Gasteiz
|
Gasteiz |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Vitoria-Gasteiz | ||
| Estatua Erkidegoa Lurraldea Eskualdea |
Espainia Euskal Autonomia Erkidegoa Araba Gasteizko kuadrilla |
||
| Alkatea | Javier Ignacio Maroto Aranzábal (PP) | ||
| Herritarra | gasteiztar | ||
| Koordenatuak | 42°50′49″N 2°40′22″W / 42.84694°N 2.67278°W | ||
| Eremua | 276,81 km2 | ||
| Garaiera | 525,291 m | ||
| Distantzia | 0 km Gasteiza | ||
| Posta kodea | 010xx |
||
| Biztanleria | 242.223 bizt. (2012) | ||
| Dentsitatea | 875,05 bizt./km² | ||
| Sorrera | 1181 | ||
| http://www.vitoria-gasteiz.org/ | |||
Gasteiz Arabako hiriburua da; eta, izatez,[1] Euskal Autonomia Erkidegokoa ere bada, 1980tik, egoitza nagusiak Gasteizen baitituzte bai Eusko Jaurlaritzak, bai Eusko Legebiltzarrak. Euskal Herriko bigarren hiririk populatuena da, bai eta Arabako udalerririk zabalena ere.
Gaztelaniaz Vitoria du izena, baina izen ofizialtzat Vitoria-Gasteiz erabiltzen da. Hiriak 242.223 biztanle dauzka 2012ko datuen arabera. Euskal Herriko bigarren udalerririk handiena da, 276,81 kilometro koadrorekin (handiena Baztan izanik).
Eduki-taula |
Etimologia [aldatu]
1025. urteko Donemiliagako goldea agirian, Gastehiz izena ageri da hamarrenak ordaintzen zituen Arabako herri bat izendatzeko. Bestalde, hiriaren sorrera foruak, 1181ekoak, honela dio: Placuit mihi libenti animo et sana mente populare vos in praefata villa, cui novum nomen imposui, scilicet Victoria, quae antea vocabatur Gasteiz.
Gasteiz hitzaren jatorria azaltzeko hamaika hipotesi eratu dira denboran zehar. Egun hipotesirik onartuena Alfonso Irigoienek plazaraturikoa da.[2] Horren arabera, Gasteiz Gaste pertsona izenaren deribazio patronimikoa litzateke (Gartzia, Gartzea, Gartze-ren aldaera da Gaste(a)[3] Gaste askotan -a artikulua itsatsita agertzen da agirietan, Gastea forman. Zehaztu gabeko garai batean, antroponimoa toponimo bihurtu zen, latineko genitibotik datorren eta jabegoa adierazten zuen -i(t)z atzizkiaren bidez.[3]
Gastea eta Gartzea (azkena, Gartzia/García abizenaren jatorria) izen beraren bi aldaera lirateke, bata mendebaldeko euskalkietakoa eta bestea ekialdekoetakoa, bertze/beste, bortz/bost edo ortzegun/ostegun izenetan gertatu den bezalaxe.
Euskal Herriko zenbait herritako euskaran —Arratian eta Debagoienean, kasu— Bitturi esaten zaio.
Geografia fisikoa [aldatu]
Erliebea [aldatu]
Gasteizko udalerri osoa Zadorra ibaiaren arroan dago, Arabako Lautadaren mendebaldean. Punturik altuena Pagogan mendia da (1.029 m), eta baxuena Zadorra ibaiaren irteera Tresponde baino lehen (490 m inguru).
Udalerriko lurraldea laua da hein handi batean, baina badaude Araba erdialde osoan arruntak diren lekuko muinotxoak, Gasteizkoa bera, Olarizukoa edo Estarroakoa kasu. Hegoaldean Gasteiz mendiek erliebe malkartsuagoa osatzen dute, eta Gasteizko lurren eta Trebiñuren arteko muga osatzen dute. Ipar-mendebaldean, Badaia eta Arratoko mendilerro karstikoak 800-900 metro inguruko gailurrez eraturik daude.
Klima [aldatu]
Gasteizek klima subatlantikoa dauka. Itsasoaren hurbiltasunak eragina du kliman, baina Gasteiz iparraldean dauden mendilerroek ahuldu egiten dute eragin hori. Prezipitazioak 700 eta 900 mm artekoak dira hirian, eta 1.200-1.300 mm arteraino iristen dira Gasteiz mendietan. Sasoi lehor laburra gertatzen da uztail inguruan.
Tenperaturari dagokionez, urteko batez bestekoa 9 eta 11 °C artean dago. Urritik maiatzera gauez izozteak gertatzeko arriskua dago; arrisku hori nabarmenagoa da urtarrilaren inguruan.
Haran baten erdian kokaturik dagoenez, ohikoa izaten da oskarbi dagoen egunetan lainoa agertzea eta Gasteizko aireportuan arazoak sortzea.
Hidrologia [aldatu]
Zadorra ibaia da Gasteizko hidrologia egituratzen duen elementu nagusia. Zadorra Uribarri Ganboako urtegia utzi eta Dura aldetik sartzen da udalerrira, eta berau ekialdetik mendebaldera zeharkatu ondoren, Trespondera jaisten da eta azkenerako Ebro ibaira isurtzen ditu bere urak.
Hiriaren eta inguruko lurren azpian Gasteizko akuifero kuaternarioa dago. 10-15 metroko lodiera duen geruza batez osaturik dago, eta ur askoko garaietan azaleratu egiten da udalerriko zenbait puntutan, esaterako Salburuko hezeguneetan.
Geologia [aldatu]
Gasteiz Goi Kretazeoko azaleramenduen eremuan dago. Material nagusiak itsasoan jalki ziren material karbonatodunak dira gehien bat: kareharriak, kareharri-tuparriak, eta tuparriak. Udalerriaren ipar-mendebaldean aipatu hiru materialen txandakatzea agertzen da; Gasteiz mendietan kareharriak dira nagusi, nahiz eta hareharri karetsuak, dolomiak eta kareharri tuparridunak ere agertzen diren; eta bien artean, Lautadaren erdialdea osatuz, kareharri-tuparriak dira nagusi. Azken eremu horren gainean material kuaternarioak metatu dira, batez ere ibaibideen haranetan.
Landaredia [aldatu]
Landarediaren ikuspuntutik, udalerria bi eskualde biogeografikoren artean dago kokaturik: eskualde eurosiberiarra eta eskualde mediterraneoa. Horri esker, bertako flora bereziki aberatsa da. Haize hezeak normalean ipar-mendebaldetik datozenez, Gasteizko mendilerroen iparraldeek, batez ere 800 metrotik gora, eragin eurosiberiar nabarmena erakusten dute eta pagadiaren erreinua dira. Hegoaldera begira dauden maldetan, berriz, Föhn efektuaren eraginez haizea lehor iristen da eta landarediak izaera mediterraneoagoa dauka (artadiak, erkameztiak, etab.).
Haranen hondoan, Arabako Lautadan, haritza izango litzateke espezie nagusia, lur horiek nekazaritzarako luberritu ez balira.
Lurraren erabilera [aldatu]
Erabilerak modu kontzentrikoan antolaturik daude hiriaren inguruan. Hiria inguratuz Eraztun Berdea dago, espazio berde naturalez osatutako gerriko estua. Hurrengo eraztunean Arabako Lautadan berezkoak diren nekazaritza erabilerak daude, eta han-hemenka eremu honen euskarri diren herrixkak ageri dira. Egun, hiriaren osagarri gisa jokatzen duten azpiegiturak eraiki dira bertan: aireportua, industrialdeak, errepide eta trenbideen sarea, etab. Azken gerrikoa Gasteiz mendien, Arrato eta Badaia mendilerroen eta Zadorrako urtegien sistemak osatzen dute.
Gasteizek berdegune ugari du bere lurretan: bizilaguneko 42 m² berdegune, Eraztun Berdea ere sartzen badugu, edo biztanleko 23,4 m² berdegune, hiri barrukoak baizik sartzen ez baditugu.
Geografia politikoa [aldatu]
Auzoak [aldatu]
Gasteiz hogeita zortzi auzoz osaturik dago. Hiriaren sorreratik XIX. mendearen bigarren erdira arte, egun Alde Zaharra dena besterik ez zegoen. Sasoi horretan hiriaren hedatzeari ekin zitzaion hegoalderantz, Zabalgunea osatuz. XX. mendearen hasieran hiritartze berriak egin ziren egun Babesgabetuak, Lovaina, Anglo-Vasco, Judimendi eta Koroatzea diren auzoetan, bai eta Mendizorrotza auzoko zenbait tokitan ere. XX. mendeko bigarren zatian, industrializazio prozesu azkarraren eta etorkinen etorreraren ondorioz, auzo modernoagoak eraiki ziren: Abetxuku, Adurtza, Arana, Aranbizkarra, Arantzabela, Ariznabarra, Done Jakue, Ehari-Gobeu, Gazalbide, Pilar, San Kristobal, San Martin, Santa Luzia, Sansomendi, Txagorritxu eta Zaramaga. Mendearen hondarrean, 1990eko hamarkadan, Arriaga-Lakua sortu zen.
2000. urteko Hiri Antolamenduko Plan Nagusiak hiriaren hazkunde nagusia ekialderantz eta mendebalderantz gertatuko zela zehaztu zuen, hain zuzen Salburua eta Zabalgana izeneko lur-eremu handietan. Bakoitzean 10.000 etxebizitza inguru eraikitzen ari dira. Salburuan eta Zabalganan eraiki diren auzo berriek ez daukate izaera administratiborik oraindik[4]. Hala ere, herritarren begien aurrean batzuk dagoeneko berezko izaera hartu dute, esaterako Mariturri auzoak. Gainerako auzoak hurrengoak dira: Zabalganeko hedapenean Elejalde, Borinbizkarra, Aldaia, Zabalgana eta Mariturri, eta Salburuko hedapenean Salburua bera, Santo Tomas, Ibaialde, Arkaiate, Izarra, Larrein eta Olaran.
Gasteizko gainerako eremua, nekazaritza-lur eta herrixka gehienak biltzen dituena, hiru esparru handietan banatuta dago, Ipar-mendebaldeko Nekazaritza Eremua, Hego-mendebaldeko Nekazaritza Eremua eta Ekialdeko Nekazaritza Eremua hain zuzen.
Herriak [aldatu]
Gasteizko hiriaz gain beste 63 herri txiki ere barnean hartzen ditu udalerriak. Historian zehar, Gasteizek inguruko hainbat herrixka anexionatu ditu eta gaur egun duen azalera handia lortu du. XIX. mendean Ehari eta Elorriagako herrixkak anexionatu zituen, eta XX. mendean Ariniz, Foronda, Otoak eta Mendozako herrixkak.
Gasteizko 63 herrien zerrenda hau da: Aberasturi, Amarita, Andetxa, Andollu, Arangiz, Aretxabaleta, Argandoña, Ariniz, Arkaia, Arkauti, Armentia, Artatza Foronda, Askartza, Aztegieta, Berroztegieta, Betoñu, Bolibar, Ehari, Elorriaga, Erretana, Eskibel, Estarroa, Foronda, Gamarragutxia, Gamarra Nagusia, Gamiz, Gardelegi, Gaztelu, Gereña, Gobeu, Gometxa, Ilarratza, Ihurre, Jungitu, Krispiña, Lasarte, Legarda, Lermanda, Lopida, Lubinao, Mandoiana, Margarita, Martioda, Matauku, Mendiguren, Mendiola, Mendoza, Miñaogutxia, Miñao, Monasterioguren, Oreitia, Otazu, Otobarren, Otogoien, Subilla Gasteiz, Uribarri Dibiña, Uribarri Arratzua, Uribarri Nagusia, Villafranca, Zerio, Zuhatzu eta Zumeltzu.
Horrez gain, Iruraitz-Gaunarena den barrendegi bat dauka udalerriak hego-ekialdean, Aberasturitik gertu.
Historia [aldatu]
Egun Gasteiz dagoen tokian karistiarrak bizi ziren, antzinako geografoen arabera. Kristo aurreko I. mendean zehar erromatarrak iritsi ziren Gasteizera eta bertan bizi izan ziren denbora luzez. Erromatarren sasoiko aztarnak daude Iruña-Veleian, Arkaian, Mariturrin, etab.
1181an Nafarroako Antso VI.ak "Nova Victoria" hiria fundatu zuen Gasteiz herrixka zaharraren gainean. 1200ean Gaztelako Alfontso VIII.ak hiria konkistatu zuen, Bizkaiko jaun Diego Lopez II.a Harokoaren laguntzarekin, zazpi hilabeteko setio luzearen ondoren.
XIII. mendetik XVII. mendera arte hirian egitura feudal tipikoa eratu eta sendotu zen. Hiriko goi klaseak (noblezia eta kleroa) indartu ziren landa-eremuetako jauntxoen kaltetan.
XIX. mendean Gasteizko garapen modernoa hasi zen. XX. mendearen bigarren erdialdean, hazkunde ikaragarria izan zuen industrializazioaren eta etorkin oldearen ondorioz.
1980ko maiatzaren 23an Gasteiz Euskal Autonomi Erkidegoko hiriburua bihurtu zen.
2010eko urriaren 21ean, Gasteizek Europako Hiriburu Berde saria irabazi zuen.
Kultura [aldatu]
Euskara [aldatu]
Koldo Zuazoren arabera, Gasteizen hitz egiten zen euskalkia Arabako erdialdeko azpieuskalkia deitutakoa zen, bizkaieraren eta gipuzkeraren eraginak zituena. Euskara hau XVIII. mendean galdu zen. Hala ere, Gasteizko iparraldean kokaturiko hainbat herritan XXI. mendera arte iraun du hiztun zaharretan.[5] Gasteizen eta inguruko herrietan hitz egiten zen euskararen adibideak eman zituen 1562. urtean Nicola Landuccio italiarrak bere Dictionarium linguae Cantabricae izeneko hiztegian.
XX. mendeko laurogeiko hamarkadatik aurrera Araban gertatu den euskararen berreskurapenaren ondorioz, 2006an Gasteizko biztanle guztien %25 inguruk, 55.075 biztanlek alegia, euskaraz hitz egiten zekiten.[6] Beste 41.353 lagun (populazioaren %18) euskara ulertzeko gai ziren. Kontuan izan behar da 1986an gasteiztar euskaldunak 11.551 zirela, hau da, populazio osoaren %6.
Ezagutzaren hazkundearekin batera, euskararen kaleko erabilera ere handitu egin zen 2006. urtea arte, nahiz eta zifra osoa txikia izan. 1989an kaleko erabilera %2koa zen, eta 2006an %4koa. Hala ere, 2011n egin zen neurketan erabilera %3,1era jaitsi zela ikusi zen[7].
Gaur egun gasteiztarrek eskura dituzte hainbat ikastola (Abetxuku, Aranbizkarra, Armentia, Olabide, Umandi...), bertso-eskola bat eta hainbat euskaltegi. Halaber, hirian Araba Euskaraz antolatu dute hainbatetan (1981, 1992, 1995 eta 2006an), eta badira urte osoko beste hainbat ekimen ere, hala nola "GEU" aldizkaria —2010ean argitaratzeari utzi behar izan ziona— edo Iban Zalduak gidatutako literatura lantegiak.
Gasteiztar euskaldun ezagunen artean daude Erramun Olabide, Odon Apraiz eta Henrike Knorr hizkuntzalariak; Fito Rodriguez, Xabier Montoia, Rikardo Arregi, Edu Zelaieta, Karmele Jaio eta Katixa Agirre idazleak; eta hainbat politikari, kirolari, irakasle, bertsolari eta abar.
Musika [aldatu]
Gasteiz musikaren munduko bi gertakizun garrantzitsuren kokaleku da: Gasteizko jazzaldia eta Azkena Rock Festival izeneko rock jaialdia.
Museoak [aldatu]
- Arabako Arte Ederretako Museoa
- Artium Museoa
- Arabako Armen Museoa
- BIBAT: Fournier Naipe Museoa eta Arabako Arkeologi Museoa
- Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa
- Andre Maria Zuriaren Kofradiaren Farolen Museoa
- Euskal Poliziaren Museoa
- Natur Zientzien Museoa
- Arabako Heraldika Museoa: (Mendoza kontzejuan).
Demografia eta biztanleria [aldatu]
Gasteizek 240.000 biztanle inguru dauzka gaur egun. Azken urteetan, urtetik urtera kopuru hori %0,5 eta %1 inguru hazi da. Historian zehar biztanleriak hazkunde itzela izan du. Dena den, hiria XII. mendean sortu bazen ere, nahiko txiki mantendu zen XX. mende erdialdera arte.
XIII. mende erdialdean Gasteizek 10.000 biztanle inguru zituen, eta harresiez kanpo auzo berriak sortzen hasi ziren. XIV. mendean behera etorri zen Gasteizko merkataritza, izurriteak Europa osoan egin zituen triskantza handiengatik, eta biztanle ugari galdu zuen hiriak aurrerantzean (4.000 biztanle zituen 1423. urtean; 5.500 biztanle 1560an; 5.441 biztanle 1768an). XVIII. mendean hiria Erdi Aroko esparrutik atera eta harresiez kanpoko eremuak hasi zen hartzen. Demografia hazkundea ere ikusgarria izan zen garai hartan (5.441 biztanle zituen 1768an eta 6.302 zortzi urte geroago). XIX. mendearen erdia arte motel hazi zen hiriko biztanleria Napoleonen osteen aurkako eta liberalen eta karlisten arteko gerrak zirela eta (10.703 biztanle 1828an; 7.117 biztanle 1839an). Bigarren Karlistadaren ondoren, demografia hazkunde nabaria izan zuen Gasteizek (18.718 biztanle 1856an; 30.514 1897an). Etorkin gehienak Arabako herrietatik etorri ziren eta Gasteizen egokitu ahala, hustuz joan ziren inguruetako herriak. XX. mendearen lehen erdialdean ez zen hiriko biztanleria asko emendatu (30.701 biztanle 1900. urtean; 52.206 biztanle 1950. urtean).
1940ko hamarkadatik aurrera hiria etengabe haziz joan da, batez ere Espainiako etorkinak erakarriz. Gasteizek lan eskaintza handia zuen, horretan Mercedes eta beste lantegi handi batzuk hirira etortzeak lagundu zuen. 1980ko hamarkadatik aurrera hazkundea motelduz joan da, baina beste euskal hiri batzuetan ez bezala, ez da eten. Hiriarentzat bultzada handia izan zen 1981ean eratu berria zen Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu Gasteiz aukeratu izana.
Azken urteetan, 2000. urtetik aurrera bereziki, Espainiaz kanpoko etorkinak etortzeak biztanleriaren hazkundea areagotu egin du. Iruñearekin batera, etorkin gehien dituen euskal hiriburua da gaur egun Gasteiz. Biztanleriaren %8 inguru da Espainiar estatutik kanpo jaioa.
| 1842 | 1860 | 1877 | 1887 | 1900 | 1920 | 1940 | 1960 | 1981 | 2001 | 2010 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 9.553 | 18.728 | 25.039 | 27.660 | 30.701 | 34.785 | 49.752 | 73.701 | 192.773 | 216.852 | 239.361 |

Ekonomia [aldatu]
Gasteiz nekazaritza eremu aberats bateko hiri nagusia izan da XX. mendearen hasieratik, XX. mendearen erdialdetik aurrera industria garatu den arte. Merkataritza hiri garrantzitsua izan zen Gasteiz XIII. mendean, Donejakue bidearen ertzean zegoela eta. Merkatari eta funtzionario hiria izan da mendeetan zehar. XVIII. mendean, bi altzari ola eta ehundegi bat zeuden Gasteizen. XIX. mendean, burdinbidea bertaraino iristearekin batera, sendotuz joan zen industria, eta mende bukaeran industria ugari ziren Gasteizen, altzairu lantegiak nagusiki.
1950eko hamarkadatik aurrera izugarri hazi zen Gasteizko industria alorra (9.481 langile ari zen industrian 1950. urtean; 37.242 1975ean, langileen %60). 1975ean, industria zen ekonomia jarduera nagusia (altzairugintza, kimika industria, eraikuntza, janari industria, zurgintza; langileen % 50,5) eta guztiz garrantzitsua zen zerbitzuen alorra (administrazioa, eskolak, unibertsitatea, erietxeak, dendak, garraioak; langileen % 48,7). Nekazaritzak ez zuen garrantzi handirik udal barrutiaren barnean.
Zerbitzuen alorra asko handitu zen Gasteizen, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio, politika, gobernu eta kultura erakunde nagusiak bertan finkatu zirenetik (1980. urtetik aurrera, Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Legebiltzarra, Euskal Herriko Unibertsitatea, Ertzaintza).
Arabako industria hiri garrantzitsuena da gaur egun ere Gasteiz, Laudiorekin batera. 1996an sortutako balio erantsiaren % 57 zerbitzuek ekarri zuten (Arabako batez bestekoaren gainetik ia hamar puntutan), % 6 eraikuntzak (batez bestekoaren parean), % 37 industriak (batez bestekoaren azpitik ia sei puntutan), eta gainerakoa lehen sektoreak. Industriak, nolanahi ere, gero eta garrantzi handiagoa du Gasteizko egitura ekonomikoan, eta enpleguaren ia erdia hartzen du. Ohiko industriari sektore berriei emana gehitu zaie azken urteotan, bereziki autogintzari, aeronautikari eta ekarpen teknologiko handiko sektoreei. Udalerrian bertan kokatutako industriaguneetan zein, hiriburuaren eraginez, inguruko udalerrietan sortu direnetan aipagarria da Miñaon sortu den parke teknologikoa, industria asko kokatu du azkenaldian, hiriaren eta eskualdearen egitura ekonomikoa indarberrituz.
Enplegua [aldatu]
XX. mendearen lehen hamarkadaren hasieran gertatutako hazkunde ekonomikoaren ondorioz, langabezia-tasa asko jaitsi zen, enplegu osoa deritzona erdietsiz. 2007an langabezia-tasa %2,3koa zen. 2007an hasitako atzerakada handiaren ondorioz, enpleguak azkar galtzen hasi ziren, 2012an %10,2eko langabeziara iritsi arte.
2012. urtearen azkenean 20.398 pertsona zeuden lanik gabe Gasteizen.[9] Araba osoan langabezia-tasa %9,6ekoa izan zen 2012an[10] (kontuan izan behar da Gasteizko populazioa Araba osoaren %85 dela).
Sektore ekonomikoak [aldatu]
XXI. mendearen lehen hamarkadan Gasteizko jarduera ekonomikoan garrantzi handiagoa hartu zuten banka eta finantzei lotutako jarduerek, eta oro har zerbitzuen sektoreari lotutakoek, bai eta eraikuntzari lotutakoek ere. Industriak, berriz, garrantzia galdu zuen aurreko jardueren aurrean. Merkataritzak eta nekazaritzak gero eta pisu gutxiago dauka Gasteizko jarduera ekonomikoan.
|
Establezimendu-kopurua sektoreka[11] |
||||
| Sektorea | 1994 | 2006 | ||
| Nekazaritza eta arrantza | 30 | 33 | ||
| Industria eta energia | 1.155 | 1.366 | ||
| Eraikuntza | 1.892 | 2.630 | ||
| Merkataritza, ostalaritza eta garraioa | 6.133 | 6.612 | ||
| Bankuak, aseguruak eta enpresentzako zerbitzuak | 2.280 | 4.330 | ||
| Beste zerbitzu batzuk | 708 | 2.041 | ||
Politika [aldatu]
Udalaren egungo osaera [aldatu]
Egungo Gasteizko Udalbatza 2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetan erabaki zen.
|
Gasteizko udalbatza |
||||
| Izena | Zinegotziak | Boto kopurua[12] | ||
| Alderdi Popularra (PP) |
|
|
||
| Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) |
|
|
||
| Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE-PSOE) |
|
|
||
| Bildu |
|
|
||
| Ezker Batua - Berdeak (EB-B) |
|
|
||
| Aralar |
|
|
||
Alkateak [aldatu]
| Alkatea | Agintaldi hasiera | Agintaldi amaiera | Alderdia |
| Jose Angel Cuerda | 1979 | 1987 | EAJ |
| Jose Angel Cuerda | 1987 | 1991 | EA |
| Jose Angel Cuerda | 1991 | 1999 | EAJ |
| Alfonso Alonso | 1999 | 2007 | PP |
| Patxi Lazcoz | 2007 | 2011 | PSE-EE |
| Javier Maroto | 2011 | Jardunean | PP |
Hauteskundeak [aldatu]
1979tik 1999ra Jose Angel Cuerdak kudeatu zuen alkatetza, batzuetan EAJ alderdiaren babesean, beste aldi batez EArenean.
1999tik 2007ra, Alderdi Popularrak izan zuen udal agintea, Alfonso Alonso alkatearen bidez. Agintaldi haren hasieran, PSOEren babesa izan bazuen ere, geroago, PPk gutxiengoan agindu zuen Gasteizen. Horrek proiektuak aurrera ateratzeko desadostasun eta arazoak sortu zituen, inork gehiengorik ez zuelako.
2003ko udal hauteskundeetan, berriz, boto kopuruari dagokionez, PPk 38.248 boto lortu zituen, EAJk eta EAk 36.852, PSOEk 29.996 eta EBk 10.060. Boto baliogabeak 6.277 izan ziren eta zuri bozkatu zutenak 1.723. Aipagarria da boto baliogabeek izan zuten gorakada, ezker abertzaleak Gasteizen udal hauteskunde haietara aurkezturiko zerrenda (Gasteiz Izan) Espainiako Auzitegi Nazionalak legez kanpo utzi eta gero.
2007ko udal hauteskundeak PSOEk irabazi zituen, gehiengo erlatiboz. Gasteizko EAE-ANVren hautagaitza legez kanpo utzi zuten, eta, ondorioz, boto baliogabeak ugari izan ziren. Hauteskunde haien ondorioz, Patxi Lazcoz (PSOE) izendatu zuten Gasteizko alkate.
2011ko hauteskundeen ondoren, PP alderdiak eskuratu zituen boto gehien. 2011ko ekainaren 11n Javier Maroto izendatu zuten Gasteizko alkate.
Monumentuak [aldatu]
Hirigune historikoan [aldatu]
- Santa Maria katedrala: gotiko estilokoa, katedral zaharra izena ere hartzen du. XIII. mendean hasi ziren eraikitzen.
- Erdi Aroko harresia
- San Migel eliza: gotikoa.
- San Pedro eliza: gotikoa.
- San Bizente eliza: gotikoa.
- Eskoriatza-Eskibel jauregia
- Sokaren Etxea: gotikoa. Dorretxe ederra, Erdi Aroko arkitektura zibilaren adibide bitxia.
- Otxanda Andrearen dorrea
- Goiuri jauregia
- Bendaña jauregia
- Montehermoso edo Oihaneder jauregia:
Zabalgunean [aldatu]
- Andre Maria Zuriaren plaza
- Plaza Berria eta Arkupea: Justo Antonio Olagibelen eraikinak, Alde Zaharraren eta Zabalgunearen arteko lotura egiteko pentsatuak.
- San Antonio komentua
- Gasteizko Katedral Berria: Neogotiko estilokoa, XX. mendeko lehen erdialdean egin zuten.
- Foru plaza: Luis Peña Gantxegi arkitektoak eta Eduardo Txillida eskultoreak egina.
Gasteizko beste alde batzuetan [aldatu]
- Mendozako gaztelua: Mendoza kontzejuan.
- Armentiako basilika eta Estibalizko Andre Mariaren santutegia: Arabako eraikin erromanikorik ikusgarrienak dira.
- Azucarera Alavesa lantegia
Garraiobide eta azpiegiturak [aldatu]
Garraiobideak [aldatu]
Hiriak XXI. mendearen hasieran jasandako hazkunde handiaren ondorioz, derrigorrezkoa gertatu zen hiriko garraiobideak guztiz moldatzea. Asmo horrekin Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana deritzona prestatu zen, hiriko garraioa osatzen zuten modu guztiak (autoa, hiri autobusak, tranbia, bizikleta, oinezko joan-etorriak...) integratzeko[13].
Gasteizko garraio publiko nagusia autobusa da. TUVISA enpresa publikoak kudeatzen du zerbitzu hau, eta hiri osoan zehar dabiltzan 7 linea ezberdin daude. Metroen antzeko sare bat osatuz, autobus aldaketen bidez hiriko edozein auzotara iristea ahalbidetzen du autobusen sareak. Horrez gain, ostiral eta larunbat gauetan Gautxori zerbitzu berezia dago.
2006. urtean tranbia bat eratzeko obrak hasi ziren, eta 2008ko abenduan abian jarri zen. Horrela, hiria iparretik hegoaldera zeharkatzen dituzten bi linea daude, EuskoTran enpresak kudeatuta.
Ospitaleak [aldatu]
Bestelakoak [aldatu]
- Principal antzokia
- Azkena musika aretoa.
- Eusko Jaurlaritza
- Legebiltzarra
- Arabako Foru Aldundia
- Ajuriaenea: lehendakariaren egoitza.
Kirolak [aldatu]
Hiriak, beste edozein euskal hirik baino kirol azpiegitura gehiago dauzka. Auzo bakoitzean kiroldegi bat dago, igerileku eta bestelako ekipamenduekin. Horrez gain, hiriak bi kirol talde nagusi dauzka:
- Saski Baskonia, saskibaloi taldea, Buesa Arena pabilioian jarduten duena.
- Deportivo Alaves, futbol taldea, Mendizorrotzeko futbol zelaian jokatzen duena.
Gasteiztar ospetsuak [aldatu]
Zerrenda [aldatu]
Hiriko pertsona ospetsuen artean ditugu, besteak beste, Almudena Cid, Juanito Oiarzabal, Iker Pou, Eneko Pou, Andoni Zubizarreta (Gasteizen jaiotako aretxabaletarra) eta Martin Fiz kirolariak, Karra Elejalde eta Unax Ugalde aktoreak, Juanma Bajo Ulloa zinema zuzendaria, Jose Angel Cuerda alkate ohia, Ignacio Aldekoa eta Xabier Izaga idazleak eta Jesus Guridi musikaria.
Seme-alaba kuttunak [aldatu]
Hauek dira Gasteizko seme-alaba kuttunak:
- 1925: Luis Orgaz, militarra eta buruzagi frankista (1881-1946)
- 1925: Benigno Fiscer
- 1941: Vicente Abreu, margolaria (1879-1974)
- 1942: Maria Josefa del Corazon de Jesus Sancho de Guerra, santua (1842-1912)
- 1946: Felix Ruiz de Escudero
- 1951: Jesus Guridi, musikagilea (1886-1961)
- 1966: Guillermo Montoya
- 1982: Micaela Portilla, historialaria (1922-2005)
- 1992: Alfredo Donnay, poeta eta musikagilea (1894-1986)
- 2003: Venancio del Val, kronista eta kazetaria (1911-2004)
- 2008: Jose Luis Isasi, Zeledon (1930-2007)
Jaiegunak [aldatu]
- Apirilaren 28a: San Prudentzio jaiak
- Uztailaren 25a: Blusa eta nesken eguna (Done Jakue eguna)
- Abuztuaren 4tik 9ra: Andre Maria Zuriaren jaiak
- Iraileko Ama Birjinaren egunaren ondoko lehen astelehena: Olarizuko erromeria
Hiri senidetuak [aldatu]
Anaheim (Ameriketako Estatu Batuak)
Angulema (Frantzia)
Cogo (Ekuatore Ginea)
Kutaisi (Georgia)
Victoria (Ameriketako Estatu Batuak)
Vitória (Brasil)
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Ezein legetan ez da zehaztu, oraingoz, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua zein den.
- ↑ Irigoien Etxebarria, Alfonso (1982). Sobre el topónimo Gasteiz y su entorno antroponímico en Vitoria en la Edad Media. Ikerketa Historikoen I. Biltzarraren aktak. Gasteizko Udala, 621-652
- ↑ a b Euskaltzaindia: «Gasteiz», Euskal Onomastikaren Datutegia.
- ↑ Auzoak Gasteizko Udalaren webgunean
- ↑ Uribarri Ganboako Modesta Galdos Urkiola, 1926an jaioa, euskaraz hitz egiten ahotsak.com proiekturako 2011/07/16an kontsultatua
- ↑ Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, Gasteiz 2010-1012 2011/07/16an kontsultatua
- ↑ Euskal Herriko Hizkuntza Erabileraren VI. Kale Neurketa 2011 2012/08/04an kontsultatua
- ↑ (Gaztelaniaz) "Series históricas de la población total: 1750-2010" vitoria-gasteiz.org web gunean
- ↑ Gasteizko lan-merkatuaren koiuntura vitoria-gasteiz.org webgunean 2013/03/09an kontsultatua
- ↑ Langabezia-tasa eustat.es webgunean 2013/03/09an kontsultatua
- ↑ Jarduera-sektoreak vitoria-gasteiz.org webgunean 2011/07/17an kontsultatua
- ↑ 2011ko udal hauteskundeen emaitzak euskadi.net webgunean 2011/06/29an kontsultatua
- ↑ Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana
Ikus, gainera [aldatu]
- Gasteizko kuadrilla
- Gasteizko Eraztun Berdea
- Gasteizko jazzaldia
- Gasteizko Blusa eta Nesken Batzordea
- Vitória (Brasil)
- Gasteiz eta Araba Erdialdeko eremu funtzionala
Kanpo loturak [aldatu]
- (Euskaraz) Hiriko informazioa Udalaren webgunean
- (Ingelesez) Wikimedia Commonsen dauden Gasteizko argazkiak Google Mapsen
- (Gaztelaniaz) Alavesen webgunea
- (Euskaraz) Baskoniaren webgunea
- (Euskaraz)(Gaztelaniaz) Santa Maria katedralaren zaharberritzearen webgunea
- (Euskaraz)(Gaztelaniaz) Gasteizko jazz jaialdia
- (Gaztelaniaz) Gasteiz Wikimapian
| Gasteizko auzoak | ||
|---|---|---|
|
Abetxuku • Aretxabaleta-Gardelegi • Adurtza • Aldaia • Alde Zaharra • Anglo-Vasco • Arana • Aranbizkarra • Arantzabela • Ariznabarra • Arkaiate • Arriaga-Lakua • Babesgabetuak • Borinbizkarra • Done Jakue • Ehari-Gobeu • Ekialdeko Nekazaritza Eremua • Elejalde • Gazalbide • Hego-mendebaldeko Nekazaritza Eremua • Ipar-mendebaldeko Nekazaritza Eremua • Ibaialde • Izarra • Judimendi • Koroatzea • Larrein • Lovaina • Mariturri • Mendizorrotza • Olaran • Pilar • Salburua • San Kristobal • San Martin • Sansomendi • Santa Luzia • San Tomas • Txagorritxu • Zabalgana • Zabalgunea • Zaramaga |
||
| Gasteizko herriak: Gasteiz | ||
|---|---|---|
|
Aberasturi • Amarita • Andetxa • Andollu • Arangiz • Aretxabaleta • Argandoña • Ariñiz • Arkaia • Arkauti • Armentia • Artatza Foronda • Askartza • Aztegieta • Berroztegieta • Betoñu • Bolibar • Ehari • Elorriaga • Erretana • Eskibel • Estarroa • Foronda • Gamarra Nagusia • Gamarragutxia • Gamiz • Gardelegi • Gaztelu • Gereña • Gobeu • Gometxa • Ihurre • Ilarratza • Jungitu • Krispiña • Lasarte • Legarda • Lermanda • Lopida • Lubinao • Mandoia • Margarita • Martioda • Matauku • Mendiguren • Mendiola • Mendoza • Miñao • Miñaogutxia • Monasterioguren • Oreitia • Otazu • Otobarren • Otogoien • Subilla Gasteiz • Uribarri Arratzua • Uribarri Dibiña • Uribarri Nagusia • Villafranca • Zerio • Zuhatzu • Zumeltzu |
||
|
|||||||||||