Otsagabia
|
Otsagabia |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Ochagavía <> Otsagabia | ||
| Estatua Erkidegoa Merindadea Eskualdea |
Espainia Nafarroako Foru Erkidegoa Zangozako merindadea Zaraitzu |
||
| Alkatea | Marisa Sáez García-Falces (Otsagabia) |
||
| Herritarra | otsagabiar | ||
| Koordenatuak | 42°54′24″N 1°5′21″W / 42.90667°N 1.08917°WKoordenatuak: 42°54′24″N 1°5′21″W / 42.90667°N 1.08917°W | ||
| Eremua | 114,62 km2 | ||
| Distantzia | 85 km Iruñera | ||
| Posta kodea | 31680 |
||
| Biztanleria | 618 bizt. (2012) | ||
| Dentsitatea | 5,39 bizt./km² | ||
| www.ochagavia.com http://www.ochagavia.com/index.php?lang=eu_ES www.ochagavia.com | |||
Otsagabia[1] Nafarroako ipar-ekialdean dagoen udalerria da, Zangozako merindadean kokatua. Zaraitzu ibarraren herririk populatuena eta garrantzitsuena da.
2012ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera 618 biztanle zituen. Eska-Zaraitzu Hondakin Solidoen Mankomunitatea arduratzen da zaborra biltzeaz Otsagabian eta eskualdeko beste hainbat herritan.
Eduki-taula |
Inguru naturala eta kokapena [aldatu]
764 metroko garaieran dago, Zaraitzu ibaia sortzeko iparraldetik datorren Zatoia eta ekialdetik jaisten den Anduña errekek bat egiten duten tokian.
Muskilda santutegia herriko gain batean dago. Iparraldean Abodiko mendilerroa dauka, herria eta Iratiko oihana banatzen dituena.
Otsagabiaren udalerri mugakideak hauek dira: Iparraldean Iratiko oihana, Lekunberri (Nafarroa Beherea) eta Larraine (Zuberoa); ekialdean Itzaltzu eta Uztarroze (Erronkariko ibarra); mendebaldean Orbaitzeta eta Jaurrieta; eta hegoaldean Ezkaroze (Zaraitzu).
Klima eta landaredia [aldatu]
Otsagabian mendialdeko klima atlantiarra dago (hegoaldeko gunerik baxuenetan, berriz, klima mediterraneoa dago, baina horren hedapena nahiko txikia da). Klimaren ezaugarri nagusia aldaketa termiko eta prezipitazio aldaketa handiak dira, haranen behealde eta mendien tontorren artean. Urteko batez besteko tenperatura 6 eta 10 gradu bitartekoa da, eta prezipitazioak 1.200mm eta 1.800mm bitartekoak. Urteroko egun euritsuak 130 inguru izaten dira.
Landaredia aldatzen da altueraren arabera, baina oro har, klima atlantiarraren ezaugarriak ditu. Guztira 8.900 hektarea pago daude, batez ere Abodiko mendizerratik eta Iratiko Oihanetik gertuko guneetan. Hariztiak 47 hektarea baino ez ditu hartzen, eta basa pinuek 545 hektarea Zatoia inguruko lurretan.
Horrez gain, Japoniatik eta Austriatik birlandaturiko 180,4 hektarea pinu daude.
Auzoak [aldatu]
Irigoien, Iribarren eta Labaria dira herriko auzo nagusiak, San Joan Ebanjelariaren elizaren inguruan daudenak.
Anduña ibaiaz bestaldean, berriz, Urrutia dugu, bertan pilotaleku zaharra (gaurko plaza) eta frontoi berria daude, besteak beste.
Ondarea [aldatu]
Muskilda baseliza [aldatu]
Eraikin multzoa Muskilda mendi gainaldean eraikia dago, XIII. mendean hasitakoa erromaniko berantiar estiloan. Oinplano laukizuzenekoa da eta dorreko teilatua kono itxurakoa da. Baseliza izen bereko mendian dago, itsasoaren mailatik 1.070 metro inguruan.
Beste batzuk [aldatu]
- San Joan Ebanjelariaren eliza. XI-XVI-XVII. mendeetan eraikitako eliza da. Barnealdean XVI. mendeko hiru erretaula pizkundetar daude. Aipagarriak dira koruko hamalau eserlekuak, beso-bermeak zizelkatuak baitituzte.
- Gurutzea. XVI. mende hasieran eraiki zuten eta herriaren sarreran kokatua dago, Anduña eta Zatoia ibaiek bat egiten duten tokian.
- Urrutia, Iriarte eta Donamaria jauregiak.
- Harrizko zubia. Aduña ibaia zeharkatzeko Erdi Aroan eraikia.
Demografia [aldatu]
| 1897 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2006 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 1.243 | 1.273 | 1.285 | 1.269 | 1.329 | 1.253 | 1.165 | 1.190 | 1.028 | 777 | 676 | 666 | 648 |
2008ko erroldaren arabera, zortzi etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %1,29, (Nafarroako batezbestekoaren azpitik).
Euskara [aldatu]
Otsagabiko euskara ("uskara") XX. mendearen bukaeran galdu zen eguneroko bizitzan. Zaraitzueraren aldaera zen, eta hainbat aztarna laga ditu bertako toponimian. Azken testu idatziak utzi zizkiguten Zoilo Moso, Federico Garralda, Ziriako Garralda, Pedro Jose Sanper eta Jose Urrutia hiztunek. Otsagabiko euskaran, Otsagi du izena herriak, eta otsagiar bertako herritarrek.
Gaur egun, berreskuratze prozesua abian dago euskara batuaren, eskolaren eta euskaltegien bidez. Horren ondorioz, biztanleen %12 da euskalduna.
Jaiak eta ospakizunak [aldatu]
- Irailaren 8an, Herriko Jaiak.
- Irailaren 17an, Muskildako Andre Maria.
Kultura [aldatu]
Dantzak [aldatu]
Lau makila-dantza berezkoak ditu herriak: Enperadorearena, Katxutxa, Dantza eta Modorro izenekoak. Halaber, "Pañuelo" izeneko zapi dantza eta "Jota" bat ere egin izan dituzte tradizionalki.
Dantza-taldearen burua "Bobo" dugu, pertsonaia misteriotsua dena.
Orhipean [aldatu]
"Orhipean" izeneko jai-eguna ospatzen dute urtero 2001etik irailaren lehen asteburuan. Egun hartan, herriak duela ehun urteko itxura hartzen du, biztanleak orduko modan jantzita daudela eta antzinako ohiturak eta lanbideak erakusgai dituztela.
Elezaharrak [aldatu]
Akelarrea herriko plazan egiten omen zen, baita Abodibidean ere, baso barnean. Kondairaren arabera, Joan I.a erregina Troyesko apezpikuaren magia beltzak hil zuen (1308-13an sorginkeriaz salatua). Harrezkero, erreginaren mamua Iratiko oihanean bizi omen da, mendeku bila.
Politika [aldatu]
Udal hauteskundeak [aldatu]
Zenbait agintalditan Otsagabiko alkatetza Muskilda talde eskuindarrak hartu izan du. 2007an taldeko Juan Manuel Tohane Contín aukeratu zuten alkate. Udaleko zazpi zinegotzietatik lau lortu zituen taldeak, eta hortaz gehiengo osoa udalean. Ez zen baliogabeko botorik izan eta 20 boto zuri zenbatu ziren (botoen %4,10). Abstentzioa %15,57koa izan zen.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| Muskilda | 275 | 4 |
| Errekaidorra | 193 | 3 |
2011ko udal hauteskundeetan ere Muskilda (4 zinegotzi) izan zen bozkatuena baina Errekaidorrak (2, ezker abertzaletik hurbil) eta Otsagabiak (2, Nafarroa Baitik hurbil) taldeko María Luisa Sáez García-Falcesen aldeko botoa eman zutenez, honek hartu zuen alkatetza[2].
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| Muskilda | 230 | 3 |
| Otsagabia | 137 | 2 |
| Errekaidorra | 117 | 2 |
Udaletxea [aldatu]
- HELBIDEA: Labaria kalea, 1
Alkateak [aldatu]
| 1979-1983 | ||
| 1983-1987 | ||
| 1987-1991 | ||
| 1991-1995 | ||
| 1995-1999 | ||
| 1999-2003 | ||
| 2003-2007 | ||
| 2007-2011 | Juan Manuel Tohane Contin | Muskilda |
| 2011-2015 | Marisa Sáez García-Falces | Otsagabia |
Azpiegitura eta garraioak [aldatu]
Conda autobus konpainiaren Otsagabia eta Iruñea bitarteko lineak geltokia dauka herrian. Lineak honako ibilbidea egiten du:
- Otsagabia - Ezkaroze - Orontze - Espartza Zaraitzu - Sartze - Gorza - Galoze - Nabaskoze - Irunberri - Artieda - Artaxo - Agoitz - Urrotz - Lintzoain - Erantsus - Ibiriku - Egues - Uharte - Atarrabia - Burlata eta Iruñea
Otsagabiar ezagunak [aldatu]
- Pablo Gurpide (1898-1968), apezpikua.
- Zoilo Moso (1902-1970), zaraitzuerazko hiztun lekukoa.
- Jorge Cortes Izal (1930-2001), euskaltzaina.
- Miguel De Andres (1957-), Athleticeko futbolaria izandakoa.
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ Euskaltzaindiaren Onomastika Datutegia
- ↑ Otsagabia quebró la hegemonía de la Candidatura Muskilda, Lau Haizetatik bloga.
Ikus, gainera [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Euskaraz) Udalaren webgunea
- (Euskaraz) 2006ko "Orhipean" jai-egunaren kronika (zaraitzueraz)
- (Gaztelaniaz) Otsagabiari buruzko informazioa Nafarroako gobernuaren webgunean.
- Iribarren auzoaren ikuspegia Google Street View-n.
| Zaraitzu | ||
|---|---|---|
| Espartza | Ezkaroze | Galoze | Galoze (kontzejua) | Itzalle | Izize | Uskartze | Gorza | Gorza (kontzejua) | Erripalda | Igari | Itzaltzu | Jaurrieta | Orontze | Otsagabia | Sartze | Sartze (kontzejua) | Ibiltzieta | ||