Andatza (mendia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Artikulu hau mendiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Andatza (argipena)».
Andatza

Andatza 0001.jpg

Andatza, iparretik. Mendiaren oinetan, Usurbil.
Gailurra
Garaiera 562 metro
Koordenatuak 43° 14′ 53″ N, 2° 04′ 28″ W / 43.247927777778°N,2.0743222222222°W / 43.247927777778; -2.0743222222222Koordenatuak: 43° 14′ 53″ N, 2° 04′ 28″ W / 43.247927777778°N,2.0743222222222°W / 43.247927777778; -2.0743222222222
Geografia
Kokapena  Euskal Herria
Herrialdea  Gipuzkoa
Andatza (mendia) hemen kokatua: Euskal Herria
Andatza (mendia)
Andatza (mendia)
Andatza (mendia) (Euskal Herria)
Andatza (mendia) hemen kokatua: Gipuzkoa
Andatza (mendia)
Andatza (mendia)
Andatza (mendia) (Gipuzkoa)
Igoera
Ohiko abiapuntua(k) Usurbiletik

Andatza Gipuzkoako iparraldeko mendi bat da. Gailurrak 562 metroko garaiera du. Iparretik Usurbil herria du oinean, eta hegoaldetik Zizurkil da gertuen dagoen herria. Mendebaldean Aia herriko Andatza auzoa dago. Egun, basoak, bereziki intsinis pinudiak, estalitako basoa da. Gailurrean, gurutze handi bat dago, mendi-aterpea, eta txangozaleentzat mahaiak eta beste azpiegitura zenbait. Maiatzaren lehen igandean Andatza eguna ospatzen da. Mendia GR 34 (Donostia-Arantzazu) ibilbide luzeak zeharkatzen du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kalkolitoa eta Brontze Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andatzako estazio megalitikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Andatzako estazio megalitikoa»

Kalkolito eta Brontze Aroko hamaika dolmen eta zista bat daude Andatza mendian eta horren inguruetan, Andatzako estazio megalitikoa izenekoan bildurik.[1] 2003an Eusko Jaurlaritzak Monumentu Multzo izendapenarekin Kultura Ondasun izendatu zuen estazio megalitiko hau.[2][3][4][5][6]

  • Dolmenak: Andatza I, Andatza II, Arkutxa, Beldarrain, Belkoain (Belkoain mendian), Karramiolotz, Loatzu I, Loatzu II, Olaiko, Palankaleku eta Zarateko Benta.[1][3][4][5][6]
  • Zista: Andatza III[1]


Biribillondoko aztarnategia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biribillondoko gainean Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako 9 zundaketek berretsi dutenez Kalkolito eta Brontze Aroko aire libreko aztarnategi bat dago bertan.[7][8][9] Aztarnategi honetan aurkitutako materialek (bi harrizko aizkora zati,[8] xafla zatiak, harraskailu bat, suharrizko zati ugari...) Andatzako estazio megalitikoko monumentuetan aurkitutakoen antz handia dute.[7][9]

2005ean Radio Nacional de Españak Biribillondoko gainean antena bat jartzeko proiektua aurkeztu zuen. Leku hori Andatzako estazio megalitikoaren oinarrizko babes eremuan dagoenez, obrek eragin zezaketen inpaktu arkeologikoa neurtzeko xedez ikerketa arkeologiko sail bat egin zen Manuel Ceberio Rodriguez eta Luis del Barrio Bazacoren zuzendaritzapean: prospekzio intentsibo eta selektiboak, zundaketak eta laborategi lanak. Gainazalean eta testuingurutik kanpora hainbat kronologiatako material arkeologikoa aurkitu zuten: ziur aski Erdi Arokoak diren zeramika zatiak, Bigarren Karlistaldiko jaurtigaiak, harrizko aizkora bat eta sukarrizko zati ugari, horien artean aipagarri xafla bat eta harraskailu bat.[10] Ondoren egindako 9 zundaketetan aurkitutako material arkeologikoak bertan aztarnategi bat dagoela berretsi zuen. Aurkitutakoak Andatzako estazio arkeologikoko monumentu arkeologikoetan aurkitutakoen antzekoak dira.[9][10][11]

2006an Manu Ceberio Rodriguezen zuzendaritzapean egindako IV. prospekzio kanpainan material litiko ugaria aurkitu zuten.[12][13]

Erromatar Behe Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irigaingo aztarnategia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2004an III. eta V. mendeen arteko nekazaritza eta abeltzaintzako kokapen bat aurkitu zen Irigainen. Aurkikuntza garrantzitsua izan zen, Oria ibaiaren beheko zatiko aitzin aroko populaketari buruzko lehenengo testigantza baita. Zeramika arrunt ez-torneatuaren hainbat lagin aurkitu ziren. Kokapenaren ezaugarriak bat datoz Beheko Inperio garaiko Gipuzkoako landa inguruneko beste aurkikuntzekin.[8]

2004aren amaieran eta 2005aren hasieran zazpi zundaketa egin ziren. Lehen biak Irigaingo punturik altuenean egin ziren eta emaitza negatiboa eman zuten baina beherago egin ziren hurrengo zundaketek emaitza positiboa eman zuten. 2005ean beste hiru zundaketa egin ziren, aurreko urtekoetatik metro gutxira, hego-ekialdera. Hauek ere emaitza positiboa eman zuten, material zeramikoak nabarmenduz. 2006an egindako laugarren kanpainan beste hiru zundaketa egin ziren ipar-ekialderantz. Ezin izan zen aztarnategiaren ipar-ekialderanzko zabalkundea frogatu. Aurkikuntza interesgarriena XIX. mende hasierako txanpon bat izan zen.[8]

Orreagako monasterioaren jabetza (XIII - XIX mendeak)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Maria Mutiloa Poza historialariak 1976ko "Roncesvalles en Guipuzcoa" liburuan dionez, ezin izan zuten Orreagako Kolegiataren Andatza-Irisasi mendiko presentziaren hasiera argitzen duen dokumenturik aurkitu.[14] Orreagako monasterioaren jabetzaren jatorria XIII. mendearen hasieran Hernando Blancafort zaldunak egindako dohaintza dela dio Javier Ibarra Murillo historialariak 1936ko "Historia de Roncesvalles" liburuan.[14] Ziurra dena da 1249an Orreagako Kabildoak lur zati bat zuela Iria izeneko lekuan (jatorrizko eskuizkribuan "Idia" jartzen du).[14]

1368an Iruñeako Bikario Jeneralak Orioko bizilagun batzuk Iria eta Andatzan hartutakoa itzultzera zigortu izanak Orreagako monasterioa ordurako mendiaren jabe zela adierazten du.[14] Urte berean beste auzi bat izan zen Orreaga eta Gil Lopez Oñaz eta beste kapare batzuen artean Andatzako belardien aprobetxamendua zela eta. Gil Lopez Oñazek ez zuen nahi Orreagako Kolegiataren behiak saroitik kanpora ateratzerik, larreak bere eta beste kapare batzuen erabilerarako nahi baitzituen. Erregearen Gipuzkoako Alkateek Orreagaren aldeko epaia eman zuten.[15]

1368tik aurrera Orreagaren Andatzako jabetzen aipamenak ugaritzen dira: erosketak, salmentak, alokairuak, Apezpikutzaren epai eta jakinarazpenak, adostasun eta hitzarmenak, baina ez dute esplizituki zehazten zein ziren lurren mugak.[14]

1388, 1400 eta 1406an Orreagak Atxegako jaunarekin egindako hitzarmenetan Izaur eta Lipuzal lekuak aipatzen dira, Maria Teresa Idayaga eta Miguel Urbietari erositako lurrak eta baita Atxegak, Orreagak eta Aginaga eta Usurbilgo herritarrek egurraren, larreen eta uraren gainean zituzten eskubideak ere.[14]

1419ko urriaren 26an Orreagak Orioko María Miguel Reiztari Andatza mendia erosi zion 80 florinen truke.[14]

XV., XVI. eta XVIII. mendeetan zehar jabetza zabaltzen joan zen, María Miguel Reiztaren ondorengoekin, Atxegako jaunarekin eta Aginaga, Orio eta Usurbilgo biztanleekin izandako hitzarmenen, lagapenen eta sententzien bidez.[14]

1573. urtean Garraldako abadea zen Orreagako monasterioko kalonjeak Iria-Andatzako jabetzen balorazioa egin zuen mugarriak pertsonalki egiaztatuz. Hauek dira zerrendatzen dituen jabetzak:[14]

  • Saroiak: Nagusiak hauek ziren: Ylumbe (Illunbe)[16] baserri ondokoak, Armyamategui (Armiarmategi)[17], Joanesaroe (Juanasoro)[18][19], Nenuto (Enuto)[20], Ondaerdi (Ondardi)[21], Oyardo (Oiardo)[22], Boyoca eta Agaramunde (Agamuno)[23].[14] Bestelako jabetzak zerrendatzean beste saroi hauek ere aipatzen ditu: Calamusaroe (Kalamusoro)[24][25], Begoça (Berorza)[26], Beisiguisaroe eta Sarasu-ko (Saratsu)[27].[14][28][29] Horietatik gehienak toponimo ezagunak dira[28][29] (parentesi artean gaur egungo leku-izenak).
  • Mintegiak

1577an Orreagak Iria eta Andatza mendiak Donostiako Juan López (Peres) Aguirre eta Alzegari, Felipe II.a Espainiakoaren baimenarekin, 12.500 dukateko enfiteusi-zentsuarekin saldu zizkion baina salerosketa ez zen gauzatu kontratuko baldintza batzuk ez betetzearen ondorioz. Saltzeko saiakeraren arrazoia Aginaga, Orio eta Usurbilgo herritarrekin izandako auziak izan daitezke. Aginagako Komunitateak enkante publikoan erosteko eskaera ere ez zen gauzatu.[14]

Orreagako monasterioaren mugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Andatzako Orreagako kolegiataren mugarriak»

Orreagako monasterioarenak izandako lurrak mugatzen dituzten 7 mugarri daude: Igartzazabalgoa, Illunbekoa (ez dago jatorrizko kokapenean), Juanasorokoa, Etumetako Mugarriluzekoa, Ondardibiribilekoa, Puelakoa eta Sagatzukoa. Artikutzako mugarrien antz handia dute.[30]


Aro garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Karlistaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bigarren Karlistaldia»

1876ko otsailaren 20an lehen gorputzeko Cathalan jeneral liberalak, Sierra brigadaren buru zela, Andatza okupatu zuen. Cuadros jeneral liberala, Otal brigadarekin, Zarateko Bentara igo zen eta Moriones jeneral liberala aldiz, Suances eta Mariné brigadekin, Pagoetan kokatu zen, Iturriozko benta menderatuz. Hirugarren gorputz liberalaren erasoaren helburua Hernio mendia zen eta bidean Andatza eta Zarateko benta inguruan pasa zuten gaua.[31]

Gerra Zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Saseta defentsa-sistema» eta «Gipuzkoako kanpaina»

Andatzako mendilerroan Kandido Sasetak sortutako defentsa-sistemak 1936ko abuztuak 16tik irailak 19ra, 34 egunez, geldiarazi zuen Jose Iruretagoyena Solchaga koronelaren tropa kolpisten aurrerapena.[32]

Belkoain mendian borroka gogorrak izan ziren eta 1936ko abuztuak 28ra arte eutsi zioten gudariek posizioari. Ondoren, Andatzara, Andazarratera eta Zarateaitzera atzera egin behar izan zuten. Zarateaitzen ezarri zuen Azpeitiako Komandantziak inguruko aginte-kuartela eta erreketeen erasoei aurre egin zien 1936ko abuztuak 29tik irailak 18ra.[32]

1936ko abuztuak 30ean Donostiako Frente Popular egunkariak Kandido Saseta komandantea elkarrizketatu zuen Andatzako gailurrean.[32][33] Tontorrera iritsi aurretik, goizean Donostiako San Bartolomeko kuarteletik ateratzen ikusitako Donostiako Euzko Gaztediko, Errenteriako eta Pasai Donibaneko ehun mendigoizale ingururekin egin zuen topo kazetariak.[33] Elkarrizketan Kandido Sasetak garrantzia kendu zion aurreko egunetan Belkoain galdu izanari, Andatzatik aurkarien mugimenduak kontrola zitzakeelako.[33] Defentsa-lerroa aldatu bazen ere, Zarateaitz - Zarateko benta - Andatza zen une hartan, kolpistek kostaldera aurrera egin ezinik jarraitzen zuten.[32] Kandido Sasetak esan zuenez nahiko jende baziren baina baliabide materialak falta zituzten.[33] Donostiako gudari batek arma hobeak eta munizioa bidaltzeko eskatu zuen.[33] Kazetaria joan zenean arratsaldea aurrera zihoan eta Kandido Saseta gudarien patruilak mendiko leku desberdinetan banatzen ari zen.[33]

Anakleto Arana Andatzako borrokaldietan aritu zen Pasaiako Bordaundi kuarteleko buruzagi moduan. Erbestean errefuxiatuta zegoela Jose Migel Barandiaranek egindako elkarrizketan kontatu zuenez, Andatzan, mosketoi eta errifle, ez zen bana ere ailegatzen gudari bakoitzarentzat.[34]

1936ko irailak 6ko Donostiako Frente Popular egunkariak argitaratu zuenez erreketeek Andatzan hainbat eraso egin zituzten baina azkenean atzera egin behar izan zuten 28 gorpu eta milizianoek hartu zituzten 50 fusil atzean utziz.[32][33]

1936ko irailak 15ean, Cayuela teniente-koronelak Andatzako posizioaren aurkako erasoaldia abiarazi zuen eta hurrengo egunean hartu zuen.[32] Cayuelak bere egunerokoan dionez operazioan hiru hildako eta 32 zauritu izan ziren.[32] Koldo Mitxelenak, euskal hizkuntzalari eta idazleak, egun horretan Andatzan izan zuen gerrako lehen bizipena Eusko Gudarostearekin, 21 urte zituela.[35][36]

Andatzako gurutzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andatzako gurutzea porlanezkoa da. 1933an eraiki zuten batzokiko gazteek Arrueneberri etxearen azpialdean eta idi parearekin igo zuten mendira. Garai hartan Andatzako tontorra estatuaren jabetzako lurretan zegoen eta han jarri ordez, 480 metroko altueran, Usurbili begira dagoen puntan zutitu zuten, Urdaiaga Torreko Zatarain familiaren lurretan.[30]

Gurutzeari plaka bat jarri zioten oinean, idazki honekin: "1933ko oŕiĩan 3'an Usurbil'go mendigoixaliak Andatza-mendian jaŕitako-oroigaŕia Gora-Euzkadi". Frankismo garaian inguruko baserritar batek gorde zuen plaka eta Franco hil ondoren berriz jarri zuen bere lekuan.[30]

Ekosistema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lepahoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lepahoriaren habitata hosto erorkorreko zuhaitzen baso handiak kontserbatzen diren eremuak dira. Andatzan konifero landaketak nagusi izan arren lepahoriak ikusi izan dira. EAEn populazioa ezezaguna bada ere datu faltak dentsitatea baxua dela erakusten du. Gehiegizko harrapaketak eta baso-ustiakuntzak espeziea mugatu dute. Europako hainbat eremutan bere populazioaren joera baso-ustiakuntzari lotua dagoela ikusi da. Zepo eta harrapaketen debekua ere garrantzitsua da. EAEko mehatxatutako espezieen katalogoan dago, bakana babes kategorian.[37][38]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errotarri harrobiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1400 urtean Orreagako monasterioak eta Juan Beltran Atxegakoak sinatutako itunean aipatzen dira lehen aldiz Andatzako errotarri harrobiak.[39]

1567an Orreagako monasterioak Juanes Lopez Agirre eta Atxegakoari saltzen dizkio harrobiak.[39]

1578an gutxienez 20 harginek, beren koadrilekin, egiten zuten lan errotarri harrobietan.[39]

1600ean Orreagako monasterioaren jabetzako harrobiak agertzen dira berriz ere. Horrek esan nahi du 1567an ez zituztela harrobi guztiak saldu edo beren jabetzara itzuli zirela.[39]

1804ean Orreagako monasterioaren lurretan 7 harrobi zeuden.[39]

Andatzako errotarri baten salneurria[39]
Urtea Salneurria
1559 15 dukat
1561 14 dukat + bazkaria
1562 15 dukat
1679 416 erreal kuarto
1710 Errotarriaren diametroaren arabera:
Diametroa Salneurria
1,05 - 1,15 metro 8 peso
1,15 - 1,26 metro 9 peso
1,26 - 1,36 metro 11 peso
1,36 - 1,47 metro 13 peso
1,47 - 1,575 metro 16 peso
1,575 - 1,68 metro 17 peso

Laurdeneko zatia 2 peso.

1737 50 peso (1,575 metroko diametroa)
1738 22 peso (1,260 metroko diametroa)

Atxulondoko burdinola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Atxulondoko burdinola»
Atxulondoko burdinolaren aurriak

Atxulondoko burdinola Abalozko sakanaren goi partean kokatuta zegoen, Asta eta Atxulondoko errekek bat egiten duten gunean, Zizurkilgo lurretan. Bere existentzia baieztatzen duten daturik zaharrenak XV. mendekoak (1470) dira. Gipuzkoan sortu zen lehenengotako industria izateaz gain, burdinola honen garrantzia handia izan zen, "Real Ferreria" deitua izan baitzen eta garai oparoenean 25 bat olagizonek egin omen baitzuten bertan lan.[40][41]

Gaur egun, basoaren erdian galdurik eta sasiak janda dago, burdinola eta olagizonen etxea izandakoaren aurriak eta energi hidraulikoa lortzeko bi erreketan burututako azpiegituraren hainbat aztarna baino ez da geratzen.[41]

Erroizpeko zetaola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erroizpe errekatik gertu zetaola edo zeta-lantegi bat egon zen.[42] 1878. urte inguruan egin zen eta bere jarduerak urte gutxi iraun zuen, 1890erako erabat ondatua zegoen.[42][43] Zetaola honen eraikuntza ospe handikoa izan zen. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako agintariek laguntza ekonomikoa eta politikoa eman zioten. Proiektua bertan behera geratzeko arrazoiak ez daude argi.[43]

Enpresa hau Euskal Herrian XIX. mendearen bigarren erdiko garapen industrialean kokatu behar da. Garai hartako saiakera industrial berritzaileen artean aipagarrienetako bat da. Proiektua Gregorio Lopetedi Lekunberriren ikerketa batean oinarritu zen. Hark sartu zituen haritzeko zeta-harraren hazketa teknikak Gipuzkoan XIX. mendearen azken laurdenean.[43]

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Michelingo ur-bilketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen lehen herenean Lasarte-Oriako Michelin lantegiaren ur beharrak asetzeko ur-bilketa sistema bat eraiki zuten. Abalozko sakanean Atxulondoerrekako urak Osinbeltzako urtegian biltzen dira eta 1.500 metroko tunel batean zehar Amidi baserri inguruko erreka-zokora ekartzen dira hodi batean. Hortik, lurrazpiko hodi batean Zubieta zeharkatuz, Goiaran baserriaren goiko aldean dagoen ur-biltegira doaz urak. Azkenik, hodia ur-biltegitik Michelingo instalazioetara doa Oria ibaiaren gaineko zubi batetik igaroz.[44]

Gaur egun oraindik martxan dago ur-bilketa sistema hau eta Michelin urez hornitzeaz gain Lasarte-Oriara ere iristen da Abalozko ura.[44]

Biribillondoko antena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biribillondoko antena

96 metroko altuera duen[45] Radio Nacional de Españaren antena Biribillondo[46] izeneko gainean kokatua dago, 400 metroko altueran.[45]

2003ko udan Gipuzkoako Foru Aldundiak Uliako antena Andatza ingurura lekuz aldatzeko baimena eman zion Radio Nacional de Españari. Urte berean, Eusko Jaurlaritzak ingurune babestu izendatu zuen Andatza, 11 dolmen eta zista batez osatutako Andatzako estazio megalitikoa Monumentu Multzo izendapenarekin Kultura Ondasun deklaratu zuenean.[45][47] Hori dela eta obra hasi aurretik Aranzadi Zientzia Elkarteak ingurunea aztertu zuen baina ikerketan ez zuen obra geldiarazteko adina elementurik topatu. Aranzadiren txostena ikusirik Donostiako Udalak pista egiteko baimena eman zuen.[45]

2004an Radio Nacional de Españak Andatzan antena jartzeko baimena eskatu zuen eta Usurbilgo Udalak eman zion. Hasierako proiektuan Urdaiaga zen antenarainoko bidearen abiapuntua.[48]

2005eko urrian antenarainoko bidea zabaltzen hasi ziren, Zubietako Artzabaletatxiki baserritik Andatza aldera 4 kilometroko luze eta 4 metro eta erdiko zabalerakoa. Urriaren 14an, ostirala, Zubietako lur-jabe batek lanak zituen, ez zuela abisurik jaso argudiatuz. Urriaren 17an, astelehena, lanei berrekin zieten baina Zubietako Herri Batzarreko kideek obra geldiarazi zuten, Imanol Azpiroz, Zubietako alkateak adierazi zuenez azken proiektuaren berririk ez zutelako eta enpresak hasiera batean aurkeztutakoan bidearen abiapuntua Urdaiaga zelako. Obraren ardura zuen enpresari proiektuaren idatzizko agiria eskatu zioten, baina enpresak Donostiako Udalean aurkeztua zuela eta Herri Batzarrari erakusteko beharrik ez zuela erantzun zuen.[48] 2005eko azaroaren 2an, pista eraikitzen ari zen enpresak Olaiko trikuharria txikitu zuen, seinaleztatuta egon arren.[45]

2007ko irailaren 12an hasi ziren antena jartzen.[49]

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andatza eguna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018ko Andatza eguna

Maiatzeko lehen igandean Andatza eguna ospatzen da. 2014an Usurbilgo Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak Andatza egunaren antolakuntzan laguntzeari utzi zion mendiaren egoera salatzeko.[50][51] 2018an berriz ekin zioten antolatzeari.[52][53]

Igoerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igoera azkarrena Usurbilen hasten da, Santu Enea eta Urdaiaga auzoetatik, Igartzazabal eta Puela Berri baserrietan zehar. Hegoaldetik, Zizurkildik hain zuzen, Zarateko Bentatik igaroz, ere egin daiteke egoera.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c   «Andatzako Estazio Megalitikoa», Euskal Kultura Ondarea, http://www.euskadi.eus/app/ondarea/arkeologia-ondarea/andatza-i-eko-trikuharria/trikuharria/usurbil/fichaconsulta/100291. Noiz kontsultatua: 2018-03-31 .
  2.   «137/2003 Dekretua», Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 2003-06-24, https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2003/07/0303997e.shtml. Noiz kontsultatua: 2018-04-04 .
  3. a b (Gaztelaniaz)  Luis, del Barrio Bazaco (2011), Nuevos megalitos y megalitos relocalizados en el período 2002-2011 en Gipuzkoa  .
  4. a b   «Palankaleku trikuharria», euskal-herria.org, http://www.euskal-herria.org/node/25014. Noiz kontsultatua: 2018-04-10 .
  5. a b   «Gipuzkoako megalitoen inbentarioaren eguneratzea», Arkeoikuska (Gasteiz) 2011, 2012 azaroa, ISSN 0213-8921, http://www.euskadi.eus/contenidos/recurso_tecnico/descarga_publicaciones/es_descarga/adjuntos/ARKEOIKUSKA%202011%20completo.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-04-10 .
  6. a b   «Palankaleku», Aranzadi Zientzia Elkartea, http://www.aranzadi.eus/carta-megalitica-ficha?fichaid=297&lang=eu. Noiz kontsultatua: 2018-04-10 .
  7. a b   «Andatza, historiaren lekuko», Udalberri - Usurbilgo Udalaren aldizkaria (Usurbil) (8), 2018-07-06, http://www.usurbil.eus/documents/83434/2742280/Udalberri+8.+zbkia/b21c35a5-4c84-77a6-9860-daf0d8fe35da. Noiz kontsultatua: 2018-10-19 .
  8. a b c d   Ceberio Rodriguez, Manu (2010), «Primeros testimonios de época antigua en el tramo final del valle del Oria: el yacimiento de Irigain (Usurbil, Gipuzkoa)», Munibe (Antropologia-Arkeologia) (Donostia) (61), http://www.aranzadi-zientziak.org/fileadmin/docs/Munibe/2010243259AA.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-05-06 .
  9. a b c   «Oria ibaiaren beheko arroa (Aduna, Aia, Andoain, Donostia-San Sebastián, Usurbil, Zizurkil) III. kanpaina», Arkeoikuska 2005 (Gasteiz), 2006-12, http://www.euskadi.eus/contenidos/recurso_tecnico/descarga_publicaciones/es_descarga/adjuntos/Arkeoikuska2005.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-10-19 .
  10. a b   «Biribilondoko gaina (Donostia-San Sebastián) I. kanpaina», Arkeoikuska 2005 (Gasteiz), 2006-12, http://www.euskadi.eus/contenidos/recurso_tecnico/descarga_publicaciones/es_descarga/adjuntos/Arkeoikuska2005.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-10-20 .
  11.   «Cuenca baja del Oria. Montes Andatza-Garate-Belkoain-Zarate - IIIª campaña de prospecciones arqueológicas», Aranzadiana (126), 2005, https://issuu.com/aranzadi/docs/aranzadiana2005. Noiz kontsultatua: 2018-10-19 .
  12.   «Cuenca baja del Oria. Montes Andatza-Garate-Belkoain-Zarate - IV campaña de prospecciones arqueológicas», Aranzadiana (127), 2006, https://issuu.com/aranzadi/docs/aranzadiana2006. Noiz kontsultatua: 2018-10-19 .
  13.   Ceberio Rodriguez, Manu, [http://www.euskadi.eus/contenidos/recurso_tecnico/descarga_publicaciones/es_descarga/adjuntos/Arkeoikuska2006.pdf «Oria ibaiaren beheko arroa. Andatza, Garate, Belkoain, Zarate mendiak (Donostia- San Sebastián) IV. Kanpaina»], Arkeoikuska 2006, http://www.euskadi.eus/contenidos/recurso_tecnico/descarga_publicaciones/es_descarga/adjuntos/Arkeoikuska2006.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-10-19 .
  14. a b c d e f g h i j k l (Gaztelaniaz)  María., Mutiloa Poza, José (1976), Roncesvalles en Guipuzcoa, Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, ISBN 8472312801, PMC 432730845, https://www.worldcat.org/oclc/432730845  .
  15. (Gaztelaniaz)  Los señores de la guerra y de la tierra: nuevos textos para el estudio de los parientes mayores guipuzcoanos (1265-1548), Gipuzkoako Foru Aldundia, 2000, PMC 47684101, http://www.artxibogipuzkoa.gipuzkoakultura.net/libros-e-liburuak/iturriak-fuentes02.pdf  .
  16.   «Illunbe», Usurbilgo Toponimia, http://toponimia.usurbil.net/euskara/fitxak/illunbe. Noiz kontsultatua: 2018-10-12 .
  17.   «Armiarmategi», Usurbilgo Toponimia, http://toponimia.usurbil.net/euskara/fitxak/armiarmategi. Noiz kontsultatua: 2018-10-12 .
  18.   «Juanasoro», Usurbilgo Toponimia, http://toponimia.usurbil.net/euskara/fitxak/juanasoro. Noiz kontsultatua: 2018-10-12 .
  19.   «Juana Sarobe», Usurbilgo Toponimia, http://toponimia.usurbil.net/euskara/fitxak/juana-sarobe-2. Noiz kontsultatua: 2018-10-12 .
  20.   «Enuto», Usurbilgo Toponimia, http://toponimia.usurbil.net/euskara/fitxak/enuto-3. Noiz kontsultatua: 2018-10-12 .
  21.   «Ondardi», Usurbilgo Toponimia, http://toponimia.usurbil.net/euskara/fitxak/ondardi-3. Noiz kontsultatua: 2018-10-12 .
  22.   «Oiardo», Usurbilgo Toponimia, http://toponimia.usurbil.net/euskara/fitxak/oiardo-3. Noiz kontsultatua: 2018-10-12 .
  23.   «Agamuno», Usurbilgo Toponimia, http://toponimia.usurbil.net/euskara/fitxak/agamuno-2. Noiz kontsultatua: 2018-10-17 .
  24.   «Kalamusoro», Usurbilgo Toponimia, http://toponimia.usurbil.net/euskara/fitxak/kalamusoro. Noiz kontsultatua: 2018-10-12 .
  25.   «Kalamusaroe», Usurbilgo Toponimia, http://toponimia.usurbil.net/euskara/fitxak/kalamusaroe. Noiz kontsultatua: 2018-10-12 .
  26.   «Berorza», Usurbilgo Toponimia, http://toponimia.usurbil.net/euskara/fitxak/berorza-2. Noiz kontsultatua: 2018-10-17 .
  27.   «Saratsu», Usurbilgo Toponimia, http://toponimia.usurbil.net/euskara/fitxak/saratsu. Noiz kontsultatua: 2018-10-12 .
  28. a b   1965-, Zaldua Etxabe, Luix Mari, ([2006]), Saroiak eta kortak : mendialdeko antzinako gizartearen oinordeak, L.M. Zaldua, ISBN 8461115643, PMC 433548943, https://www.worldcat.org/oclc/433548943. Noiz kontsultatua: 2018-10-12  .
  29. a b   Tellabide Azkolain, Josu, «Artzaintza eta saroeak», Usurbilgo baserriak eta baserritarrak, http://baserriak.noaua.com/html/baserriak_539.html. Noiz kontsultatua: 2018-10-17 .
  30. a b c Josu Tellabide Azkolain, Asier Agirresarobe Azkue «Usurbilgo ondarea ezagutzen - Kultura baten aztarnak paisaian», Noaua Kultur Elkartea - Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba - Usurbilgo Udala, 2009
  31. (Gaztelaniaz)  de la Serna, Agustin Fernando (1878), El primer año de un reinado (Crónica de la guerra), Enrique de la Riva-ren inprenta, http://dspace.ceu.es/visor/libros/523213/523213.pdf  .
  32. a b c d e f g   Karlos, Almorza Arrieta, Saseta Defentsa-Sistema: armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen, ISBN 9788494425189, PMC 988299373, http://www.zizurkil.eus/barrena/libros/saseta-liburua.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-10-20  .
  33. a b c d e f g (Gaztelaniaz)  «En la punta de "Andatza" - Hablando con Saseta, el pundonoroso capitán de los mendigoizales», Gipuzkoa 1936, http://www.gipuzkoa1936.com/noticia.php?diadelmes=30&numerolmes=8. Noiz kontsultatua: 2018-10-20 .
  34.   Xabier., Portugal Arteaga, (2007), Pasaia 1931-1939 : la memoria de los vencidos, Pasaiako Udala, Kultura eta Hezkuntza, ISBN 9788493152444, PMC 433493402, http://www.pasaia.eus/documents/90521/349297/Memoria+de+los+vencidos-eus/9961a6f9-b5da-402c-b012-e8173f29424b. Noiz kontsultatua: 2018-10-20  .
  35.   Agirre, Joxean (2015-08-20), «Txiki sentiarazten gaituen biografia, Koldo Mitxelenarena», Gara, https://www.naiz.eus/en/hemeroteca/gara/editions/2015-08-20/hemeroteca_articles/txiki-sentiarazten-gaituen-biografia-koldo-mitxelenarena. Noiz kontsultatua: 2018-11-07 .
  36.   «Mitxelena Elissalt, Koldo», Auñamendi Eusko Enziklopedia, http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/mitxelena-elissalt-koldo/ar-79333/. Noiz kontsultatua: 2018-11-07 .
  37.   «Martes martes Lepahoria», Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema, http://www.euskadi.eus/web01-a3dibesp/eu/u95aWar/especiesJSP/U95aEConsultaEspecie.do?u95aMigasPan=E,42,1;EN,5,45,4,300;&pk=7675. Noiz kontsultatua: 2018-11-09 .
  38. (Gaztelaniaz)  «Martes martes LINNAEUS, 1758», Vertebrados Continentales del País Vasco, http://www.nekanet.net/Naturaleza/especies/fauna/ficha.asp?codigo=367. Noiz kontsultatua: 2018-11-09 .
  39. a b c d e f (Gaztelaniaz) Piedras de molino del siglo XV al XIX, Antxon Agirre Sorondo.
  40.   Agirresarobe, Asier (2005-05-01), «Andoain: Atxulondoko errekan burdinola bila», Argia (1990), https://www.argia.eus/argia-astekaria/1990/andoain-atxulondoko-errekan-burdinola-bila/atxulondo-20-olagizoneko-burdinola/. Noiz kontsultatua: 2018-10-15 .
  41. a b   «Atxulondo», Usurbilgo ondarea ezagutzen, http://usurbilondarea.noaua.com/default.cfm?atala=ura_giza_jarduera&azpiatala1=burdinolak&azpiatala2=03. Noiz kontsultatua: 2018-10-15 .
  42. a b   Tellabide Azkolain, Josu, «Erroizpe», Usurbilgo baserriak eta baserritarrak, http://baserriak.noaua.com/auzoak_text.cfm?id=960&auzoa=1. Noiz kontsultatua: 2018-11-09 .
  43. a b c   Usurbil iraganari begiratuz - Ekoizpena, Usurbilgo Udala, 2001, 65-67. orrialdeak  .
  44. a b   «Michelingo ur-bilketa. Abalozko tunela», Usurbilgo ondarea ezagutzen, http://usurbilondarea.noaua.com/default.cfm?atala=ura_giza_jarduera&azpiatala1=industria_azpiegiturak&azpiatala2=03. Noiz kontsultatua: 2018-10-15 .
  45. a b c d e   Ubeda, Imanol (2006-05-19), «Trikuharri bat gutxiago du Andatzak», Noaua! (Usurbil) (237), http://www.noaua.eus/wp-content/uploads/2014/02/noaua_237.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-10-19 .
  46.   «Biribillondo», Usurbilgo Toponimia, http://toponimia.usurbil.net/euskara/fitxak/biribillondo-2. Noiz kontsultatua: 2018-10-19 .
  47.   «137/2003 Dekretua», Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 2003-06-24, https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2003/07/0303997e.shtml. Noiz kontsultatua: 2018-04-03 .
  48. a b   «Radio Nacional de Españak antena berri bat jarri nahi du Andatzan», Noaua! (Usurbil) (214), 2005-10-21, http://www.noaua.eus/wp-content/uploads/2014/02/noaua_214.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-10-19 .
  49.   Ubeda, Imanol (2007-09-21), «Eñaut Zuriarrain, Zubietako alkatea: “Antena berriak telekomunikazioetarako erabilera izango duela uste dugu”», Noaua! (292), http://www.noaua.eus/wp-content/uploads/2014/02/noaua_292.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-10-19 .
  50.   «Andatza Egunean, ospakizunik ez», Noaua! (Usurbil) (571), 2014-04-30, http://www.noaua.eus/wp-content/uploads/2014/04/571web.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-03-07 .
  51.   «Ospakizunik ez, baina mendizaleak bai Andatza Egunean», Noaua! (Usurbil) (572), 2014-05-09, http://www.noaua.eus/wp-content/uploads/2014/05/572web.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-03-07 .
  52.   «Ospakizunak Andatza Egunez, maiatzaren 6an», Noaua, http://www.noaua.eus/2018/04/27/ospakizunak-andatza-egunez-maiatzaren-6an/. Noiz kontsultatua: 2018-05-01 .
  53.   «Gogotik erantzun diote usurbildarrek Andatza Eguna ospatzeko deiari», Noaua, http://www.noaua.eus/2018/05/06/gogotik-erantzun-diote-usurbildarrek-andatza-eguna-ospatzeko-deiari/. Noiz kontsultatua: 2018-05-06 .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Andatza (mendia) Aldatu lotura Wikidatan

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]