Gibelberde orrizuri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gibelberde orrizuria
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
KlaseaAgaricomycetes
OrdenaRussulales
FamiliaRussulaceae
GeneroaRussula
Espeziea Russula heterophylla
Fr., 1838
Mikologia
 
orriak himenioan
 
txapel ganbila
 
himenioa sabeldua da
 
hanka biluzik dago
 
espora zuriak dauzka
 
jangarria da

Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.

Gibelberde orrizuria (Russula heterophylla) Russulaceae familiako onddo espezie bat da. Russula cyanoxantha perretxikoaren antzeko balio gastronomikoa du. Ez du batere minik. Jasotzean, kontu handiz ibili behar da Amanita phalloides hilgarriarekin ez nahasteko; izan ere, zoritxarrez, biltzaile distraitu eta azalekoekin gertatu ohi da.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapela: 5 eta 12 cm arteko diametrokoa, lehenengo globo-itxurakoa, gero laua eta azkenean erdigunean hondoratua; ertza makurra eta nahikoa erregularra izaten du. Azala berdea du hondo okrearen gainean, berdea, argia izan daitekeena edo tonu ilunak dituena erdian, fibrila erradial ilunagoak eramaten ditu eta sarritan pitzatu egiten da, ezkatetan, virescens espeziean bezala.

Orriak: Itsatsiak edo dekurrenteak, meheak, oso estu, urkilatuak, eta nabarmenki anastomosatuak oinaren ondoan. Kolore zurixka dute, gero krema-zurixka, azkenean krema, nahiz eta esporak zuriak izan.

Orri dekurrenteak: Hanka ukitzeaz gain, beherantz jarraitzen duten orriak.

Hanka: Nahiko laburra, zertxobait meheagoa oinarrian, gogorra eta kolore zurikoa, tindu hori-marroiekin eta oinarrian marroi-herdoil kolorez zikintzen da.

Haragia: Lodia, zuria, zapore gozokoa eta usain gutxikoa. "Sulfato de hierro"-rekin arrosa-laranja kolorea hartzen du.[1]

Etimologia: Latinetik dator Russula hitza, russus-etik, gorriaren txikigarritik: apur bat gorrixka, kolore gorria daukatelako Russula generoko espezie askok. Heterophylla epitetoa berriz grekotik dator, eta esan nahi du: aldakorra, desberdina, irregularra eta orriak edo orritxoak. Orri irregularrak edo forma desberdinetako orriak dituela.

Jangarritasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jangarri ona, oso bilatua eta estimatua.[2]

Nahasketa arriskua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Russula virescens eta Russula cyanoxantha forma berdeen antza du, baina orriak krema kolore gehiago dute eta oso anastomosatuak dira. Azala ez da virescens perretxikoan bezain pitzatua eta cyanoxantha delakoan baino gehiago eta sulfato ferrosoarekin erreakzio arrosa-laranja oso bizia ematen du, erreaktibo honekin, aldiz, cyanoxantha delakoak ez du erreakzionatzen eta virescens perretxikoak hori-laranja ez hain bizia ematen du.

Amanita phalloides hilgarriarekin ere nahas daiteke, baina honek bolba eta eraztuna ditu.[3]

Sasoia eta lekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekainetik azarora ateratzen da, hostozabal basoetan eta bakanago koniferoen azpian.[4]

Banaketa eremua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Britania Handia, Europa eta Eskandinavia.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Lotina, Roberto. (1985). Mil setas ibericas. Diputacion foral de vizcaya, 122 or. ISBN 84-505-1806-7..
  2. (Gaztelaniaz) Palacios Quintano Daniel. (2014). Disfrutando con las setas. Leitzaran, Grafikak S.L. Andoain, Gipuzkoa, 388 or. ISBN 978-84-617-0196-4..
  3. (Gaztelaniaz) Bon,Marcel. (1988). Guia de Campo de los hongos de Europa. Ediciones Omega, S. A. Barcelona, 56 or. ISBN 282-0865-4..
  4. (Gaztelaniaz) Bauer Carlo Alberto. (1982). Los Hongos de Europa. Ediciones Omega, S.A. Barcelona, 212 or. ISBN 84-282-0666-X..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]