle kopurua bikoiztu egin zen. 1880an zabaldu zen Avenida da Libertade, Lisboa berriko bide-ardatz nagusia. 1901ean hasi zen argindarra Lisboako bazter guztietara zabaltzen eta garai honetan berean atondu zen ura hornitzeko hoditeria berria Alvielatik.

XX. mendea

1908an Karlos I.a eta haren seme Luis Felipe hil zituzten eta 1910an izendatu zuten Portugalgo Errepublika. XX. mendean asko hazi zen Lisboa hiria. 1911n sortu zen Lisboako unibertsitate modernoa.

Bigarren Mundu Gerraren garaian berrehun mila iheslari jaso zituen, baina luzaroan egon zen, Portugal guztia bezala, António Salazar diktadorearen oinpean (1932-1968). 1966an zabaldu zen Salazar zubia, gaur egun Apirilak 25 zubia izena duena. Izan ere, 1974ko apirilaren 25ean Krabelinen Iraultza izan zenean amaitu baitzen diktadura. 1988an sute handi batek Chiado auzoa erre zuen.

Azken hamarkadak: Nazioarteko jarduerak

1994an Europako kultura hiriburua izan zen. 1998ko maiatzetik urria arte Erakusketa Unibertsala (Expo 98) bertan antolatu zuten. 2004ko Europako Futbol Txapelketan egoitza nagusietakoa izan zen. 2007ko abenduaren 13an Lisboako Ituna bertan sinatu zuen Europar Batasunak.

Demografia

Biztanleriaren bilakaera (1801 – 2011)[4]
1801 1849 1900 1930 1960 1981 1991 2001 2011 2021
203.999 174.668 350.919 591.939 801.155 807.937 663.394 564.657 547.631 545.796

Ekonomia

Lisboako eskualdea Portugalgo eremu aberatsena da. Herrialdeko Barne Produktu Gordinaren % 45 ekoizten du, Europar Batasuneko BPG pre capita-ren bataz bestekotik gora dago, gainera.

Hirugarren sektorean oinarriturik dago, nahiz eta Tajo ibaiaren hegoaldeko ertzean industria nagusi den. Bertan petrolio birfindegiak, ehungintza lantegiak, ontziolak eta arrantza dira aipagarrienak. Lisboako Burtsa Euronext taldearen barnean dago.

Hedabideak

Azpiegiturak

Garraioa

1942an Lisboako aireportua inauguratu zen eta 1959an Lisboako metroa. Dena den, Lisboako garraiobide tradizionala tranbiak izan dira, gaur egun oso turistiko bihurtu direnak. Hainbat tren geltoki ere baditu hiriak, batzuk benetan ederrak, hala nola Santa Apolónia, Rossio, Gare do Oriente, Entrecampos eta Cais do Sodré.

Tajo gurutzatzen duten zubiak ere hiriaren ikur bihurtu dira, Apirilak 25 eta Vasco da Gama. Ferriak ere erabiltzen dira ibai zabala gurutzatzeko.

Hezkuntza

Portugalgo unibertsitate handiena Lisboako Unibertsitatea da. 1973an Lisboako Unibertsitate Berria sortu zen ikasketen esparrua zabaltzeko.

Unibertsitate pribatuak ere badaude, hala nola Unibertsitate Katoliko Portugaldarra, Lusíada Unibertsitatea, Unibertsitate Lusofonoa eta Lisboako Unibertsitate Autonomoa.

Kultura

Arkitektura

Garai guztietako arkitektura motak aurki daitezke Lisboan, hala nola, erromanikoa, gotikoa, manueldarra, barrokoa, modernoa eta postmodernoa. Bulevard luze eta zabalak ere baditu, denen artean aipagarriena Avenida da Liberdade (Askatasunaren etorbidea) da.

Museoak ere ugariak dira, denen artean ezagunena Calouste Gulbenkian museoa da, arte garaikide eta tradizionala bere baitan dituena. Aipatzeko beste museo batzuk Museu Nacional de Arte Antiga eta Azulejoaren Museo Nazionala dira.

Antzoki ederrak daude Lisboan, aipagarrienak Doña Maria II Antzoki Nazionala (Rossion dagoena) eta Teatro Nacional de São Carlos (Opera etxea) dira.

UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu dituen bi eraikin daude Lisboan, biak ere Belem auzoan; Belém dorrea eta Jeronimotarren monasterioa.

Jaialdiak

Europako kultura-hiriburua izan zen 1994an eta urte hartan kultur ekitaldi ugari izan ziren. 1998an Erakusketa Unibertsala antolatu zen bertan. Horretaz gain, badaude urtero izaten diren beste ekitaldi batzuk ere:

  • Rock in Rio Lisboa: Rock in Rio arrakastatsuaren jarraipena da. 2004tik aurrera ospatzen da Bela Vista parkean.
  • Lisboako Gay eta Lesbianen Zinema jaialdia: 1997an hasi zen ospatzen eta Portugalgo zinema alternatibo jaialdi nagusia bihurtu da.
  • Lisboako liburu feria: Eduardo VII parkean izaten da urtero.

Kirola

SL Benfica eta Sporting Clube de Portugal hiriko futbol talde nagusiak dira. Biek lortu dituzte Europako txapelketak baina arrakastatsuena Benfica da, bi aldiz Europako Kopa irabazia baita. CF Os Belenenses taldeak, Belem auzokoa denak, talde apalagoa den arren, Portugalgo liga bat eta hiru kopa eskuratu ditu.

2004an Europako Txapelketa antolatu zen Portugalen. Finala Lisboan jokatu zen eta Portugalek 1-0 galdu zuen Greziaren aurka.

Beste kirol batzuk ere praktikatzen dira baina maila askoz apalagoan. Aipatzekoak dira urtero jokatzen diren Lisboako maratoi erdia (martxoan) eta Portugalgo maratoi erdia (irailean).

Ondasun nagusiak

Iruditegia

Lisboar ospetsuak

Herri eta hiri senidetuak

Lisboa ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:

Lisboa Iberoamerikako Hiriburu Hirien Batasunaren (gaztelaniaz: Unión de Ciudades Capitales Iberoamericanas - UCCI) (portugesez: União de Cidades Capitais Ibero-americanas) partaide da, 1982ko urriaren 12tik, jarraian agertzen diren hiriekin senidetarsun erlazioak hasiz: [5]

Ikus, gainera

Erreferentziak

Kanpo estekak