Agoitz
|
Agoitz |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Aoiz <> Agoitz[1] | ||
| Estatua Erkidegoa Merindadea Eskualdea |
Espainia Nafarroako Foru Erkidegoa Zangoza Agoitz |
||
| Alkatea | Unai Lako Goñi (Bildu) | ||
| Herritarra | agoiztar/ Agoizko | ||
| Koordenatuak | 42°47′9″N 1°22′9″W / 42.78583°N 1.36917°WKoordenatuak: 42°47′9″N 1°22′9″W / 42.78583°N 1.36917°W | ||
| Eremua | 13,20 km2 | ||
| Garaiera | 504 m | ||
| Distantzia | 28 km Iruñera | ||
| Posta kodea | 31430 |
||
| Biztanleria | 2.544 bizt (2010) | ||
| Dentsitatea | 192,73 bizt/km² | ||
| http://www.aoiz.es/eu/index.aspx | |||
Agoitz Nafarroako udalerria da, gaztelaniaz Aoiz, biak ofizialak. Iruñetik 28 kmra dago. 2009ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, 2.464 biztanle ditu.
Eduki-taula |
[aldatu] Inguru naturala eta kokapena
Agoitz Zangozako merindadeko udalerria da, Longida herriak inguratzen du Agoitz, eta hortaz, Longidarekin egiten du muga Agoitzek.
Herrira NA-172 eta NA-150 errepideen bitartez ailegatzen da. Irati ibaiak herria zeharkatzen du iparraldetik hegoalderako norabidean.
[aldatu] Klima eta landaredia
Agoizko klima azpi-mediterraneoa da, urteko batez besteko tenperatura 12º eta 13º ingurukoa da, eta batez besteko prezipitazioak 800mm eta 1000mm bitartekoak. Urteko egun euritsuak 90 izaten dira normalean, eta udan, hilabete lehorra izaten da.
Jatorrizko basoetatik ezer gutxi gorde da, gizakiaren eragina dela eta. Azken mendeetan Austriatik ekarritako pinuen landaketa ez da izan inguruko udalerrietan bezain garrantzitsua, eta horrela, pinuek 100 hektareako azalera bakarrik hartzen dute; arteek, berriz, udalerriaren 221 hektarea hartzen dituzte.
[aldatu] Estazio meteorologikoa
Futbol zelaiaren ondoko oinezkoentzako igarobidearen ondoan, Agoiztik gertu, eta itsasoaren mailatik 534 metrora, Nafarroako gobernuak jarritako estazio meteorologikoa dago.[2]
[aldatu] Historia
Udalerrian aurkitutako aztarnen arabera, gizakia aspalditik bizi izan da gaur egun Agoitz kokatzen den lurretan. Herriaren kokagune zehatza erromatarren garaian finkatu zela uste da, kristo ondorengo I. mendea eta IV. mendearen artean. 924. urtean, berriz, inbasio musulmanen ondoren, Abd al-Rahman III.a kalifak herria suntsitu egin zuen.
Herriari buruzko lehen dokumentu idatzia XI. mendekoa da. Garai hartan, Erroko kondea zen Agoizko jaurerriaren jabea. Ondoren, Longida haraneko kontzeju izan zen, 1424. urtean udalerri bihurtu arte. 1479an "Hiribildu Ona" izendatu zuen Magdalena Andrea printzesak, Agoizko San Roman baselizaren aurrean sinaturiko bakea gogoratzeko asmoarekin, Nafarroako 30 urte luzeko gerra zibilaren ostean. Bake ekitaldi hartan, borrokan aritutako taldeetako buruek lurrean sartu zituzten euren ezpatak, eta horren ondorio da Agoitzek gaur egun duen armarria, 1494. urtean Katalina eta Albreteko Joan Nafarroako errege-erreginek emana.
1479an Nafarroako Gorteetan jarlekua lortu zuen herriak "hiribildu onaren" izendapenarekin batera. 1512an Gaztelako erresumak Nafarroa inbaditzean, Gongorako Charles beaumontarrak Nafarroako erresumaren aldeko jarraitzaile ugari atxilotu zituen Agoiztik hurbil. 1835ean Komptoen Auzitegia bertan behera uztean eta epai-barrutiak sortzean, Nafarroa bost barrutitan banatu zen, eta Agoitz Zangozako barrutiaren herriburu bihurtu zen. Gerra Karlistetan liberalak Agoitzen kokatu ziren, eta horrek inguruko herrietatik etorritako karlisten erasoak eragin zituen.
[aldatu] Ekonomia
XX. mendearen hasieran, Iratiko trenbidearen etorrerarekin batera, manufakturen industria garrantzitsua garatu zen herrian. Zerrategia, kimikagintzaren sektoreko industria, eta Iberiar penintsulan elektrizitatearen indarra erabili zuen lehen trenbidea besteak beste.
1990eko hamarkadaren amaieran eta 2000ko hamarkadaren hasieran, Agoizko hainbat enpresa itxi zituzten, besteak beste, Solano eta T.Color enpresak. Horrez gain, Cotalsak hainbat pertsona kaleratu zituen krisialdia zela eta.2008an Gamesak airesorgailuak ekoizteko lantegi berria eraikiko zuela esan zuen. Horretarako, Agoizko udalak herriko industrialdea handituko du. Industrialdeak 280.000 metro koadro gehiago izango ditu, eta horietatik 88.000 Gamesaren lantegi berria eraikitzeko erabiliko dira. Horrez gain, bioerregaiak ekoizten dituen beste fabrika bat zabalduko dela aurreikusten da 2009an edo 2010ean[3].
[aldatu] Industria
Nafarroako gobernuak industrialdeen eraikitzea sustatzeko sortutako Nasuinsa elkarteak industrialdea eraiki zuen Agoitzen XXI. mendearen hasieran. Azpiegituraren eraikitze lanak 2005ean hasi eta hiritartzea 2006an bukatu zen. Industrialdea NA-150 errepidearen ondoan dago, eta sarbide zuzena dauka errepidetik industrialdera.
Azalera guztira: 34.000 m2
Lursailen azalera: 17.955,31 m2
[aldatu] Demografia
| 1897 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2006 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 1.069 | 1.105 | 1.195 | 1.382 | 1.539 | 1.418 | 1.568 | 1.652 | 2.028 | 1.839 | 1.896 | 1.886 | 2.122 |
2008ko erroldaren arabera, 236 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %10,53 (Nafarroako batezbestekoaren antzekoa).
[aldatu] Ondarea
[aldatu] Erlijio monumentuak
- San Miguel arkaingeruaren eliza harrizko eraikina da. Gaur egungo itxura mendetan eginiko handitzeen ondorio da. Gurutze latindarraren oinarria, poligono itxurako aurrealdea, eta zenbait alditan eraikitako nabera zabalduriko kaperak dauzka. Egiturako zatirik zaharrena kanpandorrea da, (XV. mende ingurukoa).
Horrez gain, Agoitzek hainbat baseliza ditu:
- San Roman baseliza
- San Bartolome baseliza
- San Joakin baseliza
- Santa Engrazia baseliza
- San Juan baseliza
- San Lorentzo baseliza
- San Salbador baseliza
[aldatu] Herri monumentuak
- Udaletxea 1865. urtearen inguruan eraiki zen. Beheko solairuak eta horren gainean eraikitako beste bi solairuk osatzen dute. Eraikin hori egin baino lehen, udalak plaza nagusian izan zuen egoitza nagusia.
- Auzola edo Bidelepuko zubia. Lau begiduna da etaArtzibarrerako bidean dago, Agoizko herrigunearen kanpoaldean.
[aldatu] Kultura
Agoitzek elkarte kultural aunitz ditu:
- Angiluerreka elkartea:
Angiluerreka elkartea Agoizko kultur, gazte, kirol, gastronomia eta olgetarako elkarte bat da. 1986. urtean sortu zen eta bederatzi kultur taldek osatzen dute: Agoizko Dantzari Taldeak, Agoizko Burrunba perkusio taldeak, Angiluerreka Fanfarreak, Irati antzerki taldeak, Angiluerrekako Gaitariek, Angiluerreka Txistulari Taldeak, Mendizale taldeak eta herri-kirol taldeak. Taldeok, guztira, 150 pertsona baino gehiago biltzen dituzte. Elkarte honetatik El Tuto herri aldizkaria ere kaleratzen da, zeina herriko etxe guztietara dohainik heltzen den.
Angiluerreka Elkarteak hainbat ekimenen eragile da: Inauteriak, Angiluerrekak berreskuratu zituenak; San Isidroetako programazioaren zati handiena, elkarteak hamahiru urte baino gehiagoan Jaien Aurreko Astea antolatu duela; eta beste zenbait ekitaldi.
Elkarteak web orria ere badu bere jarduera eta historia hobeto ezagutarazteko: [1].
- Bilaketa Kultur Elkartea:
1976an sortua, elkarteko lehendakaria Salvador Gutiérrez Alcantara da. Narratiba eta poesia txapelketak antolatzen ditu.
[aldatu] Politika
[aldatu] Udal hauteskundeak
Agoizko alkatea "Agrupación Independiente de Aoiz" zerrenda eskuindarreko Francisco José Enguita Moros atera zen 2007ko udal hauteskundeetan. Udaleko hamaika zinegotzietatik, zazpi lortu zituen, eta, hortaz, gehiengo osoa udalean. Ezker abertzalearen zerrenda Espainiako Auzitegi Nazionalak legez kanpo utzi zuen. Baliogabeko botoak 378 izan ziren (emandako guztien %28,61) eta 30 boto zuri ere izan ziren (botoen %3,18). Abstentzioa %25,87koa izan zen.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| AIA | 584 | 7 |
| Nafarroa Bai | 329 | 4 |
2011n Bildu izan zen bozkatuena eta gehiengo osoa (7 zinegotzi) erdietsi zuen. AIAk 4 zinegotzi lortu zituen eta APAk (Agrupación Plural Aoiz) bat ere ez.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| Bildu | 841 | 7 |
| AIA | 453 | 4 |
| APA | 77 | 0 |
[aldatu] Udaletxea
1865ean eraiki zen. Inguruan eraikinik ez duen bi solairuko egitura da. Lehen solairuan, sarrerako atearen gainean, burdinazko belatz bat dago. Gaur egungo kokagunearen aurretik, udaletxea herriko plazan egon zen. Udala alkateak eta zortzi zinegotzik osatzen dute
- HELBIDEA: Kale Berria, 22
[aldatu] Agoizko alkateen zerrenda
| 1979-1983 | ||
| 1983-1987 | ||
| 1987-1991 | ||
| 1991-1995 | ||
| 1995-1999 | ||
| 1999-2003 | José Javier Espartza Abaurrea | AIA |
| 2003-2007 | José Javier Espartza Abaurrea | AIA |
| 2007-2011 | Francisco José Enguita Moros | AIA |
| 2011-2015 | Unai Lako Goñi | Bildu |
[aldatu] Gastronomia
"Kostrada", herriko janari tipikoa.
[aldatu] Kirolak
- Bi futbol zelai
- Herri igerilekuak
- Frontoia eta kiroldegia
[aldatu] Jaiak eta ospakizunak
Abuztuaren bigarren igandean ospatzen dira. San Isidro jaiak (maiatzaren 15a) eta San Migel jaiak (irailaren 29a) ere ospatzen dira.
Agoizko inauteriak larunbatean eta asteartean ospatzen dira. Bi pertsonaia nagusi dituzte: Maskarita (gona eta atorra loreduna, buruan lastozko kapela, aurpegia oihal batez estalia) eta Kaskabobo (jantzi koloreduna dute eta aurpegia oihal batez estalia). Herriko neskak Maskarita janzten dira eta jendeari ur lurrindua botatzen diote; mutilak, berriz, Kaskabobo jantzi eta borra astintzen dute jendearen artean. Bestalde, kalejiran ateratzen dute bi lastozko panpinak, Ziriko eta Kapusai, eta astearte arratsaldean, su ematen diote herriko plazan. Kalejiran jendeak puska biltzea egiten du (arrautzak eta txistorra), gero, tortilla egin eta jateko. Inauteri festa hau Francoren diktaduran debekatu egin zuten, harik eta 1986an Angiluerreka elkarteko dantzariek berreskuratu zuten arte, herriko zahar batzuen lekukotzaren bidez.
[aldatu] Azpiegiturak
- Enplegu bulegoa
- Epaitegia
- Guardia Zibilaren koartela
- Herri Liburutegia
- Informazio eta turismo bulegoa
[aldatu] Garraio publikoa
Autobus-linea: Río Irati Autobus Konpainia.
Ibilbidea: Agoitz - Ekai - Bilabeta - Urrotz - Lizoain - Mendiorotz - Erantsus - Ibiriku - Eguesibar - Iruñea
- Agoiztik abiatzeko orduak
| Ordua | Egunak |
|---|---|
| 09:00 | astelehenetik ostiralera |
| 10:15 | lanegunak |
| 15:00 | astelehenetik ostiralera |
[aldatu] Condaren lineak
[aldatu] Otsagabia - Iruñea
Conda autobus konpainiaren Otsagabia eta Iruñea bitarteko lineak geltokia dauka herrian. Lineak honako ibilbidea egiten du:
- Otsagabia - Ezkaroze - Orontze - Espartza Zaraitzu - Sartze - Gorza - Galoze - Nabaskoze - Irunberri - Artieda - Artaxo - Agoitz - Urrotz - Lintzoain - Erantsus - Ibiriku - Egues - Uharte - Atarrabia - Burlata eta Iruñea
[aldatu] Irunberri - Iruñea
Konpainia beraren beste linea batek Irunberri eta Iruñea batzen ditu, Irunberritik aurrera aurreko lineak duen ibilbide bera egiten du.
[aldatu] Orbaizeta - Iruñea
Orbaizeta eta Iruñea batzen dituen lineak ere Agoitz zeharkatzen du, eta honako ibilbidea egiten du:
- Orbaizeta - Orbara - Aribe - Garralda - Orotz-Betelu - Artzibar - Agoitz - Urrotz - Lintzoain - Eguesibar - Uharte - Atarrabia - Burlata eta Iruñea
[aldatu] Agoitz - Iruñea
Linea honek hiru zerbitzu baino ez ditu egunean eta Agoitz eta Iruñea batzen ditu Eguesibar, Urrotz eta Lintzoain zeharkatuz.
[aldatu] Euskara
Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera, Agoitz eremu mistoko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizialak euskara eta gaztelania dira. Nahiz eta gune mistoan errepideetako seinaleak bi hizkuntzetan egon behar duten, neurria ez da beti betetzen Agoitz inguruko errepideetan. Agoitz Longidatik banandu zenez, gaur egun Longidan behar beste euskal hiztun ez dagoenez, ibarra eremu mistotik kanpo dago.
2001ean egindako inkestaren arabera, agoiztarren %15,18 euskalduna da.
[aldatu] Agoiztar ospetsuak
- Patxi Eugi (1971-), pilotaria.
- Salvador Gutiérrez Alcántara, idazlea.
- Mariano García Zalba (1809-1869), musikaria eta musikagilea.
- Francisco Indurain Hernández (1910-1994), literatura arloko jakituna.
- Miguel Machinandiarena Sagasti, zinegilea.
- José Antonio Urbiola Machinandiarena (1937-), politikaria. Napar Buru Batzarreko lehendakaria 2004 arte. Nafarroa Baiko zuzendaritzako kidea.
- Jose Agerre (1889-1962), idazlea eta EAJko politikaria.
- Francisco Iribarren (1960-), enpresa gizona eta UPNko politikaria. Ekonomia Departamentuko kontseilaria izan zen 2007. urtera arte Nafarroako Gobernuan.
- Luis Beroiz (1943-2009), idazlea.
[aldatu] Itoizko urtegia
Agoiztik hurbil Itoizko urtegia dago. 125 metroko altuera dauka, 600 metroko zabalera eta 35 kilometrora iristen da.
Eztabaida eta gatazka franko izan dira urtegi honen inguruan, segurtasun falta dela edo lurrikarak direla.
[aldatu] Erreferentziak
[aldatu] Kanpo loturak
- (Euskaraz) Agoizko Udala
- (Euskaraz) Angiluerreka elkartea
- Agoizko Mendiburua kalearen ikuspegia Google Street View-n.
- (Gaztelaniaz) Agoitzi buruzko informazioa Nafarroako gobernuaren webgunean.