Euskara: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
t Robot: Cosmetic changes
83. lerroa: 83. lerroa:




[[Euskaldun]]ek ez zuten erromatarrekin gatazka larririk izan; aitzitik, nekazaritza teknika ugari ikasi zizkieten eta [[euskara]]k bai [[latin]]]etik eta bai honen ondorengo [[erromantze]]etatik mailegu ugari hartu zuen, apurka-apurka bere sistema fonetikora egokituko zituztenak.
[[Euskaldun]]ek ez zuten erromatarrekin gatazka larririk izan; aitzitik, nekazaritza teknika ugari ikasi zizkieten eta [[euskara]]k bai [[latin]]etik eta bai honen ondorengo [[erromantze]]etatik mailegu ugari hartu zuen, apurka-apurka bere sistema fonetikora egokituko zituztenak.


[[Euskara]]ren egitura sintaktikoak , berriz, nortasun propioarekin jarraitu du, eraginak gorabehera.
[[Euskara]]ren egitura sintaktikoak , berriz, nortasun propioarekin jarraitu du, eraginak gorabehera.

16:51, 26 apirila 2011ko berrikusketa

Euskara
Euskara
[[Fitxategi:
Euskal Herriaren kokalekua
|285px]]
Datu orokorrak
Lurralde eremuaEspainia eta Frantzia
Euskal Diaspora
Hiztunak1.234.000 (euskara ondo hitz egiten dutenak: 775.000)[1]
OfizialtasunaEuskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako iparraldean (Espainia)
EskualdeaEuskal Herria
UNESCO sailkapena2: kaltebera
AraugileaEuskaltzaindia
Hizkuntza sailkapena
Hizkuntza isolatua
Informazio filologikoa
Hizkuntza-tipologiasubjektu aditza objektua, SOV hizkuntza, aditza objektua subjektua, objektua aditza subjektua, objektua subjektua aditza, hizkuntza eranskaria, silabadun hizkuntza, hizkuntza polisintetikoa, hizkuntza ergatiboa, hizkuntza sintetikoa eta hizkuntza bakartua
Kasu gramatikalakabsolutiboa, ergatiboa, datiboa, inesiboa, adlatiboa, ablatiboa, genitiboa, instrumentala, komitatiboa, destinatiboa, kausatiboa, terminatiboa, norabidea, partitiboa, prolatiboa, gutxi gorabeherakoa, destinatiboa eta motibatiboa
Alfabetoaeuskal alfabetoa eta latindar alfabetoa
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1eu
ISO 639-2baq eus
ISO 639-3eus
Ethnologueeus
Glottologbasq1248
Wikipediaeu
Linguasphere40-AAA-a
ASCL2901
UNESCO415
IETFeu

Euskara (beharbada aitzineuskaraz: *enau(t)si (esan) + -(k)ara (era)[2]) Euskal Herriko hizkuntza da.[3] Euskaraz mintzo direnei euskaldun deritze. Gaur egun, Euskal Herrian bertan ere gutxitua dago, lurralde honetan berriagoak diren gaztelania eta frantsesa nagusitu baitira.

Euskararen sustrairik zaharrenak (Erromatar Inperioaren aurretikoak) Akitania osoan eta Bizkaiko golkotik Andorraraino bitarteko Pirinioen bi aldeetan agertu dira, eta Erdi Aroan behintzat Errioxan eta Burgosko ipar-ekialdean ere hitz egin zela dokumentatuta dago. Gutxitze prozesu gogorra jasan du, etenik gabe lurraldeak galduz. Nafarroa Garaian, bereziki, prozesu hori oso nabarmena izan da azken mendeotan. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, hainbat intelektual eta politikariren eraginez (Arturo Kanpion, Sabin Arana...) nolabait biziberritu zen, abertzaletasunari estuki loturik. Frankismoan (1936-1977) jazarpen latza pairatu ondoren, XX. mendearen erdialdetik aurrera hasi da indartzen, idatzizko estandarizazioak lagunduta.

1980ko hamarkadatik aurrera, erakundeen onarpena lortu du, lurralde zatiketa handiekin bada ere. Gernikako Estatutuak euskara Euskadiren berezko hizkuntza izendatu eta gaztelaniarekin batera ofizial egin zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan (Trebiñuko Konderrian eta Turtzioz-Billaberden ez). Nafarroa Garaian, Euskararen Legearen eraginez, herrialdeko ipar-mendebaldean (eremu euskalduna) soilik da koofiziala. Iruñean eta erdialdeko beste hiri garrantzitsuetan (eremu mistoa), onarpen maila txikiagoa eta traba handiagoak ditu. Nafarroa hegoaldean (eremu ez-euskalduna), berriz, euskara ez dago onartuta. Ipar Euskal Herrian, euskarak ez du aginpidea duten erakunde publikoen onarpenik: hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da.

Hizkuntz deskribapena

Euskara hizkuntza isolatua da. Mapan Europako hizkuntza ez indoeuroparrak (finlandiera, samiera, kareliera, estoniera, hungariera eta turkiera, euskaraz gain) ageri dira

Sailkapena

Euskara hizkuntza isolatua eta linguistikoki eranskaria da.

Idazkera

Euskarak, XVI. mendean idazten hasi zenetik, alfabeto latindarra erabili du, bere kokaleku geografikoaren eraginez. Gaur egun, euskal alfabetoak bost bokal ditu:

eta ondorengo kontsonante hauek:

  • B, D, F, G, H (gorra mendebaldeko euskalkietan, hasperendua ekialdekoetan), J (gipuzkeran, ahoskera belarra du, gaztelaniaz bezala; gainerako euskalkietan eta euskara batuan, sabaikaria), K, L, M, N, Ñ, P, R, S, T, X, Z.

Gainera, beste bost kontsonante ere baditu, beste hizkuntzetikako maileguak idazteko:

  • C (eta haren aldaera Ç), Q, V, W, Y.

Kontsonante horietako batzuk konbinatuz, ondorengo digrafo hauek sortzen dira:

  • DD, RR, TT, TS, TX, TZ.

Azentuari dagokionez, ez da idazkeran adierazten. Izan ere, hitz baten azentua asko aldatzen da euskalkiz euskalki eta esaldiz esaldi.

Historia

Artikulu nagusia: «Euskararen historia»

Euskararen jatorria eta ahaidetasunak

Euskararen jatorria ezezaguna da. Gaur egun, euskararen hizkuntzalaritza historikoan aditu direnen artean, hipotesi onartuena da euskara milaka urtez hitz egin dela Pirinioen inguruan.

Hizkuntzalaritzan egin ohi denez, euskara hemen sortu den ala inondik etorri den jakiteko, beste hizkuntzekiko ahaidetasuna bilatu zaio. Hainbat teoria egin dira euskarak kaukasiar hizkuntzekin, amazigerarekin, iberierarekin eta beste hainbatekin ahaidetasuna baduela esan dutenak. Hizkuntzen arteko konparaziorako hizkuntzalaritzak taxutu dituen metodoak erabiliz, ordea, frogatu da teoria horiek ez dutela behar besteko oinarririk. Orain arte jakin denez, beraz, beste hizkuntzen artean euskarak ez du ahaiderik.

Dena dela, gai horrek interes handia pizten du aditu ez direnen artean ere, eta inolako oinarri zientifikorik ez duten teoriak sortzen dira, edo okertzat frogatuta dauden teoria zaharrei eusten zaie. Teoria funsgabe horietako asko Euskararen Jatorriaren Biltzarrean plazaratzen dira («xelebreen bilera» deitu izan dio Luis Alfonso Gámez zientzia kazetariak;[4] biltzar horretan lan «dibertigarriak» agertzen direla dio Ricardo Gómez euskalariak[5]), eta nolabaiteko oihartzuna lortzen dute hedabideetan.

Aitzineuskara

Sakontzeko, irakurri: «Aitzineuskara»

Euskara Europan sustrai luzeena duen hizkuntza dela uste dute euskalariek; duela 8.000 bat urte euskararen aurrekari zen hizkuntza bat hitz egiten bide zen Pirinioen inguruan, eta orduz geroztik etenik gabeko historia izan bide du gure hizkuntzak inguru honetan.

Historia horretan, hizkuntzalariek gutxi gorabehera azken hiru mila urteko historia aztertu ahal izan dute. Aldi horren hasiera, berreraikitze lanen bidez ezagutzen dugu:

Antzinatean, euskararen hiztunen multzoa Ebro ibaitik Garona ibairaino eta Pirinioetan Kataluniako lurretaraino zabaltzen zen. K.o. lehenengo milurtekoan eremu horrek atzerakada itzela izan zuen Pirinioetan eta iparraldean, batez ere Erromatar Inperioaren eraginez. Erromatarrek latinetiko hizkuntza ekarri zuten berekin, eta hizkuntza hura beren menpeko lurralde guztietan ezartzen saiatu ziren.

Orain arte, euskaraz ezagutzen diren lehen hitz idatziak, Akitaniako lurretan (Ipar Euskal Herria barne) eta Euskal Herri hegoaldean, Sorian, Errioxan, Zaragozan eta Huescan aurkitu dira. Pertsona izenak edo jainko/andregoikoen izenak dira eta hilarrietan idatzitako inskripzioak dira, K.o. I. mendetik III. mendera. Nafarroako Lerga herrian erromatarren garaiko hilarri bat topatu zen euskal pertsona izenekin, I. mendekoa.[6].

III. mendetik VI.era datatu zituzten euskararen ustezko lehen esaldi idatziak ustez Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitu ziren. Dena den, euskal hizkuntzalaritza historikoko aditu guztiek eta grafologoek adierazi dute ez direla garai hartakoak, baizik eta XX. mendearen bukaerakoak edo XXI.aren hasierakoak.[7][8][9]

Euskara erromatarren garaian

Erromatarrak etorri zirenean, euskarak gaurkoa baino askoz ere hedapen zabalagoa zeukan. Frogaturik dago Garona (iparraldetik) eta Ebro (hegoaldetik) ibaien artean erabiltzen zela, eta bere erabilera erdialdeko Pirinioetaraino (ekialdetik) ere heltzen zela. Euskararen mendebaldeko mugak, berriz, ez dira oso argiak . Garai hartan, euskaraz honako tribu zahar hauek mintzo ziren: Akitaniarrak, Baskoiak, Barduliarrak, Beroiak, Karistiarrak eta agian, Autrigoiak.

Akitaniarrak: Julio Zesarren arabera, Akitaniarrak Garona ibaiaren eta Pirinioen artean biziz ziren. Hizkuntza propioa zuten eta antza handia zuten Pirinioez bestaldeko herriekin. Akitanieraz edota beharbada euskaraz mintzatzen ziren.

Baskoiak: Gaur egungo Nafarroan bizi ziren. Kostaldera heltzen ziren (Irun aldean). Errioxaraino hegoalderik (Calahorra eta Aragoin barneratzen ziren ekialdetik. Euskaraz mintzatzen ziren baina erromatarrak heldu zirenerako, Zeltiberiera eta Iberiera erabiltzen hasiak ziren hegoaldeko mugetan.

Barduliarrak: Gaur egungo Gipuzkoan eta Arabako ekialdean bizi ziren. Herri euskalduna omen zen.

Beroiak: Egungo Errioxan bizi ziren. Herri Zeltaa zen, euskaraz eta zeltiberieraz mintzatzen ziren.

Karistiarrak: Gaur egungo Bizkaian eta Arabako mendebaldean bizi ziren. Herri euskalduna omen zen.

Autrigoiak: Gaur egungo Kantabrian, Burgos iparraldean eta Euskal Herriko mendebaldeko lurretan bizi ziren. Haien hizkuntza indoeuroparra zen batzuen ustez, zeltikoa ziurrenik; eta euskara beste batzuen ustez.


Euskaldunek ez zuten erromatarrekin gatazka larririk izan; aitzitik, nekazaritza teknika ugari ikasi zizkieten eta euskarak bai latinetik eta bai honen ondorengo erromantzeetatik mailegu ugari hartu zuen, apurka-apurka bere sistema fonetikora egokituko zituztenak.

Euskararen egitura sintaktikoak , berriz, nortasun propioarekin jarraitu du, eraginak gorabehera.

Euskara Erdi Aroan

Erromatarrek ekarritako latinaren ezarpenak eta zabalpenak garai hartan euskara inguratzen zuten hizkuntza guztiak desagerrarazi zituen: hizkuntza indoeuroparrak (galiera, zeltiberiera, lusitaniera…) eta hizkuntza ez indoeuroparrak (iberiera, tartesiera…). Nabarmenezkoa da galdu ziren hizkuntza haiek garapen kultural handia izan zutela eta idatzizko testigantzak utzi zizkigutela. Denborarekin, latinak garapen diferentea izan zuen eskualdearen arabera, eta Erdi Aroan hizkuntza erromanikoak sortu ziren. Hala ere, euskarak eutsi zion latinaren eta hizkuntza erromanikoen hedatzeari. Euskal Herriak eutsi egin zion oro har bere hizkuntzari; hala ere, hegoaldeko erromatarren kokagune ondoko lurraldeak latinizatu egin ziren: elebidun bihurtu ziren. Euskarazko lehen inskripzioak Akitanian agertu ziren garai honetan.

Erromatar garaiko hizkuntzen eremuak.

Hori dela eta, Erdi Aroan euskara latinetik eratorritako hizkuntzek inguratuta zegoen: Gaztelania, hego eta mendebaldetik, Nafarroako eta Aragoiko erromantzea hego eta ekialdetik eta Gaskoia iparraldetik.

Erdi aroko hizkuntzen eremuen mapa.

Aipatutako hizkuntza erromanikoez gain, okzitaniera ere aditzen eta idazten zen Euskal Herriko hiri nagusietan, Nafarroan batez ere. Hiri honetan Okzitaniatik etorritako jende multzo handiak egokitu ziren, merkatariak gehien bat. Urte askotan beren hizkuntzari eutsi zioten eta testu asko idatzi zituzten.

Arabieraz mintzo zen jende multzoa ere bizi zen Tuterako eskualdean. Hor musulmanek ia 4 mendez botere politikoa izan zuten.

Musulmanek 711. urtetik aurrera penintsula ia osoa mende hartu zuten, Euskal Herriaren mugaraino. Euskaldunen eremuan ez ziren sartu ia. Gainera, harreman onak izan zituzten euskaldunekin, Nafarroan bereziki.

Hebreera ere hitz egiten zuten gutxi batzuek euskal lurraldeetan, baina haren erabilera bestelakoa zen. Erlijioari lotuta zegoen batez ere, nahiz eta gero juduen hizkuntza nagusia tokian tokikoa izan.

Euskara zen, berriz, Euskal Herriko hizkuntza nagusia. Ia Euskal Herri osoan mintzatzen zen garai hartan. Dena den nagusitasun geografiko hori ez zegokion nagusitasun administratibo edo ofizialik. Inongo erakundeak ez zuen erabiltzen euskara bere jardun administratiboan edo dokumentazio ofizialean. Hizkuntza erromanikoek hartu zuten euskarari zegokion funtzio hori. Garai goiztiar hartatik hizkuntza haiek idatziaren prestigioa bereganatu zuten, eta euskara, berriz, herri xehearekin lotuta zegoen.

Aipatzeko da Euskal Herriko ohiko mugatik kanpo ere euskaraz egiten zela. Errioxako edo Burgoseko gune jakin batzuetan, hain zuzen ere. Argitu gabe dago, oraindik ere, euskaldun haien jatorria betidanik han bizi izandako euskaldunen ondorengatik izan zitezkeen ala Erdi Aroko birpopulaketen ondorio.

Beste hizkuntzekiko harremanak

Sakontzeko, irakurri: «Euskararen ahaideak»

Hizkuntzari dagokionez, Erromantzea hizkuntza nagusia zen baina arabiera ere erabiltzen bide zen hainbat idatzik erakusten duten bezala. Hala ere gure hizkuntzak hainbat hitz hartu zituen arabieratik batzuk gaztelaniaren bitartez hartuko ditu: azenario, azafrai, arroa, alkate, alguazil, tabike, azukre, algodoi, alfalfa, algara ….. Beste batzuk ordea zuzenean arabieratik hartu ditu: alkondara, atorra.

Euskarak inguruko hizkuntzekin milaka urteko harremana izan du, hasieran Iberiar penintsulako eta gaur egun Frantziari dagokion lurraldeko hizkuntza indoeuroparrarekin. Kristau Aroa hastean, latinarekin —erromatartzeak eta kristautzeak ekarria— eta, handik berehala, Erdi Aroko erromantze jaioberriekin (okzitaniera/gaskoiera, aragoiera edo nafar erromantze eta gaztelaniarekin).

Aro Moderno-Garaikideetan, auzoko lehiakide zailenak frantsesa (geroago hurbildua) eta, berriz ere, gaztelania ofizialduak izan dira. Berrikitan izan ezik, euskarak ez du izan historian (bere osotasunean gutxienez) legezko aitorpen ofizialik.

Euskararen eta erdararen arteko proportzioa

Beraz, ondoko hizkuntzekin hartu-eman sakona izan du historian zehar: iberiera, latina, gaztelania, gaskoiera, aragoiera, frantsesa eta ingelesa.

Hedadura

Aintzinako euskara (K.A II mendea)

Euskal eremuak aintzinaroan.

Antzinako euskararen mugak zehaztea ez da gauza erreza. Esku artean ditugun zuzeneko testigantzek (Akitania eta Euskal Herriko hilarrietako hitzek) geografo klasikoek idatzitakoek eta toponimiak gorde dituen izenek erakusten digute euskaraz mintzo zela Garona eta Ebro artean, eta Bizkaitik Erdialdeko Pirinioetaraino.

KATALUNIA: Kataluniako mendebaldeko toponimiak erakusten du han behiala euskaraz egiten zela. Corominasen ikerketen ondotik onartzen da Katalunia euskalduna Urgellen eta Andorran hasten zela, eta Aran, Ribagortza eta Pallarsen barna hedatzen zela. Toponimiak edo leku izenek frogatzen dute eskualde honen euskalduntasuna.

ARAGOI: Gaurko Huescako probintzia eta Zaragozako iparraldea ere euskaraz mintzo ziren. Latinak berak itzali zituen hemengo euskal hizkerak, baina leku batzuetan euskarak berandu arte iraun zuen, Anso ibarrean bezala esate baterako. Interesgarria da Zaragozako Cinco Villas eskualdean (Ejea, Sádaba...) agertu den euskal pertsona izenen multzoa.

ERRIOXA: Errioxa eta Soriako erromatarren garaiko hilarri batzuetan euskal izenak agertu omen dira. Errioxan, batez ere, eta neurri apalagoan Burgosen herri izen askok ere euskal jatorria dute. Gainera, Errioxa eta Burgoseko hainbat ibarretan Erdi Aroa arte euskaraz hitz egiten zen. Ez dago garbi ea Erdi Aroko hiztunak erromatarren garaiko euskaldunen zuzeneko ondorengoak ziren ala Erdi Aroko euskara garai artako Arabako eta Bizkaiko euskaldunekin egindako birpopulaketari zor zitzaion.

AKITANIA: Akitanian aurkitutako hilarriak funtsezkoak izan dira euskararen historia ezagutzeko. Bertan agertu diren hitzek euskararen hedadura zehazteko balio izan dute batetik eta bestetik garai hartako euskara nolakoa zen jakiteko ere. Hona hemen horietako izen eta hitz batzuk: Bihosc (bihotz), Belex (beltz), lison (gizon), ilun (ilun), losa (lotsa), nescato (neskato), sembe (seme), andere (andre), corri (gorri).

EUSKAL HERRIA: Nabarmena denez Euskal Herri osoa sortzen zen antzinako euskararen mugen barrenean. Hala ere, badirudi Nerbiotik haratago eta Ebro ibarrean euskarak oso goiz egin zuela atzera. Hizkuntza zeltikoen aurrean hasieran eta latinaren aurrean geroago. Dena den garai hartako euskararen testigantzak oso urriak dira. Honek, batez ere, garai hartako hilerrietan bildu dira, pertsona eta jainko izenak gehienbat. Ugarienak Akitanian agertu dira, baina badira beste multzo batzuk Araban eta Nafarroan. Gainera, indusketa arkeologiko berrietan testigantza gehiago aurki daitezke(esaterako, Veleian (Araba)

Euskararen hedadura azken mendeetan

• K.A. II mendean erromatarrak sartzen dira iberiar penintsulan eta latina ezarriko da. Latinak garaiko euskara inguratzen zuten hizkuntza guztiak irentsiko ditu. Euskal Herriak ostera eutsi egin zion oro har bere hizkuntzari. Dena den euskarak ere lur eremu handiak galdu zituen: Iparraldeko Akitania, Aragoi, Nafarroa eta Arabako hegoaldea….

V mendean, erromatar inperioa deusezten ari zela herri germaniar multzo batzuk (bandaloak, sueboak, eta alanoak) Pirinioak zeharkatzeari ekin zioten.

VI mendean, frankoek iparraldetik bultzaturik, bisogotuak sartu ziren penintsulan. Hauek germaniarren artean nolabait aurreratuenak edo zibilizatuenak”. Erresuma Bisigodoa sortuko zuten, penintsula ia osoa menpe hartu ondoren. Erromatarrek ez bezala bisigodoek harreman txarra izan zituzten euskaldunekin; ia 3 mendeetan zehar etengabeko gerran aritu ziren.

Iberiar penintsulan latinizazioak sustrai sakonak zituen eta bisigodoen erresuma gorabehera latinak (edo honen forma bilakatuak) bizirik iraun zuen, euskarak bezala. Bisigodoak eurak ere latinizatu egin ziren eta VII menderako penintsulan ia galdua zuten euren hizkuntza. Hala ere herri germaniarrek zenbait hitz utzi zituzten: gerra, xaboi, sala, harpa, gisa, arropa…

VIII. mendean arabiarrak penintsulan sartzen hasi ziren 711. urtetik aurrera, zapi urtean penintsula ia osoa mende hartu zuten, Euskal Herriko mugaraino. 700 urte igaro zuten arabiarrek penintsulan, Gaztelak hasitako gerraren ondorioz kanporatu zituzten arte.

X. mendean kristauen Errekonkista erresuma musulmanen kontra hasi zen. Errekonkistak birpopulatzeak ekarri zituenez, hizkuntza ondorio ezberdinak sortu zituen Euskal Herrian. Batetik, badirudi euskaldun biztanleak hegoaldean ugaritu egin zirela. Arabako hegoaldean, Errioxa, Burgos eta Sorian eta Nafarroako erdialdetik hegoaldera. Bestetik, Bizkaiko mendebaldean, Enkarterrian, hiztun erromanikoak sartu zirenez, bertako hainbat tokitako euskara desagertu zen.

XI. eta XII. mendeen artean Gaztelako Erresumak Bizkaia (1180), Araba (1199) eta Gipuzkoa (1200) bereganatu zituen. Sarritan interpretatzen da gertaera hauek ekarri zutela euskal administrazioei hizkuntza ofizial gaztelania izatea.

Izan ere, garai hartan garatzen ari zen gaztelania. Euskararen mugetan jaio zen eta Errekonkistan lortutako botere politikoaren bidez Gaztelak penintsula osoan ezarri zuen, beste erromantze batzuk zokoratuz.

Nafarroari dagokionez, Antso Azkarra Nafarroako erregearen garaian euskarari “lingua navarrorum” izendatu zen (1167) alegia, nafarren hizkuntza.

XIII – XVI mendeen artean Gaztelako Erresumak Nafarroako erresuma konkistatzen amaituko du (1200-1512). Beraz botere politikoaren hizkuntza idatzia (gutxi batzuek zerabiltena) erromantze nafarra izatetik Gaztelania izatera pasatuko da.

XVI – XVII mendeak gure literatura idatziaren hasiera markatzen du. Izan ere 1545. urtean argitaratu zen lehen liburua euskaraz “Linguae Vasconum Primitiae”. Poema liburua da eta bere autorea Bernart Etxepare, Nafarroa Neherako herri txiki bateko apaiza izan zen.

Hala ere gogoratu behar da 1539. urtean Frantzisko I. Frantziako erregeak latinaren ordez administrazioan frantsesa erabiltzeko agindua ezarri zuela eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza Gaskoia izatetik frantsesa izatera pasatuko da. Horrela bada, ez agirietan, ez testu teknikoetan euskarak ez zuen zabalkunderik izan.

Hegoaldean, hizkuntza mintzatuari dagokionean, Arabako hegoaldeko hainbat eskualdetan eta Nafarroako hegoaldean gaztelaniak euskarari gaina hartzen jarraitzen du poliki-poliki. Euskarak eusten zion, nola edo hala, hedadurari baina galdua zuen prestigioaren eremua. Euskara ezin zen erabili erakundeetan, ez eskolan… Euskararen galeraren atea, bera, zabalik geratu zen.

XVIII. Mendean euskarak atzerakada garrantzitsua izan zuen Arabako lautadan, beteak beste Gasteizko hiria gailendu zelako inguruko lurraldeen aldean, eta oro har Arabako lurralde osoan. Ipar Euskal Herrian, bestalde Iraultza Frantsesaren garaipenak (1789) euskal foruak deuseztatu zituen; geroago, 1793. urtean frantsesa nahitaez erabiltzeko betebeharra ezarri zen legez.

Bestalde, euskarak lurralde zati handi bat eta hiztun kopuru handi bat galdu zuen Nafarroan. Euskaldunen Amerikarako joerak ere Euskal Herriko nekazaritza gune askotan (euskaldunetan beraz) eragin handia izan zuen.

Mendearen bukaera aldean, gainera, euskal herriaren historia garaikidea markatuko zuten gertakari erabakigarriak izan ziren: foruak deuseztatzea, industrializazioaren hasiera eta euskal nazionalismoaren eta sozialismoaren hastapenak.

1800. urterako Arabako euskararen galtzea ia erabat burutu zen, iparraldeko hainbat ibarretan izan ezik eta Nafarroan atzerapena biziki bihurtu zen. Nafarroako erdi alde guztian, Iruñerrian eta Pirinioetako ibar batzuetan euskara desagertzen edo ahultzen ari zen garai hartan. Mende hartan Euskal Herriak pairatu zituen etengabeko gerrek eta haien ondorioz gertatu zen foruen edo lege zaharren galerak bizkortu egin zuten euskararen atzerakada.

Gaur egun euskararen transmisio naturalari eutsi dion eremua honako hau da: Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko lurralde ia osoa, Gipuzkoa osoa, Nafarroako ipar-mendebaldea eta Arabako ibar bat. Baina Euskal Herriko eskualde horietaz gain, euskara nonahi entzun eta erabil daiteke. Haur eta gazte gehienenek euskaraz ikasten dute eta hiztunen kopurua etengabe igotzen ari da. Euskara, aspaldiko partez, muga estuak puskatzen ari da.

Gaur egungo euskararen mugak

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herria» eta «Euskal diaspora»

Euskara Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa herrialdeetan hitz egiten da. Euskal Herritik kanpo, Nafarroa Beherearekin muga egiten duten Gaskoniako herrietan eta Zuberoarekin muga egiten duen Biarnoko mugaldean (Oloroeko kantonamenduan: Eskiula edo Jeruntze herrietan,...) entzun dezakegu halaber. Euskal diasporan ere, euskara, ehun mila lagunek gorde edo berreskuratu dute, besteak beste, tokian tokiko euskal etxeei esker. Oro har, milioi bat lagun inguruk hitz egiten duten hizkuntza dugu.

Euskal Herrian bertan euskararen hedadura ez da berdina lurralde guztietan. Ikus alboko mapa

Euskal Autonomia Erkidegoan

Eustaten 2006ko estudioaren arabera, EAEko biztanleen %60k euskara ondo edota hala-hola hitz egiteko gai da[10]. Guztira, 775.000 lagunek euskara ondo ulertu eta hitz egiten dute eta 459.000 lagunek ondo ulertu baina hitz egiteko zailtasunak dituzte EAEn. Lurraldeka, Gipuzkoan biztanleen %53k euskara daki, Bizkaian %31k eta Araban, aldiz, %25ek.

Euskararen ofizialtasuna

Euskararen ofizialtasuna Euskal-Herrian.

Euskarak, historian zehar, ia ez du ikuskapen ofizialik izan. Herriaren hizkuntza izan da beti, baina inoiz ez da erabili administrazioan. Gaur egun, Euskal Herriko eremu batzuetan hizkuntza koofiziala da.

Gaur egun, euskaraz hitz egiten den lurraldeak ez dauka batasun politikorik, Euskal Herria politikoki hiru administraziotan banatuta baitago. Administrazioak honako hauek dira:

Administrazio bakoitzak euskararen erabilerari tratamendu diferentea ematen dio eta, horren ondorioz, euskara arautzen duten bost araudi ezberdin daude. Egoera nahasi hau ez da batere mesedegarria euskararentzat.

1. Euskal Autonomia Erkidegoa: Euskara ofiziala da, gaztelaniarekin batera, Euskal Autonomi Erkidegoan. Euskararen legea 1982. urtean onartu zen.


2. Nafarroako Foru Erkidegoa: Hiru eremutan banatuta dago. Ofizialtasun partziala deitu izan zaio Nafarroa Garaian euskarari eman zaion estatusari, bai eta bere baitan hartzen dituen hiru erregimenei ere. Nafarroako Garaiko euskararen legea 1986. urtean onartu zen eta horren arabera herrialdea hiru eremutan banatu zen euskarak hartzen zuen babesaren arabera.

  • Eremu Euskalduna (Iparraldea): Euskara ofiziala da, gaztelaniarekin batera, Nafarroako Foru Erkidegoko eremu euskaldunean. Eremu honetan lurraldearen iparraldea bakarrik sartzen da. Nafarroa Garaiko populazioaren %10 bizi da eremu honetan.
  • Eremu Mistoa (Erdialdea): Euskara ez da ofiziala eremu mistoan. Hala ere, Nafarroako euskararen legeak eremu mistoko herritar guztiei ezagutzen die Nafarroako herri-administrazioarekiko harremanetan euskara erabiltzeko eskubidea. Era berean, legean aurreikusten da herri-administrazioek zehaztu behar dutela zein lanpostu publikotarako izango den beharrezkoa euskaraz jakitea. Eremu mistoko eskoletan euskaraz ikas daiteke eta euskara ikasgaiaren irakaskuntza jaso daiteke, horrela nahi izanez gero. Populazioaren %53 bizi da eremu honetan.
  • Eremu ez Euskalduna (Hegoaldea): Euskara ez da ofiziala eremu ez euskaldunean. Nafarroako eskualderik zabalena da hau, lurraldeko erdialde eta hegoalde gehiena hemen kokatuta dago. Hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. Populazioaren %37 hemen bizi da.


3. Ipar Euskal Herria: Euskara ez da hizkuntza ofiziala. Ipar Euskal Herriko hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da. Hizkuntza hori Frantzian ofizial den bakarra ere bada.

Euskalkiak eta Batua

Euskalkien hedadura
██ Mendebaldekoa██ Erdialdekoa ██ Nafarra██ Nafar-lapurtarra ██ Zuberotarra

Euskalkiak

Sakontzeko, irakurri: «Euskalki» eta «Euskal Herriko hizkerak»

1729an, Manuel Larramendi jesuitak El Imposible Vencido. El arte de la lengua bascongada izeneko euskararen gramatika bat argitaratu zuen Salamancan. Bertan hainbat dialekto edo euskalki bereizi zituen: gipuzkera, bizkaiera, nafarrera eta lapurtera, eta azken bi hauek bat bezala har zitezkeela adierazi zuen.

Louis-Lucien Bonapartek, Napoleon Bonaparteren ilobak, euskalkien beste banaketa bat egin zuen, egundaino indar handiz iritsi dena. Euskaltzaindiko lehen presidente Resurreccion Maria Azkuek (1864-1951) Bonaparteren banaketa berrikusi zuen. Besteak beste, erronkariera (1991n hil zen azken hiztuna) euskalki berezitzat jo zuen, Bonapartek zubereraren barnean sailkatu arren.

Euskalkiokin batera, toponimia arrastoak eta idatzi batzuk direla eta, Araban berezko euskalkia izan zela esan daiteke, egun guztiz galdua bada ere.

1997an Koldo Zuazok eginiko sailkapen berriaren arabera, berriz, euskalkiak edo euskal dialektoak horrela izendatu ziren:

Tradizioan, gipuzkera, bizkaiera, lapurtera eta zuberera euskalki literariotzat hartu dira, euskal literaturaren historian euskararen aldaera horiexek erabili izan direlako. Mendeetan zehar, lapurtera (Ipar Euskal Herrian) gipuzkera (Hego Euskal Herrian) euskalki erabilienak izan dira. Bizkaierak, era berean, zabalpen handia izan zuen XX. mende hasieran, Bizkaian Sabino Aranaren abertzaletasunak izan zuen indarrak bultzaturik.

Euskaraz matrikulatutako ikasleen ehunekoa (2000-2005)
Euskararen lege-egoera desberdinak Nafarroan

Euskara batua

Sakontzeko, irakurri: «Euskara batua»

1960ko hamarkadan, euskara batuaren sortze prozesuari ekin zitzaion, euskalkien arteko zatiketa gainditzeko eredu estandarizatuari, alegia. Bizitzaren esparru guztietara zabaltzeko eta, finean, egungo gizartean aise moldatzeko oinarriak eman zizkion batuak hizkuntzari. Zehazkiago, 1968an Euskaltzaindiak Arantzazuko Batzarrean (Oñatin) egin zuen bileran abiatu zen batasun prozesutik sortu zen.

Bilera hartan euskara bateratzeko lehenengo arau multzoak finkatu zituzten, idatzian erabili beharreko ortografia, morfologia, deklinabidea eta neologismoei buruzko arauak emanez. Hizkuntzaren batasunerako, gipuzkera eta lapurtera euskalkiak hartu ziren oinarritzat, baina gainontzeko euskalkien berezitasunak eta aldaerak kontuan hartuta.

Batasuna ez zen bat-bateko gauza izan, eta urteak pasa ahala, euskararen alor guzti-guztiei buruzko arauak eta gomendioak kaleratzen segitzen du Euskaltzaindiak, oraindik ez baita lana bukatu.

Gramatika

Euskaren gramatika zailtasun handikoa da, horrez gain, hizkuntza indoeuroparra ez izanik, eratze edo joskera bereziak ditu, beste hizkuntzetan aurkitu ez ditzakegunak. Euskal gramatikaren barnean, euskal aditz sistema izaten da normalki, ikasteko arazo gehienak ematen dituena, baita euskal hiztunentzako ere. Euskal aditzak aditz languntzaile perifrastiko bategaz sortzen dira, lehen aditza infinitiboan utziz (edo atzizkiren bat gehituz) eta aditz laguntzailea jokatuz.

izan eta ukan aditzen taula osoa, non aditz laguntzaileen jokaera ikus dezakegun

Hala ere, badaude aditz batzuk, aditz trinkoak deiturikoak, aditz laguntzaile baten beharra ez dutena. Aditz hauek bere paradigma dituzte, aurreko taularen desberdinak.

Kasuak

Euskarak hamasei kasu dauzka:

Literatura

Ahozko literatura

Sakontzeko, irakurri: «Euskal ahozko literatura»

Ahozko literaturak aipamen berezia behar du. Eukararen idatzizko garapen mugatua dela eta, ahozko literaturaren agerpenek indar berezia izan dute. Horrela, atsotitzak, baladak eta kopla zaharrekin batera, besteak beste, berezibizko munta du bertsolaritzak.

Sakontzeko, irakurri: «Bertsolaritza»

Nahiz eta lehenagoko aztarnak ere badiren, bertsolaritza XIX. mendetik aurrera garatu zen Euskal Herrian. Ez zen lurralde guztietan indar berarekin hedatu, ordea. Gipuzkoako eskualde batzuek eman zituzten bertsolaririk ezagunenak. XIX. mendeko gerra eta gatazka ugariek eskaini zuten bertsotarako gairik. Hori dela eta, frantsesen aurkako, karlisten garaiko eta Kubako gerrei buruzko bertso mordoskak iritsi zaizkigu: ahoz aho banaka batzuk, idatziz gehienak. Kanta paperen bidez zabaldutako bertsoak oso modan egon ziren, zenbait kasutan orduko gertaera eta albisteak jakinarazteko modurik herrikoienetako bat zelarik.

Mende hartako bertsolari zaharrenen artean Xenpelar errenteriarra dugu ospetsuena. Haren bertso-sorta askok bizirik diraute euskal kantutegian: Betroiarenak, Pasaiako zezenarenak edo Ia guriak egin du, esaterako. Bapateko bertsolari moduan nabarmendu ez baziren ere, Jose Mari Iparragirre eta eta Bilintxen bertsoak ere aipagarriak dira. Lehenaren Ume eder bat eta Gernikako arbola edo bigarrenaren Bein batian Loiolan eta Loriak udan intza bezela, oso ezagunak dira. Azpimarratzekoak dira Iparraldeko koblakariak ere, hala nola Zuberoako Piarres Topet "Etxahun" barkoxtarra (Ürx'aphal bat badügü, Maria Solt eta Kastero...) eta Nafarroa Behereko Joanes Oxalde bidarraitarra (Lurreko ene bizia, Iruñeko ferietan...).

Euskara idatziaren lehenengo pausuak

Euskara idatziaren lehenengo pausoak.

Euskaraz idatzitako lehenengo hitzak Akitania eta Pirinio inguruetan aurkitutako erromatarren garaiko hilarrietakoak ditugu ( I. mendea) Jainko eta Jainkosen izenak izan litezke: sembe>seme; anderexo>andereño; ason>gizon….

Gaur egun ezagutzen dugun euskara ez da antzinaro hartakoa bera. Horregatik aitzineuskara deritzo garai hartako euskaldunen mintzairari; eta aitzineuskaratik gaur egungo euskarara, garai hartako latinetik gaur egungo gaztelaniara dagoen antzeko aldea edo handiagoa legoke.

Orain arte euskaraz idatzita aurkitu diren esaldirik zaharrenak Donemiliagako glosak dira (X mendea). Horren zergatia hauxe da, herri literatura eta tradizioa ahoz transmititu izan direla batez ere.

Glosak, latinezko testuak ulertzeko monje kopistek idazten zituzten oharrak dira, hau da, zatirik zailenei buruzko ohar batzuk “Guec ajutuezdugu” (ez dugu laguntzarik) eta “jizioki dugu” (piztu dugu) dira.

Linguae Vasconum Primitiae. Bernat Etxeparek idatzitako liburu hau, Euskaraz idatzitako lehenengo liburua da1545an. Izenburua latinez dago baina liburura euskaraz. Etxeparek, liburu hau idazterako orduan,ez zuen eredurik izan. Horregatik, izkinatzeko unean, grafia asmatu behar izan zuen eta Euskararen soinuak, hotsak, paperean emateko erdaran erabiltzen ziren letrez baliatu zen, apeza izanik bai baitzekien erdaraz idazten.

Jesus Christ Gure launaren Testamentu Berria(1571) Joannes de Leizarraga apaiz katolikoa zen, baina garaiko Nafarroako erregina protestante bihurtu zenean higanot edo kalbindar bihurtu zen beste kristau asko bezala. Erreginak Itun Berriaren itzulpena euskarara egitea eskatu zion Leizarragari, horrela dotrina zabaldu ahal izateko. Horrela “Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria” argitaratu zuen 1571. urtean. Liburua Vulgatatik itzulia baldin bada ere, baditu itzulpena ez diren beste atal batzuk horien artean Nafarroako erreginari zuzendutako gomendio gutuna non Euskal Herria izenari lurraldea zehazten zaion eta euskara eta euskalkien izan zituen arazoak azaltzen dituen “Heuscalduney” deritzon atala.

Guero (1643) Euskal prosaren gorengo emaitza da, eta aszetika deritzon azpijeneroko obra unibertsala, nolabait 1643. urtean azaldu zen, Bordelen inprimaturik.

Pedro Dagerre Azpilikueta Nafarroako Urdazubi herrixkan jaio zen . “Axular” goitizena bere jaiotzeko baserritik datorkio Iparraldeko Saran (Sarako eskolan) eman zituen Axularrek bere urterik gehienak, bertako errektore edo parroko. Liburuaren hizkuntz eredua geroago “Lapurtera klasikoa” deitutakoa da; eredu honetara heltzeko, Axularrek herriak ulertzeko erak eta espresioak bilatzen ditu, baina horretan aberastasunik batere galdu gabe. Horregatik esaten da Axular dela euskal prosaren benetako sortzailea, Leizarragak bidea nolabait jorratu bazuen ere.

Eguna (1937) Euskaraz soilik idatzitako lehenengo egunkaria da. 1921ean sortutako Donostiako argia astekaria bilakatzeko ahalegin guztiek peko errekara jo bazuten ere, hazia ereinik zegoen euskaltzaleen artean. Egunkaria gerra hasi arte, hala ere, ez zen gauzatu, Eusko Jaurlaritzak 1937 urte hasieran Eguna plazaratu zuen arte. Sei hilabete eskas iraun zuen lehenengo egunkari honek, militarrek ekainean Bizkaia osoki kontrolatu bitartean alegia.

Literatura idatzia

Sakontzeko, irakurri: «Euskal literatura»

Euskarak lapurtera idatziaren bidez, batik bat, bizi zuen berpizkundea. Ondokoak izan ziren euskal literaturari hasiera ematen zioten autoreak:

Hurrengo mendeetan gainerako euskalkiek idatzizko garapen handiagoa izan zuten. Euskalki literarioak lapurtera, bizkaiera, gipuzkera eta, apalkiago, zuberera izan ziren. Berpizkunde osasuntsu baten ondoren, hegoaldean XVIII. mendean geldiune bat jazo zen, non erlijio-testuen itzulpen txepelen erdian Agustin Kardaberazen Eusqueraren berri onac nabari zen. Era berean, egile garrantzitsuak izan ziren: Axular XVII. mendean, Juan Antonio Mogel eta Pedro Antonio Añibarro XIX.enean eta Estepan Urkiaga Lauaxeta, Txomin Agirre, Xabier Lizardi eta Gabriel Aresti besteak beste, XX.enean.

1968tik aurrera, euskara batuaren garapenarekin, euskarazko literatura azkar hazi zen, eta egun ugariak dira euskaraz idazten duten idazleak, besteak beste:

Euskara munduan

Aspaldiko bisitariak : Done Jakue bidea

Gure herria pasalekua zelako froga bat gehiago Santiagorako bidea da. Erdi Aroan hasi zen eta denbora luzez (X. mendetik XIX. Mendera arte) erromes asko heldu ziren Europa osotik Konpostelarako bidaian, Santiago apostol omen zenaren hilobia ikusteko, zerua irabazteko bidea zelakoan. Bideko pausatoki handienetakoa zen Orreagako monasterioak, adibidea, oraindik XVII. Mendean 20.000 janari urteko ematen zituen.

Euskarak harridura pizten zuen bidaiarien artean. Itsaso erromatarren artean euskararen irla ikusgarria agertzen zen. Horregatik bidaiariek hiztegitxoak osatu zituzten batzuk oso zaharrak XII. Mendekoak.

Beilarien artean Aymeric Picaud frantsesa dugu famatuena gure historian.

AYMERIC PICAUD izeneko erromes frantziarrak Donejakuerako bidea egin zuen XII. Mendean eta ikusitakoaren gida bat latinez idatzi. Bertan euskaldunak eta lurraldea deskribatzen ditu eta kexu ageri da eman dioten tratuaz. Hala ere, euskarazko hitzen zerrenda bat bildu zuen, ezagutzen den lehen euskal hiztegitxoa bilduz.

Code Calixtinus 1132-1135” latinezko liburuan Pirinio hegoaldeko biztanleak “Nafarrak” deitzen ditu; iparraldekoak ordea, “Baskoiak”. Hala ere ez direla bereizten dio: berdin jan, jantzi eta hitz egiten dutela.

“Sique illos audires, canum latancium memoraes. Barbara enim lingua penitus habentur. Deum vocant Urcia, Dei genitricem Andrea Maria, panem ogui, vinum ardum, carnem aragui, piscem araign, domun echea, dominum domus iaona, dominam andrea, ecclesian elicera, prebiterium belatera (…) tricticum gari, aquam uric, regem ereguia, Sanctum Iacobum Iaona domne Iacue…”

“Hizketan adituko bazenitu, txakurren zaunkaz oroituko zinateke. Beren hizkuntza guztiz barbaroa delako. Jaungoikoa Urcia (Urtzi) deitzen dute, Santa Maria Andre Maria, ogiari ogui, ardoari ardum, haragiari aragui, arrainari araign, etxeari echea, etxeko jaunari iaona, andreari andrea, elizari elicera, presbiteroari belatera (…) gariari gari, urari uric, erregeari erreguia, Santiago Jaunari Iaona Domne Iacue…”

ARNOLD VON HARFF alemaniar zalduna, 1496-1499 urteen artean egindako erromesaldietan, Euskal Herrian ere izan zen, eta erromesaldi horien berri eman zuenean, euskarazko hiztegitxo bat jaso zuen.

Pascayshe spraich
Item ogea Broyt Ogia
Arduwa Wijn Ardoa
Oyra Wasser Ura
Aragui Fleysh Haragia
Gasta Keyss Gazta
Gaza Saltz Gatza
Oluwa Hauer Oloa
Huertza Stroe Ahotza
Norda Wer is dae Nor da
Schambat War gilt dat Zenbat
Hytzokosanma Eyn wirt Etxeko jauna
Gangon dissila Got gheuve dir Gudem morgen Gau on dizula
Sehatuwa ne tu so gausa moissa Schoin junfrau kumpt bij mich laeffen Neskatoa nahi duzu gauza motza


Euskara bidaiari

Euskalduna euskaraz hitz egiten duen pertsona da non nahi jaio edo bizi den berdin diolarik. Beraz, euskaldun guztiak ez dira Euskal Herrian bizi, Euskal Herritik kanpo ere euskaldunak bizi dira eta horren froga bizia dira munduan zehar topa daitezkeen Euskal Etxeak edo Euskara edo Euskal Kultura irakasgai dituzten zenbait Unibertsitate.

Historian zehar ez dira gutxi herria utziz mundu zabalera abiatu zirenak. XVI. Mendeaz geroztik, Amerikarako bidea izan zen norabide nagusia. Ameriketan egiten zituzten lanbideak desberdinak dira, baina zenbait garaitan artzaintza nagusia zen. Argentinan, Buenos Aires hiriburuan esne industria XIX. Mendean euskaldunen eskuetan zen, hala nola, gazitegiak (haragia kontserbatzeko industria alegia); bi lan hauek “euskaldunen lanak” deitzeraino heldu ziren. Honetaz gain euskaldunak aurkitzen ahal ditugu Kaliforniako urre meatzetatik hasita, ostatu eta merkatalgintzatik iraganez, Argentinako Pampa lautadaraino Unai gisa.

EUSKAL ETXEAK, atzerrira joandako euskaldunak batzen diren lekuak dira. Elkarte hauen helburua elkarren arteko laguntza eta euskal nortasuna babestea dira. Horretarako ekintza ezberdinak antolatzen dira: Euskarazko klaseak, kanta eta dantza taldeak, aldizkariak, liburuak, festak, bertsolari txapelketak etab.

Munduan zehar dauden Euskal Etxeetatik zaharrena Montevideoko (Uruguay) “Laurak Bat” euskal etxea da, 1876. urtekoa. Urte berean ere Argentinan “Laurak Bat” izena duen beste euskal etxe bat zabaldu zuten.

Gaur egun guztira 162 Euskal Etxe ofizial daude mundu osoan zehar eta beste 30 bat inguru oraindik ofizialak ez direnak.

UNIBERTSITATEAK: Ezin da ukatu euskarak eta euskal kulturak interesa sortzen dutela gure mugetatik at. Horren oinarrian arrazoi desberdinak egon daitezke, zientifikoak edo sentimentalak.

Arrazoi zientifikoek mugiarazten dituztenentzat, euskara ikasgai edo ikergai izango da. Horientzat, hizkuntzaren eta kulturaren ezaugarriak dira interes-sortzaile, hala nola, euskara Europako hizkuntzarik zaharrenetakoa izatea, ahaide ezagunik ez izatea, mendeetan zehar bizirik irautea, eta abar.

Arrazoi sentimentalak dituztenak, ordea, garai bateko egoera sozio-ekonomikoak bultzatuta, bizimodua ateratzera atzerrira joan behar izan zutenak edo horien ondorengoak dira. Migrazioaren ondorioz, euskal komunitatek sortu dira han hemenka.

Edozein kasutan ere, arrazoia bata ala bestea izanik, interes horri esker euskararen eta euskal kulturaren presentzia asko hedatu da munduan zehar.

Euskal Pidginak Islandian eta Kanadan

Bale ehizaren berriak XI. Mendekoak badira ere, bere bila Amerikaraino iritsi ziren itsas bidaiek XVI. eta XVII. Mendeetan izan zuten garrantzirik handiena. Baleaz gain, bakailoaren arrantza eta itsas txakurren harrapaketa ere ibilaldi hauen helburu ziren.

Kanadako Labrador eta Ternuaraino bidaia hauek harreman baketsuak batez ere (ez beti) finkatu zituzten arrantzaleen eta bertako herrien artean. Innu eta Mikmakekin bereziki. Herritarrek larruak burdinazko tresnen ordain trukatzen zituzten besteak beste.

1530. urtean hasi zen harreman honek elkar ulertzeko hizkera berezia sortzea eragin zuen, bidaiari ugariri deigarri egin zitzaiona. Indiarrek europarrak “adisquidex, adisquidex!” esanez agurtzen zituztela zioen Pierre Biard-ek 1616. urtean. Lope de Isasti Gipuzkoarrak bertakoei “nola zaude?” Galdetzen zitzaienean “Apezak hobeto” erantzuten zutela azaldu zuen bere historia liburuan (1625), garaiko itsasgizonen umorearen erakusgarri.

AMERIKETAKO HARTU EMANAK: Elkar ulertzeko beren mintzairen nahasketa antzeko bat (pidgin) sortu zen, bi aldeentzat baliagarria zena. Adibide gutxi batzuk ezagutzen dira:

Ameriketako hartu emanak
Mikmak Pidgin Ania Kapitaina Barilia Kessona Makai Atouray Canadaquoa
Euskara Anaia Kapitaina Barrika Gizona Makila Atorra Kanadakoa

TOPONIMIA: Gaur egungo toki izen batzuek argi azaltzen dute nor ibili zen Quebecen barna. Hona horietako batzuk:

- Port aux Basques - Havre aux Basques - Ruisseau du Basque - Lac du Basque - Île aux Basques

Arrantzaleek ere Ternuako lekuei izenak eman zizkieten Anton Portu, Baia Ederra, Balea Baia, Baratxoa, Etxaire Portu, Ferrol Zaharra, Ophor Portu, Plazentzia, Portutxoa, Ulizilo

IPAR ATLANTIKOKO MINTZAIRA: Beste pidgin bat ere sortu zen ipar itsasoan. Dirudienez, gutxi ezagutzen baita, Islandiera, Ingelesa, Frantsesa eta Euskara nahastatzen zituen:

Ipar atlantikoko mintzaira
Atlantikoko Pidgina Ser travala for ju Ser ju presenta for mi Sumbatt galsardia for Seÿ galsardia esta vÿra Trucka cammisola Cavinit trucka for mi For ju mala gissuna Presenta for mi locaria For mi presenta for ju biskusa eta sagardoa Christ Maria presenta for mi balia, for mi, presenta for ju bustana Presnta for mi berrua usnia eta berria bura
Euskara Zer egiten duzu? Zer eramaten didazu? Zenbat galtzerdien gatik? Sei galtzerdi pare ez gehiago Erosi atorra Ez dut ezer erosten Gizon gaiztoa zara Eman niri lokarriak Bixkotxa eta sagardoa emango dizkizut Kristo eta Mariak balea ematen badidate, buztana emango dizut Emaidazu esne beroa eta gurina berria
Euskara Ternuan.

ISLANDIA: XVII – XVII. mendeetako hiru euskaraislandiera (Vocabula Biscaica) hiztegitxo kontserbatu dira Islandian, bi herrien arteko harremanen berri ematen dutenak. Lehenengoak 563 hitz eta esaldi biltzen ditu, bigarrenak 278 eta azkenak 11 eskas. Hona adibide batzuk:

Islandia
Euskara Islandiera
Gisongastia Gizon gaztea Ögifftur madur
Nescagastia Neska gaztea Ögift kona
Untzia Ontzia Skip
Salupa Txalupa Bätur
Harporie Arpoilari Harponere
Bela Segl
Ogia Braud
Gasna Ostur
Esnia Miölk
Balia Hvalur
Gessurtia Gezurtia Sträkur
Ez tacit Ez dakit Eg veit echi
Bae enustez Bai ene ustez Pad vaente eg
Satto Zatoz Kom pu
Suass Zoaz Far pu
Suas camporat Zoaz kanporat Fardu frä mier
Gekiseite Jeiki zaitez Far du ä faetur

Musika

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko musika»

Euskararen aldeko gizarte mugimendua

Euskara, hizkuntza gutxitua delarik, ez da egoera arrunta bizitzen ari bere lurraldean. 1980ko hamarkadatik hainbat aurrerapauso eman badira ere, (hizkuntza koofiziala da Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako iparraldean), zenbait esparrutan oso presentzia eskasa du. Horri aurre egiteko, frankismo bukaeratik talde ugari sortu dira euskararen alde lan egiteko, zeregin horretan jada ziharduten taldeei gehituz.

Erakundeak

Elkarteak

Hedabideak

Erreferentziak

  1. Eitb24.com webgunea: «EAEko herritarren %60 euskara ondo edo hala-hola hitz egiteko gai dira»
  2. Alfontso Irigoien (1977). Geure hizkuntzari euskaldunok deritzagun izenaz, Euskera, XII, 513-538
    Alfontso Irigoien (1990). Etimología del nombre vasco del vascuence y las vocales nasales vascas descritas por Garibay, Fontes Linguae Vasconum, 56.
  3. «euskara», Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa].
  4. (Gaztelaniaz) Luis Alfonso Gámez (El Correo egunkariko zientzia kazetaria): «Un marciano apoya la autenticidad de los hallazgos de Iruña-Veleia», Magonia bloga, 2009-05-26.
  5. Ricardo Gómez (Euskal Filologian doktorea, EHUko Unibertsitate Eskolako irakasle titularra, Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeko kidea): «Quosque tandem... (II): Ribero-Meneses», FiloBlogia bloga, 2006-10-11.
  6. Ikus argazkia, azalpena eta honen irakurketa, Alicia M. Canto doktoreak hemen egina: "La Tierra del Toro: Ensayo de identificación de ciudades vasconas", Archivo Español de Arqueología 70 zk., 1997, 31-70 orr., 35 orr., 9 nota y 6. irudia edición digital. Hilarrian hau aipatzen da:Narhunges, Abissunhari filius eta bere balizko lehengusua Umme, Sahar(i) f(ilius)
  7. Edurne Begiristain: «Veleiako idazkunak "faltsuak" direla diote ikertzaileek», Berria, 2008-11-20.
  8. (Gaztelaniaz) Joseba Elola: «Iruña-Veleia, culebrón arqueológico», El País, 2008-12-06.
  9. Alberto Barandiaran: «Grafologoek ere ondorioztatu dute Veleiako euskarazko idazkunak modernoak direla», Berria, 2010-01-30.
  10. Eitb24.com - EAEko herritarren %60 euskara ondo edo hala-hola hitz egiteko gai dira

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Euskara

Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura