Erromatar Inperioa
|
Erromatar Inperioa |
|||||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| K. a. 27 – 476
Autokrazia |
|||||||||
|
|
|||||||||
Erromatar Inperioaren kokapena |
|||||||||
| Zesar Augusto enperadore bihurtzen da | K. a. 27 | ||||||||
| Ezeztatua | 476 | ||||||||
| Hiriburua | Erroma | ||||||||
| Hizkuntza(k) | Latina | ||||||||
| Eremua | 6.000.000 | ||||||||
| Biztanleria | 88.000.000 | ||||||||
| Goiburua | Senatus Populusque Romanus (SPQR) | ||||||||
|
|||||||||
Erromatar Inperioa (latinez: Imperium Romanum) Augustok sortutako eta hurrengo mendeetan Antzinako Erromako agintariek erabili zuten sistema politikoa da. Historialariek bitan banandu dute Erromatar Inperioa: Printzipatuan eta Dominatuan. Lehengoan, enperadoreko botere absolutua Errepublikako ohituren azpian ezkutatzen zen. Dominatuan, berriz, botere inperiala argiago erakusten zen, urrezko koroen eta errito sakratuen bidez.
Halaber, Erromatar Inperioa esapideak Erromaren menpe zegoen eremua ere adierazten du. Hiriaren hedapena inperio sortu zen baino askoz lehenago hasi zen, baina zabalkuntza handiena sistema inperialarekin lortu zen, Traianoren agintaldian hain zuzen ere. Garai horretan, erromatarrek 5.900.000 km² gutxi gorabehera zituzten haien menpe. Hortaz, Europako Antzinateko Inperiorik handiena bilakatu zen erromatarrena.
Eduki-taula |
[aldatu] Sorrera
K. a. I. mendearen erdialdean, Julio Zesarrek, Ponpeiok eta Krasok hitzarmen sekretua, Lehen Triunbiratoa, osatu zuten, Errepublika haien menpe gera zedin. Nolanahi ere, jelosiak sortu ziren haien artean, eta borrokatzeari eman zioten berriz erromatarrek. Zesar, garaile aterata, diktadore bilakatu zen. Hala ere, K. a. 44an, bere laguntzaile batzuek, Brutok eta Kasiok besteak beste, Zesar hil zuten, Zesarrek monarkia berreskuratu nahi zuelakoan. Hiltzaileen kontra egiteko, Bigarren Triunbiratoa osatu zuten zesartar garrantzitsuenek: Oktaviok, Lepidok eta Marko Antoniok. Berriro, nagusitasuna bilatu nahian, haien artean mendeko hirugarren gerra zibila piztu zen. K. a. 31n, Actium batailaren ostean, Oktavio Erromako buru bakarra bihurtu zen.
Arerio guztiak garaituta, Augustok botere osoa bereganatu zuen, Errepublikako ohiturei eta erei eutsi bazien ere. Ondorengoa, Tiberio, hautatu zuen, Julio-Klaudiar leinua sortuz. Erromaren menpeko lurraldea zabaldu zen, eta barneko segurtasunak jarraitu zuen, enperadoreen ustelkeriak ustelkeria.
[aldatu] Gailurra
Flaviar leinuak lekukoa hartu zuen. Hurrengoa Antoniar leinua izan zen, zeinekin Inperioak zenit politiko, ekonomiko eta kulturala lortu zuen. Traianok, Dazia konkistatzerakoan, hango urre-meatzeak bereganatzeaz gain, Inperioko zabalkuntza handiena lortu zuen.
180 eta 235 bitartean, Severar leinuan zehar, armadak gero eta botere gehiago eskuratu zuen. Ondorengotza armada edo Pretoriar Goardiaren esku geratu zen. Beste kausa batzuekin batera, horrek III. mendeko krisialdia eragin zuen.
Krisialdia Dioklezianok Tetrarkia osatu zuenean bukatu zen. Inperioa lau zatitan banatu zuen, errazago goberna zezaten. Hala ere, aldi bereko enperadoreek haien kontra borrokatu zuten gailentasunaren bila. Teodosioren heriotzarekin, betiko erdibitu zen Inperioa. Mendebaldeko erdia, barbaroen etengabeko erasopean 476ko irailaren 4an desagertu zen, Odoakro germaniarrak azken enperadorea, Romulo Augustulo boteretik bota zuenean. Ekialdeko erdiak zorte handiagoa izan zuen. Bizantzioko Inperioa bihurtuta (hiriburua Bizantzion edo Konstantinoplan baitzegoen) 1.000 urte gehiago iraun zuen.
[aldatu] Erromatar Inperioaren gainbehera
Arbogasto jenerala eta Eujenio haren gramatikazko irakasleak Balentiniano II. enperadorea 392an hil egin zuten. Arbogasto jenerala jentila zen eta jentiltasuna Erroman berrezarri nahi zuen. Hala ere, inperioren ekialdeko zatian beste enperadorea zeukaten, Teodosio I. alegia. Beraz, armada bat prestatu zuten eta haren aurka egitea erabaki zuten. 394. urtean bi armadek elkar borrokatu zuten Frijido ibaian. Teodosiorenak garaitu zuen eta Eujeniori burua moztu zioten. Arbogastok bestalde, bere buruaz beste egin zuen. Hala, inperioak berriro buru bakar bat izan zuen: Teodosio.
Honek mendebaldean Estilikon jenerala jarri zuen. Hark barbaro jatorria zeukan 395. urtean Teodosio I.a zendu zen Milanen, inperioaren hiriburua zena. Bere heriotzarekin batera inperioaren betirako zatiketa etorriko zen. Bi seme gazte-gazteak zituen: Honorio eta Arkadio. Biek ezin zuten gobernatzerik oraindik eta hura zela kausa jeneral bana zeukaten tutore gisa. Honoriori mendebaldea zegokion eta esan dugunaren arabera Estilikon zeukan tutore. Ekialdea bestetik, Arkadiori egokitu zitzaion eta Flabio Rufino zeukan tutorea.
[aldatu] Gobernu sistema
[aldatu] Enperadorea
Enperadorearen botereak legezko oinarria zeukan, tribunoen eta prokontsulen botereak baitzituen (potestas tribunicia eta imperium proconsulare). Tribunoen botereak (Errepublikako plebeko tribunoen bezalakoak) enperadore sakratu bilakatzen zuten, eta Erromako gobernu zibilaren gaineko ahalmena ematen zion, tartean Senatuko burua izatekoa eta hango bilkurak zuzentzekoa.
Prokontsulen botereak (Errepublikako gobernatzaile militarren bezalakoak) agintea ematen zion erromatar armadaren gainean. Halaber, Errepublika garaian Senatuari eta biltzarrei eman zitzaien botereak zituen enperadoreak, besteak beste, gerra deklaratzeko eskubidea, edo itunak berrestekoa, edo kanpoko liderrekin negoziatzekoa.
Lehen zentsoreek egiten zituzten betebeharrak ere egiten ahal zituen enperadoreak, hala nola senatuaren kidetza kontrolatzea. Horretaz gain, enperadoreak instituzio erlijiosoak zituen bere mende, zeren, enperadorea izanik, Pontifex Maximus titulua baitzeukan eta lau apezetxe nagusietako kidea baitzen.
Legezko xehetasun horiek Inperioaren lehendabiziko urteetan zehar zehaztu ziren, baina, denborak aurrera egin ahala galdu egin ziren, eta enperadorearen boterea gero eta monarkikoagoa bilakatu zen. Praktikan, enperadorearen botere eta autoritate nagusia armada bere mende izateak ematen zion. Enperadoreak ordaintzen zien soldaduei, eta horiek, urtero, zin egin behar izaten zioten.
Enperadorea hiltzen zen bakoitzean, egonezina nagusitzen zen modu batean edo bestean. Teorian, senatuari zegokion hurrengo enperadorea izendatzea, baina enperadore gehienek hautatu zuten ondorengoa, gehienbat senide bat. Enperadore berriak bilatu behar zuen gizarteak eta armadak onartzen zutela, panorama politikoa egonkortzeko.
[aldatu] Ikus, gainera