Faltzes
|
Faltzes |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Falces | ||
| Estatua Erkidegoa Merindadea Eskualdea |
Espainia Nafarroako Foru Erkidegoa Erriberriko merindadea Arga-Aragoiko Erribera |
||
| Alkatea | Valentín García Olkotz (AIF, indep.) |
||
| Herritarra | faltzestar | ||
| Koordenatuak | 42°23′16″N 1°47′41″W / 42.38778°N 1.79472°WKoordenatuak: 42°23′16″N 1°47′41″W / 42.38778°N 1.79472°W | ||
| Eremua | 115 km2 | ||
| Garaiera | 294 m | ||
| Distantzia | 57,2 km Iruñera | ||
| Posta kodea | 31xxx |
||
| Biztanleria | 2.559 bizt. (2012) | ||
| Dentsitatea | 22,25 bizt./km² | ||
| www.falces.org http://www.falces.org www.falces.org | |||
Faltzes[1] Nafarroako hegoaldean dagoen udalerria da, Erriberan kokatutakoa eta Iruñetik 57 kilometrora. 2012ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera herriak 2.559 biztanle zituen.
Eduki-taula |
Inguru naturala eta kokapena [aldatu]
Faltzes Erriberriko merindadearen hego-mendebaldean kokatzen da. Herrira heltzeko N-115 errepidea hartu behar da Tafalla-Azkoiengo norabidean, Tafallatik 20 bat kilometrora eskuinean dagoen errepidea hartuz.
Faltzesen herri mugakideak honakoak dira: Hegoaldean Azkoien eta Marcilla, iparraldean Lerin, Miranda Arga eta Tafalla, ekialdean Olite/Erriberri, eta mendebaldean Andosilla.
Klima eta landaredia [aldatu]
Faltzeseko klima kontinental motako klima mediterraneoa da, negu hotz eta euritsu eta uda bero eta lehorrekin. Aldaketa termikoa handia da, eta udaberri eta udazkenean tenperatura maximo eta minimoaren arteko aldea hogei gradutik gorakoa izan daiteke. Horiek dira urtarorik euritsuenak, eta urtean, batez beste, 450mm euri baino ez du egiten. Batezbesteko tenperatura 13 eta 14 gradu artekoa da. Urte osoan zehar iparreko zierzo haizea nagusi izaten da, eta uda amaieratik udazkenera hegoalde eta hego-ekialdeko haizea nagusitzen da.
Jatorrizko landaredia erabat galdu da, eta gaur egun, herrigunearen inguruetan, XIX. mendetik aurrera birlandaturiko pinuak baino ez dira.
Estazio meteorologikoa [aldatu]
Herrigunearen kanpoaldean, itsasoaren mailatik 290 metrora, Espainiako Nekazaritza ministerioaren estazio meteorologikoa dago.[2]
Historia [aldatu]
Herriari buruzko lehen datu historikoak I. mendekoak dira. Garai hartakoak dira Faltzes herrian sorturiko lehen nekazaritza-ustiapenak erromatarren garaian. Aztarna ugari aurkitu dira garai hartako San Esteban herriaren inguruan. 860. urtean Muhammad I.a erregea Nafarroa konkistatzeko ahalegina egin zuen eta lurraldearen hegoalde guztia konkistatu ere, gaztelu askoren jabe eginez, Faltzesko Falah'saneko gaztelua barne. Mende erdi geroago, Yabal-al-Bardíko borroka jazo zen eta Nafarroako errege Antso Gartzesek emirra menderatu eta preso hartu zuen. Nafarroako erregeak Faltzes eta Caparroso eskatu zizkien agintari musulmanei, emirra libre uztearen truke, eta horrela, bi herriak Nafarroako erresumako gune kristauean sartu ziren.
924. urteko udan, Abd al-Rahman II.a emirrak zuzenduriko ejerzito handi batek Nafarroari eraso zion berriro ere. Uztailaren 13an, musulmanak Azkoien suntsitu ostean, Faltzesera heldu ziren eta gazteluaren inguruei, herriko laboreei, eta hainbat ondasuni su eman zieten. Bestalde, Nafarroako erresumak zituen gerra gastuak zirela eta, zerga ugari ordaindu behar izan zituzten faltzestarrek XIV. mendean. Herriko nekazarien haserreak gora egin zuen eta erregearen anaiari berari ere eraso zioten, eta honek zaldiz ihes egin behar izan zuen.
Eraso hartan parte hartu zuten biztanleetako batzuek hegoalderantz egin zuten ihes, erregearen mendekuaren beldurrez. Erregearen ofizialek dena den, herriko uzta eta ondasun guztiak hondatu zituzten eta hainbat atxiloketa egin zituzten. Kondenaturiko hemeretzi pertsonetatik zortzik, heriotz-zigorra jaso zuten. XIV. mendean zehar, biztanleriak nabarmen egin zuen behera Izurri beltzaren eraginez. Hurrengo mendean, 1470. urtean, Juan II.a erregeak gaztelua eta herria Azkoiengo Pierresi eta honen oinordekoei eman zien dohaintzan. Ordutik aurrera, herria nobleziako familien jabetza izan zen.
1662. urtean, faltzestarrek, markesari eta elizari hainbeste zerga ordaindu beharraz nazkaturik, baratxuriak landatzea erabaki zuten. Baratxuriak landatzeagatik ez zegoen hamarrekorik ordaintzeko derrigorrik, barazki berria zen eta. 1706an erregeordeak, Espainiako independentzia gerraren baitan, herriko 120 gizon gerrara bidaltzeko agindua eman zuen, Tuterara alegia, foruek agindu bezala. XX. mendeko gertakaririk odoltsuena Gerra Zibilean gertatu zen, 1936ko uztailaren 18aren ondorengo egunetan, errepresioa zabaldu zen Erribera guztian eta hainbat hilketa egin zituzten matxinatuek, guztira 29 faltzestar erail zituzten.
1960ko hamarkadatik aurrera, industriaren garapenari esker, hainbat enpresa berri sortu ziren herrian. Dena den, industria-jarduera asko ezin izan zuten herrian ezarri, nekazaritzatik bizi ziren herriko familiarik aberatsenek boterea galtzeko izan zuten beldurragatik. Horrek, epe luzera, industria Erriberako beste herrietara eraman zuen, lan-baldintza kaxkarragoak emanez faltzestarrei, eta hala, biztanleriak beherantz egin zuen 1970eko hamarkadatik aurrera.
Demografia [aldatu]
| 1897 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2006 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 3.046 | 3.090 | 3.134 | 3.304 | 3.474 | 3.431 | 3.561 | 3.560 | 3.218 | 3.014 | 2.738 | 2.507 | 2.597 |
2008ko erroldaren arabera, 258 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %9,99 (Nafarroako batezbestekoaren azpitik).
Ekonomia [aldatu]
Faltzesko lur gehienak sekain lurreko laboreak landatzeko erabiltzen dira, beraz, ureztatzeko lurak erroldaturiko lurren %18 baino ez dira. Landatzen diren laboreen artean piperrak, tomateak eta baratxuriak dute garrantzia gehien. XIX. mendearen amaieratik aurrera, asko handitu zen landatutako lurren azalera, eta urte gutxiren buruan 2.561 hektareatik (1906an), 5.557 hektareara igaro zen (1935ean).
Faltzesen, Nafarroako herri gehienetan bezala, nekazaritza aurrezki kutxak sustaturiko koperatiba bat sortu zen, zehazki 1916ko abenduaren 19an. Sortutako bestelako koperatibak honakoak dira, Salvador del Mundo upategi koperatiba (1945eko abenduaren 26an), nekazari batuen upategi koperatiba 1946ko abuztuaren 18an, Zirkulu Faltzestarraren koperatiba (1948ko urtarrilaren 12an, Kontserben San Jose koperatiba (1962ko ekainaren 18an, eta CONSERNA (1963an).
Industria [aldatu]
Nafarroako gobernuak industrialdeak sustatzeko sortutako Nasuinsa elkartearen ekimenez, La Vergalada industrialdea eraiki zen XXI. mendearen hasieran. Eraikuntza lanak 2006an hasi eta urtebete geroago hiritartzea amaitzean enpresen pabiloiak eraikitzen hasi ziren. Industrialdea Los Rebollos izeneko gunean dago eta 158.839 metro koadroko azalera dauka.
Industrialdea N-121 errepideko sarbide zuzenetik gertu dago.
Bardeak [aldatu]
Horrez gain, Erdi Aroan, Faltzesek, Fustiñana, Tutera, Cortes, Buñuel, Carcastillo, Melida, Kaparroso, Alesbes, Cadreita, Valtierra, Arguedas, Santakara, Martzilla, Cabanillas, Azkoien, Funes, Milagro, Corella, Olibako monasterioa, eta Erronkariko ibarra eta Zaraitzuko ibarrekin batera, Nafarroako Bardeetako elkartea osatu zuen. Bardeetako lur komunak nekazaritzarako erabiltzeko asmoarekin.
Parke eolikoak [aldatu]
Faltzesko Moncayuelo eta Vedadillo izeneko guneetan, Nafarroako gobernuak eraikitako "Moncayuelo" eta "Vedadillo" izeneko parke eolikoak daude. Lehenak 48,00 megawattekoa potentzia dauka eta bigarrenak 49,50 megawatteko potentzia. Bi parkeen jabea Acciona Energia da gaur egun.
Ondarea [aldatu]
- Andra Mariren natibitate eliza: Eliza neoklasikoa.
- Salbador baseliza.
Politika [aldatu]
Udal hauteskundeak [aldatu]
Azken agintaldietan Faltzesko alkateak talde independenteetako kideak izan dira. 2007an Grupo Independiente de Falces (GIF) taldeko José Carlos García García aukeratu zuten alkate. Udaleko hamaika zinegotzietatik hamar lortu zituen, gehiengo osoa; oposizio bakarra Eusko Abertzale Ekintzako zinegotzia izan zen. Baliogabeko botoak 55 izan ziren (emandako guztien %3,61) eta boto zuriak 80 (%5,45). Abstentzioa %28,11koa izan zen.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| Grupo Independiente de Falces (GIF) | 1.166 | 10 |
| Eusko Abertzale Ekintza | 223 | 1 |
2011n hiru zerrenda aurkeztu ziren, baina espainiar epaitegiek Izquierda Falcesina legez kanpo utzi zuten ezker abertzalearekin loturak zituelakoan. Agrupación Independiente Falcesina taldeak (6 zinegotzi) irabazi zuen eta Valentín García Olkotz alkate bihurtu zen. PSNk 5 hautetsi erdietsi zituen. UPN edota PPren inguruko zerrendarik ez zen eratu[3].
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| AIF | 731 | 6 |
| PSN | 582 | 5 |
| Izquierda Falcesina | legegabetua | 0 |
Udaletxea [aldatu]
1868an eraiki zen, eta harlanduzko hiru zatitan banatuta dago. Beheko solairuan arku hirukoitza dago, eta lehen solairuan, bost baoz osatutako balkoi zabala. Azken solairuan XVIII. mendean egindako ikur barrokoa dago. Udaletxearen fatxadaren ondoan, Iruñeko udaletxearen plazan egondako kale argi modernistak daude, Iruñeko udalak Faltzesi oparitu ostean. Udala alkateak eta hamar zinegotzik osatzen dute.
- HELBIDEA: Foruen Plaza, 11
Faltzesko alkateen zerrenda [aldatu]
| 1979-1983 | ||
| 1983-1987 | ||
| 1987-1991 | ||
| 1991-1995 | ||
| 1995-1999 | ||
| 1999-2003 | Clemente Amatriain Azkona | GIF |
| 2003-2007 | Clemente Amatriain Azkona | GIF |
| 2007-2011 | José Carlos García García | GIF |
| 2011- | Valentín García Olkotz | AIF |
Euskara [aldatu]
Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Faltzes eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %1,65ek zekien euskaraz hitz egiten.
Azpiegitura eta garraioak [aldatu]
La Tafallesa autobus konpainiak Faltzes eta Iruñea bitarteko autobus linea ustiatzen du. Lineak bi zerbitzu ditu norabide bakoitzeko, eta honako ibilbidea:
- Faltzes - Miranda Arga - Tafalla - Puiu - Barasoain - Tebas-Muru Artederreta - Noain eta Iruñea
Kultura [aldatu]
Pedro Iturralde gizarte etxean hainbat antzerki emanaldi eta kultur ekitaldi antolatzen dira urte osoan zehar.
Jaiak eta ospakizunak [aldatu]
Ekitaldien zerrenda [aldatu]
- Urtarrila: Errege Magoen kabalgata.
- Martxoa: Zuhaitzaren eguna martxoaren 1ean.
- Apirila: Gazteriaren jaiak, apiril bukaeratik maiatz hasierara arte.
- Ekaina: Bienaia taldeak "Euskararen eguna" antolatzen du.
- Abuztua: Herriko jaiak, Elurretako Ama Birjinaren omenez.
"Piloia" [aldatu]
Faltzes herriko jaiak ospatu bitartean (abuztu bukaeran), eta umeentzako egunean izan ezik, Faltzes ondoko mendietan barrena "Piloiaren entzierroa" antolatzen da. Entzierroan bigantxak erabiltzen dira. Ekitaldia goizeko bederatzietan hasten da, nahiz eta ordu eta erdi lehenago, entzierrotxoa izaten den (bigantxak entzierroa hasten den tokira eramaten dituztenean).
Bigantxak ibilbidearen hasierara eramatean, jendea isilik egoten da, eta herritarrek muinoaren goialdetik ikusten dute dena. Goizeko bederatzietan, herriko gazteak ibilbidean jarri, eta txupinazoa jaurtitzean, bigantxak aske uzten dituzte eta entzierroa hasten da. Gazteek Leringo antzinako bidean zehar korritzen dute, alde batean mendia, eta beste aldean amildegia dutela. Askotan, bigantxaren bat amildegian behera erori eta aske geratzen da, eta zauritu ugari izaten da urtero.
Faltzestar ezagunak [aldatu]
- Pedro Iturralde (1929-), jazz arloko saxofoijotzailea.
- Patxi Huarte Larraburu "Zaldieroa" (1966-), komikigilea.
Ikus, gainera [aldatu]
Erreferentziak [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Gaztelaniaz) Faltzesko udal webgunea
- (Gaztelaniaz) Faltzesi buruzko informazioa Nafarroako gobernuaren webgunean.
- Faltzesko Fausta Elortz kalea Google Street View-n.
|
|||||||||||||