Lerga

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Lerga

 Nafarroa Garaia
Izen ofiziala Lerga
Estatua
Erkidegoa
Merindadea
Eskualdea
Espainia
Nafarroako Foru Erkidegoa
Zangozako merindadea
Tafallaldea / Zangozaldea
Alkatea Ignacio Iriarte Marco
(AIL, indep.)
Herritarra lergar
Koordenatuak 42°34′2″N 1°29′59″W / 42.56722°N 1.49972°W / 42.56722; -1.49972Koordenatuak: 42°34′2″N 1°29′59″W / 42.56722°N 1.49972°W / 42.56722; -1.49972

[[Fitxategi:|300px]]

Eremua 21,76 km2
Garaiera 618 m
Distantzia 52 km Iruñera
Posta kodea 31494
Biztanleria 74 bizt. (2012)
Dentsitatea 3,4 bizt./km²
www.lerga.es http://www.lerga.es www.lerga.es

Lerga[1] Nafarroako udalerria da. 2012ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, Lergak 74 biztanle ditu. Nafarroako hiriburutik 52 kilometrora kokatzen da.

Inguru naturala eta kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lerga Zangozako merindadearen hegoaldean kokatzen da, Erriberriko merindadearekin mugan. Herrira heltzeko NA-234 errepidea hartu behar da Tafallara heldu arte, eta ondoren, San Martin Unxera doan ezkerreko errepidea. Lizarra eta Zangoza bitarteko NA-132 errepideak zeharkatzen du herria. Herria gune menditsu baten erdian kokatzen da, eta tontor handienen artean, Txutxu mendia (932 metro) nabarmentzen da.

Lergak Leotzekin egiten du muga iparraldean eta mendebaldean, Eslabarekin ipar-ekialdean eta ekialdean, eta Uxuerekin eta San Martin Unxekin hegoaldean. Tren geltokirik hurbilena Tafallan dago, Lergatik 18 kilometrora. Lergako lurretan baina Elizaren aldetik 'Eslabari lotua Epaiz (espainieraz Abaiz) herri hustua dago[2][3].

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lergako klima tarteko mediterraneoa da, ñabardura kontinentalarekin. Neguak hotzak eta euritsuak dira, eta udak beroak eta lehorrak. Urteko batez besteko prezipitazioak 500-600mm ingurukoak dira. Herrigunetik kanpo, itsasoaren mailatik 612 metrora, Nafarroako gobernuak 1974an jarritako estazio meteorologikoa dago.[4]

Jatorrian Lerga inguratzen zuten hariztiak galdu egin dira gizakiaren eraginez, eta gaur egun XIX. mendetik aurrera birlandatutako larizio pinua (Pinus nigra) eta Austriatik ekarritako pinu beltza baino ez dira gordetzen (guztira 150 hektarea).

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lerga baskoien eremuan zegoen. Bertan hilarri ospetsu bat aurkitu zen, zaldun, lantzari eta beste irudi baten azpian izkribu bat dakarrena. Horri esker, II. edo III. mendean Lergan euskaraz egiten zela ziurta dezakegu. Erdi Aroan zehar, Lerga jaurerri bihurtu zen, eta horrela 1402. urtean Lergako jauna Agramonteko Ogerot zen, Bardosko Ogerot eta Elena, Mauleko Joanen Erradako jaunaren alabaren semea alegia.

1456an, Nafarroa gerra zibilean zegoela, Juan II.a erregeak, zergak ordaintzetik salbuetsi zituen Lergarrak, herriak jasandako pobrezia eta utzikeria zela eta. Dena den, zergak ordaintzeko salbuespenaren ordainetan, herritarren esku geratu zen gotorlekua defendatzeko ardura eta erantzukizuna. XV. mendearen erdialdera, San Gines monasterioa eraiki zen (gaur egun eraikinaren hondarrak baino ez dira geratzen). Monasterioko aztarnen artean, bertan bizi ziren fraideen arrastoak dituen hilobia dago.

XIX. mendearen erdialdera arte, herria alkateak eta bi zinegotzik gobernatu zuten, erregeordeak izendaturik. Bitartean, herriko abadea, lergarrek aukeratzen zuten. 1927. urtean Lergako 52 biztanlek, lur-eremu handia erosi zioten Gendulaingo Kondeari, guztira sei mila arroa, zerealen landaketarako eta larre moduan erabiltzeko. Herritarrek guztira 130.000 ogerleko ordaindu zizkioten kondeari. Hasieran, Madrilen bizi zen kondeak ez zizkien lurrak saldu nahi izan, baina Auspicio Precioso Corera abadearen laguntzari esker, lurren salmenta sinatu egin zuen, azkenik.

Lergako udala XIX. mendean eraiki zen, herriko plaza nagusian. Eraikina indiano aberats baten diruaren laguntzarekin eraiki zen. 1936an udalak eraikinaren heren bat erosi eta udala harlanduzko eraikin dotore hartan ezarri zuen. XX. mendean zehar Lergak biztanleriaren bi heren galdu zituen, gehienbat Iruñara lan bila joandako biztanleak. Horrekin batera, herriko biztanleria zahartu egin zen: 1955. urtean 70 neska-mutil zituen eskola 1978. urtean itxi behar izan zuten ume falta zela eta. Ordutik, haurrek Zangozako eskoletara joan behar dute egunero. Herriak dituen 2.194 hektareetatik 335ek erabilpen komunala dute.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lergako jarduera ekonomiko nagusia nekazaritza da. Hau da, herriko biztanle gehienak lehen sektorean aritzen dira. Industrian eta zerbitzuetan aritzen diren biztanleek inguruko herrietan egiten dute lan. Landatzen diren laboreen artean, zerealak, larreak, olibondoak eta mahastiak aipagarri dira.

Lergako upategia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1941. urtean sortu zen 53 bazkideren eskutik. Bazkideak mahastien jabeak dira eta 150.000 pezetako kapital soziala zeukan enpresa sortu zuten. Gaur egun, 40 hektarea mahasti garnatxa daude herrian, batez beste 75 urtetik gorako adinarekin. Mahastietako batzuk XIX. mendekoak dira, eta horiek dira filoxera izurritea gainditzeko ahalmena izan dutenak.

2003. urtean upategiaren birmoldaketa eta handitzea hasi zen. ADA Upategiaren instalazio berriak 2005eko abenduaren 15ean inauguratu ziren. ADA Upategien jabetzako mahastiek 323 hektareako azalera hartzen dute gaur egun. Garnatxa mahastiaz gain, gaur egun Merlot eta Cabernet Sauvignon mahastiak ere erabiltzen dira.

Demografia eta biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lergako biztanleria
1897 1900 1910 1920 1930 1940 1950 1960 1970 1981 1991 2001 2006
493 509 483 381 328 343 350 401 291 168 113 90 71

2008ko erroldaren arabera, ez da etorkinik bizi Lergan.

Parke eolikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako parke eolikoak»

Udalerriaren ipar-mendebaldean, Gerinda mendizerran, Nafarroako gobernuak eraikitako "Lerga" izeneko parke eolikoa dago. Parkeak duen instalaturiko potentzia 25,08 megawattekoa da. Parkearen jabea Acciona da gaur egun.

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Martin eliza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorri erromaniko berantiarreko eraikina da, 1200. urtearen inguruan eraikia. Ondorengo mendeetan, birmoldaketa sakonak egin zitzaizkion egiturari, portadari eta dorretxeari. Lau zatitan banaturiko nabe bakarreko parrokia da. Zirkuluerdi itxurako aurrealdea, XVI. mende eta XVII. mendeetan birmoldatu zen.

Elizako erretaula nagusia XVII. mendearen amaierakoa da eta itxura biribila du, absidearen zirkulu erdi itxurara egokitzeko egin zen forma horrekin. Erretaula Atarrabia eta Irozko Simonek egin zuen.

Santa Barbara baseliza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpoaldean sinbolo erlijiosorik ez duen eraikina da. Duela mende batzuk, harlau erromatarra egon zen baselizaren fatxadan, baina gaur egun, harrizko egitura Nafarroako museoan dago.

Abaizko Gurutze Santuaren eliza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eliza izen bereko herri hustuan kokatzen da. Erdi Aroan jatorria zuen herria izan zen, eta gaur egun jatorrizko elizaren sarrera eta tinpanoa kontserbatzen dira. Parrokiako bataiarria Eslabako elizara eraman zuten duela hamarkada batzuk.

San Gines monasterioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XV. mendearen erdialdean eraiki zen, Uxuerantz doan bidearen ertzean. San Ginesen omenezko basilika, tenplarien antzinako komentuaren zatia da.

Etxeak eta bestelako eraikinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Pancha etxea, Miguel eta Justo Orotz anaia pilotarien etxea izandakoa. La Cadena, Lergako errepidearen ondoan kokatzen da, herriaren sarreran. Bertan herritik igarotzeko bidesaria ordaintzen zen. Etxean, Simon Arostegi jaunak errementari izan zen duela mende batzuk.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udal hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007an AIDL herri ekimeneko Ignacio Iriarte Marco hautatu zuten alkate. Hauteskundeetara talde bakarra aurkeztu zen eta herriaren tamaina txikia dela eta pertsona bakarra aukeratu zen. Zuri emandako botoak 16 izan ziren (emandako boto guztien %33,33). Eta baliogabeko botoak 2 izan ziren (emandako botoen %4,00)

Lergako Udala (2007)
Alderdia Botoak Aukeratua?
Ignacio Iriarte Marco (AIDL) 32 Bai

2011n ere Marco atera zen alkate; kasu honetan beste bi lagun ere zinegotzi aukeratuak izan ziren, Agrupación Independiente de Lerga (AIL) taldearen izenean[5].

Udaletxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriko plaza nagusian kokatua, XIX. mendean eraiki zuen herriko dirudun indiano batek, bere etxebizitza izan zedin. 1936an udalak etxearen heren bat erosi zuen eta bertan udal bulegoak ezarri zituen. Eraikina harrizko harlanduz egina dago eta ate eta leihoetako apaindura nabarmentzen dira.

Lergako udaletxeko idazkaria, Eslaba, Ezporogi, Larraga eta Zareko idazkari ere bada.

  • HELBIDEA: San Miguel kalea z/g

Alkateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alkateen zerrenda
1979-1983
1983-1987
1987-1991
1991-1995
1995-1999
1999-2003
2003-2007
2007-2011 Ignacio Iriarte Marco AIDL
2011-2015 Ignacio Iriarte Marco AIL

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Lerga eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %3,33k zekien euskaraz hitz egiten.

Azpiegitura eta garraioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Veloz Sangüesina edo "Zangozar Azkarra" izeneko autobus konpainiak Lerga Zangoza, Iruñea eta inguruko herriekin batzen ditu. Linea nagusiak honakoak dira:

Jaiak eta ospakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztuaren 28an, San martinen omenezko herriko jaiak antolatzen dira. Jaiak, San Martinen omenezkoak izan arren, San Agustin (abuztuaren 28) egunetik hurbileneko igandean ospatzen dira.

Maiatzaren 21etik hurbilen dagoen igandean, Uxuerako erromeria antolatzen da, herritar, eta kanpotar ugarik parte hartzen dutela. Prozesioa Lergako San Martin elizan hasten da, "4 apostolatuek" hogei kilo inguruko Kristo bat garraiatzen dute. Lergako mendatea igota, Sangines monasterioaren ondotik igarotzen dira fededunak. Lau kilometroren ostean, Uxueko basilikara heltzean, Ama Birjinari kantuka hasten dira. Horren ondoren, Uxueko abadeak lergarrak agurtu eta mezatara joaten dira denak basilikara. Mezaren ostean, bazkari bat antolatzen da, eta ondoren, Ama Birjinari agur esan ostean, Lergako San Martin elizara itzultzen dira.

Azaroaren 11n, San Martin eguna ospatzen da, Lergako patroia. Berez, herriko jaiak egun horren inguruan ospatzen ziren, baina herriak biztanleria galtzean, uda garaira aldatu zituzten, herrian bizi izandako pertsona askok uda garaia herrian ematen dutelako. Gaur egun, San Martin egunean, patroia herriko kaleetara ateratzen da, eta meza eta bazkari bat antolatzen da herriko elkarteetan.

Maiatzaren 15ean, San Isidro eguna ospatzen da, herriko nekazarien omenez, Nafarroako herri txiki askotan bezala. Eguneko ospakizunik garrantzitsuena herriko elkarteetan antolaturiko bazkaria da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gazteleraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • "Una nueva estela funeraria hispano-romana procedente de Lerga (Navarra)" / A. Marcos. Revista Príncipe de Viana , no. 21 (1960): 60-
  • "Los nombres indígenas de la inscripción hispano-romana de Lerga (Navarra)" / Koldo Mitxelena. Revista Príncipe de Viana , no. 22 (1961): 65-

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lerga
Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko Wikiatlasa