Errotari

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Errotaria
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Fungi
Filuma: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Entolomataceae
Generoa: Clitopilus
Espeziea: Clitopilus prunulus
(Scop. ex Fr.) P. Kumm.

Errotaria edo Salataria (Clitopilus prunulus) perretxiko mota bat da.

Perretxiko honen txapelaren diametroak 3-10 cm du. Txapela oso hauskorra da, eta hasieran ganbila eta ditidun samarra, baina gero leundu egiten da, eta azkenik Clitocybe moduan erditik sartua. Txapelaren ertza biribilkatua da ale gaztea denean, baina ale heldua bada, irregularra eta uhindua. Txapeleko azala lehorra eta matea da, kolore zuriskakoa, eta batzuetan grisaska erdialdean. Orriak oso dekurrenteak dira, hasieran zuriskak eta gero, esporak helduak direnean, arrosak. Hanka motz, zuri eta matea du, eta askotan eszentrikoa. Mami zuria, oso biguna eta hauskorra. Irin freskoaren usain eta zapore nabarmenak. Espora arrosak, fusiformeak albotik ikusita eta angeludunak aurretik begiratuta.

Jateko ona da, sukaldaritzan asko erabiltzen da gainera, baina kontuz ibili behar da Clitocybe cerussata eta Clitocybe rivulosa pozoitsuekin ez nahasteko. Hauek leku berdinetan ateratzen dira, eta askotan elkarrekin. Dena dela, desberdintasunak badituzte: Clitocybe prunulus hauskorra da, irin usain nabarmena du eta orriak oso dekurrenteak dira, eta ale heldua bada, arrosak. Clitocybe pozoitsuak beriz, elastikoak dira, usaina ahulagoa dute, irina eta anisaren artekoa, eta orriak ez dira hain dekurrenteak eta arrosak, krema-zuriskak baizik.

Espezie hau bereizteko, irin-usainari erreparatu behar digu; aintzat hartzekoak dira, halaber, haragiaren hauskortasuna eta esporak ondu ahala orriek hartzen duten kolore arrosa. Ezaugarri horiek kontuan izanda, ez dugu kolore zuriko eta toxikotasun handiko Clitocybe espeziarekin nahasteko arriskurik izango.


Bizilekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso perretxiko arrunta da udan eta udazkenean, belar artean, hostozabal desberdinen azpian ateratzen da, talde txikietan. Askotan, Boletus edulis onddotik hurbil ernamuintzen denez, “salatari” ere deitzen zaio.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Errotari Aldatu lotura Wikidatan