Gazteluberri

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Nafarroako herriari buruzkoa da; Lapurdiko euskal idazlea gaitzat duena beste hau da: Joan Piarres Duvoisin

Gazteluberri

 Nafarroa

Gazteluberriko armarria

Izen ofiziala Castillo-Nuevo
Estatua
Erkidegoa
Merindadea
Eskualdea
Espainia
Nafarroako Foru Erkidegoa
Zangozako merindadea
Erronkari
Alkatea José Hernández Aristu (UPN)
Herritarra gazteluberriar
Koordenatuak 42°40′42″N 1°2′40″W / 42.67833°N 1.04444°W / 42.67833; -1.04444Koordenatuak: 42°40′42″N 1°2′40″W / 42.67833°N 1.04444°W / 42.67833; -1.04444

Navarra - Mapa municipal Castillonuevo.svg

Eremua 26,42 km2
Garaiera 777 m
Distantzia 78 km Iruñera
Posta kodea 31684
Biztanleria 18 bizt (2009)
Dentsitatea 0,68 bizt/km²

Gazteluberri[1] Nafarroako udalerria da. Nafarroan biztanle gutxien dituen udalerria da: 2009ko urtarrilaren 1eko erroldan 18 biztanle baino ez zituen. Zangozako merindadearen zati, Iruñetik 78 kilometrora dago.

Eska-Zaraitzu Hondakin Solidoen Mankomunitatea, zaborra biltzeaz arduratzen da Gazteluberri eta eskualdeko beste hainbat herritan.

Eduki-taula

[aldatu] Inguru naturala eta kokapena

Zangozako merindadearen ekialdean dago. Herria muino batean dago itsasoaren mailatik 800 bat metrora, eta gorengo puntura ailegatzeko 3,5 metroko zabalerako errepide bat dago. Herriak bi kale baino ez ditu, Kale Nagusia eta Gasteiz Kalea.

Hego eta ekialdean Huesca probintziarekin egiten du muga, iparraldean Nabaskoze udalerriarekin eta mendebaldean Erromantzatuarekin. Oso udalerri menditsua da; udalerriaren iparraldean Leireko mendilerroa dago, bertan Belmun, Sierra Baja, Balli Negra eta Ollate mendiak daudelarik.

[aldatu] Landaredia

Zuhaitzik ohikoena pinua da, guztira 630 hektarea eta udalerriko basoen azaleraren %73,6. Pinudien atzetik, hariztiak (azaleraren %16,5) eta pagadiak (%5,5) nabarmentzen dira. Zuhaitzen birpopulazioa 35,5 hektareatan bakarrik egin da, eta gehienbat, Austriako pinu larizioak landatu dira.

[aldatu] Klima

Gazteluberriko klima mediterraneoa da oro har. Dena den, hego-mendebaldean, Leiretik iparralderako isurialdean alegia, altuerak eta hezetasunak klima atlantiarraren ezaugarriak agertzea posible egiten dute. Illon mendizerran, klima mediterraneoko landaredia ageri da.

[aldatu] Historia

Gaur egungo herrira XII. mendean desplazatu ziren biztanleak Elesatik (Gazteluberritik 2 km-ra dagoen herri hustua), aisago defenda zitekeen leku bat topatzeko. Herria, Nafarroako ekialdeko muga babesteko orduan eraiki zen gaztelu baten azpian kokatu zuten, hortik izena. Nafarroako erresuma Fernando Katolikoak konkistatu zuenean XVI. mendean, Nafarroako mugako gaztelu guztiak eraistea agindu zuen, horien artean Gazteluberrikoa. Hori dela eta, herriari izena eman zion gazteluaren aztarnarik ez da geratzen gaur egun.

Erronkariarrek Gaztuluberri deitzen zioten herriari, baina, Euskaltzaindiak Gazteluberri izen normalizatua jarri zion, euskara batuan, udalerriari.

[aldatu] XX. mendea

1950eko hamarkadan Gazteluberrik bi eskola zituen, bata neskentzat eta bestea mutilentzat eta 188 biztanle. 1954. urteko uztailaren 29an, telefono-mintzategia zabaldu zen, eta gazteluberriarrek telefonoa ezagutu zuten azkenean, Nafarroako hiriburuan baino 40 urte geroago. Lehen telefono deia herriko apaizak egin zuen.

1960ko hamarkadatik hasita, Iruñeko industrializazioarekin batera, herritar askok herria utzi zuten, eta horrela, biztanleriak %70 egin zuen behera. Biztanle galerarekin batera, eskolek itxi egin zuten, eta gaur egun, ogia eta egunkaria kanpotik etorritako furgoneta bati erosten dizkiote herritarrek. Medikua, Izabako anbulatoriotik joaten da, Gazteluberritik 30 kilometrotik.

[aldatu] Demografia

Gazteluberriko biztanleria
1897 1900 1910 1920 1930 1940 1950 1960 1970 1981 1991 2001 2006 2011
202 206 223 234 229 208 188 165 32 21 19 20 18 17

2008ko erroldaren arabera, ez da etorkinik bizi Gazteluberrin.

[aldatu] Ekonomia

Gazteluberri nekazaritza herria da erabat, bazkaleku eta basoek udalerriaren lurren %92 hartzen dute. Gainontzeko %8a lehorreko zereal eta bazkarako erabiltzen da. Abeltzaintzak garrantzia txikia dauka, eta gehienbat, ardien zaintzan oinarritzen da. Urteroko pinuen egur erauzketa 1.000 eta 1.300 metro kubo ingurukoa da.

Azalera komunala 1.592 hektareakoa da (erroldaturiko guztizko azaleraren %58,6), eta horietatik 719 hektarea, baso zurgaia da, 808 hektarea larreak, eta 30 hektarea laborantza lurrak.

Gazteluberritik, Nafarroa ipar-ekialdeko lurretatik Bardeetara doan errege abelbidea igarotzen da. Gaur egun artalde eta ahuntzalde bakarrak geratzen dira, artzain izandako gizon baten jabetzakoa. Urteak aurrera egin ahala, herria hustuz joan den heinean, gutxituz joan da abelburuen kopurua ere.

[aldatu] Ondarea

[aldatu] San Martingo eliza

San Martingo eliza, XXI. mendearen hasieran zaharberrituriko eraikina da, larunbatero ematen da meza bertan.

Eliza, herriaren gorengo puntuan dago, eta gaur egun Erdi Aroko hormak baino ez dira kontserbatzen jatorrizko egituratik. Eraikinaren itxura, XVI. mendean gauzatutako zaharberritzearen ondorio da, eta eraikinak gaur egun estilo barrokoa dauka. Elizaren barrualdea, XVIII. mendearen bigarren erdiko erretaula errokokoa dago. Erretaula lau zati edo gune eskultorikotan banatzen da, XVI. mendeko erretaula baten aitzindari.

[aldatu] Gazteluberriko gaztelua

Erdi Aroan, muino baten apalunean kokaturik, gotorleku dorredun gaztelu bat altxatzen zen. 1280an, bertako buru Arnalt Guillen zen, Agramonteko jauna. Horren ondoren, 1294an Beltran Jordanek hartu zuen gazteluaren burutza, Filipe I.a eta Joanak izendaturik. XIV. mendearen hasieran dorrea gaineztatu eta kanpoko harresia berreraikitzen hasi zen. Ondorengo hamarkadetan (1319. urtean), berrikuntza lanak egin ziren.

1328an Iñigo Ruiz Oibar zen gazteluko alkaidea, zortzi liberako ordainsaria jasotzen zuelarik. 1355ean Karlos II.ak Rodrigo Oibar, aurreko alkaidearen semea izendatu zuen horren ondorengo, baina ordainsaria 6 liberatara jaitsi zuen. 1360an Antso Beorieta arotzak konponketa lanak egin zituen gazteluaren barruan. XIV. mendeko alkaideetako batzuk honakoak izan ziren: Martin Ruiz Irunberri (1372 eta 1376. urteen artean), Jimeno Hae (1377tik 1383ra) eta Juan Ruiz Oibar (1386 eta 1390 bitartean). Azken horren agintean, gazteluak kalte handiak izan zituen, eta erregeak berriro ere, gazteluaren berreraikitzea agindu zuen.

1420an erregeak Otxoa Perez Espartza izendatu zuen alkaide, eta horren ondorengo bere seme Martin Otxoa Espartza izan zen 1446an. Azken horren ondorengoak honakoak izan ziren: Miguel Nabaskoze (1450ean), Pedro Aso (1453an), eta Juan, Pomarren sasikoa (1461ean). Gaztelako erresumak Nafarroa indarrez konkistatzean, erreinuko gaztelu guztien eraisketa agindu zen, eta horrekin batera, Gazteluberriko gaztelua deuseztatu egin zuten.

[aldatu] Udaletxea

Herriko plazan dagoen hiru solairuko eraikina da. Kanpoaldeko hormak zarpeatu eta margoturik daude. Egituraren arkitektura, zonaldearen ezaugarri tipikoak ditu. Udaletxea alkate-presidente batek zuzentzen du eta kontzeju irekiaren erregimenaren bidez antolatzen da.

Gazteluberriko armarrian fondo urdinaren gainean, orein bat ageri. Armarria, udaletxeko fatxada nagusian eta Nafarroako Foru Aldundiaren jauregiko beiraduretako batean ageri da.

[aldatu] Euskara

Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Gazteluberri eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, ez zegoen herrian euskaraz zekien biztanlerik.

[aldatu] Jaiak eta ospakizunak

Gazteluberriko jaiak abuztuko lehen asteburuan ospatzen dira, hiru egun guztira, normalean ostiraletik igandera. Herri txikia izan arren, inguruko herrietatik, eta herrian bizi izandako biztanleen ondorengo diren pertsona ugari joaten da jaietara. 2008. urtean abuztuaren 1etik abuztuaren 3ra ospatu ziren jaiak.

[aldatu] Politika

[aldatu] Udal hauteskundeak

Gazteluberrik 100 biztanle baino gutxiago dituenez, ordezkari bakarra aukeratzen du. Hauteskundeetara hautagai bakarra aurkeztu izan da azken agintaldietan, Nafarroako Herri Batasuneko José Hernandez Aristu. Demokrazia berrezarri zenetik, Gazteluberriko alkate bera izan da, legegintzaldi batean izan ezik, gainontzekoetan.

2007an hauteskundeen emaitzak honako hauek izan ziren:

Gazteluberriko Udala-2007
Alderdia Botoak Aukeratua?
Jose Hernandez Aristu (UPN) 11 Bai

Ez zen baliogabeko botorik izan, eta lau pertsonak boto zuria eman zuten (%26,67). Abstentzioa %46,43koa izan zen.

2011n Hernandez Aristu berriro izendatu zuten alkate. Aipatzekoa erroldako guztiek (17) botoa eman zutela, 13 boto UPNko hautagaiarentzat eta 4 zuri[2].

[aldatu] Udaletxea

  • HELBIDEA: Kale Nagusia, 5

[aldatu] Gazteluberriko alkateen zerrenda

Alkateen zerrenda
1979-1983
1983-1987
1987-1991
1991-1995
1995-1999
1999-2003
2003-2007 José Hernandez Aristu UPN
2007-2011 José Hernandez Aristu UPN
2011- José Hernandez Aristu UPN

[aldatu] Erreferentziak

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Bibliografia

  • García Gainza, María Concepción (Dir.) (1985...): Catálogo Monumental de Navarra, Iruñea: Nafarroako Gobernua.
  • Jimeno Jurío, José Mª (Dir.) (1990-1994). Nafarroako Toponimia eta Mapagintza. Iruñea, Nafarroako Gobernua.

[aldatu] Kanpo loturak

Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko Wikiatlasa
Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak