Erriberri
|
Erriberri |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Olite <> Erriberri[1] | ||
| Estatua Erkidegoa Merindadea Eskualdea |
Espainia Nafarroako Foru Erkidegoa Erriberriko merindadea Tafallaldea |
||
| Alkatea | Francisco Javier Legaz Egea (UPN) | ||
| Herritarra | erriberritar | ||
| Koordenatuak | 42°29′15″N 1°39′45″W / 42.4875°N 1.6625°WKoordenatuak: 42°29′15″N 1°39′45″W / 42.4875°N 1.6625°W | ||
| Eremua | 83,20 km2 | ||
| Garaiera | 388 m | ||
| Distantzia | 42 km Iruñera | ||
| Posta kodea | 31390 |
||
| Biztanleria | 3.832 bizt. (2012) | ||
| Dentsitatea | 46,06 bizt./km² | ||
| Sorrera | I. mendeko erromatar aztarnak 621 (?) fundazioa |
||
| http://www.olite.es | |||
Erriberri[2] Nafarroako erdialdean dagoen udalerria da, izen bereko merindadearen hiriburua dena eskualdeko herririk populatuena Tafalla den arren. 2012ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, herriak 3.832 biztanle zituen.
Eduki-taula |
Inguru naturala eta kokapena [aldatu]
Herria, Nafarroa erdialde-hegoaldean kokatzen da. Herrira heltzeko N-121 errepidea hartu behar da Iruña-Tafallako norabidean. Orokorren erliebea nahiko laua da, noizbehinka ageri diren muino leunak ageri dira. Zidakos ibaia udalerritik igarotzen da, Murillo el Cuende udalerrira ailegatu aurretik.
Erriberriko mugakideak honakoak dira: Iparraldean Tafalla, hegoaldean Martzilla eta Caparroso, ekialdean San Martin Unx, Beire, Pitillas eta Murillo el Cuende eta mendebaldean Faltzes mugakide ditu.
Klima eta landaredia [aldatu]
Nafarroa erdialdean kokaturik dagoenez, Mediterraneoaren eta Ebro ibarrekoaren tarteko klima dauka Erriberrik. Urteko batez besteko prezipitazioak 500-600mm artekoak dira eta urteroko egun euritsuak 70 edo 80 izaten dira, eguneko 5,4mm euri izaten da. Euria, urte osoan zehar egiten du, nahiz eta udaberria beste urtaroak baino euritsuagoa den. Batez besteko tenperatura nahiko epela da 13 °C-14 °C koa eta mendialdeko edo Erriberako tenperaturek baino gorabehera gutxiago izaten ditu urtean zehar.
Jatorrizko landareditik artadi bakan batzuk baino ez dira kontserbatzen gaur egun.
Estazio meteorologikoa [aldatu]
Herrigunearen kanpoaldean, itsasoaren mailatik 375 metrora, Nafarroako gobernuak jarritako estazio meteorologikoa dago.[3]
Historia [aldatu]
Erromatarren garaitik aurkitutako aztarnen arabera, kristo ondorengo bigarren mendean, Erriberriren herrigune aitzindaria, erromatarren defentsarako gotorleku sarearen guneetako bat zen. Erriberriri (Oligicus) buruzko lehen aipamena 621, urtekoa da, Suintila izeneko errege bisigodoak herria baskoiengandik babesteko. Behe Erdi Aroan, herriak garapen handia izan zuen, Nafarroako erregeengandik jasotako babesa eta bultzadagatik. XV. mendean Carlos III.a Noblea eta Trastamarako Leonorrek, Erriberriko Nafarroako Erregeen Jauregiaren eraikuntza hasi zuten, garai hartako oparotasunaren adierazgarri.
1407an Carlos III.a erregeak Erriberriko merindadea sortu zuen, Erriberri hiriburu izanik. Merindadeak, Nafarroako lehen banaketa administratiboaren arabera bost ziren, Iruñeko merindadea, Lizarrako merindadea, Tuterako merindadea, Zangozako merindadea eta Erriberrikoa. Herriaren garapena eten egin zen, Gaztelaren inbasioaren ondorioz eta herriaren gainbeherak XIX. mendea arte iraun zuen.
XIX. mendearen amaieran, gatazka handia sortu zen, nekazal munduan, herri-lurren eta nekazal kooperatiben mugimenduaren artean. Nafarroako lehen nekazal kooperatiba eta Espainiar estatuko hirugarrena Erriberrin sortu zen mende hartan bertan. XX. mendeak aurrera egin ahala, oihalgintzako eta automobilgintzarako piezak ekoizten zituzten enpresak sortu ziren. Herriak horrela biztanleria irabazi, eta inguruko herrietako biztanleen lantoki bihurtu zen.
Ekonomia [aldatu]
Nekazaritza [aldatu]
Tradizionalki nekazaritza eta ardogintzari lotutako enpresak izan dira nagusi, gaur egun ardoari lotutako hainbat enpresa daude, eta azken urteetan ardoaren gaineko museo bat ireki da herrian. Horrez gain, oihalgintzari lotutako industria eta bestelako industria txikia daude.
Nekazaritza kooperatiben sortzeari dagokionez, Erriberrik Nafarroako beste edozein herrik baino kooperatiba gehien sortu zituen XX. mendean. Lehena, 1911ko abuztuaren 20an sortutako Erriberritar Upategi Kooperatiba izan zen. Bi urte geroago, 1913ko ekainaren 4an, Uztagin Batuen kooperatiba sortu zen, Uxueko Andre Mariaren kooperatiba 1947ko azaroaren 15ean, Alkoholen Kooperatiba 1942ko uztailaren 29an (gaur egun desagertua), eta 1964ko uztailaren 24an Nekazaritza kooperatiba.
Upategiak [aldatu]
1982ko abuztuaren 14ean, Nafarroako gobernuak ardogintza eta enologia estazioa inauguratu zuen, EVENSA delakoa. Ondorengo urteetan izena aldatu eta EVENA deitzen da 1980ko hamarkada bukaeratik. Jabego erroldan, Erriberrik dituen lur amankomunen %70 zenbatuta dauka. Erriberriko merindadean mahastiak landatzeko lur gehien erabiltzen dituen herria da, laborantza lurren %22,5.
Erriberriko upategiak honakoak dira:
- Bodegas Ochoa S.A.
- Bodegas Pagos de Araiz S.A.
- Bodegas Piedemonte Sociedad Cooperativa
- Bodegas Vega del Castillo
Industria [aldatu]
Erriberriko sektore industrialak mota desberdineko enpresek osatzen dute, elikadura, metalaren transformazioa, energia berriztagarrien makineria eraikuntza eta nekazal makinentzako eraikuntza enpresak besteak beste. Herria, gune estrategikoan dago, Nafarroa erdian, eta AP-15 eta N-121 errepideen ondoan. Horrez gain, Tafallarekin batera, Erriberri Erribera eta Iruñerritik kanpo biztanle gehien biltzen dituen Nafarroako gunea da, eta horrek eraginda bi industrialde nagusi daude herriaren inguruan.
- Beireko industrialdea
- La Nava industrialdea
Beireko industrialdea, Erriberri hegoaldean dago, Beireko udalerrian, baina eskualdeko pertsona askok egiten dute lan bertan.
Zerbitzuak [aldatu]
Zerbitzuen sektorea ahula da nekazaritza eta industriarekin alderatuta. Batetik, herriko alde zaharreko betiko dendak daude, eta gune berrietan eraikitako auzoetako denda, banketxe eta bestelako negozioak. Horrez gain, XX. mendearen azken laurdenean, turismoaren garapenak, milaka bisitari erakarri ditu Erriberrira, herriko monumentu eta ondorea ikustera, eta turismoarekin zerikusia duten enpresa eta hotelak sortu dira.
Demografia [aldatu]
| 1897 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2006 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 2.836 | 2.611 | 2.577 | 2.844 | 2.882 | 2.940 | 3.023 | 3.018 | 2.953 | 2.904 | 3.042 | 3.213 | 3.470 |
2008ko erroldaren arabera, 251 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %7,15 (Nafarroako batezbestekoaren azpitik).
Ondarea [aldatu]
San Pedro eliza [aldatu]
Eliza erromanikoa, handitze gotiko eta barrokoekin. Aipatzekoak dira kalostrapea (klaustroa) eta gei itxurako dorre gotikoa
Santa Maria Erreginaren eliza [aldatu]
Eliza gotikoa (XV. m), portale ikusgarriarekin. Eraikuntza XIII. mende osoan zehar luzatu zen, eta ez zuten XIV. mendearen hasierara arte amaitu. Atzerapen horren ondorioz, berezko estilo gotikoari apaingarri zistertarrak eranstea eragin zuen (batez ere aurrealdean eta nabean). Berezko gotikoa fatxada eta koruan ikus daiteke ondoen.
Elizak nabe bakarra dauka, nabea baino estuagoa den pentagono itxurako aurrealdeaz koroatua.
Jauregi Zaharra edo Tibaltarrena [aldatu]
Antso VII.a Nafarroakoa Indartsuaren babes gaztelua (XII-XIII mendeak) erromatar eraikuntza bat erabiliz eraikia, gerora Tibaltek hobetua. Egun, Paradore Nazionala kateko hotela da.
Nafarroako Erregeen Jauregia [aldatu]
Erriberriko Nafarroako Erregeen Jauregia edo Erriberriko gaztelua XIII. eta XIV. mendeetan Erriberrin egindako gorteko eraikin militarra izan zen. Nafarroako Erresumako Gortearen egoitza izan zen Karlos Noblearen erreinalditik aurrera.
Bestelako eraikin erlijiosoak [aldatu]
- San Frantziskoko komentua
- Klarisen monastegia
- Santa Brigida baseliza
Politika [aldatu]
Udal hauteskundeak [aldatu]
1999tik 2011ra Erriberriko alkatea PSN alderdiko Carmen Otxoa Canela izan zen. 2007an bozkatuena UPN (5 hautetsi) izan zen baina Otxoak bere alderdiko (4) eta NaBaiko (2) zinegotzien botoak lortu zituen. Baliogabeko botoak 25 izan ziren (emandako guztien %1,15) eta 84 boto zuri izan ziren (botoen %3,91). Abstentzioa %25,63koa izan zen.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| UPN | 970 | 5 |
| PSN | 759 | 4 |
| Nafarroa Bai | 335 | 2 |
2011ko udal hauteskundeetan aldaketa suertatu zen alkatetzan UPNko Francisco Javier Legaz Egeak eskuratu baitzuen. Alderdi zentralisten artean PSNk eta PPk ere ordezkaritza lortu zuten. 2007-2011 agintaldian NaBaiko zinegotziak izandako biak Bilduko eta NaBai 2011ko zerrendaburuak izan ziren; lehenak baino ez zuen lortu udalbatzako kide bihurtzea.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| UPN | 812 | 5 |
| PSN | 579 | 4 |
| PP | 261 | 1 |
| Bildu | 179 | 1 |
| NaBai 2011 | 135 | 0 |
Udaletxea [aldatu]
Erriberriko udaletxea Carlos III.a Noblearen plazan dago, eta 1949an eraiki zen udaletxe zaharra zegoen orube berean. Eraikina Victor Eusa arkitektoak diseinatu zuen. Udaletxea adreiluz egina dago, eta kanpoalderako hiru fatxada dauzka, laukizuzen itxurako oinarria eta hiru solairu. Beheko solairua arkupedun galeria batez osaturiko portiko batek osatzen du, eta azken solairuan arkutxodun galeria bat dago. Eraikinaren goialdean erlojua dago, etorri klasikoko egitura baten gainean.
- HELBIDEA: Carlos III.a Noblearen Plaza, 20
Alkateak [aldatu]
| 1979-1983 | Javier Garde Chueca | AIO |
| 1983-1987 | Francisco Javier Luna Echarri | AIO |
| 1987-1991 | ||
| 1991-1995 | ||
| 1995-1999 | Jesús Garde Valencia | |
| 1999-2003 | María del Carmen Otxoa Canela | PSN |
| 2003-2007 | María del Carmen Otxoa Canela | PSN |
| 2007-2011 | María del Carmen Otxoa Canela | PSN |
| 2011-2015 | Francisco Javier Legaz Egea | UPN |
Kultura [aldatu]
Jaiak eta ospakizunak [aldatu]
Erriberriko jaiak irailaren 13tik irailaren 19ra ospatzen dira, Gurutze Santuaren omenez, nahiz eta herriko patroiak ekainaren 29an eta abenduaren 8an ospatzen diren. Urtero, Abuztuko asteburu baten Erdi Aroko merkatua antolatzen da. Merkatuan iraun bitartean herria, garai hartako ikurrekin atondu eta biztanleetako asko garai hartako arropekin janzten da. Horrez gain, antzinako ofizioen erakustaldiak egiten dira.
Bestelako jaien artean, Maiatzaren 22tik hurbilen dagoen larunbatean, Santa Brigida baselizarako erromeria izaten da. Herriko koadrilek bertan bazkaltzen dute. Eta horrez gain, Kolerako Ama Birjina, abuztuaren 26an.
Erriberriko Antzerki Klasiko festibala [aldatu]
Uda garaian ospatzen da uztaila erdialdetik abuztu hasierara. Antzezpenak hiru tokitan egiten dira, batetik haize zabalean, errege jauregiaren ondoan, "La Cava" izeneko gunean. Antzokiak 650 pertsonarentzako tokia dauka. Horrez gain, San Pedro elizaren klaustroan emanaldi txikiak antolatzen dira, 120 pertsona gehienez sar daitezkeelarik. Eta azkenik Errege jauregiaren barruan.
Euskara [aldatu]
Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Erriberri eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %2,61k zekien euskaraz hitz egiten.
2008an Nafarroako Ezker Batuak eta Nafarroa Baik Euskararen Foru Legea aldatu eta gune mistoan udalerri gehiago sartzeko (horien artean Erriberri) proposamena aurkeztu zuten Nafarroako legebiltzarrean. UPN ez beste talde guztien baiezko botoarekin proposamena aurrera aterako zela zirudienean, PSN alderdiaren ustekabeko jarrera aldaketak atzera bota zuen gune mistoaren hedapena[4].
2009ko urtarriletik Erriberriko udalerriaren izen ofiziala Olite <> Erriberri da[1].
Azpiegitura eta garraioak [aldatu]
Condaren Iruñea eta Zaragoza bitarteko lineak geltokia dauka herrian. Eguneko bost zerbitzu izaten dira norabide bakoitzeko. Lineak honako ibilbidea dauka:
- Iruñea - Noain - Tebas-Muru Artederreta - Barasoain - Puiu - Tafalla - Erriberri - Caparroso - Valtierra - Arguedas - Tutera - Ribaforada - Buñuel - Cortes - Mallén eta Zaragoza.
Condaren Iruñea eta Lodosa bitarteko lineak geltokia dauka herrian. Eguneko zerbitzu bakarra izaten da norabide bakoitzean.
Errepideak [aldatu]
- AP-15: Nafarroako bidesaridun autobidea.
- N-121: Erriberriko herrigunetik mendebaldera igarotzen da AP-15 errepidearen ondotik.
- NA-6620: Azkoiengo herri errepidea.
- NA-5300: San Martin Unxerako herri errepidea.
- NA-5301: Beirerako herri errepidea.
- NA-8602: Rua Erromatarra.
Elkarteak [aldatu]
- Erri-Berri futbol taldea, 1928an sortua.
Zerbitzuak [aldatu]
Erriberri, Mairaga-Erdialdea mankomunitateko kidea da.
Erriberritar ezagunak [aldatu]
- Juan Jose Lizarbe (1962-), politikari sozialista.
- Jesús García Leoz (1901-1953, konpositorea-.
- Caligula
- Mariano Ñardo Lakasta (1906-1987, txirrindulari profesionala 1926 eta 1943 urteen artean.
Erreferentziak [aldatu]
Ikus, gainera [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Gaztelaniaz) Erriberriko udalaren webgunea.
- (Gaztelaniaz) Erriberriri buruzko informazioa Nafarroako gobernuaren webgunean.
- (Gaztelaniaz) Erriberriko Antzerki Klasiko festibalaren webgunea.
- Villavieja kalearen ikuspegia Google Street View-n.