8-13 urtekoentzako bertsioa ikusteko, klikatu hemen.
Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Euskaltzaindia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Euskaltzain oso» orritik birbideratua)
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Euskaltzaindia
Goiburua: Ekin eta jarrai
Bilboko Euskaltzaindia.jpg
Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusia.
Euskaltzaindia hemen kokatua: Bilbo erdigunea
Euskaltzaindia
Euskaltzaindia
Euskaltzaindia (Bilbo erdigunea)
Sorrera 1919
Egoitza nagusia Plaza Barria, 15.
 Bilbo (Bizkaia)
Arabako ordezkaritza Alava Jeneralaren kalea, 5.
 Gasteiz (Araba)
Gipuzkoako ordezkaritza Hernani kalea, 15.
 Donostia (Gipuzkoa)
Nafarroako ordezkaritza Oliveto kondea etorbidea, 2.
 Iruñea (Nafarroa)
Iparraldeko ordezkaritza Gaztelu Berria. Paul Bert plaza.
 Baiona (Lapurdi)
Euskaltzainburua Andres Urrutia
Webgune ofiziala

Euskaltzaindia euskara zaindu, aztertu, zabaldu, batu eta hobetzea helburu duen hizkuntza akademia ofiziala da, 1918an sortua. Gehienez, 32 euskaltzain osoz osatzen da (2007 arte, 24 euskaltzain oso ziren)[1] eta, Euskaltzain oso horiez gainera, baditu —kopuru mugarik gabe— hainbat euskaltzain urgazle eta euskaltzain ohorezko ere. Euskaltzaindiaren goiburua Ekin eta jarrai da.

Euskaltzaindia, zuzenbidez, Hego Euskal Herriko lau aldundiek sortu zuten, Eusko Ikaskuntzarekin batera. Egoitza Bilboko Zazpikaleetako Plaza Barrian du, eta ordezkaritzak ditu Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Baionan. Euskaltzaindiaren finantzaketa iturri nagusia diru laguntzak dira eta, egun, lau erakunde publiko hauek ditu finantzatzaile nagusi: Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Xedeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaltzaindiaren berariazko helburuak Arautegi akademikoan azaldurik eta mugaturik daude (1920). Hasierako Arautegi hura behin eta berriz eguneratua izan da, eta osatua ere bai, Barne Erregelen bidez; izan ere, garaian garaiko hizkuntzazko edo kulturazko aldakuntzek halaxe eskatu dute une bakoitzean (1954, 1972, 1976, 2005, 2009, 2011).

Hala ere, Euskaltzaindiaren azken xedeez ziharduten arautegi-artikuluek berretsi baizik ez dituzte egin hastapenean esandakoak, premiazko zehaztapen berriak gehituz (ikus, adibidez, 1976ko 1. artikulua). Horregatik, gogoratzekoa da Euskaltzaindiaren lehenengo Arautegian Erakundearen xedeak nola marraztu ziren (nahiz eta orduko hizkera aski aldatua dugun gaur):

  1. Izkeraketz eta gizarteketz, euskera ayolaz landu ta yagoten zain egotea, Bazkun aunen elburua da: andik ere bere izena.
  2. Zainbide bioi dagokienez, Sail bitan ere bereizturik euskaltzaiñak beren arloan diardukete; euskal-ikerleen sailean, ta yagoleenean, lagun bakoitza bietan dagokelarik.
(Euskaltzaindiaren sortarauak, 1920)

Horrela, bada, Euskaltzaindia hizkuntzaren corpusaz arduratzen da, baina, halaber, baita berorren estatus sozialaz ere. Hortaz, handik hona bi Sail izan ditu Euskaltzaindiak (Iker eta Jagon Sailak) bere jardueraren baitan.

Euskaltzaindiaren egoitza nagusiaren aurrealdearen ikuspegi panoramikoa, Bilboko Plaza Barrian.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko Ikaskuntzaren lehenengo biltzarrean, lau lurralde historikoetako (Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoa) aldundien babesean sortu zuten, Oñatin, 1919an. Sortze-ekitaldian orduko Espainiako erregeak, Alfontso XIII.ak honako hau esan zuen:

Euskaltzain eta idazle batzuk, 1927an Euskaltzaindiak eginiko ohiko biltzar batean. Ezkerretik eskuinera, zutik: Orixe, Jean Elizalde, Seber Altube, Julio Urkixo eta Erramun Olabide. Eserita: Juan Bautista Eguzkitza, Bonifazio Etxegarai, Resurreccion Maria Azkue eta Georges Lakonbe.
« Sagaratu zaitezke ikasketa eta sustatu ahal den guztian Herriaren aurrerapen eta garapenerako, zeuon hizkuntza landu, milaka urteko euskara beneragarria, gizateriaren altxorraren bitxi preziatua, zeuon gurasoengandik jaso duzuena eta zeuon semeei osorik oinordetzan utzi behar diezuena.  »

Alfontso XIII.a[2]

Irailaren 5ean izendatu ziren lehen lau euskaltzainak: Resurreccion Maria Azkue, Luis Eleizalde, Julio Urkixo eta Arturo Kanpion. 1919ko urte horretan bertan, hamabi euskaltzain izendatzeko araudia onartu zen, eta honako kideak izendatu: Txomin Agirre, Piarres Broussain, Jean-Blaise Adema, Erramun Intzagarai, Jose Agerre, Juan Bautista Eguskitza, Raimundo Olabide eta Pierre Lhande. Resurreccion Maria Azkue izan zen lehenengo euskaltzainburua, eta hamabi izan ziren lehen euskaltzain osoak.

Erakundearen helburuak era honetan agertzen dira lehenengo Arautegian: "1. Izkeraketz eta gizarteketz, euskera ayolaz landu ta yagoten zain egotea, Bazkun aunen elburua da: andik ere bere izena. 2. Zainbide bioi dagokienez, Sail bitan ere bereizturik euskaltzaiñak beren arloan diardukete; euskal-ikerleen sailean, ta yagoleenean, lagun bakoitza bietan dagokelarik".

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denboraren poderioz, kopuru hori handitu egin da eta, egun, 24 dira euskaltzain osoak. Euskaltzain osoez gain, urgazleak 150 inguru dira. Ohorezko euskaltzainak: J. Alliers, J. Bilbao, J. Caro Baroja, Basarri, J. Etxaide, J. Garate, N. Holmer, J.M. Jimeno, B. Larrakoetxea, G. Lopez de Gereñu, A. Martinet, S. Onaindia, R. de Rijk, H. W. Terence, P. de Irizar eta Y. Zytsar. Euskaltzain osoen kopurua finkoa da, baina ohorezkoena eta urgazleena beharren araberakoa da. Euskaltzain osoek hitza eta botoa dute, baina gainerakoek hitza bakarrik.

Euskaltzaindia, hasieran, bi ataletan banatu zen: ikerketa-atala, euskararen hizkuntza arazoak bideratzeko, eta ariketa lana burutuko zuen atala, hau da, gizarteko arlo guztietara euskararen erabilera bultzatuko zuena. Hasierako urteetan, batzarrak gazteleraz egiten ziren, eta euskara batuarena izan zen erakundeak konpondu behar izan zuen arazoetako bat. Halaber, garai hartan, neologismoak nabarmen ugaldu ziren eta, berauek arautu eta onartu beharra zegoenez, Euskaltzaindiak lan horri ere ekin zion. Elerti lehiaketak antolatu zituen, euskara ikastegietan irakats zedin saiatu zen, euskara neurtzeko azterketak gertatu eta burutu zituen, baita bertsolari txapelketak antolatu ere. Euskaltzaindiaren erabakiak argitaratzeko Euskera aldizkaria sortu zen.

Gerraostea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Gerra Zibilak eta Mundu Gerrak eragin handia izan zuten, euskaltzainak bi bandoetan bereizirik eta sakabanaturik gelditu baitziren. Azkueri euskaltzain-taldea berpizteko eskaria egin zitzaion, baina Azkue zaharra zen, eta Krutwig arduratu zen lan horretaz (1941). Nola edo hala, berriro lanean hasi ziren eta aldizkaria ere berrargitaratu zen; 1956az geroztik eten gabe argitaratu da.

Euskara batura bidean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen problematikaren inguruan biltzarrak antolatu zituen, eta lehena Arantzazun egin zen, 1956an. Oihartzun berezia izan zuen Euskaltzaindiaren 50. urteurrena zela eta 1968an Arantzazun burututakoa. Bertan, euskara batua sortzeko bideari ekin zioten eta hizkuntza idatziari buruzko arauak eta erabakiak hartu zituzten: idazkera, joskera, jokabidea, aditza eta hiztegia. Euskaltzaindiak bigarren aldi horri ekin zionetik lan joria egin du, literatur lehiaketak, gramatika lehen urratsak eman (EGLU), hiztegigintzako erabakiak, idazkera landu, euskal alfabetatze eta euskalduntzean lehen urratsak eman, Euskararen Gaitasun Agiria (EGA), eta abar. Azken urteotako lan nagusiak lau izan dira: Orotariko Euskal Hiztegia, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa, Euskal Gramatika eta Hiztegi Batua.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Milurtekoa aldatzearekin batera, UPNren Nafarroako Gobernuak ordu arteko diru laguntzak ukatu zizkion Euskaltzaindiari, akademiak Nafarroa Euskal Herriaren barruan agertzen duelako.[3]

2013ko irailaren 23an, Europako Parlamentuaren Europar Hiritarra 2013 saria jaso zuen. Sari horren bitartez, urtero saritzen dira europar balioen alde borroka egin, estatu kideen eta herritarren arteko integrazioa edo lankidetza bultzatu eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean azaltzen diren balioak aldarrikatzen dituzten pertsonak eta erakundeak.[4] 2013ko abenduaren 3an, berriz, Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeko hamabost kideek dimisioa eman zuten, Euskaltzaindiko zuzendaritzak baztertu zituelakoan.[5][oh 1]

Zuzendaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012ko urriaren 18an, Bilbon, Akademiaren egoitzan egin zen bilkura berezian, euskaltzainek hurrengo lau urterako Zuzendaritza berria aukeratu zuten, lagun hauek osatuta:[6]. 2016ko urriaren 28an, Zuzendaritza berretsi zuten.

Zuzendaritza taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzendaritza taldea[7]
Euskaltzainburua Euskaltzainburuordea Idazkaria Diruzaina Iker sailburua Jagon sailburua
 Andres Urrutia   Xarles Videgain   Xabier Kintana   Sagrario Aleman   Adolfo Arejita   Jean-Baptiste Coyos 

Lurralde ordezkariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurralde ordezkariak[8]
 Araba  Gipuzkoa  Nafarroa LapurdiNafarroa BehereaZuberoa Iparraldea
 Joseba Lakarra   Andoni Sagarna   Andres Iñigo   Xarles Videgain 

Kudeatzaile eta idazkariordea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kudeatzailea[9] Idazkariordea[9]
 Joseba Zabaleta   Erramun Osa 

Euskaltzainburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

 1919-1951   1952-1962   1963-1966   1967-1970   1970-1988   1989-2004   2005-gaur egun 
 Resurreccion Maria Azkue hizkuntzalari lekeitiarra.jpg   Inazio Maria Etxaide.jpg      Manuel Lekuona (cropped).jpg   Luis Villasante euskaltzaina 1989an.jpg   Jean Haritxelhar.jpg   Andres Urrutia euskaltzaina.jpg 
 Resurreccion Maria Azkue   Inazio Maria Etxaide   Jose Maria Lojendio   Manuel Lekuona   Luis Villasante   Jean Haritxelhar   Andres Urrutia 

Euskaltzainak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskaltzainen zerrenda»

Euskaltzainak Euskaltzaindiko kideak dira, hau da, euskararen akademiako kideak. Eginkizunen arabera, hiru mailatan sailkatuta daude:

  • Euskaltzain osoak: erakundearen Osoko Bilkura osatzen dute. Kide berriak izendatzeko gaitasuna daukate bai eta erabakietan esku hartzekoa ere.
  • Euskaltzain urgazleak: eginkizun murriztuagoa dute, baina batzordeetan esku har dezakete.
  • Euskaltzain ohorezkoak: izendapen ohoragarria da.

Euskaltzain osoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaltzain osoak Euskal Akademiako kide izatearen eskubide guztiak dituzten euskaltzainak dira, hau da, Euskaltzaindiko zuzendaritzako kide izan daitezke, eta boto eskubidea dute Euskaltzaindiak akademia gaiak aztertzeko egiten dituen bileretan. Euskaltzain osoek, sortzez edo jatorriz, euskal lurralde guztietakoak izan behar dute, horrela euskalki guztiek Euskaltzaindian ordezkaria izan dezaten.[10] Gaur egun, 27 dira eta, gehienez, 32 izan daitezke. Euskaltzain osoak 75 urtera iristen direnean, euskaltzain emeritu bihurtzen dira automatikoki. Emerituen kopurua ezin da euskaltzainen heren bat baino gehiago izan.

Euskaltzain osoak[11]
 Sagrario Aleman   Adolfo Arejita   Aurelia Arkotxa   Bernardo Atxaga   Miren Azkarate   Jean-Baptiste Coyos 
 Jean-Louis Davant   Patxi Goenaga   Andres Iñigo   Jabier Kaltzakorta   Xabier Kintana   Joseba Lakarra 
 Jose Luis Lizundia   Beñat Oihartzabal   Miren Lurdes Oñederra   Txomin Peillen   Andoni Sagarna   Patxi Salaberri 
 Pello Salaburu   Ibon Sarasola   Ana Toledo   Joan Mari Torrealdai   Patxi Uribarren   Andres Urrutia 
 Xarles Videgain   Patxi Zabaleta   Mikel Zalbide          

Euskaltzain urgazleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskaltzain urgazleen zerrenda»

Euskaltzain urgazleak dira euskararen arloren batean nabarmendu eta Euskaltzaindiak bere lanean lagun diezaion izendatutako pertsonak. Eskubidea dute Euskaltzaindiak akademia gaiak aztertzeko egiten dituen bileretara joateko eta haietan hitz egiteko, baina botorik gabe; orobat, ez dute Euskaltzandiko zuzendaritzako kide izaterik. Izan ere, euskaltzain osoek bakarrik dituzte bi eskubide horiek.

Euskaltzain ohorezkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaltzain ohorezkoak dira euskararen arloren batean nabarmendu eta Euskaltzaindiak ezagutza ematearren izendatutako pertsonak. Eskubidea dute Euskaltzaindiak akademia gaiak aztertzeko egiten dituen bileretara joateko eta haietan hitz egiteko, baina botorik gabe; orobat, ez dute Euskaltzandiko zuzendaritzako kide izaterik. Izan ere, euskaltzain osoek bakarrik dituzte bi eskubide horiek.

Euskaltzain ohorezkoak[12]
 Paulo Agirrebaltzategi   Angel Aintziburu   Dionisio Amundarain   Xabier Amuriza   Pierre Andiazabal   Pello Apezetxea Zubiri 
 Xipri Arbelbide   Pakita Arregi   Koldo Artola   Gorka Aulestia   Joxe Azurmendi   Luis Baraiazarra 
 Erramun Baxok   Antonio Campos   Junes Casenave-Harigile   Jean Baptiste Dirassar-Hiriart Urruty   William Anthony Douglass   Martzel Etchehandy 
 Ana Etxaide   Maite Idirin   Joseba Intxausti Errekondo   Jose Angel Irigarai   Joxemari Iriondo   Mixel Itzaina 
 Jon Landaburu   Jon Lopategi Lauzirika   Ander Manterola Aldekoa   Joan Martí i Castell   Martin Orbe   Francisco Javier Oroz Arizkuren 
 Jean-Baptiste Orpustan   Georges Rebuschi   Manuel Maria Ruiz Urrestarazu          

Zerbitzuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun, Euskaltzaindiak ondorengo zerbitzuak eskaintzen ditu (koadroan arduradunak adierazita).[13]:

 Azkue Biblioteka eta Artxiboa   Onomastika   Argitalpenak  Komunikazioa eta Irudia  Informatika eta Telekomunikazioa   Hizkuntzaren Kalitatearen Behatokia 
 Prudentzio Gartzia   Mikel Gorrotxategi   Jon Artza   Iñaki Mendizabal   Iñaki Kareaga   Andoni Sagarna 

Batzordeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan San Martin eta Luis Villasante Euskaltzaindiak Euskal Herriko herri aginteekin hitzarmena sinatu zuen egunean, 1989an. Haien atzean, Federico Krutwig, Patxi Altuna, Alfonso Irigoien eta Pello Salaburu.
  • Ahoskera
  • Argitalpena
  • Azkue Liburutegia
  • Corpusa
  • Dialektologia-Atlasgintza
  • Euskara Batua
  • Gramatika
  • Hiztegigintza
  • Lege-ekonomia
  • Literatura
  • Onomastika
  • Sustapena

Aldizkariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1919an Euskera aldizkaria argitaratzen hasi ziren, eta zenbait etenaldi izan zituen, halabeharrez. 2009ko urrian Erlea aldizkaria argitaratzen hasi zen, Bernardo Atxagaren zuzendaritzapean.[14]

Lan harremanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2015eko abenduaren 18an eta 2016ko martxoaren 16an, Euskaltzaindiko langileek lanuzteak egin zituzten, lan hitzarmenaren alde.[15][16] 2016ko urriaren 27an, Euskaltzaindiko zuzendaritzak eta langileen ordezkariek hitzarmen propio baterako oinarriak ezartzen dituen aurreakordioa sinatu zuten. Horrenbestez, urriaren 28rako deitutako greba deialdia bertan behera geratu zen.[17]

Kritika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaltzaindiari elitista izatea kritikatu zaio. Halaber, bertako kideak dinosauroak direla eta gerontokrazia osatzen dutela adierazi izan da kultura esparru batzuen aldetik, horren autoritatea aitortuta ere, "lan-metodologian eta dinamismoan" lukeen eredugarritasuna zalantzan jarriz.[18][19] Era berean, hizkuntzaren gaurkotasunari buruzko kritikak sortu dira Euskaltzaindiak hartutako hainbat erabaki direla eta.[20] Akademiak badu guzti horren berri, eta agerikoa da XXI. mendeko premietara egokitzeko azken urteetan egin duen esfortzua[erreferentzia behar]: esaterako, 2016an paperean eta Interneten argitaratu zen Euskaltzaindiaren Hiztegia; 2016tik, sare sozialetan tarte nabarmena dauka Akademiak; Jagonet zerbitzua azkartu da... Eta Mendeurrenerako (2018-2019) beste horrenbeste berrikuntza ezarri nahi dira.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Pello Salaburuk adierazi zuenez —ordu arte, batzorde hartako buru izandakoa—, "hartara 32 urteko tradizioa hautsi" egin zen, ordu arte batzorde horrek baitzuen gramatikako gaiak kudeatzeko ardura; ikus Pello SALABURU: «Puntu batzuk argitu nahian», Deia, 2013-12-06.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Euskaltzain oso izendatu dituzte Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra», Diario Vasco, 2007-12-01.
  2. 1976ko Otsailaren 26eko 573/1976 Dekretua
  3. Alberto BARANDIARAN: «Euskararen tratamendua Sanzen garaian. Kronologia (1999-2002)», Jakin, 2003ko martxoa-apirila, 135. zenbakia.
  4. «Euskaltzaindiak Europar Hiritarraren Saria jaso du». 2013ko irailaren 23a.]
  5. Urzu URKIZU: «Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeak dimisioa eman du», Berria, 2013-12-03.
  6. Felix IBARGUTXI: «Zuzendaritza berria Euskaltzaindian», Diario Vasco, 2013-01-03.
  7. Zuzendaritza: Zuzendaritza taldea. Euskaltzaindia.org. 2016ko abenduaren 10ean kontsultatua
  8. Zuzendaritza: Lurralde ordezkariak. Euskaltzaindia.org. 2016ko abenduaren 10ean kontsultatua
  9. a b Zuzendaritza taldea: Kudeatzailea eta idazkariordea. Euskaltzaindia.org. 2016ko abenduaren 10ean kontsultatua
  10. Euskaltzaindiaren Arautegia.
  11. Euskaltzain osoak. Euskaltzaindia.org. 2016ko abenduaren 10ean kontsultatua
  12. Euskaltzain ohorezkoak. Euskaltzaindia.org. 2016ko abenduaren 10ean kontsultatua
  13. Zerbitzuak. Euskaltzaindia.org. 2016ko abenduaren 10ean kontsultatua
  14. Erlea aldizkaria kalean da
  15. «Euskaltzaindiko langileek lanuztea egingo dute bihar», Berria, 2015-12-17.
  16. «Euskaltzaindiko langileek hitzarmenaren aldeko bi orduko lanuztea egingo dute asteazkenean», Europa Press, 2016-03-15.
  17. «Desconvocada la huelga en Euskaltzaindia tras alcanzarse un preacuerdo entre la dirección y los trabajadores», Europa Press, 2016-10-27.
  18. Elefantea, autoritatea, zorua eta beste, garabibe.eus, 2016-02-21.
  19. (Euskaraz)  Amalur, Artola (2015-11-06), «Jon Alonso «Helburua euskararen erabilera bada, eta jaisten ari bada, zerbait ari gara gaizki egiten»», GARA, http://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2015-11-07/hemeroteca_articles/helburua-euskararen-erabilera-bada-eta-jaisten-ari-bada-zerbait-ari-gara-gaizki-egiten. Noiz kontsultatua: 2017-05-26 .
  20. (Euskaraz)  Abaitua, Mikel Hernández, Hobe beharrezko kritika Euskaltzaindiari — Eibar.ORG | Eibarko peoria, https://eibar.org/blogak/volga/hobe-beharrezko-kritika-euskaltzaindiari. Noiz kontsultatua: 2017-05-26 .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Euskaltzaindia
Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Bilbo
Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskara


Koordenatuak: 43° 15′ 34.1″ N, 2° 55′ 21.59″ W / 43.259472°N,2.9226639°W / 43.259472; -2.9226639