Bakaiku
|
Bakaiku |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Bakaiku | ||
| Estatua Erkidegoa Merindadea Eskualdea |
Espainia Nafarroako Foru Erkidegoa Iruñeko merindadea Burunda, Sakana |
||
| Alkatea | Ion Tabar Cayuela (Bildu) | ||
| Herritarra | bakaikuar | ||
| Koordenatuak | 42°53′33″N 2°6′7″W / 42.8925°N 2.10194°WKoordenatuak: 42°53′33″N 2°6′7″W / 42.8925°N 2.10194°W | ||
| Eremua | 11,81 km2 | ||
| Garaiera | 531 m | ||
| Distantzia | 42 km Iruñera | ||
| Posta kodea | 31810 |
||
| Biztanleria | 338 bizt (2009) | ||
| Dentsitatea | 28,62 bizt/km² | ||
Bakaiku Nafarroako ipar-mendebaldeko udalerri bat da, Sakanako eskualdekoa, Burunda haranekoa. Iruñetik 45 kilometrora dago, itsas mailatik 519 metro gorago, eta 1117 hektareako azalera hartzen du. Mugakide ditu iparraldean Ataun, ekialdean Etxarri Aranatz, mendebaldean Iturmendi eta hegoaldean Urbasa ditu mugak.
Bakaiku zeharkatzen dute Iruñetik Altsasura doan autobideak eta trenbideak zeharkatzen dute, eta herriaren erdigunetik pasatzen den N-240 errepideak. Burunda ibaiak (Arakil ibaia) ere zeharkatzen du herria.
Bakaikuk bi auzo nagusi ditu: errepideak zatitzen dituen Angoia eta Anbehea auzoak, hain zuzen. Errepidearen bazterretan daude dendak eta udaletxea. Herriaren iparraldean, ibaiaren bestaldean, industrigunea dago, eta hainbat baserri edo etxe solte ditu inguruan.
Eduki-taula |
[aldatu] Ingurune naturala eta kokalekua
Burundako beste herriek bezala, hiru zati nagusitan banatu daiteke; bere iparraldean Urbasako mendilerroa, 1.180 metrotan, Paleozenoko kareharrizko haitzekin, eta iparralderantz beherako malda egiten du, Arakilgo ibai arroraino. Arakil ibaitik iparraldera, tupa-harearrizko mendigunea egiten du, Irumugeta dermioraino, bertan Gipuzkoak (Ataun), Etxarri-Aranatzek eta Bakaikuk muga egiten dute.
Horrela, baso zati gehiena, pago eta haritzez osatua dago, batia elorri eta gaztainondoz ere. Ibaian, berriz, makalak, haltzak, lizarrak eta zumarrak hazten dira.
[aldatu] Klima
Bakaikuko klima, azpiatlantiko motakoa da, eta nahiz eta uda lehor puntu bat izan, urteko batez besteko prezipitazioak 1.400-1.600 mm bitartekoak dira. Neguak hotzak eta udak epelak izaten dira, batez besteko tenperatura 10 eta 12 gradu artekoa izanik. Urteroko egun euritsuak 120-140 inguru izaten dira, eta 10-12 egunetan elurra jausten da.
[aldatu] Ekonomia
Ekonomia, tradizionalki abeltzaintzan eta nekazaritzan oinarritu da. Nekazaritzan, famili ustiapen estentsiboak nagusitu dira, eta soro txikiz osatutako azalera nagusitu da, XX. mendeko lur-zatien kontzentraziora arte. Abeltzaintzan ere, estentsiboki familiaka lan eginda, azpiegiturak sortu zituzte, adibidez; artzain bordak Burunda gainean Urbasan sartuta, edo andretxe izenekoak, neguan abereak babesteko sortutako harri eta egurrezko eraikuntzak.
Bi lanbide nagusi hauetaz gain, betidanik artisautzak ere garrantzia izan du herrian, gaur egun oraindik altzariak egin eta hauen tailan aritzeko artisau familia badago, zeinetik Jose Ramon Anda eskultoreak bere oinarriak hartu zituen. Baita ilarrrontziak edo ilarrezko erratzak egiten dituen Agustin Larraza artisaua.
Bakaikuk tren geltokia du, azken urteetan erabilerarik eman ez bazaio ere
Gaur egun, herriko ekonomia jarduera garrantzitsuena industria sektorekoa da, 1970eko hamarkadan ezarri zen garabi fabrikarekin (GH Guema SA). Hortxe lan egiten dute Bakaikuko eta inguruetako 60 langilek.
Zerbitzuei dagokienez, herrian bi taberna, denda txiki bat (estankoa) eta botika aurki daitezke, horrez gain, bi landaetxe eta Euskara Barnetegia dago.
[aldatu] Historia
Herriko aztarna zaharrenak, Irumugeta inguruan aurkitu ziren trikuharri eta tumuluak dira, bai eta Aizkozar inguruan aurkitutako Neolitikoko aizkora ere.
Herriaren lehen aztarna idatziak XII. mendekoak dira, hala ere, erdi aroraino beste herri bat izan zela jasota dago, Iturrun, S. Benito inguruan. Herriko armarria, Antso Indartsuak emandako forutatik kokatu daiteke.
[aldatu] Demografia eta biztanleria
| 1897 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2006 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 464 | 509 | 502 | 424 | 417 | 418 | 437 | 425 | 391 | 360 | 358 | 348 | 340 |
2008ko erroldaren arabera, hiru etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %0,89a (Nafarroako batez bestekoaren azpitik).
[aldatu] Arkitektura
Herri erdian, San Juan Bautistaren eliza dago, XVI. mendean kokatzen delarik, bobedaz kubritutako nabe batez osatzen da, kanpoan kontrafuerte sendoz inguraturik dago. San Juani dedikatutako erretaula handi bat du barruan, rokoko estilokoa izanik, zuzenki arkitektonikoko mugimendu handia du. Horrez gain, Sakristiako lababoa, ondoko erretaulak, altareko frontala, kalizeak eta neveta azpimarratzen dira.
Herriaren erdian baita ere, XIX. mendeko baseliza bat dago, Donejakueri eskeinitakoa, garai horretako ezaugarriak dituela.
Herritik kilometro batera, S. Benitoko baseliza dago, Urbasa azpian, XVII. mendekoa izaki, estilo barrokoa duen erretaulatxo bat du.
Urbasa gainean dagoen Santa Marina baseliza dago azkenik, oinarri erromanikokoa, monumentu megalitikoez inguratutako zonaldean kokaturik, Iturmendirekin konpartitzen duen baseliza da, XVIII. mendean zaharberritua, bolborin karlista izandakoa da (lehertu zen).
Arkitektura ez erlijotsuari dagokionez, herria batez ere etxe handiz osatua dago, harlanduaren erabilera dutela, eta normalean puntu erdiko arku batek etxearen sarrera adierazten du. Eliza ondoan, etxe batean, XVII. mendeko arku hirukoitz batez inguratutako dintela dago, eta, barroko garaiko ezkutu handi bat du gainean. Herriko hainbat etxek ere, badute harriz landutako ezkutuak.
[aldatu] Politika
[aldatu] Udal hauteskundeak
2007an Nafarroa Bai alderdiko Eduardo Urrestarazu atera zen alkate. Udaleko zazpi zinegotziak lortu zituen, ezker abertzalearen zerrenda Espainiako Auzitegi Nazionalak legez kanpo utzi eta gero. Baliogabeko botoak 102 izan ziren (emandako guztien %40,80a) eta zurizko 12 boto izan ziren (botoen %8,11a). Abstentzioa %14,68koa izan zen.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| Nafarroa Bai | 136 | 7 |
2011n Bildu izan zen aurkeztutako zerrenda bakarra; 124 boto, 7 zinegotziak eta alkatetza (Ion Tabar) erdietsi zituen.
[aldatu] Udaletxea
Udaletxea 1986. urtean eraberritu zen, batez ere fatxadak eta sarrera. Udal bulegoak eta udalbatza beheko solairuan daude eta lehen solairuan, medikua, albaitaria eta herriko langile batentzako etxebizitza bat.
Udaletxea alkatea eta sei zinegotzik osatzen dute eta bertako idazkaria Iturmendiko idazkari ere bada.
- HELBIDEA: Santio Plaza, 1
[aldatu] Bakaikuko alkateen zerrenda
| Legegintzaldia | Alkatea | Alderdi politikoa |
| 1979-1983 | José Miguel Ondarra | AIB (indep.) |
| 1983-1987 | José Manuel Etxeberria Solís | Bakaikuko Herria |
| 1987-1991 | José Manuel Etxeberria Solís | Herri Batasuna |
| 1991-1995 | Francisco Javier Aiestaran Erdozia | Herri Batasuna |
| 1995-1999 | Nicanor Ansó | Eusko Alkartasuna |
| 1999-2003 | José Manuel Etxeberria Solís | Euskal Herritarrok |
| 2003-2007 | Javier Angel Anda Landa | Txunkai |
| 2007-2011 | Eduardo Urrestarazu Fernández | Nafarroa Bai |
| 2011- | Ion Tabar Cayuela | Bildu |
[aldatu] Jaiak eta Ospakizunak
- Uztailaren 24a: Herriko jaiak Santiagotan ospatzen dira. Uztaila bukaeran, 5 jai egun hartzen dute herriko jaiek.
- Ekainaren 25a: San Juan eguna, herriko beste jai eguna da, herriaren Patroia.
- Santa Marina: Ekainaren lehen asteburuan, herrian ospatzen diren jaietatik esanguratsuena, errromeria soil bat iruditu arren, Urbasako txoko horretara igota; Bakaiku eta Iturmendi herrien arteko jaia da, eta urtero aipatutako herrietako batek antolatzen du, goiz eta eguerdian Trinitate baselizaren inguruan ibili ondoren, arratsaldean herrietako batera jaisten dira festarekin jarraitzeko.
[aldatu] Euskalkia
Bakaikuk, badu bere euskalkia, Bakaikuera, Burundako euskalkiaren barne kokatzen da. Gipuzkera, Mendebaldeko Nafarrera eta Arabako lautadan hitz egiten zen euskara zaharraren trazu hainbat gorde arren, oraindik ere, ez dute lortu euskalki talde nagusiren batean kokatzea.
Ondare hau, gero eta pertsona gutxiagok dute, batez ere, 60 urtez gorako bertan jaiotako Bakaikuarrek dakite, eta galtzera kondenatua dagoen beste euskalkitako bat da. Hainbat lan argitaratu dira, esanguratsuenak, Aita Patxi Ondarra Bakaikuko Euskaltzaina zenarena edo Jose Luis Erdozia Mauleon Etxarriar filologo eta Euskaltzain urgazlearenak. Momentu honetan, 1980 urtetik aurrerako gazte guztiek dakite euskara, eta erabilera oso gutxinaka bada ere, berreskuratzen ari da.
[aldatu] Ohiturak
Herrian, badaude hainbat ohitura aipagarri. Ikusgarrienetakoa, Maiatza dugu, hau, Maiatzaren 1ean, Urbasara igo, eta ia Sakana osotik ikus daitekeen pago enbor luze eta handia haitz baten puntan jartzean datza, lan guztian eskuz egiten da, eta teknikoki oso zaila.
San Joan egunean ere, herrian beste maiatza bat jartzen dute herritarrek, baina hau azken urtetan gruaz jarri da arriskuagatik, nahiz eta berriro eskuz jartzeko saiakerak egon.
Herrian ere, Ihauteriek garrantzia eta ospea irabazi dute, azken urteetan Bakaikuko Gazte Asanbladaren eskutik berreskuratu zirenetik, kamarro pertsonaia protagonista da. Bazkari baten ostean, jantzi eta herriari buelta ematen diote kamarroek.
[aldatu] Bestelakoak
2006an Bakaikun burutu zen Europako Ikasle Foroaren lehenengo bilera. Bertan onartutako testuak Bakaikuko Adierazpena izena hartu zuen.
[aldatu] Azpiegitura eta garraioak
La Burundesa autobus konpainiaren Sakanako herriak elkartzen dituen Gasteiz-Iruñea lineak geltokia dauka herrian. Guztira hiru zerbitzu izaten dira norabide bakoitzean. Linearen ibilbidea honakoa da:
- Gasteiz - Ilarratza - Argomaiz - Agurain - Munain - San Roman - Ibarguren - Andoin - Olatzagutia - Ziordia - Altsasu - Urdiain - Iturmendi - Bakaiku - Etxarri Aranatz - Arbizu - Lakuntza - Arruazu - Uharte Arakil - Irañeta - Ihabar - Hiriberri - Etxarren - Irurtzun - Eritze - Saratsa - Añezkar - Berriobeiti eta Iruñea
[aldatu] Zerbitzuak
Bakaiku Arbizu "Etxarri Aranazko Zerbitzuen Mankomunitateko" kidea da.
[aldatu] Bakaikuar ezagunak
- Patxi Ondarra (1925-2005), apaiza eta euskaltzaina.
[aldatu] Kanpo loturak
- (Euskaraz) Patxi Ondarrak jasotako Bakaikuko euskal hitzak eta esaerak
- (Gaztelaniaz) Bakaikuri buruzko informazioa Nafarroako gobernuaren webgunean.
- Bideberrialde kalearen ikuspegia Google Street View-n.
| Burundako udalerriak | ||
|---|---|---|
|
Ziordia · Olatzagutia · Altsasu · Urdiain· Iturmendi · Bakaiku |
||
|
|||||||