Ameriketako Estatu Batuak

Wikipedia(e)tik
USA» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ameriketako Estatu Batuak
United States of America
Ameriketako Estatu Batuetako bandera
Bandera

Ameriketako Estatu Batuetako armarria
Armarria

Goiburua: In God We Trust
(Jainkoaz fido gara)
Nazio ereserkia:
The Star-Spangled Banner
Ameriketako Estatu Batuak: kokalekua
Hiriburua Washington
38°53′N 77°02′W / 38.883°N 77.033°W / 38.883; -77.033
Hizkuntza ofiziala(k) Ez du1
Gobernua
Presidentea
Presidenteordea
Errepublika federala
Barack Obama
Joe Biden
Independentzia
Aldarrikatua
Onartua
Erresuma Batutik
1776ko uztailaren 4a
1783ko irailaren 3a
Eremua
• Guztira
• Ura

9.631.418 km² (3.)
% 4,87
Biztanleria
• Zenbatespena (2014)
• Errolda (2010)
• Dentsitatea

Herritarra

318.185.000 (3.)
308.745.538
34,2 biztanle/km² (140.)

estatubatuar
Dirua Estatubatuar dolarra (USD)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
UTC (UTC -5tik -10ra)
UTC (UTC -4tik -10ra)
Interneteko domeinua .us
Telefono aurrezenbakia +1
1 De facto ingelesa da, baina herrialde osorako ez dago finkatua estatu bakoitzaren esku baitago hizkuntza ofiziala erabakitzeko ahalmena.


Ameriketako Estatu Batuak[1] (ingelesez United States of America), Ipar Amerikan dagoen 50 estatuz eta barruti batez osaturiko herrialdea da. Hiriburua Washington da (ingelesez Washington DC).

50 estatu horiek errepublika federal bat osatzen dute. 50 estatu horietatik 48 Kanada eta Mexiko artean daude. Estatu horiei «Estatu Batu Kontinentalak» deitzen zaie. Beste biak Hawaii eta Alaska dira. Halaber, baditu beste zenbait dependentzia eta urruneko uharte.

Munduko hirugarren herrialderik handiena da biztanleriari dagokionez, Indiaren eta Txinako Herri Errepublikaren atzetik. Gaur egun 309 milioi biztanle ditu, 9,83 milioi km²-tan. Gainera, munduko kultura aniztasun gehien eta immigrazio gehien duen herrialdea da, ondorioz, hizkuntza ugari hitz egiten dira bertan.[2]

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

AEBetako topografia

Ameriketako Estatu Batuak munduko hirugarren herrialdea da lur eremuari dagokionez, Errusiaren eta Txinako Herri Errepublikaren ondoren, eta ozta-ozta Kanadaren aurretik.[3] Ipar Amerikako herrialde handienak mugakide ditu ekialdean Ozeano Atlantikoa, mendebaldean Ozeano Barea, hegoaldean Mexiko eta Mexikoko Golkoa eta iparraldean Kanada. Alaska estatuak Kanada du ekialdean, Ozeano Barea hegoaldean, Ozeano Artikoa iparraldean eta Beringeko itsasartea mendebaldean. Hawaii estatua Ozeano Bareko uhartedi bat da, kontinentetik hego-mendebaldera.

Ekialdetik mendebalderantz hosto galkorreko basoak, zelaiak, ordokiak eta Mendi Harritsuak aurkituko ditugu, eta hego-mendebaldean basamortuak. Herrialdearen iparraldean Apalatxeak aurki ditzakegu eta hego-ekialdeko eskualdean Sierra Madre mendikate mexikarra.

Orografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuetako eremuak ez du gorabehera handirik. Erdialdea ordoki zabala da, Mississippi arroa eratzen duena. Arro hori Apalatxe mendikateak mugatzen du ekialdetik, eta goi-ordokiek eta Rock Mountains (Mendi Harritsuak), Sierra Nevada eta Cascada Range (Ur-jauzien mendikatea) mendikateek mendebaletik. Apalatxe mendikateak Atlantiko ozeanoaren kostaldean daude. Mitchel mendia da garaiena (2.037 m). Apalatxe mendikatea (Blue Ridge, Adirondacks, White Mountains) iparrekialdetik eta hegomendebalera luzatzen da.

Beste aldean, mendebalean alegia, Mendi Harritsuak daude. Horiek goi-ordokiak inguratzen dituzten bi mendikatek osatuak dira. Ur-jauzien mendikatean badira gailur garaiak (Rainier, 4.392 m). Sierra Nevada mendikatea, berriz, zenbat eta hegoalderago jo orduan eta garaiago da; Whitney mendia da garaiena (4.418). Sierra Nevadaren mendebalean, Kostaldeko mendikatera bitartean, Sacramento eta San Joaquin haranak daude, oso oparoak; ekialdean hainbat goi-ordoki eta Great Basin edo Arro Handia daude. Mendi Harritsuak Kanadatik Mexikora luzatzen dira (650 km). Bertan daude Yellowstone Parke Nazionala eta Coloradoko goi-ordokia. Mendebaleko mendikateak iparraldera jotzen du, Kanada aldera. Estatu Batuetako lurraldea den Alaskan dago Estatuko gailurrik garaiena: McKinley mendia (6.194 m). Iparrerago, Aleutiar uharteak daude.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuetako lurralderik gehiena Mississippi arroak zeharkatzen du. Mississippi ibaia, Missouri adarrarekin batera, munduko luzeena da. 1.970 km egin ondoren Mexikoko golkoan itsasoratzen da. Rio Grandek, berriz, Mexikorekiko muga eratzen du. Hori ere Mexikoko golkoan itsasoratzen da. Ozeano Barean ura isurtzen duten ibaiak Colorado (Kaliforniako golkoa) eta Columbia dira. Atlantiko ozeanoan itsasoratzen direnak laburrak dira. Apalatxe mendietan dute iturburua eta nagusiak Hudson, Delaware, Potomac, Susquehanna eta Savannah dira. Estatu Batuetako aintzirarik zabalenak Aintzira Handiak dira, Kanadaren mugan: Superior, Huron, Michigan, Ontario eta Erie. Aintzira horiek San Lorenzo emari handiko ibaiak lotzen ditu. Erie eta Ontario aintzirak Niagara ibai laburrak lotzen ditu.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alde handiak daude eskualdetik eskualdera Estatu Batuetan, bai goratasunagatik, bai Atlantiko edo Pazifikoko itsaslaster hotzengatik; baina klimaren eragile nagusia haizea da: iparretik hegorantz trabarik gabe dabilela eta Mexikoko tropikotik datorren haize bero hezeak aurrez-aurre topo egiten duela ipar burutik datorren haize hotz eta lehorrarekin. Kaliforniako itsasertzean oso hezea da klima. Oro har, bi multzo nagusi bereiz daitezke: mendebala, lehorra, Mendi Harritsuetatik Coust Rangeraino hedatzen dena, eta ekialdea, hezea. Floridako klima, berriz, tropikala da. Mexikoko Golkotik Ohioko haranera hedatzen den lurraldeak kontinente barruko klima du.

Fauna eta flora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Ameriketako Estatu Batuetako flora» eta «Ameriketako Estatu Batuetako fauna»

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Ameriketako Estatu Batuetako historia»

Egungo Estatu Batuetako lurraldean, Amerikako berezko biztanleak bizi ziren K.a. 18000 eta 8000 artean Alaskatik egindako migrazio baten ondoren. Ehunka hizkuntza eta kultura zeuden, horietako asko herri nomadak edo erdi-nomadak ziren. Gehienak galdu egin dira.

XVI. eta XVII. mendeetan, Europarekin izandako lehen topaketak kultura talka handia izan ziren, tartean euskal baleazaleak zeudela (egungo Kanada ekialdean), batez ere Espainiarrekin hegoaldean, ingelesekin ekialdean eta frantsesekin iparraldean eta Mississippiren arroan. Mayflower izan zen Ameriketara Ingalaterratik kolonizatzailez beteta joandako lehen itsasontzia. Ingelesen lehen finkapena 1607an izan zen, Jamestown herrian (Virginia).

Laster, hainbat kolonia ezarri ziren ekialdeko kostaldean (Plymouth, Boston, Salem, Williamsburg). XVII eta, batez ere, XVIII. mendean, esklaboak eraman zituzten, Afrikako jendearen salerosketaren bidez, batez ere hegoaldeko kotoi sailak garatzeko, baina baita era guztietako azpiegiturak eraikitzeko ere. Hasieran, Britainia Handiaren koroapeko lurretan finkatutako ingelesak, herbeheretarrak, eskoziarrak, alemaniarrak eta eskandinabiarrak itunetara heldu ziren bertako biztanleekin (ekialdeko amerindiarrekin), eta azken hauek, oro har, europarren hainbat teknika eta kultura-ezaugarri onartu zituzten.

Europarren kolonizazioa Apalatxe mendien ekialdera mugatzen zen. Hala ere, berehala hasi ziren pizten tentsioa eta gatazka, europar jatorriko herritarren hazkuntza demografiko eta hedakuntzarako joera zela eta. Liskar haietako handienaren aukera hartuz, Europako Zazpi Urteko Gerraren une berean, kolono britainiarrek frantziarren lurraldeen erdia bereganatu zuten, eta halaxe azalera bikoiztu.

Ameriketako Estatu Batuetako Konstituzioaren izenpetzeko ekitaldia

1776ko uztailaren 4an, hamahiru kolonia britainiarrek independentzia aldarrikatu zuten Erresuma Batuarengandik (Independentzia Adierazpena), Erresuma Batuko koroak bertako kolonizatzaileengandik dirua ateratzeko ezarritako zorpetze- eta zerga-sistema baten ondorioz. Berehala, gerra piztu zen Erresuma Batuarekin 1783 arte, baina metropoliak atzera egin behar izan zuen. 1787an Ameriketako Estatu Batuetako Konstituzioa onartu zuten, Mendebalde osoko lehena. Bi testu horiek jarri zuten estatubatuar nortasunaren lehenengo oinarriak.

George Washington hautatu zuten errepublika berriaren presidente, baina luze gabe sortu ziren elkarren kontrako bi alderdi: Alderdi Federalista, boterea zentralizatu eta metatzearen aldekoa ("garapena"), eta Alderdi Errepublikanoa, herriaren oinarrizko askatasunei eta estatuen subiranotzari eustearen aldekoa ("jeffersondar demokrazia"). Federalisten bultzadaz, Washington D.C. hiriburu federala sortu zen, baita AEBetako lehenengo banku zentrala ere. Thomas Jefferson presidentetzara heldu zen 1801ean (1809 arte), eta 1811n Erresuma Batuarekin gatazka piztu zen, artean Europako monarkia horrek ez baitzuen esperantza galdu nola edo hala errepublika berria atzera menpera ekartzeko.

1815ean bukatu zen gerra hori, baina mugarria izan zen estatubatuar kontzientzia bat pizteko, baita armada indartsu bat sortzen hasteko eta finantzen garapenerako ere. 1816an, Estatu Batuetako Bigarren Bankuari AEBetako banku zentrala izateko baimena eman zioten. Britaniarren laguntzat jotako Alderdi Federalistarenak egin zuen, baina ordainean, jaun eta jabe geratutako Alderdi Errepublikanoa zatitu egin zen, eta federalisten balio asko errepublikanoen talde batek hartu zituen, Henry Clay buru zuela. Kontrako aldean zuen Andrew Jackson, eta azken hau nagusitu zen (1829-1837).

1836an, banku zentralarenak egin zuen, baina trukean, Jacksonek amerindiarren kontrako lehenengo neurri sistematikoak hartu zituen, mendebaldera, Mississippi aldera kanporatuz ("Malkoen Bidea"). Bertako biztanle amerindiarrak baztertuak izan ziren gero eta gehiago, bereziki 1815eko gerra ondoren, eta kopuru handitan hiltzen hasi, lurrak kenduta kolonoek ekarritako gaixotasunen epidemiak (baztanga, elgorria) eta haiekin izandako liskar odoltsuak zirela bide.

Iparraldeko eta hegoaldeko estatuen gizarteen arteko aldeak (zergen gaia batez ere, the tariffs) Gerra Zibila piztu zuen 1861ean, atzealdean esklabotzaren gaia ere aipatzen zela. Abraham Lincoln zen orduan presidentea, eta iparraldeko estatuen ("Batasuna"ren) burua ere. Garapen industrial eta teknologikoak Batasunaren alde jokatu zuen, eta 1865ean hegoaldeko estatuen Konfederazioak men egin zuen. Gerra osteko krisiak ez zuen galarazi industriaren garapen handia, burdinbidearen bidez batez ere, eta immigrazioa areagotu zen XIX. mende osoan.

XIX. mendeaaren bukatzerako, AEB Itsaso Barera erabat zabaldua zen burdinbideari esker; bertako biztanle amerindiarren patua, berriz: asimilatuak izatea, edo erreserbetan hertsatuta bizitzea. Estatu Batuak munduko lehen potentzia ekonomiko, kultural eta politikoa bihurtu ziren, eta Amerika osoan beren eragina zabaltzen hasi. 1913an, Estatu Batuetako hirugarren banku zentrala eratu zen, Erreserba Federala izena hartuz. Gainera, 1916tik aurrera, Europako Lehen Mundu Gerran parte hartu zuten, isolamendu politika alde batera utziz, Woodrow Wilson presidentearen pean. 1929an, ordea, krisi latza hasi zen, Bigarren Mundu Gerraren ataria izan zena. Industria militarra aurretik inoiz ikusi ez bezala garatu zen AEBetan 1941etik aurrera.

1945ean, Gerra Hotza hasi zen, eta Estatu Batuak bihurtu ziren munduko herrialde boteretsuena Sobietar Batasunarekin batera, batez ere arlo militarrean. Gerra Hotza 1991ean amaitu zen, Sobietar Batasuna desegin ondoren. Hala ere, Estatu Batuek gerra-ekonomia bat izaten jarraitu dute, arlo horri zeharka edo zuzenean lotutako korporazioak nagusi baitira bertan, baita gobernu federalaren urteko aurrekontuaren ia erdia.

2001. urtean, gerraz kanpoko herrigune batean historian izandako erasorik handiena gertatu zen (2011ko irailaren 11ko erasoak). Ustez, Al Kaidak zenbait hegazkin bahitu zituen barruan bidaiariak zihoazela, eta Dorre Bikien aurka egin zuten talka: 3.000 hildakotik gora izan ziren. Erasoa arrazoi hartuta, AEBek Afganistango Gerra justifikatu zuten, "terrorismoaren aurkako gerra" hasiz. Aldi berean, Irak ere inbaditu zuten eta Patriot Act terrorismoaren aurkako lege ospetsua aurrera atera zuen George W. Bush orduko presidentearen administrazioak.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Ameriketako Estatu Batuen banaketa administratiboa», «Ameriketako Estatu Batuetako itsasoz haraindiko uharteak» eta «Ameriketako Estatu Batuetako estatu»

Estatu Batuak 50 estatuz eta barruti federal batez (Columbiako Barrutia) osatuta daude. 48 estatuk (denak, Alaska eta Hawaii izan ezik), kontinenteko estatuak edo lower 48 izenekoek Ipar Amerikako erdialdea hartzen duten. Alaska Kanadak banantzen du beste estatuetatik. Hawaii, berrogeita hamargarrena, Ozeano Barean dagoen uhartedia da.

Ondorengo mapan agertzen diren lurraldeez gain, beste batzuek ere osatzen dituzte AEBak, batez ere Ozeano Bareko eta Karibeko hainbat uharte eta atoloiek. 1898tik, armadak Guantanamoko badian (Kuba) itsas base garrantzitsua du. Menpeko lurralde hauetako biztanleek beste hiritar estatubatuarren eskubide berdinak dituzte, baina ez dute zerga federalik ordaintzen ezta herrialdeko presidentea hautatzeko hauteskundeetan parte hartzen.[4]

Alabama Alaska Arizona Arkansas Kalifornia Colorado Connecticut Delaware Florida Georgia Hawaii Idaho Illinois Indiana Iowa Kansas Kentucky Louisiana Maine Maryland Massachusetts Michigan Minnesota Misisipi Missouri Montana Nebraska Nevada New Hampshire New Jersey Mexiko Berria New York Ipar Carolina Ipar Dakota Ohio Oklahoma Oregon Pennsylvania Rhode Island Hego Carolina Hego Dakota Tennessee Texas Utah Vermont Virginia Washington Mendebaldeko Virginia Wisconsin Wyoming Delaware Maryland New Hampshire New Jersey Massachusetts Connecticut Mendebaldeko Virginia Vermont Rhode IslandMap of USA with state names eu.svg
Irudi honen inguruan


Bestelako lurraldeak:

Uhartedi txikiak:

Hiri handienak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nuvola apps kappfinder.png Zerrenda: Ameriketako Estatu Batuetako hiri nagusien zerrenda


Ameriketako Estatu Batuetan 309.244.000 biztanle zeuden 2010ean. Herrialdeko hiri handienak hiru guneetan daude: Ipar-ekialdea, Texas eta mendebaldea. Ipar-ekialdean New York, Filadelfia eta Chicago ditugu. Texasen Dallas, Houston eta San Antonio. Azkenik, mendebaldean Phoenix, Los Angeles, San Diego eta San Jose ditugu. Biztanleriari dagokionez hau da hiri nagusien zerrenda (2008[5]):

Pos. Hiria Estatua Biztanleria
1 New York New York 8.363.710
2 Los Angeles Kalifornia 3.833.995
3 Chicago Illinois 2.853.114
4 Houston Texas 2.242.193
5 Phoenix Arizona 1.567.924
6 Filadelfia Pennsylvania 1.540.351
7 San Antonio Texas 1.351.305
8 Dallas Texas 1.279.910
9 San Diego Kalifornia 1.279.329
10 San Jose Kalifornia 948.279

Eskualdeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ameriketako Estatu Batuetako gobernuko Errolda Bulegoak, eskualde ezberdinetan banatzen du herrialdea, errolda eta beste zenbait biztanleria datuetarako. 4 eskualdetan banatzen du herrialdea eta hauek 9 azpieskualdeetan.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuetako ekonomia munduko indartsuena, ugariena eta teknologiaz aurreratuena da. Barne produktu gordina biztanleko 31.500 dolarrekoa da, handiena nazio industrializatu nagusietan. Munduko biztanle guztien % 5 eskas dituelarik, Estatu Batuek ekoizten dute, urtero, planetako aberastasunen % 30 baino gehiago.

Baliabide aberatsak eta azpiegitura bikainak daude oparotasun horren oinarrian. 1975. urteaz gero, irabazi gehien-gehienak familia aberatsenen % 20ra joan dira. 1994-1998 urteetan gora egin zuen ekoizpen errealak, inflazio tasa oso txikia izan zen, eta langabezia tasa % 5etik beherakoa. Merkatuko ekonomia da Estatu Batuetakoa, eta pertsona eta enpresa pribatuek hartzen dituzte erabaki nagusiak; gobernuak merkatu pribatuetan erosten ditu gehienbat hornigaiak eta zerbitzuak. Estatu Batuetako enpresek Mendebaldeko Europako eta Japoniako kideek baino askoz malgutasun handiagoa dute kapitalak zabaltzeko, langileak kaleratzeko, eta produktu berriak sortzeko.

Aldi berean, muga handiak dituzte beren lehiakideen merkatuetan sartzeko, atzerritar konpainiek Estatu Batuetan sartzeko dituztenak baino askoz handiagoak. Estatu Batuetako enpresak munduko lehenak dira, edo ia lehenak, teknologia aurreratuenetan, bereziki ordenagailuetan, eta sendagintza, aireontzi, eta hornigai militarretan, nahiz eta azken horiek zerbait murriztu diren Bigarren Mundu Gerraz gero. Teknologiaren aurreramenduen lastertasunaren ondorioz, two-tier labor market deritzana sortu da (“bi mailako lan merkatua): maila berehekoenek ez dute goiko mailakoen heziketa eta prestakuntza bera, eta, gero eta gehiago, ez dute eskuratzen ez soldata igoerarik, ez osasun aseguruen babesik, ez bestelakorik.

Epe luzerako arazoen artean, aipatu behar dira zaharragotzen ari den biztanleriaren sendagintza kostu gero eta handiagoak, azpiegitura ekonomikoan egin diren inbertsio desegokiak, eta familia sarreren etena gizatalde pobreenetan. 1999ko BPG 1998koa baino zertxobait apalagoa izan da, eta inflazioa eta langabezia bere horretan geratu dira gutxi asko. 1999ko arazoak Asia Ekialdeko eta Errusiako finantza krisi larriak izan dira, eta akzioen garestitasuna enpresen irabazien ondoan. 1960ko hamarraldian Estatu Batuetako biztanleek munduko bizi maila altuena bazuten ere, gaur egungo gizartean gero eta nabarmenagoa da aberatsen eta pobreen arteko aldea.

Nekazaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritzak langile aktiboen % 2,8 baino ez du hartzen (1994), baina munduko lehena da, eta nekazaritzaren batez besteko merkataritza soberakina urteko 10 bilioi dolarrekoa da. Oso teknika modernoak baliatzen ditu, eta bederatzi milioi pertsona inguru enplegatzen ditu nekazaritza gaien produkzio, eraldaketa, ontziratze, garraio, banaketa eta esportazioetan. Gai askotan da munduko estatu ekoizle nagusietako bat (lehena artoan eta soian) [1996]; tropikoetako gaiak baino ez ditu falta (kafea, bananak, kakaoa, etab.).

Garai batean beltetan zegoen nekazaritza antolatua, gai bakarra lantzen zuten eraztun edo eskualdeetan alegia (Dairy Belt, esnearena; Wheat Belt, gariarena; Corn Belt, artoarena; Tobacco Belt, tabakoarena; Cotton Belt, kotoiarena), baina egitura hori aldatzen ari da. Ekialdean eta Aintzira Handien eskualdean merkatu urbanorako gaiak lantzen dira, eta hegoaldean, berriz, kotoiak eta tabakoak atzera egin dute eta lekua utzi diete soiari, fruitu eta lekariei, kakahuete eta bazkarako gaiei.

Laborantza da oraindik ere nagusi Middle Westen, baina arto-soia-abere hazkuntza hirukotea ari da gaur nagusitzen. Mendebalde idorrak arrantxoen eskualdea izaten jarraitzen du, baina eremu ureztatuen gehitzeari esker, hirientzako balio handikoak diren gaiak hasi dira lantzen. Arrakasta horiek, ordea, badituzte beren alde txarrak ere: estatuak nekazaritzari ematen dion laguntza kostu handikoa da, nekazari askok zorra handiak dituzte, eta txikienak egoera larrian daude; nazioarteko egoerak bestalde eragin handia du nekazaritzaren orekan (gariaren esportazioan bereziki), eta lurrak erein gabe uztea da sarritan produkzio gehiegiaren kontra borrokatzeko modu bakarra. Basogintzaren ere Estatu Batuak dira munduko lehenak, eta bosgarrenak arrantzan (1995), baina hala ere beharren erdia baino ez dute asetzen alor horretan.

Industria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behera egin du amerikar industriak munduan izan duen pisuak: 1946an amerikar industriatik zetorren mundu osoko ekoizpenaren % 50, eta gaur egun % 20 baino gutxiago dator. Ekoizpenean, dena den, aurrenekoa izaten jarraitzen du, eta hirugarren mundu esportatzailea baino ez da gaur, Alemania eta Japoniaren atzetik. Oinarrizko industriek (burdingintza, metalurgia, kimikagintza), atzera egin dute, batez ere ipar-ekialdeko eta Aintzira Handietako Manufacturing Belt tradiziozko eskualde industrialetan, eta aldi berean oso alor garrantzitsuetan; automobilarenean eta ehungintzan adibidez, oso berregituratze sakonak egin dira.

Industria alor modernoek etorkizun ona dute: aeronautika, kimika gaiak, farmazia, eraikuntza elektrikoak eta elektronika profesionala; Estatu Batuak dira orobat aurrenekoak armagintzan. Ahulxeagoa da osagai elektronikoen eta elektronika zabalaren industrian, eta orobat etxetresna elektriko eta ikus-entzunezkoetan. Hala ere, abantaila handiak gordetzen ditu: multinazional sare garrantzitsu bat (General Motors, Ford eta Exxon munduko hiru enpresa handienak dira), teknologia aurreratuenen jabe dira, eta lehen mailako ikerketa dute. Hirugarren sektorearen garapen handiak (langileen % 71) [1994], aurreneko postua eman die Estatu Batuei jakintzaren eta informazioaren bilketa, metaketa eta banaketan, eta horiek guztiak funtsezkoak dira amerikar kulturak mundu osoan duen indar eta eraginean.

Langintza berrien eta teknologia aurreratuko industrien garapenak, turismoaren indarrak eta ingurumen hobeen bilaketak Sun Belt eskualdearen garapena erraztu dute (“Eguzkiaren Eraztuna”: Florida, Texas, Kalifornia), eta Mexikorekiko trukeen areagotzeak mugako eskualdearen hazkunde ekonomikoa ekarri du. Nolanahi ere, 1990eko hamarraldian izan da eragozpenik: zorrak, merkataritza eta aurrekontu defizitak, biztanleen parte baten pobretzea.

Europar Batasuna, Estatu Batuekin pareka daitekeen merkatu bakarra, arerio bihurtu zaie; aldi berean, Japoniaren lehiak bizirik dirau industrian eta finantzetan, eta Alemania borrokan dihardu munduko lehen esportatzailea izateko. 1994aren abenduaren 1etik aurrera, merkataritza libreko eskualde batek (NAFTA) lotzen ditu Estatu Batuak, Kanada eta Mexiko.

Garraioei dagokienez, alor askotan daude Estatu Batuak aurreneko lekuan: han dago munduko burdinbide, autobide eta errepide sarerik hoberena, auto kopuru handiena (munduko auto pribatu guztien % 25), eta bertan daude munduko hamar aireportu handienetatik zazpi.

2015ean, ia hiru milioi lanpostu berri sortu ziren AEBetan. Azken hamabost urteetan inoiz egondako enplegu sorrera handiena izan zen 2014koa. Europako arazoak urrun utzita, langabezia tasa %5,6ra eraman du Barack Obamaren politikak[6]

Garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialde hau izugarrizko lur eremua handiak dituenez, oso garrantzitsua da garraiorako azpiegitura egokiak izatea. Horregatik herrialde honetan zehar ibiltzeko errepide, aireportu, trenbide eta itsas zerbitzuak oso garrantzitsuak dira. Garraioari loturik ardura guztiak Garraiobide Sailak ditu, segurtasun izan ezik, azken hau Segurtasun Nazionalerako Sailak kudeatzen baitu.


Garraio mota Bidaiari-miliak
(milioika)
Ehunekoa
Errepidez - guztira 4,884,557 88.79%
auto eta motorraz 4,520,810 82.18%
Kamioiez 222,836 4.05%
Autobusez 162,908 2.96%
Hegazkinez 583,689 10.61%
Trenez - guztira 30,972 0.56%
Joan-etorriak 16,118 0.29%
Lanera joatea 9,473 0.17%
Aldirikoak 5,381 0.10%
Bestelakoak (adib. ferryak) 2,091 0.04%
Iturria: 2005eko Garraiobide Estatistika Bulegoak emanda.

Errepideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatuarteko autobideak (Garrantzitsuenak gorriz) Interstate Highway marker
4 5 8 10 12 15 16 17 19 20 22 24 25 26 27 29 30
35 37 39 40 43 44 45 49 55 57 59 64 65 66 68 69
70 71 72 73 74 75 76 (M) 76 (E) 77 78 79 80 81 82
83 84 (M) 84 (E) 85 86 (M) 86 (E) 87 88 (M) 88 (E) 89 90
91 93 94 95 96 97 99 H-1 H-2 H-3
Bestelakoak A-1 A-2 A-3 A-4 PRI-1 PRI-2 PRI-3

AEBetan oso garrantzitsuak dira errepideak, hauen bitartez egiten baita garraio guztiaren ia %90. Horregatik, 1950an, lehenengo estatuarteko autobideak edo Interstate highway direlakoak eraikitzen hasi ziren. Horretarako, AEB osoan zehar autobide sare bat sortu behar izan zuten, garai hartan zeuden auto kopuru handiari aurre egiteko. Orduan, Estatuarteko Autobide Sarea edo Interstate Highway System sortu zuten, herrialdeko autobide guztiak kudeatzeko. Garrantzitsuena Interstate 95 da.

Autobide edo Interstate sarea
Autobide baten seinalearen adibidea

Nahiz eta estatuarteko autobideak garrantzitsuenak diren, badaude beste autobide mota batzuk:

  • Estatubatuar autobideak: bigarren mailako autobideak dira.
  • Estatu autobideak: estatu bakoitzak duen berezko autobideak dira.
  • Konderriko autobideak: konderrietan dauden autobide txikiak dira, gehienbat.

Aireportuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aireportuak garrantzia izugarria du Ameriketako Estatu Batuetan. Munduko 30 aireportu erabilienetatik, 17 herrialde honetan daude. Halaber, munduko lehena Hartsfield-Jackson nazioarteko aireportua da. Hain herrialde handia denez, asko bidaiatzen da hegazkinez, nahiz oporretarako edo negoziorako. Ameriketako Estatu Batuetako aireportuen kudeaketaz Hegazkintza Administrazio Federala agentzia federala arduratzen da, gainera, irailaren 11ko atentatuen ondoren, aireportuetako segurtasun indarrak izugarri sendotu zituzten.

Chicagoko Midway aireportua.

Herrialdeko airelinea garrantzitsuenak Delta Air Lines eta American Airlines dira.

  • Aireportuak: 14,893 (2005)
  • Asfaltatutako lurreratze-pistak dituzten aireportuak: 5,174
  • Asfaltatu gabeak: 9,398
  • Heliportuak: 118 (1999)
AEBetako aireportu garrantzitsuenak (2008)
Aireportua Kokapena
1. Hartsfield-Jackson nazioarteko aireportua Atlanta, Georgia
2. O'Hare nazioarteko aireportua Chicago, Illinois
3. Los Angelesko nazioarteko aireportua Los Angeles, Kalifornia
4. Dallas-Fort Worth nazioarteko aireportua Dallas/Fort Worth, Texas
5. Denverko nazioarteko aireportua Denver, Kolorado

Trenez[aldatu | aldatu iturburu kodea]

New Yorkeko geltoki nagusia

Ameriketako Estatu Batuetan XX. mendeko erdira arte, trena zen garraiobiderik ezagunena eta erabiliena. Urte batzuen ondoren, hegazkin eta estatuarteko autobideen booma gertatu zenean, tren bidezko garraio izugarri gutxitu zen. Gaur egun gutxi erabiltzen den garraio izan arren, gobernuak tren-sare nazional bat mantentzen du hiri nagusien artean, adibidez New York, Washington, Boston, Chicagoren artean. Herrialdeak baditu beste inguruko herrialdeekin trenbide-loturak:

Itsasontziz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialdeak itsas portuek garrantzi handia dute merkataritza garraiorako. Horregatik, Munduko 20 portu garrantzitsuenen artean AEBetako bi ditugu: Hego Louisiana eta Houstonekoa, Texasen.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialdea aberats-aberatsa da etnia eta arraza taldeen aldetik. Izan ere, europar jatorria dutenez gain, afroamerikarrak, latinoamerikarrak eta asiarrak oso talde garrantzitsuak dira, beste hainbaten artean.

Halaber, europarrak iritsi baino lehen, herri amerindiarrak bizi ziren lurraldean, besteak beste siuxak, txeroki eta komantxeak, gaur egun oso egoera gutxitu eta baztertuan daudenak.

Azkenik, aipagarria da Euskal Diasporak herrialde honetan daukan presentzia, hainbat euskal etxe baitago barreiatuta North American Basque Organizations (NABO) erakundeak batuta.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzak (2005)
Ingelesa (bakarrik) 216,2 milioi
Gaztelania 32,2 milioi
Txinera 2,3 milioi
Frantsesa 1,9 milioi
Tagalog 1,4 milioi
Vietnamera 1,1 milioi
Alemana 1,1 milioi

Ameriketako Estatu Batuetako hizkuntza nagusia ingelesa da. Biztanleria osoak hitz egiten du hizkuntza hau. Hala ere, herrialde honetan ez dago hizkuntza ofizialik, ingelesa de facto baita ofiziala.

Bigarren hizkuntzarik mintzatuena aldiz, gaztelania da, eta hirugarrena txinera. 2005ean %81ek ingelesa hitz egiten zuen etxean eta gaztelania %12k. Gaur egun, gaztelania da AEBetako eskoletan bigarren hizkuntza bezala gehien erakusten dena. Gaztelania gehienbat hegoaldean hitz egiten da Mexikoren gertutasunagatik.

Nahiz eta ingelesa "berez ofiziala" izan, Hawaiin hawaiiera ere ofiziala da. Louisianako estatuan ere frantsesa da ofiziala ingelesarekin batera. Estatu Batu Kontinentaletatik kanpo, Puerto Rico eta Guamen gaztelania da nagusi eta ofiziala, eta beste uharteetan bertako hizkuntzak ere onartzen dira.

Hizkuntza indigenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuetako amerindiarrek ere beren hizkuntzak mantentzen dituzte, baina hiztun oso gutxirekin eta duela bi menderekin alderatuta, hizkuntza indigenetako asko desagertu egin dira gaur egun. Hauek dira hizkuntza indigenetan nagusienak: Navajo, Dakota, Erdialdeko alaskar Yup'ik, Txeroki, Mendebaldeko apatxe, Piman, Txoctaw, Keres, Zuni, Ojibwe

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nuvola apps kappfinder.png Zerrenda: Ameriketako Estatu Batuetako hiri nagusien zerrenda


Biztanleria datu orokorrak (2009 est.)
Herrialdea Biztanleria Dentsitatea Hiririk handiena Biztanleria
Ameriketako Estatu BatuakAmeriketako Estatu Batuak 306.070.000 31 biz/km2 New York 8.250.567
Hiri nagusiak
Postua Hiria Estatua Bizt. Metropoliar gunea Metr. guneko bizt. Eskualdea
New York Hiria
New York City
Los Angeles
Los Angeles
1 New York Hiria New York 8,250,567 1 18,818,536 Ipar-ekialdea
2 Los Angeles Kalifornia 3,849,378 2 12,950,129 Mendebaldea
3 Chicago Illinois 2,833,321 3 9,505,748 Mendebalde Erdialdea
4 Houston Texas 2,169,248 6 5,539,949 Hegoaldea
5 Phoenix Arizona 1,512,986 13 4,039,182 Mendebaldea
6 Philadelphia Pennsylvania 1,448,394 5 5,826,742 Ipar-ekialdea
7 San Antonio Texas 1,296,682 29 1,942,217 Hegoaldea
8 San Diego Kalifornia 1,256,951 17 2,941,454 Mendebaldea
9 Dallas Texas 1,232,940 4 6,003,967 Hegoaldea
10 San Jose Kalifornia 929,936 30 1,787,123 Mendebaldea
2006ko Errolda Bulegoaren arabera

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuetako kulturak entzute handiko eta goi mailako artistak eta idazlek izan ditu. XIX. mendeko literatura alorrean gailendu ziren idazleak dira, beste askoren artean, Mark Twain, Edgar Allan Poe, Herman Melville, Walt Whitman eta Henry James. XX. mendekoen artean aipatzekoak dira Ernest Hemingway, William Faulkner, John Steinbeck, H. L. Mencken, F. Scott Fitzgerald, Norman Mailer, Saul Bellow.

Antzerkigile nagusietakoak Eugene O’Neill eta Tennessee Williams dira. Olerkari ospetsuak dira: Ezra Pound, T. S. Eliot eta Robert Frost. Hala ere zinemagintza izan da mundu osoan eragin handienen izan duen kultura alorra; Howard Hawks, George Cukor, Orson Welles, Frank Capra, John Ford eta John Huston ospe handiko zinea zuzendariak dira. Estatu Batuetako herri musika ere mundu guztira hedatu da: Duke Ellington (jazz), Albert King (blues), Hank Williams (country) eta, batez ere, Elvis Presley (rock and roll), beste askoren artean.

Jaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaiegunak
Data Izena euskaraz Bertako izena
Urtarrilaren 1a Urteberri-eguna New Year's Day
Urtarrilaren 3. astelehena Martin Luther Kingen eguna Martin Luther King, Jr. Day
Otsailaren 3. astelehena Presidenteen eguna Presidents' Day
Maiatzaren 2. igandea Amaren eguna Mother's Day
Maiatzaren azken astelehena Gomutazko eguna Memorial Day
Ekainaren 3. igandea Aitaren eguna Father's Day
Uztailaren 4a Independentziaren eguna Independence Day
Irailaren 1. astelehena Lanaren eguna Labor Day
Urriaren 2. astelehena Arrazaren eguna Columbus Day
Urriaren 31a Sorginen gaua Halloween
Azaroaren 11a Beteranoen eguna Veterans' Day
Azaroaren 4. osteguna Esker emate eguna Thanksgiving
Abenduaren 25a Eguberria Christmas

Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beisbola, saskibaloia eta amerikar futbola dira jarraitzailerik gehien duten kirolak. Mundo osoan oso ezaguna da NBA saskibaloi liga, esate baterako.

Bestela, AEBetako Irekia tenis txapelketa prestigioduna da halaber.

Gobernua eta hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Ameriketako Estatu Batuetako gobernu sailak», «2008ko Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeak» eta «Ameriketako Estatu Batuetako gobernua»

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernua, konstituzio estatubatuarrak ezarria, 50 estatu, Columbiako Barrutia, Puerto Rico, Birjina uharte amerikarrak, Amerikar Samoa, Iparraldeko Mariana Uharteak eta Guameko uharteek osatzen dute errepublika federala da.

Ameriketako Estatu Batuetako gobernu federalaren tamaina eta botereengatik, munduko botere handienetako gobernu bezala ezagutzen da. Horregatik, Herrialdeko presidentea munduko pertsonarik boteretsuenetarikoa bezala ezagutzen da.

Segurtasuna eta Inteligentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Polizia Ameriketako Estatu Batuetan» eta «Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Nazionalerako Saila»

Segurtasun indarrak Ameriketako Estatu Batuetan justizia kriminalaren sistemako hiru osagaietako bat da kartzela eta auzitegi sistemekin batera. Herrialdean 5 maila ezberdinetako polizia agentziak daude: federalak, estatukoak, konderrikoak, udalerrikoak eta polizia talde bereziak.

Indar armatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Ameriketako Estatu Batuetako Indar Armatuak», «Pentagonoa» eta «Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa Saila»

Indar Armatuak, zuzenean Defentsa Sailaren ardurapean daude eta 5 gorputz edo armadatan banatzen dira.

Euskal diaspora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal estatubatuarrak»

Ameriketako Estatu Batuetako 2000ko erroldan, 57.793 estatubatuarrek alde bateko edota euskal jatorri osoa dute. Euskal estatubatuar gehien dituzten estatuak Kalifornia (20.868), Idaho (6.637), Nevada (6.096), Washington (2.665) eta Oregon (2.627) dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   38. araua - Munduko estatu-izenak, Euskaltzaindia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0038.pdf. Noiz kontsultatua: 2010-05-22 .
  2. Adams, J.Q., and Pearlie Strother-Adams (2001). Dealing with Diversity. Chicago: Kendall/Hunt. ISBN 0-7872-8145-X.
  3.   World Factbook: Area Country Comparison Table, Yahoo Education, http://web.archive.org/web/20080208233209rn_1/education.yahoo.com/reference/factbook/countrycompare/area/3d.html. Noiz kontsultatua: 2007-02-28 .
  4. Raskin, James B. (2003). Overruling Democracy: The Supreme Court Vs. the American People. London and New York: Routledge, pp. 36–38. ISBN 0-415-93439-7.
  5.   «Table 1: Annual Estimates of the Population for Incorporated Places Over 100,000, Ranked by July 1, 2008 Population: April 1, 2000 to July 1, 2008» (CSV), 2008 Population Estimates (Errolda Bulegoa, Biztanleria Dibisioa), 2009-07-01, http://www.census.gov/popest/cities/tables/SUB-EST2008-01.csv. Noiz kontsultatua: 2009-07-01 .
  6. (Euskaraz)  Ia hiru milioi lanpostu berri daude AEBetan, Berria, 2015eko urtarrilaren 9a, http://www.berria.eus/paperekoa/2091/015/001/2015-01-10/ia_hiru_milioi_lanpostu_berri_daude_aebetan.htm .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ameriketako Estatu Batuak Aldatu lotura Wikidatan
Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Ameriketako Estatu Batuak
AEB wikiproiektua.svg
Wikiproiektu bat abian da
Ameriketako Estatu Batuak gaiari buruz.


Amerikako herrialde eta lurraldeak
Ipar Amerika eta Karibea
LocationNorthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu BatuakAntigua eta BarbudaBahamakBarbadosBelizeCosta RicaKubaDominikaDominikar ErrepublikaEl SalvadorGrenadaGuatemalaHaitiHondurasJamaikaKanadaMexikoNikaraguaPanamaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakTrinidad eta Tobago


Dependentziak: Groenlandia (Danimarka) • GuadalupeMartinikaSaint BarthelemySaint MartinSaint Pierre eta Mikelune (Frantzia) • Aruba · Holandarren Antillak (Herbehereak) • Aingira · Bermuda · Birjina uharte britainiarrak · Kaiman uharteak · Montserrat · Turkak eta Caicoak (Erresuma Batua) • Puerto Rico · Birjina uharte amerikarrak (Ameriketako Estatu Batuak)

Hego Amerika
LocationSouthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: ArgentinaBoliviaBrasilTxileKolonbiaEkuadorGuyanaParaguaiPeruSurinamUruguaiVenezuela


Dependentziak: Guyana Frantsesa (Frantzia) • Falklandak (Erresuma Batua)