Beterri-Buruntza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Buruntzalde» orritik birbideratua)

BURUNTZALDEA

Beterri-Buruntza
Buruntzaldea
Beterri
 Euskal Herria
Administrazioa
Herrialdea Gipuzkoa
UdalerriakAndoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil
Herri handienaHernani
Geografia
Koordenatuak
Azalera132,93 km²
Demografia
DentsitateaERROREA: ezin izan da automatikoki kalkulatu, arazoa konpontzeko egin klik hemen biztanle/km²


Beterri-Buruntza, Buruntzaldea edo Beterri izenez ere ezaguna, Gipuzkoako ipar-ekialdean kokatzen den eskualdea da, Oria eta Urumea ibaien behe-ibilguen tartean hedatzen da, Buruntza mendiaren (441 m) magalean. Donostialdearen azpieskualdeetako bat da Oiartzualdearekin batera.

Eskualdearen erakunde publiko nagusia Beterri-Buruntza mankomunitatea da. Garapen ekonomiko, estrategiko eta sozialari bideratua, 2022an sortu zuten eskualdeko sei udalek. Honen aurrekaria da 2006tik euskararen normalizazioaren arloan lankidetzan aritzeko sortutako elkartea.

Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilek osatzen dute.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken urteotan, eskualdearen izenaren inguruan dagoen desadostasuna gainditze aldera, Beterri-Buruntza ezarri da, Euskaltzaindiak ontzat ematen duen Beterri eta azken hamarkadetan usuki erabilitako Buruntzaldea batuz.

Buruntzaldeak udalerri hauen erdigunean dagoen Buruntza mendiari (441 m) egiten dio erreferentzia, baina askotan eta historikoki Beterri ere deitu izan zaio. Alta, Beterri Gipuzkoako esparru geografiko-historiko baten izena da. Alde batetik historikoki Tolosaldeko eskualdea orokorrean izendatzeko erabili izan da, hegoaldeko Goierriren osagarri moduan.

Udalerriak, hauteskunde, biztanleria eta eremua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

# Udalerria Alkatea Alderdia Biztanleria % Eremua (km²)
1 Andoain Andoni Alvarez Lete EH Bildu 14.886 20,77 27,17
2 Astigarraga Xabier Urdangarin Lasa EH Bildu 6.078 8,48 11,89
3 Hernani Xabier Lertxundi Asteasuinzarra EH Bildu 19.918 27,79 39,82
4 Lasarte-Oria Agustin Valdivia Calvo PSE-EE 18.455 25,75 6,01
5 Urnieta Jorge Segurado Iriondo EAJ 6.122 8,54 22,4
6 Usurbil Agurtzane Solaberrieta Mesa EH Bildu 6.207 8,66 25,64
Buruntzaldea 71.666 100 132,93

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beterri-Buruntza forma abstraktuko eskualde bat da, Oria ibaia eskualdearen ekuatore bezala definituz. Jende densitatea erabat sakabanatua dago. Herriz osatzen den arren, herriak biztanle paretsuak dituzte. Eskualdearen zentroa ez du herri batek zehazki, Lasarte-Oria eta Hernaniren artean dagoela esan genezake. Eskualdeak ez du zabalkunde handirik eduki, berdin mantentzen dela ere ezin dugu esan.

Mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima ozeanikoa da. Batezbesteko, urteko euri kopurua 1.500 mm eta 2.200 mm bitartean dago; udazkena da euritsuena, uda berriz idorrena. Halako eremu txikiko eskualdean gorabehera handiak daude urteko prezipitazioetan, bistan dene, itsasaldeko haizeari eragozpena jarriko dion erlieberik ez dagoenez, maiz itsasoko lainoa mendi hegal horietara bildu eta euria ekartzen du bertara.

Oria ibaia Gipuzkoako ibairik luzeena (66 km), ugariena (26,3-m³ segundoko) eta arro zabalenekoa (871 km²)da. Eskualde honetan, Andoain, Urnieta, Donostia eta Usurbil zeharkatzen ditu, eta Leizaran eta Abaloz erreken ura jasotzen du. Badirudi Oria ibaiak hartzen duen joera ikusita Donostian itsasoratu beharko lukeela, baina Zubietan 90 °C-ko jira egin, eta bihurgune zabaletan barna, eskualde honetatik irten eta Orion itsasoratzen da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beterrik 2022 arte ez du politika edo administrazio batasun finkorik izan. Beraz, izenaren jatorria historiko-geografikoa da. Antzinaroan bi leinu euskaldun nagusi zeuden Gipuzkoako Beterrin: barduliarrak, erdi aldean eta mendebalean, eta baskoiak, ekialdeko muturrean (Oiartzualdea eta Bidasoaldea). Banaketa honek zerikusi zuzena bide du euskalkien banaketarekin. XII. mendetik aurrera, Gipuzkoako hiriak eta herrialdea berregituratzen hasi zirenetik, eskualde baskoietako herriak Gipuzkoako historiari lotuak ageri dira.

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko irailaren 17an, José Iruretagoyena koronelak gidatutako tropa kolpistak heldu ziren eskualdera, Mendizorrotz aldetik. Bezperan, aurrelari-talde bat ikusi zuten ikuskatze lanetan. Frankistak sartu eta lasterrera mitin bat egin zuten Usurbileko plazan eta bertan "laster pasako dugu orrazia Usurbilen" entzun omen zen. Egun gutxira hasi ziren atxiloketak eta fusilatzeak. Aurreko urteetan eguneroko zeregin politikoetan aritutako 5 herritar fusilatu zituzten.

Industrializazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1930ean, Lasarte inguruan (Hernani eta Usurbil bitartean) Michelin izeneko pneumatiko fabrika eraiki zuten. Enpresa hura eskualdeko industria garrantzitsuena bilakatu zen, eta lasartear askori eman zien lana. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, Lasarte-Oriak izan zuen hazkundearen erantzulea da. Hainbat fabrika egotea (Michelin, Hilaturis, Tejidos del Oria, ATC, Bianchi...) eta Donostiatik hurbil egotea lagungarri izan zen horretan. 1970eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, krisi ekonomikoaren ondorioz, biztanleriaren hazkuntza eten egin zen.

XXI. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012an eskualdeko lankidetza-protokoloa sinatu zen. Protokolo horren bidez, parte hartzeko hainbat foro osatu ziren.

  • Eskualdearen diagnostiko sozioekonomikoa sortu zen.
  • Sektore estrategikoak identifikatu eta gauzatu beharreko ildo sektorialak sortu ziren.
  • Gizarte-proiektuaren dekalogoa sortu zen.

2017an eskualdea osatzen duten sei udalerrien arteko lankidetza-hitzarmena berritu zen. Bere eskumeneko zerbitzuak antolatu, kudeatu eta eskaintzeko eskualde-figura bat sortzen hasi zen. 2022ko Urtarrilean behin betiko Beterri-Buruntzako Mankomunitatea sortu zen.

Herriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andoain[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1345ean eman zion Gaztelako erregeak herri izaera Andoaini. Ahaide nagusien arteko gerran, oinaztarrek herria erre zuten. Industrializazio berantiarra izan zen eta 1950eko hamarkadara arte ez zen industria nabarmenik herrian. Geroztik industria kimikoa (Kamika) eta papergintza-lantegiak (Sikapal) izan dira. Espainiako Gerra Zibilean borroka gogorrak izan ziren Belkoain mendian eta egun lubakiak daude han.

Astigarraga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1941eko udal akordio baten bidez Astigarraga Donostiaren zati bihurtu zen. 1984ko abenduaren 30ean erreferendum bat egin zuten eta herritarren gehiengoak Donostiatik banatzea erabaki zuen. 1987ko ekainaren 30ean eratu zen Astigarragako udal berria.

Hernani[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hernaniri buruz udalaren artxiboan jasota dagoen aipamen historikorik zaharrena XV. mendekoa da. Ordurako hiribildu titulua jasoa zuen, eta Donostiako eta Hernaniko kontzejuek Urumea ibarreko mendien erabilpen, gozamendu eta aprobetxamendurako 1379. urtean izenpetutako adiskidetasun-agiri batean agertzen da. Ezagutzen diren lehen udal ordenantzak 1542koak dira, 1512an desagertu zirenen kopia. Azken urte horretan nafar-frantses armada herrian sartu eta suntsitu egin zuten berriz ere. Lehenagotik ere gertatu ziren horrelako suntsiketak, Erdi Aroan esaterako, ahaide nagusien edo bandoen arteko gerrateetan, eta geroago ere bai, XVII eta XVIII. mendeetan, XIX. mendeko Karlistadetan eta 1936ko Espainiako Gerra Zibilean, azken horretan herria Hernaniko fusilamendu latzen lekuko izan zen.

Lasarte - Oria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lasarte Erdi Aroan sortu zen Donejakue bideen elkarguneko hirixka moduan. Hirixka hori gaur egungo hiriaren erdigunea da. Batzen ziren bideak Irun, Astigarraga eta Hernanitik zetorren Frantziako bidea eta Urnietatik zetorren Nafarroako bidea ziren. Lasarten beste bide bat zegoen Andatza mendia igaro eta Azpeitira iristen zena. Hirixka hura San Pedro lehengo ermitaren inguruan biltzen zen, gaur egun, eliza denaren inguruan. Hirixka hartan Lasarte familiaren (geroago, Okendo deituraz ezagunak) dorretxea zegoen, eta baita hainbat etxea ere. Dorretxeak eman zion izena hirixkari XIX. mendea bitartean.

Urnieta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

150. eta 1160. urteen artean Antso VI.a Nafarroakoak Donostiari forua eman zionean, Urnieta Donostiari lotuta egon zen. 1397. urtean, Getariako Batzar Nagusietan, Urnietak bazuen ordezkari bat han. Bi urte geroago ere, 1399an, Urnieta izena ageri da Henrike III.a Gaztelakoak emandako zerga salbuespenei buruzko zedula batean. Hurrengo mendeetan gaur egungo Urnieta osatzen duten lurren egoera ez da argia: zati bat Donostiako jurisdikzioari loturik zegoen, beste bat Hernanikoari, eta hirugarrena, Aiztondoko alkatetzakoari. 1614. urtean hiru zatiek, elkarrekin ados jarri ondoren, beren jurisdikziotik bereiztea erabaki zuten, elkarrekin berezko hiri oso bat eratzeko. Filipe III.a Espainiakoak oniritzia eman zuen, baina bizilagun bakoitzeko 25 dukat ordaindu behar zutela ebatzi zuen. 1615eko uztailaren 12an erregeak zedula bat eman zuen, Urnietari salbuespen eta hiri jabetza eman ziezaion. Donostiak berari zegokion zatia itzultzeko eskatu zuen, baina Urnietak ez zuen amore eman, eta auzia 1659. urtean, artean, ez zegoen behin betiko erabakita.

Usurbil[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Usurbil herria XIV. mendean sortu bazen ere, Usurbilgo lurretako giza aztarna zaharrenak Andatzako estazio megalitikoan kokatzen dira. Guztira hamaika trikuharrik eta zista batek osatzen dute megalito multzo hori, guztiak Neolito nahiz Brontze Arokoak. Zehatzago, Usurbilgo lurretan dauden aztarnak Andatza I eta Andatza II trikuharriak eta Andatza III zista dira. Goi Erdi Aroan ere egungo Usurbil udalerriko lurraldeari buruzko erreferentziak daude. XII. mendetik Usurbilgo lurraldea Donostiaren barnean geratu zen, Antso VI. Nafarroako erregeak Hondarribitik Oriorainoko lurraldeak Donostiaren mende jarri zituenean. Herriaren izena 1371n Enrike II.a erregeak Belmonte de Usurbil izenaz hiribildu-titulua eman zionean agertzen da lehen aldiz. Hiribildua egungo Kalezarren kokatu zen. Baina, lehengo ohituraz nonbait, Herriko Batzarrak Elizalden egiten ziren, egun Kaleberri denaren muinean, Paris etxeko hariztian zehatzago.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industrialde garrantzitsua daukan eskualdea da, batez ere bigarren sektorean dauzka enpresa gehienak, naiz eta lehen eta hirugarren sektorean ere badituen enpresa garrantzitsuak, hala nola, baserriak eta sagardotegiak.

Industriaguneak herriz-herri[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andoain:

  • Ama Kandida, polígono industrial
  • Balastrain - Matxinea
  • Bazkardo
  • Borda Berri
  • Denak
  • Karrika
  • Leizotz
  • Lizarkola
  • Mendiola
  • Sorabilla
  • Sorabilla
  • Ubillots
  • Ziako

Hernani:

  • Akarregialdea
  • Epele
  • Eziago
  • Florida
  • Ibaizabal
  • Ibarluze
  • Lastaola
  • Zamoka
  • Zikuñaga
  • Zubiondo

Lasarte-Oria:

  • Brunet
  • Cocheras
  • Ibaiondo
  • Kotxetegia
  • Lasarte oriako poligono industriala

Urnieta:

  • Ergoien
  • Erratzu
  • Igarategi
  • Pagoain

Usurbil:

  • Asteasuain
  • Atallu
  • Osinalde
  • Ugaldea
  • Ugarte
  • Zingirategi
  • Zumartegi

Dendaguneak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dendaguneei dagokienez, garrantzitsuenak Lasarte-Orian daude, Michelin, Decathlon, Urbil zentru komertziala, McDonald's eta Mercadona beesteak beste. Michelin ez ezik, beste guztiak poligono industrial baten ondoan kokatzen dira.

Urbil Lasarten kokatzen da 2000.urtetik, herritik kanpoaldean dago eta merkatal zentrua da. Bertan jantoki, supermerkatu eta mota askotako dendak daude, gainera, aisialdirako denbora pasatzeko, zinema gela asko dituzte eta txikienentzat "txikipark"a ere badago. Bertatik gertu daude gainontzeko McDonald's, Mercadona eta Decathlon.

Michelin aldiz, herritik gertuago dago, futbol zelaitik oso gertu, eta 1934an sortu zen. Michelin multinazionalaren dekanoa da Espainian.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orokorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beterri-Buruntzako biztanleria 71.666 pertsonakoa da, Gipuzkoa osoko biztanleriaren % 9,7. Horietatik % 75a Hernani, Andoain eta Lasarte-Oriak hartzen dute eta Urnieta Usurbil eta Astigarragak hartzen dute gainontzekoa, ekitatiboki.

Inmigrazioak herri bakoitzean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inmigrazio tasari dagokionez, Beterri-Buruntzako herri bakoitzeko 2023ko inmigrazio tasaren media % 10,4 koa da. Inmigrante gehienak handiagoak diren herrietan kokatzen dira, horrez gain, industriagune handiagoa duten herriak dira.

  • Beterri buruntza: % 10,4
  • Lasarte-Oria: % 13,1
  • Hernani: % 12,4
  • Andoain: % 9,8
  • Urnieta: % 9,7
  • Astigarraga: % 9
  • Usurbil: % 8,5

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarari dagokionez, Beterriko hizkera edo azpieuskalkia hitz egiten da Beterrin. Ekialdeko gipuzkera da, nafarrera eta lapurteratik hurbilen dagoen gipuzkera mota, eta gipuzkerazko literaturaren oinarria dena. Oiartzun ibai haranetik ekialderako eskualdeetako euskara goi-nafarrera da (Oiartzualdea eta Bidasoaldea).

Beterriko Liburua izeneko literatura saria ematen da urtero, 1996az geroztik, Manuel Larramendi idazle eta hizkuntzalari andoaindarra oroituz, aipatutako hizkerari prestigioa eman ziona. Bertsolaritzako "Beterri Saria" ere bada.

Euskarazko tokiko komunikabideei dagokienez:

Bestetik, Berria egunkariak Andoainen du egoitza nagusia, eta Argiak Lasarte-Orian.

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri bakoitzeko ondarea. Bertara gerturatuz gero interesgarria izan daitezken leku batzuk:

  • Aizbeltz Telegrafo Dorrea (Andoain)
  • Belkoaingo trikuharria (Andoain)
  • Leoka etxea (Hernani)
  • Pagoaga burdinola (Hernani)
  • Makazarrane errota (Astigarraga)
  • Brigitarren komentua (Lasarte-Oria)
  • Marizuloko haitzuloa (Urnieta)
  • Salbatore eliza(Usurbil)

Jaiak eta ospakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andoain[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Santakrutzak: apiril bukaeraren eta maiatz hasieraren bitartean, Santa Krutz egunaren inguruan (maiatzak 3)
  • Sanjuanak: ekain bukaeran, Donibane jaiaren inguruan (ekainak 24)
  • Inauteriak: otsail edo martxoan
  • Karrika: uztail erdialdean
  • Etxeberrieta: uztail amaieran, San Inazio egunaren inguruan (uztailak 31)
  • Sanestebanak (Goiburu auzoko jaiak): abuztuaren hasieran
  • San Roke (Buruntza auzoko jaiak): abuztuaren 16aren inguruan, hots, San Roke egunaren inguruan
  • Sorabilako jaiak: irailaren hasieran

Astigarraga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilabetea Jai, ospakizun eta ekitaldiak
Otsaila Kaldereroak: Inauteri aurreko asteburuan kaldereroen konpartsa kalez kale ibiltzen da inauterien gertutasuna aldarrikatzen. (Zipotza elkarteak antolatua)

Artzain eta Inudeen Konpartsa: Konpartsa ikusgarri honek herriko kaleak zeharkatzen ditu inauterietako igandean. (Astigar elkarteak antolatua)

Maiatza Hirugarren adinekoei omenaldia

San Isidro jaia: Maiatzaren 15ean Astigarragan bertan. Ikuskizun erakargarri eta ospetsuena idi-demarena izaten da. Maiatzaren 15ean eta inguruko asteburu batean Zamalbide-Benta auzoan jaiak. Ekaina San Joan gau bezperako sua: Ekainaren 23ko gauean herriko plazan herritarrek ekarritako egur, kartoi etab.ekin osatutako metari su ematen zaio eta horren inguruan herriko Astigar dantza taldeak San Joan zortzikoa dantzatzen du.

Ekaina San Joan gau bezperako sua: Ekainaren 23ko gauean herriko plazan herritarrek ekarritako egur, kartoi etab.ekin osatutako metari su ematen zaio eta horren inguruan herriko Astigar dantza taldeak San Joan zortzikoa dantzatzen du.
Uztaila Martindegi-Oialume auzoko jaiak: Jaiak San Fermin egunean hasten dira.

Santio jaiak: Astigarragako jai nagusiak dira. Santa Ana eguna ikusgarrienetakoa izaten da. Egun horretako ikuskizun nagusiak udaletxeko plazan biltzen dira: sagardo dastaketa, artisautza erakusketa, bertsolariak eta herri-kirol munduko hainbat proba eta txapelketa.

Abuztua San Roke eguneko erromeria: Abuztuaren 16an Santiagomendiko ermitaren inguruan antolatzen da eta herritar ugari bertaratzen da leku paregabe horretan eguna pasatzera. Dantza txapelketa, bertsolariak, trikitilariak, herri-kirol erakusketa, bazkari herrikoia eta beste hainbat ekintzek osatzen dute eguneko egitaraua.

Ergobiko jaiak: San Roke eta ondorengo asteburua (larunbatetik asteartera).

Hernani[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriko jaiak San Joanetan izaten dira, ekainaren 23tik 27ra, eta jaietan egiten diren ospakizunen artean, Azeri-dantza nabari da (inauterietan ere egiten da). Urtean zehar, beste hainbat ospakizun eta ekitaldi kultural ere egiten dira.

Bi urtean behin, Hernaniko Gazte Olinpiadak ospatzen dira.

Lasarte - Oria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Udalerriko festak San Petriren omenez egiten dira, ekainaren 29an. Udalerria danborrada batek zeharkatzen du.
  • Lasarte-Orian herrikoiak diren beste festa egun bat Santa Ana da, uztailaren 26an. "Santa Ana Parodia" egiten da, uztailaren 26ko arrats-gauean eta herri antzerki bat da. Bi "preso" epaitu egiten dituzte herrian gertatu diren gauza txar guztiengatik eta zigortu eta erre egiten dituzte.
  • Zabaleta auzoko festak maiatzaren azken asteburuan ospatzen dira.
  • Oria auzoko festak uztailaren 16an dira, Karmengo Amaren egunean.
  • Oriako inguruan, Basaundi bailaran (lehen Esperanza Auzoa zena), Loiolako San Inazio eguna ospatzeko ohitura izan da uztailaren 31n.
  • Euskararen maratoia ospatzen da Lasarte, 40 orduz euskarazko ekitaldiak aritzen dira, baina aurten, 2016, 40 ordu horiek gutxi zirenez 40 egungo proposamen bat egin dute.

Urnieta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urnietako jai egitarauari dagokionez, hiru festa nabarmentzen dira: batetik, irailaren amaieran, San Miguel jaiak ospatzen dira bertan eta aspaldikoa den "Sorgin dantza" ikusteko aukera egoten da. Bestetik, maiatzaren 3an, Azkorte auzoan, hirigunetik 3 kilometrora, dagoen Gurutze Santuaren baselizaren inguruan erromeria egiten da. Azkenik, Ekainaren lehenengo astean Gazte Festak ospatzen dira, herriko gazteentzat aproposak diren emanaldiak eta jarduerak antolatuz.

Urnietako alkatea, Mikel Pagola eta David Rosco zinegotzia dira jaien zuzendariak. Bestalde, Iñaki Otamendi kultura teknikaria eta festen batzordean parte hartzen duten hainbat elkarteren ekimenaren bidez, jaien programazioa eta arauketa antolatzen da.

Usurbil[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilabetea Jai, ospakizun eta ekitaldiak
Apirila Bigarren larunbatean, Erle Eguna (azoka eta erakusketa).
Maiatza Lehen igandean, Andatza Eguna, Andatza mendirako igoera eta erromeria; maiatzaren 15aren bueltan Ixidro Deuna (herri kirolak eta abere dema jaialdiarekin) eta azken aurreko igandean, Sagardo Eguna.
Ekaina Lehen igandean, Udarregi ikastolaren eguna; bigarren igandean, UEMA festa; 24an: San Juan, Kalezarren.
Uztaila 2an, Santixabelak, herriko jaiak; 25, Santiago, eta 31, San Ignazio: Zubietako jaiak.
Abuztua 3an, Sanextebanak, Urdaiagan; 16an, San Roke, Kalezarren.
Iraila Endika Abril errebote txapelketa Zubietan; Piper Eguna; Atxegaldeko jaiak, Santueneko jaiak.
Urria 4an, San Praixku, Aginagako jaiak.
Azaroa Erle Eguna
Abendua 26an, San Esteban Txiki Urdaiagan; 28an, Inuxente Eguna, barrikotea frontoian.

Kirola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirol taldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirol ekipamenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Astigarragako kiroldegia
  • Txomiñenea pilotalekua
  • Auzolan pilotalekua
  • Zarkumendegiko futbol zelaia
  • Astigarragako probalekua
  • Maialen Chourraut kiroldegia
  • Caddies Club Lasarte-Oria
  • Oiardo kiroldegia
  • Santueneako pilotalekua
  • Txokoaldeko pilotalekua

Garraioa eta errepideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buruntzaldeako herrietatik igarotzen diren autobus zerbitzuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Linea Ibilbidea
BU13 Hernani-Astigarraga-Donostia (Martutenetik)
BU12 Hernani-Astigarraga-Donostia
BU20E Hernani pikoaga
BU11 Hernani-Donostia (Aietetik)
BU50B Hernani-Donostia (Anoeta)
BU10 Usurbil-Lasarte Oria-Hernani
UK09 Zumaia-Getaria-Zarautz-Orio-Usurbil-Donostia
BU40G Andoain-Urnieta-Hernani-Astigarraga
BU06 Andoain-Donostiako Ospitaleak
BU05 Andoain-Urnieta-Hernani-Donosti
BU55B Andoain-Urnieta-Hernani-Donostia (Anoeta)
BU03 Andoain-Lasarte Oria-Donostia (Antiguotik)
BU04 Andoain- Lasarte Oria-Donostia (Amaratik)
BU02 Lasarte Oria- Donostiako Ospitaleak
BU07 Tolosa-Lasarte-Donostia (Herriz herri)
DO03 Donostia-Lasarte Oria-Tolosa-Zumarraga-Bilbo

Errepideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]