Gernika-Lumo

Wikipedia(e)tik
Gernika» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Bizkaiko udalerriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gernika (aldizkaria)».

Gernika-Lumo

 Bizkaia
Gernikako arbola zaharraren enborra.
Gernikako arbola zaharraren enborra.
Gernikako bandera

Gernikako armarria

Izen ofiziala Gernika-Lumo
Estatua
Erkidegoa
Herrialdea
Eskualdea
Espainia
Euskal Autonomia Erkidegoa
Bizkaia
Busturialdea
Alkatea Jose Maria Gorroño Etxebarrieta (Bildu)
Herritarra gernikar, lumotar
Koordenatuak 43°19′1″N 2°40′36″W / 43.31694°N 2.67667°W / 43.31694; -2.67667Koordenatuak: 43°19′1″N 2°40′36″W / 43.31694°N 2.67667°W / 43.31694; -2.67667

Bizkaia municipalities Gernika.PNG

Eremua 8,6 km2
Garaiera 10 m
Distantzia 33 km Bilbora
Posta kodea 48300
Biztanleria 16.620 bizt. (2013)
Dentsitatea 1.932,56 bizt./km²
Sorrera 1366 apirilaren 28 hiribildua
http://www.gernika-lumo.net

Gernika-Lumo Bizkaiko erdialdeko udalerri bat da, Busturialdean kokatua. Gernika izan da hainbat mendez Bizkaiko herrien batzarleku, eta gaur egun ere hantxe daude Bizkaiko Batzar Nagusiak. Izan ere, herri hartan dago Gernikako arbola, Gernikako haritza. Batzarretxea eta Gernikako haritza Euskal Herriaren kondairaren ikur biziak dira. Gaur egun, ekitaldi berezietarako erabiltzen den sinboloz betetako tokia da. Konparazio batera, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak eta Bizkaiko ahaldun nagusiak Gernikako haritzaren aurrean egiten diote zin karguari.

Espainiako Gerra Zibilaz geroztik, Gernika mundu osoan da ospetsua, Espainiako Bigarren Errepublikaren aurka matxinatutako faxisten zerbitzura ziharduen Kondor Legioak han egin baitzuen Gernikako bonbardaketa, 1937ko apirilaren 26an. Espainiar faxistek sarraskiaren ardura besteri leporatzen ahalegindu ziren: errepublikanoen erasoa izan zela zioten. Pablo Picasso margolariak, bere Gernika izeneko margolanarekin, sarraskiaren lazgarria mundu osoan zabaldu zuen, eta egia historikoa ezagutarazten lagundu.

Mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldean Forua, Kortezubi eta Arratzu; ekialdean Ajangiz; hegoaldean Muxika; eta mendebaldean Errigoiti ditu mugakide Gernikak.

Gernika, bakearen sinboloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gernikako Haritza

Espainiako Gerra Zibilean, Kondor legioko hegazkinek erabat suntsitu zuten Gernika, 1937ko apirilaren 26an. Hegazkin horiek Hitlerrek bidali zituen, Francoren armadari laguntzeko. Lau orduan, Alemaniako hegazkinek erraustu egin zuten herri osoa. Esperimentuzko ekintza horren bitartez, hasiera eman zitzaien ondorengo gerretan hain ugariak izango ziren zibilen sarraskiei.

1966an Gernikaren Sorreraren VI. Mendeurrena ospatu zen. Ospakizun horren oroigarria dugu Foru Plazan dagoen D. Telloren monumentua (Agustin Herranz arkitekto gernikarraren lana).

1987an, bonbardaketaren 50. urteurrena bete zen, Hiri Martirien Munduko Elkartearen biltzarraurrearekin bat. Biltzarra, geroago, Madrilen egin zen, eta bertara mundu osoko ordezkariak bildu ziren. Harrezkero, Gernika-Lumo elkarte horren barruan dago. Hurrengo urtean, 1988an, Eduardo Txillida eskultore donostiarraren "Gure Aitaren Etxea" monumentua inauguratu zen; eta 1990ean, horren ondoan, Henry Moore eskultore ingelesaren "Large Figure in a Shelter" lana jarri zen. Bi monumentu horiek Gernika-Lumo Bakearen Hiria dela adierazten dute.

"Gernika, bakearen sinboloa" izeneko ikurra oinarri egindako jardueren ondorioz, zenbait hirirekiko senidetzeak egin dira, eta lankidetzarako konpromisoak hartu dira kultura, hezkuntza eta industria arloetan: Berga (Katalunia 1986), Pforzheim (Alemania 1988) eta Boise (Estatu Batuak 1993).

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiaurretik Gernikako ibarrak era guztietako aukerak eskaini dizkio gizakiari.

Gizakiak haranean utzitako santutegi nagusia Santimamiñe leizea da (Kortezubi); bertan, Historiaurrean, Madeleinetik bizi izan da jendea (15.000 K. a.). Santimamiñe santutegi nagusia da, bertan aurkituriko labar-pinturei esker; pintura horien kalitatea eta aberastasuna Altamiran (erlaitz kantauriarrean) aurkiturikoen antzekoa da.

Horrela, badakigu Gernikako ibarrean baso handiak izan zirela, eta horietan oreinak, basurdeak eta beste animalia batzuk bizi zirela, Santimamiñeko bizitza ekonomikoaren oinarria osatzen zuten animaliak.

Glaziazioen garaiaren ostean (K. a. 9.000), Paleolitoan sorturiko bizitza berria eratzen hasi zen: Maskor biltzaileen kultura. Horien elikadura, berriz, itsasadarrak eskainitako itsaskietan oinarritzen zen. Klima hobea zen, mendietako izotzak urtu egin ziren eta ondorioz, klima hotzetako animaliek beste lurralde batzuetara emigratu zuten. Janariaren beharra, beraz, itsasadarreko itsaskiekin bete zuten.

Neolitoan, K. a. 5.000. urtean, Santimamiñeko biztanleek ez zuten kobazuloa utzi, klima leunagoa bazen ere. Segurutik, garai horretarako, euskara eratzen hasi zen, orduko gizakien loturako eta komunikazioko tresnatzat.

Burdinaren kultura indoeuroparrak izandako eragina, beste alde batetik, lehenengo milurtekoaren hasierako mendeetan nabaritu zen, k.a. II. mendearen inguruan. Leku estrategikoetan ezarri eta tontor jakinak aukeratzen zituzten; horietatik, komunikazio bide nagusiak kontrolatzen zituzten, baita ibai nagusien bideak ere. Kultura horretako aztarnak ondoko herrixketan aurkituko ditugu: Marueleza (Nabarniz), Kosnoaga (Gernika) nahiz Iluntzar (Nabarniz) eta Gaztiburuko Santutegia (Arratzu).

Erromatarren garaiari dagokionez, Gernikako itsasadarra da, Bizkaiko lurraldearen barruan, aztarnarik gehien dituena: Morgako hilarria (IV. mendea), Foruko Haitzaren gauzak, Portuondoko kokagunea eta kostaldeko beste batzuk. Horiek berezko aldapetan daude, itsasadarraren ezkerreko hegalean, kabotajeko itsas-trafikoari lotuta, baita eremu horretako natur baliabideen ustiapenari lotuta ere (burdina eta marmol meatzeak).

Sorrera eta bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inguru horretan, Don Tello kondeak Gernikako hiribildua sortu zuen 1366ko apirilaren 28an. Jatorrian, hiribildua, batetik, Bermeotik Durangorako bideek, eta bestetik, Bilbotik Elantxoberako nahiz Lekeitiorako bideek osaturiko bidegurutzean kokatuta zegoen. Horrenbestez, leku estrategikoan kokaturik zegoen; kokaleku horretatik, gainera, bide horiek ez ezik, berezko bide bat ere igarotzen zen, itsasadarra alegia; bertara, itsasontziak Susoko Portua deritzonaren etxeraino iristen ziren. Sorrera horretan, hortaz, merkataritzari loturiko arrazoi batzuk ere egon ziren.

Gerora, Gernikak euskal hiribilduaren ohiko hirigintza-tipologia hartu zuen; zenbait kale paralelok osatzen zuten: Goienkalek, Azokekalek, Artekalek eta Barrenkalek.

Baita zeharkako kale batek ere, Santa Mariak; halaber, hiriko barrutiaren muturretan kokaturiko elizak ere baziren.

Gernikako bizitzan (udal-arautegi zorrotza, nagusiak ziren burges txikien pribilegioak zaintzeko) ez zen aldaketa handirik izan, XVI. eta XVII. mendeetan.

XVIII. mendean plaza bat zegoen hirigunean, eta bertan Udaletxea; espetxe publikoa zuen, Jaurerri osoko gaizkileak zigortzeko, baita Ospitale bat eta Erruki-etxea ere, bertako pobreak hartzeko. Gernikarraren eguneroko jarduerak nekazaritza (laborea, barazkiak eta fruta-arbolak), artisautza (errementariak, jostunak, zapatariak, lihoaren fabrikazioa...) eta merkataritza ziren (merkantzien garraioa eta salmenta).

Mende horiek izandako beste ezaugarri bat, bestalde, ondoko herriarekin izandako gatazka izan zen, Lumoko elizatearekin izandakoa alegia; gatazka hori jurisdikzio mailako arazoek eragin zuten, eta horiek ez ziren 1882ra arte konpondu, herri biak bildu eta Gernika-Lumo sortu zuten arte.

Industria XX. mendean iritsi zen. Biztanleriak etengabeko gorakada izan zuen: 4.500 biztanletik 6.000ra iritsi zen, 1936an.

Gernikako muino txiki batean Batzarretxea eta Arbola daude. Euskaldunen arteko ohitura zaharra arbola baten azpian biltzea zen, batez ere haritz baten azpian, komunitate osoko interesak erabakitzeko (ohitura hori nahiko arrunta zen Erdi Aroko Europan). Bizkaiari dagokionez, lurralde administratibo bakoitzak (Merindadea) bere arbola zuen. Mendeen joanean, Gernikako arbola nagusitu zen, eta hori Lumoko elizatean zegoen; bertan, Gernikazarra izeneko ingurua zegoen, bertan hariztia eta baseliza. Arbola horren azpian, Bizkaiko legeak idatzi ziren 1876ra arte; herri guztiek ordezkariak (batzarkideak) bidaltzen zituzten bilkuretara (Batzar Nagusiak). Demokrazia mota edota askatasuna errespetatzeko modu hori Rousseau filosofoak iruzkindu zuen, baita William Wordsworth olerkariak, Tirso de Molina dramaturgoak eta Iparragirre koblakariak ere (Gernikako arbola ospetsua).

Bizkaiko Jaurerria Gaztelako erreinuan sartu ondoren, errege gaztelarrak Gernikara joateko ohitura sartu zen, Bizkaiko Foruak errespetatzeko juramentua Arbolaren azpian egitearren. Francisco de Mendietak jaso zuen, "Eskumuina" izeneko koadro batean, Fernando Katoliko erregeak 1476ko uztailaren 30ean egindako Foruen juramentua. Karlos erregegai Borboia, karlistadetan, Gernikara joan zen, 1875eko uztailaren 3an, Foruen juramentua egitera. XIX. mendean zehar, Juntetxean bilera asko egin ziren, bai Batzarretarako eta bai egintza politikoetarako.

Hiriaren bonbardaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Gernikako bonbardaketa»

1937ko apirilaren 26an, Hitleren aire armadak, Francoren babespean, hiria ia guztiz suntsitu zuten. Gertaera lazgarria oroituz, Pablo Picasso margolariak "Gernika" margolana egin zuen, Parisko erakusketa unibertsalean gerren zentzugabekeria mundu osoari erakusteko.

Hainbat idazlek sarraskiaren aipamena egin izan dute, tartean Bernardo Atxaga asteasuarra ("Markak. Gernika 1937").

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gernikako biztanleriaren datu historikoetan dauden gora-beherak ulertzeko, udalerriak XX. mendean zehar izan dituen anexio eta desanexioak aipatu behar dira.

1943an orduko espainiar gobernuak Ajangiz Gernikari batzea erabaki zuen. 1967an, berriz, Arratzu, Kortezubi, Forua, Murueta eta Nabarniz batu zitzaizkion.

1988tik aurrera kontrako prozesua gertatu zen, eta herriek Gernikatik banatzeari ekin zioten. Urte horretan Nabarniz, Murueta, Kortezubi eta Forua banandu ziren, 1990ean Ajangiz, eta 1993an Arratzu.

Aurrekoak kontuan hartu gabe, datuek erakusten dute Gernikak hazkundea izan zuela gutxienez 1970eko hamarkadan, Bizkaiko beste herri batzuetan gertatu zen bezala. Bestalde, hazkundeak jarraitu egin zuen XXI. mendearen lehen hamarkadan.

Nabarmena da, baita ere, Espainiako Gerra Zibilaren sasoian, 1930eko hamarkadan, Gernikak pairatu zuen biztanleria jaitsiera.

Biztanleriaren bilakaera
1900 1910 1920 1930 1940 1950 1960 1970 1981 1991 2001 2012
3.324 3.589 4.577 5.185 3.711 6.439 8.089 15.149 18.132 16.042 15.264 16.812


Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gernikako udaletxea.

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeen emaitzen ondorioz, Bildu koalizioko hautagai Jose Mari Gorroño hautatu zuten alkate. Udalbatzan ordezkaritza zuten beste alderdiak, EAJk, abstenitu egin zen.

Gernikako udalbatza

Izena Zinegotziak Boto kopurua[1]
Bildu
12
5.901 (%63,49)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
5
2.320 (%24,96)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE))
-
389 (%4,19)
Alderdi Popularra (PP)
-
323 (%3,48)
Aralar
-
280 (%3,01)
Ezker Batua - Berdeak (EB-B)
-
81 (%0,87)

Itsasadarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herria Gernikako itsasadarraren sarreran dago, Oka ibaiak itsasorako bidean sortutakoa, Urdaibaiko inguru naturalean .

Gernikar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin aipagarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Gernikako Batzarretxea eta Gernikako Arbola: Batzarretxea Antonio Etxebarria jaunak eraiki zuen XIX. mendean (1826-1833). Estilo neoklasikokoa da, erdigune gisa Andre Mari Zaharra eliza du, eta gaur egun Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilkura Aretoa da. Batzarretxearen gela batean beirate ikusgarria dago, 235 metro koadrokoa, gela oso osorik estaltzen du. Kanpoaldeko lorategian Gernikako Arbola dago. Arbola horrek, Euskal Herriaren historiaren eta berorren erakundeen sinboloa da. Betikotasuna adierazteko, arbola zaharraren enborra, gaur eguneko arbola eta kimu berria daude.
Andra Mari Eliza (Antso Enparan)
  • Andra Maria Eliza: Gernikako goi aldean, estrategikoki kokaturik, Euskal Herria Museoak eta Batzarretxeak inguratzen dute Andra Maria Eliza. 1418an hasi ziren tenplua eraikitzen, gotiko estiloan, baina historian zehar hainbat aldaketa jasan ditu eta horregatik aldaketok garai bakoitzean estilo bati erantzun diete. Izan ere, hasiera batean jaso zen eliza gotikoa gaur egunekoaren oso bestelakoa izan zen. XV. mendean egin zen eliza hark, garai hartan zegoen ikuspuntu gotikoa islatu nahi izan zuen baina bukatu gabe geratu zen. XVII. mendean berreraiketa lanak burutzen hasi ziren Pizkundetar estiloa jarraituz. Gotikoa eta Pizkundeko ikuspuntu estetikoen nahasketak estilo berri bat eraiki zuen, Euskal Gotikoa. Gernikako Andra Maria Eliza da Euskal Gotikoaren adibide hoberenetako bat. Gaur egun dagoen kanpai horma 1778an eraiki zuten barrokoaren ezaugarriak jarraituz. Horregatik Andra Maria elizaren eraikuntza 3 mendetan zehar luzatu zen 1418tik 1778ra arte.
Gure Aitaren Etxea (Eduardo Chillida)
  • Gure Aitaren Etxea eskultura: Eduardo Chillida donostiarraren eskultura hau 1988an inauguratu zen Europako Herrien Parkean eta burdin eta altzairuzko txirbilekin nahastutako hormigoiz egina dago. Eskultura honek argi eta garbi bereizitako bi parte ditu: etxe baten barruko aldea bata, eta kanpoaldea bestea. Hormigoizko piezak kanpoko aldea eta barruko aldea bereizten ditu, eta horma handi inguratzaile baten kanpoko aldea eta barrukoa adierazten ditu. Horma hau ez dago etxe bat edo ontzi bat bailitzan guztiz itxita, baizik eta irekita, Batzar Etxera begira dagoen leiho baten gisako irekidura batekin. Irekidura honen sinbologia argia da: gure asabenganako, Lege zaharrenganako eta ohiturenganako errespetua adierazten ditu. Aldi berean, metafora bat ere bada, etorkizunerako eta itxaropenerako zubi baten sinboloa alegia, oraina eta geroa lotzen dituena, seme-alaba eta gurasoak erlazionatzen dituena. Eduardo Chillidak oroimena erdian jarritako hilarriaren bitartez ematen du aditzera. Oroimen horren esanahia bildu eta gaur eguneko formetara dakar (altzairuzko formetara). Gorputz prismatiko sendo/solido batetik abiatuz, elementu oker/konkortu eta zehatzak sortzen ditu. Altzairuzko estela hori ikuslearentzako euskarri eta abiapuntu izan daitekeen behatoki pribilegiatu bat bezalakoa da.
Figura Handia Aterpean (Henry Moore)
  • Large Figure in a Shelter ("Figura Handia Aterpean"): Eskultura hau (1985-1986) Henry Moore artista britainiarraren azken obretako bat, 1990eko uztailaren 7an inauguratu zen Europako Herrien Parkean. Munduko bigarren gerratetik aurrera War Helmets saila (1939-1975)sortu zuen, barruan piezak dituzten kaskoak direnak. "Figura Handia Aterpean" lana aurrekari horietatik abiatzen da, eta aisanahi berria planteatzen du. Piezak elkarri lotutako bi atal ditu: kaskoa, zatituta eta eraso eta defentsaren konnotazio militarrekoa, estalki edo oskol organikoaren ideia adieraztera igarotzen da. Oskol horren barrutik, muinetik,elementu autonomo bat sortzen dela ematen du, emakume forma eta jaiotza izaerakoa. Gainazal aldakorra da, bolumen bihurgunetsu ahur eta ganbilak dituena, mugikorra eta ukimenekoa, aurrera edo atzera egiteko prest dagoela ematen duena, borondate garaitzaile baten hazia balitz bezala.

Interesguneak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Gernikako Azoka: Astelehen guztietan biltzen dira Gernikako azokan bertako eta inguruko saltzaile-erosleak baserriko produktuak salerostera. Tello Kondeak hiribilduaren sorrera gutuna egin zuenean, 1366ko apirilaren 28an, aipatu zuen azoka astean behin egin behar zela. Hasiera batean azoka asteazkenetan bazen ere, geroago egunekoa bilakatu zen. Urteak igaro ahala, Gernikako merkatuen kalitateak eta garrantziak gora egin zuten, batez ere urteroko abere feriei zegokienez. Guztien komenientziagatik, Gernikak inguruko elizateetako azoka eta feriak bereganatu zituen eta horrek, denboraren poderioz, urriko astelehen entzutetsuei hasiera eman zien. Gerra Zibilaren erruz, bertan behera gelditu zen azoka, harik eta demokrazia ezarri zenean Ekin taldeak atzera jaiegun hau bultzatzea erabaki arte. Urtetik urtera ospe handiagoa hartu du. 1983az geroztik abere-erakusketa urriko lehenengo astelehenean egiten da eta azkeneko astelehenean, berriz, Euskal Herriko baserrien produktuen erakusleiho bihurtzen da Gernikako herri osoa. Astelehenetako azoka tradizionalaz gain, ekainetik abendura, hileko lehenengo larunbatetan azoka bereziak izaten dira Gernikako Plazan, Domingo Alegria plazaren aurrean kokatua dago.Gernikako Azoka
"Guernica Gernikara" zeramikazko horma-irudia
  • "Guernica Gernikara" zeramikazko horma-irudia: Allendesalazar kalean kokatua dago, osasun etxearen aurrean. Horma-irudia, Gernikako Udalak foru hiriarekin anaituta dagoen Bartzelona probintziako Berga hiriko Ceramiques Queralt enpresari eskatua, Pablo Picassok 1937an Gernika bonbaz eraso zutela jakin zuenean egin zuen koadroaren eskulangintzako artelaneko bikoizketa zintzoa da. Margolanaren izaera sinbolikoak gerrak bizilagun zibilengan, ondarean eta animaliengan dituen ondorio suntsitzaileei buruzko irakurketa desberdinak bideratu ditu. Obra axuleiuetara eramatean zati adierazkorrak xehetasun handiz banatzen dira.
  • Jai Alai Pilotalekua': Carlos Gangoiti kaleko 14.ean. Zesta-puntako pilotaleku hau egin zuen arkitektoa Secundino Zuazo izan zen. Zuazo jaunak badu leku garrantzitsua gaur egungo arkitekturan. Egitura, oinarrian, argia iparraldetik sartzen zaion eskuaira sinple bat da. Okertuta dagoenez, nabarmenago egiten da itxura hori. 57m luze eta 10,5m zabal den jokaleku ikusgarria izateaz gain, ikusleria handia onartzeko ahalmena ere badu: 1500 lekuko harmaila, balkoian 800 eserleku eta zutik beste 1000 lagun sartzeko aukera eskaintzen du. Eraikin arrazionalista da, gaurkotasuna galdu ez duena. Bestalde, pilotan, mitikoa da pilotaleku honen izena. Fatxadan erliebean egindako pilotari biren eskultura dago. Markinako eta Durangoko pilotalekuekin batera zesta-punta zaleen biltokia zen, baita kirolari entzutetsuenen aterpea ere. Pilotalekuaren gertutasunak gernikarren artean punta-puntako pilotariak sortzea sustatu du. Gernikako Zesta-Punta eskola bertan aritzen da eguneroko lanean etorkizuneko zesta-punta jokalariekin.
  • Europako Herrien Parkea: Parke hau 1991n inauguratu zen, eta arbola- eta zuhaixka-aniztasun handia du ondo berezituta dauden lau arloetan. Iparraldean, arbola-landaredi irekia dago, eta E. Chillidaren eta H. Mooren eskulturak daude. Ekialdean, Euskadi atlantiarreko lau ekosistemak daude: pagadia, hariztia, artadia eta itsasertzeko landaretza. Ekosistema horietatik pasatzen den errekatxoak hegoaldean dagoen urmaelera isurtzen ditu urak. Parkeko gainerako eremuan lorategi klasikoa dago.

Museoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Gernikako Bakearen museoa Fundazioa: Lehenago Epaitegia gaurko Gernikako Bakearen Museo bihurtu da. Museoaren soslaia bakearen museoaren kontzeptu gaurkotuan oinarritzen da: "Bakearen Kultura" zabalduko duen museo tematikoa.Gernikako bonbardaketaren bizipenetik abiatuta gai unibertsalak proposatzen ditu. Museo interaktiboa da, argazki erakusketa osatua du eta ikus-entzunezkoek bizirik iraun zutenen testigantzak aurkezten dituzte.
  • Gernikako Euskal Herria museoa: Lehenago Alegria jauregia zen, 1733an eraikitakoa, baina 1991n Euskal Herria Museoa bihurtu zen eta geroztik zabalik dago. Museo honek, bertako bildumen bidez, foru inguruneari dagokion esangura historiko, sozial eta kulturalaren ikuspegi orokorra aurkezten digu eta Euskal Herriak osatzen duen erkidego espiritualaren ezaugarririk behinenak erakusten dizkigu. Zalditegi zaharra, zaintzarako ere erabiltzen zena, aldi baterako erakusketak eta bulegoko lanak egiteko erabiltzen da. Horrez gain, irakasbide lantegiak ere egiten dira etxe horretan.
  • Urdaibaiko Patronatua - Udetxea Jauregia: Gernikatik Lumora doan bidean kokatua dago. Europako Herrien Parkean bertan. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren egoitza ofiziala da. Eraikinaren beheko solairuan Urdaibaiko fauna eta flora osatzen duten elementu naturalen erakusketa ikusteko aukera dago. Udetxea jauregia Allendesalazar familiak eraiki zuen 1890ean udako egoitza gisa erabiltzeko. UNESCOk 1984an esan zuen jauregi honek nazioarteko kultura eta natura-ondare garrantzitsua duela. Informazioa,honako jakintza-arloez, jaso daiteke bertan: bertako natura, ibilbide ekologiko-kulturalak eta garapen iraunkorra.

Gastronomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtean zehar egiten diren ekitaldi berezien artean hauek dira aipagarrienak:

  • Apirilak 26: Gernikako Bonbardaketaren urteurrena. Aste guztian zehar ekitaldi kulturalak izaten dira, erakusketak, konferentziak, besteak beste, eta urteurreneko egunean, ekitaldi esanguratsuena Gernikako Zallo hilerriko lore eskaintza da.
  • Apirilak 28: (1366) Gernika sortu zeneko urteurrena ospatzen da udaletxeko plazan.
  • Urtarrilak 8: (1882) Gernika eta Lumo batu zireneko urteurrena: Gernika eta Lumo Gernika-Lumo bilakatu zireneko urteurrena ospatzen da.
  • Otsaila: Kandelerio eguna (otsailak 2). Santa Ageda bezpera (otsailak 4. Inauteriak edo Aratusteak.
  • Ekainak 29: Lumoko San Pedro Jaiak ospatzen dira. Jai herrikoiak: euskal kirola eta gastronomia.
  • Abuztuak 14-18: Gernikako jaiak. Andra Mari eta San Roke ospatzen dira.
Marijesiak.
  • Urriko lehenengo astelehena: Urriko lehen astelehenean ganadu azoka egiten da Gernikan. Pirinaika arrazako Euskadiko Txapelketa ospatzen da. Txapelketa ikuskizun bihurtzen da.
  • Urriko azken astelehena: Euskal Herriko baserriko produktuen erakuslehio bihurtzen da Gernika.

Ohiturak

  • Marijesiak: Gabon aurreko bederatzi goizaldez kale arteko haize hotza doinu bihurtuz, gernikarrak lozorrotik esnatzen dute marijesiek. Bizkaiko herri askotan ospatzen den ohitura bada ere, indarrik handiena Gernikan du. Gabon eguneko bederatziurren bezala ospatzen da. Bakarlaria eta taldea ondo bereizturik doaz beti. Bederatzi gauetan zehar hiru doinu desberdin erabiltzen dira, antzezlan baten hiru akto balira bezala. Horri jarraiki, Jose Antonio Aranaren esanetan, Erdi Aroko auto sakramentaletan izan dezake jatorria ohitura honek. XVII. mendeko idatzi batean aurkitu ziren oraindik gaur egun abesten diren Marijesien zenbait bertso, hori da haien aipamen zaharrena. Gaur egun ohiturak honela agintzen du: Erronda goizaldeko lauretan hasten da, Andra Mari elizako ate zaharraren aurrean; Gabon aurreko bederatzi gauetan doinu misteriotsu batek esnatzen gaitu, gure leihopetik pasatzean eta, gero, oihartzuna balitz bezala, kale artean galtzen da.

Garraiobideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskotren Trena konpainiak Gernika Bermeorekin eta Bilborekin lotzen du, Bilbo-Atxuri - Bermeo linearen bitartez. Udalerrian hurrengo geltokiak ditu:

Autobusa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaibus konpainiak Gernika batzen du Bermeo, Bilbo, Lekeitio, Galdakaoko ospitalea, Mungia eta Busturialdeko udalerriekin. Uda garaian hondartzetara doazen autobusak ere baditu. Udalerritik hurrengo lineak pasatzen dira:

  • A3513 Bilbo - Galdakao Ospitalea - Gernika - Lekeitio
  • A3514 Bilbo - Amorebieta Etxano - Gernika
  • A3515 Bilbo - Amorebieta Etxano - Gernika - Bermeo
  • A3519 Gernika - Mungia
  • A3513 Bilbo - Galdakao Ospitalea - Gernika - Aulestia
  • A3525 Gernika - Amorebieta Etxano - EHU
  • A3526 Gernika - Laida - Laga - Ibarrangelu

Hiri senidetuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Gernika, bakearen sinboloa" izeneko ikurra oinarri egindako jardueren ondorioz, zenbait hirirekin senidetzeak gauzatu dira, eta lankidetzarako konpromisoak hartu dira kultura-, hezkuntza- eta industria-arloetan: Berga (Cataluña-1986), Pforzheim (Alemania-1988) eta Boise (Idaho - EEUU 1993).

Argazki galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gernika-Lumo Aldatu lotura Wikidatan
Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko Wikiatlasa