Pseudoclitopilus rhodoleucus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pseudoclitopilus rhodoleucus
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
OrdenaTricholomatales
FamiliaTricholomataceae
GeneroaLeucopaxillus
Espeziea Leucopaxillus rhodoleucus
Kühner, 1926

Pseudoclitopilus rhodoleucus Tricholomataceae familiako onddo espezie bat da, toxikoa. Oso espezie urria da eta babestu beharrekoa.[1]

Sinonimoa: Leucopaxillus rhodoleucus

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapela: Tamaina ertainekoa, 3 eta 7 cm bitarteko diametrokoa, gaztetan ganbila, berehala laua, zikloaren amaieran deprimitu samarra, baina ez du inoiz hartzen inbutu forma. Kolore zuri satinatua du edo txarol itxurakoa eta maiz krema kolore gehiagoko eremuak izaten ditu, askotan gainazalean orbanak osatuz. Gaztetan pixka bat feltrodun itxura izan dezake, ondoren pruinaduna eta leuna, distiratsua, batez ere euriarekin. Ertza fina du eta nahiko erregularra, ez da ildaskatua.

Orriak: Neurri handiagoan edo txikiagoan dekurrenteak, ale batzuetan modu nabarmenean, nahikoa estu. Eremu himenial honen kolore aldaketa datu garrantzitsua da bere identifikazio makroskopikoan, gaztetan arrosa kolore nahiko bizikoak dira, baina esporak heltzen direnean, zuriak bihurtzen dira, nolabaiteko isla arrosa mantenduz, espora jalkina zuria delako gertatzen da hori, ez arrosa.

Hanka: Kapelaren tamainaren araberakoa da, eta kapela bezala kolore zurikoa, zilindrikoa, edo pixka bat mehetua oinarrirantz. Oinarrian kotoi itxurako eremu bat izaten du.

Haragia: Lodiera normalekoa, samurra, baina ez hauskorra, ez da kolorez aldatzen. Usain sendoa, pixka bat xaboiarena eta ez da batere atsegina, zaporea ere antzekoa du, desatsegina.[2]

Etimologia: Leucopaxillus terminoa grekozko "leucos" hitzetik dator eta zuria esan nahi du. Bere koloreagatik.

Toxikotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie toxikoa da, eta arazo gastrointestinal nahiko larriak eragiten ditu, oka eta beherakoak.

Nahasketa arriskua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontu handiz ibili perretxiko honekin, erraz nahas baitaiteke Clitopilus prunulus jangarri bikainarekin.

Sasoia eta lekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udaberrian eta udazkenean ale askoko taldeetan. Eremu irekietan, larreetan.

Banaketa eremua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europa.

Espeziearen egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aranzadi Elkartearen arabera, Pseudoclitopilus rhodoleucus desagertzeko arriskuan dauden onddoen eusko-kantauriar Zerrenda Gorrian dago.[3] Azken urteotan mikologia adituek onddo batzuen beherakada kuantitatibo eta kualitatibo handia egon dela ohartarazi dute. Adituen esanetan, egoera honek hainbat eragile ditu, tartean klima aldaketa, pestiziden erabilera eta bilketa masiboak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskal Herriko perretxiko eta onddoak, 2013, 2014, 2016, 2017, Fernando Pedro Pérez, Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza  •   Bizkaiko Perretxiko eta Onddoak, A.D.E.V.E., 2012  •   Euskalnatura  •   Euskal Herriko Onddoak. 5 tomos, Luis García Bona, Kriselv, 1987  •   Catálogo micológico del País Vasco, Aeranzadi, 1973  •   Mendizalearen Hiztegia [mikologia], Ostadar Mendi Taldea.
  2. (Gaztelaniaz) Asociacion Micológica Fungipedia..
  3. Zerrenda Gorria, Aranzadi Zientzia Elkartea

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]