Mélida

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Mélida

 Nafarroa Garaia

Melidako armarria

Izen ofiziala Mélida
Estatua
Erkidegoa
Merindadea
Eskualdea
Espainia
Nafarroako Foru Erkidegoa
Tuterako merindadea
Arga-Aragoiko Erribera
Alkatea José María Sesma Aznárez
(UPN)
Herritarra melidar
Koordenatuak 42°21′37″N 1°32′43″W / 42.36028°N 1.54528°W / 42.36028; -1.54528Koordenatuak: 42°21′37″N 1°32′43″W / 42.36028°N 1.54528°W / 42.36028; -1.54528

Navarra - Mapa municipal Mélida.svg

Eremua 25,60 km2
Posta kodea 31382
Dentsitatea ERROREA: ezin izan da automatikoki kalkulatu, arazoa konpontzeko egin klik hemen bizt./km²
http://www.melida.es

Mélida[1] Nafarroako udalerria da. Tuterako merindadeko herri honek 717 biztanle zituen 2012ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera. Nafarroako hiriburutik 62 kilometrora dago.

Inguru naturala eta kokalekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako hegoaldean dago, Tuterako merindadearen iparreko muturrean. Geografiaren aldetik, Aragoi behereko eskualdean dago, hau da, ibai horren ibilguaren behereneko aldean.[2][3]

Mélida, Aragoi ibaiaren erdialdeko ibarreko ezkerreko aldean dago, udalerria ibaiaren bi aldeetan zehar hedatzen delarik. Nahiz eta Santakara eta Melidaren artean ibaia egon, Aragoi ibaiaren ibibildearen aldaketak direla eta, ibaiak ez du bi udalerrien arteko muga zehatza markatzen.

Herria bi zatitan bana daiteke, batetik Aragoi ibaiaren ondoko lautada (batez beste itsasoaren mailatik 335 metrora), eta bestetik hegoaldea, ibaiak urteetan zehar harri eta buztinean igaturiko terrazekin. Terraza hauetako batean kokatzen da Mélida. Hegoalderago, 420 metroko altueran Bardeak hasten dira.

Melidak Santakararekin egiten du muga iparraldean, Zarrakaztelu eta Bardeekin ekialdean, Murillo el Cuenderekin mendebaldean, eta Bardeekin hegoaldean.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima mediterraniar-kontinentala da, eta urtean zehar tenperatura aldaketa handiak eta prezipitazio urri eta irregularrak izaten dira. Urteko batez besteko tenperatura 14 Â°C-koa da, ekainetik irailera batez besteko tenperaturak 20 gradutik gorakoak, gorengo tenperaturek maiz gainditzen dituzte 30 graduak eta noizbehinka 40 graduak ere. Neguak bestalde, hotzak izaten dira, eta batez beste tenperaturak 4 graduren inguruan izaten dira. Neguko egunik hotzenetan, tenperaturak zero azpitik 10 gradura jaitsi daitezke.

Urtean 400mm euri jausten dira gutxi gora behera, gehiena euri moduan, eta neguren batean bi edo hiru egunetan elur-busti edo elur moduan. Urtero dauden egun euritsuak hirurogei inguru izaten dira. Prezipitazioak urte guztian zehar izaten dira, udaberrian eta udazkenean batez ere. Garai hauetan eta uda garaian batez ere ekaitz ugari izaten dira.

Natura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santa Agedako pinudia, Aragoi ibarraren Bardeetako aldean dago. Pinudiko zuhaitzak tamaina ertainekoak dira, eta ez oso dentsitate handikoak. Melidako udalerrian daude, orobat, Pitillasko urmaelaren zati bat, Radako urmaela, eta Ferialgo urtegia.

1987an, naturagune izendatu zituzten Melidako ibarbasoak.[4] Izan ere, Aragoi behereko gainerako ibarbasoek bezala, balio handia dute naturaren ikuspegitik. Han egiten dute habia dilindariak, urretxindorrak eta urretxoriak. Orobat, babeslekua edo jateko tokia dute uhalde enarak, erletxoriak, zozoak, martin arrantzaleak, koartza gorriak eta koartza hauskarak.

Ibaiko fauna ere askotarikoa da. Narrastiak eta arrainak ez ezik, aipagarria da han izaten dela, beste hainbat ugaztunen artean, europar bisoia.

Antzina ibarbaso horiek askoz zabalagoak ziren, eta uholde ordoki osoa estaltzen zuten, hau da, ibaitik hasi eta herriak dauden terrazaraino doan ordoki osoa. Denborarekin, nekazariek pixkanaka lurra kendu zioten ibaiari, soroak egiteko.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo Mélida kokatzen den gunean historiaurreko aztarna arkeologikoak aurkitu dira. Erromatarren garaian Carako hiri garrantzitsuak, eskualde osoaren garapena sustatu zuen. Hiriaren inguruan, egoitza abeletxeak garatu ziren, latinez "villae" deiturikoak, esaterako El Carrizo eta El Coscojal. El Coscojal abeletxeak nahiko garrantzia izan zuela uste dute historialariek, herrixkaren azternen artean, keramika egiteko kristo aurreko lehen mendeko labe bat aurkitu dutelako.

Musulmandarrek Iberiar penintsularen gehiengoa konkistatu eta Ebro ibarrera iristean, Mélida Iruñeko erreinuaren eta musulmandarren arteko lurraldearen artean geratu zen. Azkenik Santxo Ramirez erregeak, herria Nafarroako erresumaren barne sartu zuen XII. mendearen amaieran. Momentu hartan, herria Errege-jaurgo bihurtu zen, bertako biztanleek erregeari zergak eta errentak ordaindu behar zizkiotelarik. Horrez gain, erregea, XIII. mendearen hasieran eraikitako gazteluaren mantenuaz arduratzen zen. Gaztelua Santxo VII.aren erregetzan eraiki zen.

1266ko azaroaren 5ean, Teobaldo II.a erregeak, forua eman zien melidarrei, nekazariei herrian zeuzkaten ondasunak eta eskubideak emanez. Gazteluaren kudeaketa erregearen esku izaten jarraitu zuten, eta herritarrek urteroko gariaren uztaren zati bat ordaindu beharko zioten erregeari. Ondorengo mendeetan, herriaren jabetza hainbat aldaz aldatu zen, nobleziako familien artean lehenik eta monastegien artean ondoren. Horrez gain, Melidako lur batzuk, Oibar eta Cascanteko familia noble batzuen esku geratu ziren. Azkenik, Mélida, Olibako monastegiaren esku geratu zen XIV. mendean eta mendearen amaieran monastegiaren jaurgo bihurtu zen.

XIV. mendeak hondamendia ekarri zuen Melidara. Batetik, Izurrite Beltzak biztanleriaren heren bat hil zuen. Bestetik, 1378. urtean Gaztelako koroaren aurka hasitako gerratean, herria hutsik geratu zen eta gaztelatarrek gaztelua suntsitu zuten. Nafarroako erregeak herria birpopulatu zuen XV. mendearen hasieran, herriko biztanle izandako lau edo bost pertsonekin. Dena den, gerrateek mende hartan ere jarraitu zuen, kasu honetan Nafarroako gerra zibila. 1455. urtean Azkoiengo Martin agramondarrak, herria inguratu eta berreraikitako gotorlekua berriz suntsitu zuen. Gerra hartako gertakari ezagunenetako bat, Melidan gertatu zen, Leringo konteak Nafarroako mariskal zen don Felipe hiltzerakoan.

1498. urtean Nafarroako erresumako erregeek, Bardeetan aritzeko pribilegioak eman zizkieten herriko biztanleei. Pribilegio hauek lehenagokoak ziren, baina urte hartan erregeek baieztatu egin zituzten melidarren aurretiko eskubideak. Gaztelak Nafarroa konkistatzean, gotorlekuaren hondarren eraisketa agindu zen, Nafarroako gotorleku eta gaztelu guztiekin gertatu bezala. Konkistaren ondorengo mendeetan Mélida Olibako monastegiaren jaurgo izaten jarraitu zuen, 1847. urtean udalerri independiente bihurtu arte. 1855ean Nafarroan 13.000 hildakotik gora eragin zuen kolera izurriteak Santakaran izandako eragina, txikia izan zen.

XIX. mendearen erdialdera, Melidako herriak 100 bat etxe zituen. Herriak sei kale eta plaza bat zeukan, eta kartzela udaletxearen eraikin berdinean kokatzen zen. Lehen hezkuntzako eskola, olio-errota, urun-errota, pattarra ekoizten zuten hiru lantegi, eta jangaien beste hiru dendek osatzen zuten herria. Inguruko herriekin elkartzeko hiru bide zeuden, bata Zarrakaztelura, bestea Caparrosora eta bestea Arguedasera Bardeak zeharkatuz. Garai hartan, Melidak 600 biztanle inguru zituen.

XX. mendearen lehen erdian zehar, biztanleria haziz joan zen, baina azkenik 1950eko hamarkadatik hasita, hiri handiegoetarako migrazioak orokortu eta herriaren biztanleria erdira jaitsi zen.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Melidako biztanleria
1897 1900 1910 1920 1930 1940 1950 1960 1970 1981 1991 2001 2006
852 834 995 1.309 1.370 1.377 1.400 1.334 1.108 970 908 762 766

2008ko erroldaren arabera, 66 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %8,41a (Nafarroako batez bestekoaren azpitik).

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen amaieran, herritarrek erdiek lehen sektorean aritzen ziren lanean. Herrigunearen inguruko laborantza lurren %39 lur ureztagarriak ziren, eta lur amankomunek 978 hektarea hartzen zituzten (erroldatutako lurren %37,6). Lur ureztagarri amankomunek garrantzia handia izan dute historikoki eta 1976an lur ureztagarrien lursailen batzea burutu zen, guztira 211 hektareari eraginez. Hektarea horiek 232 jabe desberdin zituzten eta 682 lursail txikitan banaturik zeuden. Batze haren ondorioz 682 lursailak 325era murriztu ziren.

Artoa eta alpapa lur ureztagarrietan lantzen diren laborerik garrantzitsuenak dira udaberriko eta neguko zerealekin batera. Barazkien artean tomatea eta piperra nabarmentzen dira. Fruitarbolak sakabanatuta ageri dire laborantza lurren artean. XX. mendearen hasieran filoxeraren gaitza agertu aurretik, 200 hektarea mahasti zeuden, baina gaur egun 20 hektarea baino gutxiago geratzen dira. Elkarteei dagokionez, lehena 1946ko urtarrilaren 6an sortu zen "San Migelgo upategi koperatiba", ondoren 1965eko ekainaren 9an nekazarien beste koperatiba bat sortu zen (dena den 1975eko ekainaren 27an desegin zuten).

Industria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako gobernuak industrialdeak sustatzeko sortutako Nasuinsa elkartearen ekimenez, Melidako industrialdea eraiki zen XX. mendearen amaieran. Eraikuntza lanak 1999an hasi eta urtebete beranduago hiritartzea amaitzean enpresen pabilioiak eraikitzen hasi ziren (2001ean). Industrialdea Aragoi ibaiaren ondoan dago, Melidako herrigunearen mendebaldean. Industrialdearen ezaugarriak honakoak dira:

Azalera guztira: 13.203 m2

Lursailen azalera: 11.644 m2

Bardeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroan, Melidak, Fustiñana, Tutera, Cortes, Buñuel, Carcastillo, Cabanillas, Kaparroso, Alesbes, Cadreita, Valtierra, Arguedas, Santakara, Martzilla, Faltzes, Azkoien, Funes, Milagro, Corella, Olibako monasterioa, eta Erronkariko ibarra eta Zaraitzuko ibarrekin batera, Nafarroako Bardeetako elkartea osatu zuen. Bardeetako lur amankomunak nekazaritzarako erabiltzeko asmoarekin.

Melidarrek Bardeetan 2.800 hektarea lur lantzen zituzten 1990eko hamarkadaren haieran.

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andre Mariaren eliza: Errenazimendu estiloan eraiki zen XVI. mendearen lehen erdian, eta 1549. urtean bukatu zuten. Parrokia barruan lau aldare daude, Andre Mariaren, Done Jakueren, San Mikelen eta San Bartolomeren omenez. Eliza, antzinako eliza erromaniko baten hondarren gainean eraiki zen. Bi zatitan banaturiko nabe bakar batez osaturik dago, eta eraikinaren oinarria gurutze latindarra da.

Gurutze santuaren baseliza: Herriko kanposantuari atxikita dago. XIII. mende hasierako eraikin aurregotikoa da. Baselizak bost zatitan banaturiko nabe bakarra dauka, eta aurrealde zuzena.

Hirigintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Melidako alde zaharra harlanduzko Erdi Aroko harresi batez inguraturik egon zen duela mende asko. Harresiaren aztarna ugari aurkitu dira, eta gaur egun, egituraren zati batzuk kontserbatzen dira. Kaleak, paraleloki eta perpendikularki antolaturik daude, elizaren inguruan betiere. Herriko etxe gehienak XVI. mendetik XVIII. mendera bitartean eraiki ziren, eta harriz eginak dira. Zoritxarrez, antzinako eraikuntza hauetako asko, erortzear daude, urteetako utzikeria dela eta.

Hamarren Arkua, hamarren garautegirako sarbide nagusia zen. Eraikuntza XVI. mendean eraiki zen eta harrizko dobela handiez osaturiko arkua da. Erdiko arkuan, jainkoaren anagramadun armarri txiki bat ageri da.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udal hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003an bezala, 2007an ere PSN alderdiko Francisco Felipe Jaso Martínez aukeratu zuten alkate. Udaleko zazpi zinegotzietatik lau lortu zituen Nafarroako Alderdi Sozialistak; UPNk hiru lortu zituen. Baliogabeko botoak 11 izan ziren (emandako guztien %1,91a) eta zurizko 7 boto izan ziren (botoen %1,24a). Abstentzioa %15,67koa izan zen.

Mélidako Udala (2007)
Alderdia Botoak Zinegotziak
PSN 347 4
UPN 211 3

2011ko udal hauteskundeetan, ordea, egoera irauli egin zen: UPNk lau zinegotzi eta alkatetza (José María Sesma) lortu zituen eta PSNk hiru besterik ez.

Mélidako Udala (2011)
Alderdia Botoak Zinegotziak
UPN 254 4
PSN 239 3

Udaletxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendean eraikitako bi solairuko eraikina da, eta inguruko eraikuntzen estilo bera dauka. Udala alkatea eta sei zinegotzik osatzen dute.

  • HELBIDEA: La Oliva kalea, 2

Mélidako alkateen zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alkateen zerrenda
1979-1983
1983-1987
1987-1991
1991-1995
1995-1999
1999-2003
2003-2007 Francisco Felipe Jaso Martínez PSN
2007-2011 Francisco Felipe Jaso Martínez PSN
2011-2015 José María Sesma Aznárez UPN

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Mélida eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %1,06k zekien euskaraz hitz egiten.

Jaiak eta ospakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • San Isidro, maiatzaren 15ean, santuaren irudi bat ateratzen dute herriko nekazariak omentzeko. Nekazarien patroia izanik, herritarrek santuaren irudia ateratzen dute, eta prozesioa antolatzen da herriko kaleetan zehar.
  • Santa Ana, uztailaren 26a, herriko jai nagusiak dira 2006. urtetik.
  • "Jai Handiak", abuztuaren 19tik abuztuaren 25era ospatzen dira San Bernardoren omenez.

Zerbitzuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mélida, Mairaga-Erdialdea mankomunitateko kidea da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Euskaltzaindia, 155. araua: Nafarroako udal izendegia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0155.pdf .
  2. (Gaztelaniaz) Mairaga-Erdialdea Mankomunitatearen webgunean adierazten dute eskualde horretakoa dela.
  3. Euskaltzaindiak 151. arauan (5. orrialdea) dio «Aragoi beherea (-a)» izena duela Nafarroako eskualde geografiko horrek.
  4. (Gaztelaniaz) José A. Perales: «Los sotos de Mélida», Diario de Navarra, 2008-04-20.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko Wikiatlasa