Beire
|
Beire |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Beire | ||
| Estatua Erkidegoa Merindadea Eskualdea |
Espainia Nafarroako Foru Erkidegoa Oliteko merindadea Tafallaldea |
||
| Alkatea | Sergio Fresán Orotz (AIB, indep.) |
||
| Herritarra | beiretar | ||
| Koordenatuak | 42°27′17″N 1°37′17″W / 42.45472°N 1.62139°WKoordenatuak: 42°27′17″N 1°37′17″W / 42.45472°N 1.62139°W | ||
| Eremua | 22,16 km2 | ||
| Garaiera | 366 m | ||
| Distantzia | 45 km Iruñera | ||
| Posta kodea | 31393 |
||
| Biztanleria | 342 bizt (2009) | ||
| Dentsitatea | 15,43 bizt/km² | ||
Beire Nafarroako udalerria da. Erriberriko merindadeko herri honek 342 biztanle zituen 2009ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera. Nafarroako hiriburutik 45 kilometrora dago.
Eduki-taula |
[aldatu] Inguru naturala eta kokapena
Herria, Nafarroa erdialdean kokatzen da, N-121 errepidea abiapuntzat harturik zazpi kilometrora dagoen bide batetik.
Beirek San Martin Unxekin egiten du muga iparraldean, Uxue eta Pitillasekin ekialdean, Erriberrirekin mendebaldean, eta Pitillasekin hegoaldean.
[aldatu] Klima eta landaredia
Klima mediterranear-kontinentala da, neguak hotzak dira, eta udak sargoriak. Aldaketa termikoa ere nahiko zabala da eta udaberri eta udazkenean (euri gehien egiten duen urtaroetan) tenperatura maxiko eta minimoaren arteko aldea hogei gradutik gorakoa izan daiteke. Urteko batez besteko tenperatura 13 eta 14 gradu artekoa eta prezipitazioak 450 eta 600mm bitartekoak dira (udalerriaren iparraldean ugariagoak izaten dira). Urteroko egun euritsuak 70 inguru dira.
Gizakiaren aurretik udalerri gehienean aurki zitekeen jatorrizko landaredia ia erabat desagertu da, eta nekazaritzaren hedapenak eta zuhaitzen mozteak erabat aldatu dute herrigunearen inguruko paisaia. Zuhaitz bakarrak lertxundiak dira (zortzi hektarea baino ez), eta ibaiaren ertzean aurki daitezke.
[aldatu] Historia
Beireko San Jualin eta Turbilen garai desberdinetako aztarna arkeologikoak aurkitu dira. Horrez gain, grabatu meandriformedun bi harri handi topatu dira, garai megalitikoetako kulturetakoak. 1378ean Carlos III erregeak betiko jaurgoa eman zion Rogerri, Castelbongo kontea. Urte batzuk beranduago, 1391ean Carlos III.ak berak Beaumonteko Carlosi eskaini zion jaurgoa.
Nafarroa indarrez Gaztelako koroan sartu zenean, Beireko historia erreinuko historiarekin bat egiten du. 1802an Zidakos ibaiaren gaineko errota bat zeukan, eta alkate bat eta bi erregidorek gobernatzen zuten. 1850. urtean, 2.000 errealeko aurrekuntudun eskola zeukan. 1920ko hamarkadan aipaturiko errotaz gain, komentua, bi eskola eta oliodun bi errota zeuzkan.
XX. mendean zehar biztanleria galduz joan zen, eta Beiretarrak inguruko gune industrial eta populatuagoetara jo zuten.
[aldatu] Ekonomia
Beireko iharduera ekonomiko nagusia nekazaritza, zereal eta mahastien landaketan oinarriturik. Guztira 75 nekazal-ustiapen daude, horietatik 60 zerealen landaketarekin zerikusia dutenak. Filoxera gaitza agertu aurretik, mahastien azalera handiagoa zen. Horrela, XIX. mendearen amaieran gaitza agertu zenean, ardogintzako sektoreak galera handiak jasan zituen. XX. mendearen hasieratik, mahastiak berlandatzen hasi ziren eta horrela 1906an 27 hektarea mahasti baziren 1961. urterako 209 hektarea zeuden.
XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen hasierara arte, zerealen laborantzarako lur berriak goldatu ziren, 1891ko 667 hektareako azaleratik, 1935eko 1.418 hektareara igaroz. Orokorrean, lehortze lurrak dira nagusi, lur ureztagarri moduan erabiltzen direnak %12,9a baino ez dira. 1906ko apirilaren 4ean, herriko nekazal kooperatiba sortu zen, eta 1918ko urriaren 2an herriko upategi kooperatiba. XX. mendean zaldi, asto eta mandoak hazten baziren ere, gaur egun abeltzaintza ardietara mugatzen da.
Industriari dagokionez, herrian bi lantegi daude, bata kontserba ekoizlea eta bestea eskailerak eraikitzen dituen enpresa txikia.
[aldatu] Demografia
| 1897 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2006 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 614 | 612 | 754 | 819 | 823 | 640 | 592 | 580 | 510 | 395 | 349 | 296 | 306 |
2008ko erroldaren arabera, hamabost etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %4,92a (Nafarroako batez bestekoaren azpitik).
[aldatu] Ondarea
San Millan parrokia herriaren sarreran dago eta XIV. mendean eraiki zen estilo gotikoan. 1817an Leon Gomezek eginiko planoen arabera, elizaren gurutzadura eta aurrealdea handitu ziren. Erdi Aroko jatorrizko elizatik, hiru zatitan banaturiko nabearen ganga estalduradun gurutzeria mantentzen da. Parrokiaren sarrera, antzinako sei arkiboltadun arkuaren jatorrizko egitura da eta alboetan San Millanen bizitzaren pasartean kontatzen dituzten irudiak daude.
Mariaren Bihotzaren erretaula XVIII. mendearen erdian eginiko erretaula errokokoa da. Erretaula hau, Bihotz Sakratuarenarekin batera Olibako monastegitik ekarri zituzten.
[aldatu] Ezpeleta jauregia
Eraikuntza zibilari dagokionez, Ezpelatarko konteen jauregia nabarmentzen da. Eraikin neoklasikoa da, eta konteen etxebizitza izan ostean, ikastetxe erlijioso moduan erabili zen. Gaur egun, Beireko aterpetxearen kokalekua da. 1457an Ezpeletako Bernarten San Martin eta Beireko jaurerria jaso zuen Juan II.a erregearen eskutik.
[aldatu] Politika
[aldatu] Udal hauteskundeak
2007an ez zen udal hauteskunderik izan Beiren, ez zelako inongo talderik aurkeztu[1][2].
2011n ere egoera errepikatu zen eta ez zen zerrendarik aurkitu. Horrela, herriko alkatea, aurreko legegintzaldietako Sergio Fresán Orotzek izaten jarraitzen du[3].
[aldatu] Udaletxea
XX. mendearen amaieran berriztu zen azken aldiz, hiru zatitan banatutako harlankaitzezko eraikuntza da. Udala alkatea eta sei zinegotzik osatzen dute. Beireko udaleko idazkaria, Pitillasko idazkari ere bada.
- HELBIDEA: Udaletxe Plaza, 1
[aldatu] Beireko alkateen zerrenda
| Urteak | Alkatea | Alderdia |
|---|---|---|
| 1995 - 1999 | Emilio Ongai Adot | Independentea |
| 1999 - 2003 | Emilio Ongai Adot | Independentea |
| 2003 - 2007 | Sergio Fresán Orotz | Independentea |
| 2007 - 2011 | Sergio Fresán Orotz | Independentea |
| 2011 - | Sergio Fresán Orotz | Independentea |
[aldatu] Jaiak eta ospakizunak
- Beireko herriko-jaiak abuztuaren 21etik abuztuaren 25era ospatzen dira.
[aldatu] Artisautza azoka
1999an Beireko artisautza azoka ospatzen hasi zen abuztuko lehen asteburuan. Azoka 2009an antolatu zen azken aldiz.
[aldatu] Euskara
Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Beire eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %2,40k zekien euskaraz hitz egiten.
[aldatu] Zerbitzuak
Beire, Mairaga-Erdialdea mankomunitateko kidea da. Mankomunitatea, uraren horniduraz eta zaborra biltzeaz arduratzen da.
[aldatu] Beiretar ezagunak
- Jeronimo Ezpeleta (1549-1617): misiolaria, artzapezpikua eta Frantzisko Xabierkoaren iloba.
- Iñaki Fresán Zaratiegi (1958): baritonoa.
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Erreferentziak
[aldatu] Kanpo loturak
- (Gaztelaniaz) Beireko aterpetxearen webgunea.
- (Gaztelaniaz) Beireri buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren webgunean.
- Aragoiko errepidea Beire parean Google Street View-n.