Galar (udalerria)
|
Galar |
||
|---|---|---|
|
|
||
| Izen ofiziala | Galar | |
| Estatua Erkidegoa Merindadea Eskualdea |
Espainia Nafarroako Foru Erkidegoa Iruñeko merindadea Iruñerria |
|
| Alkatea | Cecilio Lusarreta Etxarri (AICG, indep.) |
|
| Herritarra | galartar | |
| Koordenatuak | 42°45′12″N 1°38′10″W / 42.75333°N 1.63611°WKoordenatuak: 42°45′12″N 1°38′10″W / 42.75333°N 1.63611°W | |
| Eremua | 45,03 km2 | |
| Garaiera | 440 m | |
| Posta kodea | 31191 |
|
| Biztanleria | 1.865 bizt. (2012) | |
| Dentsitatea | 41,42 bizt./km² | |
| http://www.cendeadegalar.es/ | ||
Galar[1] Nafarroako zendea eta udalerria da. Izen bereko zendea osatzen du berarengandik bereizitako Beriainekin. 2012ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, 1.865 biztanle ditu.
Iruñerriko Mankomunitatea, zaborra bildu, ur-hornidura eta bestelako zerbitzuak eskaintzeaz arduratzen da, Iruñea inguruko gune metropolitarreko beste hainbat herritan bezala.
Eduki-taula |
Inguru naturala eta kokapena [aldatu]
Galarrek 47,3 kilometro koadroko azalera du. Mugakideak hauek ditu: iparraldean Iruñea; ekialdean Aranguren, Elortzibar, zendea historikoko herria den Beriain eta Tebas; hegoaldean, Izarbeibarreko Ukar eta Biurrun; eta mendebaldean, Zizur Zendea eta Zizur Nagusia.
Galar udalerrian bederatzi kontzeju hauek daude: Arlegi, Espartza, Ezkirotz, Galar, Getze, Olatz Nagusia, Subitza (denak "lekuak"), Barbatain ("etxaldea") eta Cordobilla; udalburua Getze da[2]. Beriain Galar Zendeako beste herri bat izan da, baina 1992an desanexioa lortu zuen, herri zaharra eta Getzaurre (Poblado de Potasas) bere auzorik handiena biltzen dituena.
Klima eta landaredia [aldatu]
Udalerriak trantsiziozko klima azpimediterraneoa dauka, Iruñerriko herri guztiek bezala. Dena den, gune metropolitarraren hegoaldean dagoenez, prezipitazioak iparraldeko herrietan baino txikiagoak dira (600mm batez beste urtero). Batez besteko tenperatura 12 eta 13 gradu artekoa da, maximoa abuztuan eta tenperatura minimoa urtarrilean delarik. Urteroko egun euritsuak 90 inguru izaten dira (horietatik bost elur egunak). Urtarorik euritsuenak udaberria eta udazkena izaten dira.
Jatorrizko landareditik ez da ia ezer gordetzen, gaur egun Galar Zendea osatzen duten herrien inguruetan zerealak hazteko zelaiak nagusi dira. XX. mendearen amaieran zelai horietako batzuk hiritartu egin dira merkataritza-gune eta etxebizitza berriak eraikitzeko.
Herriak [aldatu]
Udalerriko herrietako biztanleria honakoa zen 2006ko erroldaren arabera:
| Kontzejua | Biztanleak |
|---|---|
| Arlegi | 85 |
| Cordobilla | 238 |
| Ezkirotz | 388 |
| Espartza | 244 |
| Getze | 173 |
| Galar | 121 |
| Olatz Nagusia | 30 |
| Subitza | 161 |
| Barbatain | 7 |
Historia [aldatu]
Galar Zendeari buruzko historiako lehen aipamena XV. mendekoa da eta bertan "Espartza eta bere herrixkak" aipatzen dira. XIX. mende hasieran, zendeako ekonomiaren ardatza garia eta bestelako zerealen landaketa da. Gariak zendearen historian izandako garrantziaren adierazle, Galarko armarriaren itxura. Mendearen erdialderako, patataren landaketa eta nekazaritzari lotutako industria xumea garatu zen.
XX. mendean alkohola ekoizten zuen lantegi bat sortu zen, eta iharketaren bidez lortzen zuten beharrezko gatza. Horrez gain, harrobi batzuk zeuden, kare eta igeltsu harrobiak. XX. mendearen erdialdean udalerrian ezarritako "Potasas de Navarra" enpresak eta bestelako industria eta zerbitzuen ezarpenak, zendea erabat aldatu zuten, eta Iruñea-Zaragoza edo N-121 errepide nazionalaren ondoan zeuden kontzejuek garapen handia izan zuten.
Auzo berriak [aldatu]
Nafarroako Gobernuko etxebizitza sailak 4.000 etxebizitza eraiki nahi ditu Galar Zendeako Cordobillako kontzejuan, Donapea deitu egitasmoan. Etxebizitza gehienak babes ofizialekoak edo prezio tasaturiko etxebizitzak izango lirateke proiektuaren arabera. Galar Zendeako udala aurka azaldu zen, gehiegizko dentsitatea erakusten zuelako, horrela, udalak 2.500 etxebizitza eraikitzeko plana aurkeztu zuen, 6-8 solairuko eraikinen ordez, hau da dentsitate baxua aukeratu zuen.
Etxebizitza berriez gain, bulego eta industrialdeak eraikiko lirateke Iruñeko Zaragoza etorbidea ardatz harturik.
Demografia [aldatu]
| 1897 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2006 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 1.565 | 1.556 | 1.612 | 1.724 | 1.691 | 1.548 | 1.566 | 1.510 | 4.052 | 3.660 | 3.145 | 1.273 | 1.456 |
2008ko erroldaren arabera, 92 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %6,07 (Nafarroako batez bestekoaren azpitik).
Ekonomia [aldatu]
Merkataritza [aldatu]
Cordobillan eraiki zen Morea merkataritza-gunea Iruñeko aldirietan zabalduriko bigarrena izan zen 2002an. Eraikinak hiru solairu dauzka, eta 25.000 metro koadroko denda azalera. Merkataritza-gunearen inguruan "Galaria" izeneko merkataritza konplexua dago, Media Markt, E. Leclerc eta merkataritzarako dozenaka eraikin gehiagorekin.
Industria [aldatu]
XX. mendearen aurretik nekazaritza izan zen udalerriko jarduera nagusia, baina "Potasas de Navarra" meagintza enpresa sortzean erabat aldatu zen Galarko ekonomiaren ardatza. XX. mendearen erdialdean, meategian 2.000 langiletik gorak egiten zuten lan. 1980ko hamarkadan enpresaren krisia zela eta,berriz, hainbat langile kaleratu, izena aldatu eta "Potasas de Subiza" izena hartu zuen. Azkenik, 1990eko hamarkadan, betiko itxi zuten XX. mendean Nafarroako enpresarik handiena izandakoa.
Energia eolikoa [aldatu]
Zendearen hegoaldean, Erreniega mendian dagoen Frankoandia etxaldean, Nafarroako Gobernuak eraikitako bi parke eolikoa daude. "Aizkibel" izeneko parkeak duen instalaturiko potentzia 12,52 megawattekoa da eta "Erreniega" parkearena 20,30 megawattekoa. Frankoandia etxaldea Nafarroako jabetzakoa den arren, Acciona da bi parkeen jabea gaur egun.
Ondarea [aldatu]
San Martin parrokia [aldatu]
San Martin parrokia, XVI. mendeko eraikina da, Miguel Iriarte harginaren lana. Eraikinak, tertzeletedun harlanduz estalitako gurutze latindarra dauka. Eliza barruan lokarri eta animalien ikurrez apainduriko XII. mendeko portada erromanikoa dago. Horrez gain, Pedro Arraidu egileak 1623. urtean egindako, Errosarioko eta Agate Deunaren erretaula erromanistak nabarmentzen dira.
Parrokiako erretaula nagusia Arraiduk berak egin zuen, baina jatorrizko itxura eta polikromia erabat aldatu dira.
Politika [aldatu]
Udal hauteskundeak [aldatu]
Azken agintaldietan Galarreko alkatea Agrupación Independiente Cendea de Galar (AICG) taldekoa izan da. 2007an Ricardo Aritz Imizkotz aukeratu zuten alkate. Udaleko bederatzi zinegotzietatik lau lortu zituen taldeak. Baliogabeko botoak 6 izan ziren (emandako guztien %0,65) eta 7 boto zuri izan ziren (botoen %0,77). Abstentzioa %22,14koa izan zen.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| Agrupación Independiente Cendea de Galar | 405 | 4 |
| EAE | 178 | 2 |
| Alternativa Nuevo Galar | 149 | 1 |
| PSN | 91 | 1 |
| UPN | 82 | 1 |
2011n hauexek izan ziren aurkeztutako zerrendak eta eskuratutako zinegotziak: Agrupación Independiente Cendea de Galar (AICG, 4), Bildu (2), UPN (2), Alternativa Nuevo Galar (ANG, 1) eta PSN (0). AICGko Cecilio Lusarreta hautatu zuten alkate; UPNz beste taldeen botoak eskuratu zituen[3].
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| AICG | 386 | 4 |
| Bildu | 209 | 2 |
| UPN | 162 | 2 |
| ANG | 128 | 1 |
| PSN | 58 | 0 |
Udaletxea [aldatu]
Galarreko udaletxea Getzeko kontzejuan dago. Eraikina 1918 eta 1919 urteen artean eraiki zen Martin Mendiak eginiko proiektuaren arabera. Udaletxeak beheko solairua eta lehen solairua dauzka, margoturiko fatxadarekin, eta harrizko sarrera nabarmentzen da. XX. mendearen amaieran, Nafarroako Gobernuak eraikina berrizteko diru-laguntza eman zion zendeako udalari.
- HELBIDEA: Udaletxe Plaza, 1
Alkateak [aldatu]
| 1979-1983 | ||
| 1983-1987 | ||
| 1987-1991 | ||
| 1991-1995 | ||
| 1995-1999 | ||
| 1999-2003 | ||
| 2003-2007 | ||
| 2007-2011 | Ricardo Aritz Imizkotz | AICG |
| 2011- | Cecilio Lusarreta Etxarri | AICG |
Euskara [aldatu]
Nafarroako Gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Galar eremu mistoko udalerria da, eta hori dela eta, gaztelania eta euskara dira hizkuntza ofizialak.[4] 2001eko erroldaren arabera, herritarren %0,68k zekien euskaraz hitz egiten.
2008an Nafarroako Ezker Batuak eta Nafarroa Baik Euskararen Foru Legea aldatu eta gune mistoan udalerri gehiago sartzeko (horien artean Galar Zendea) proposamena aurkeztu zuten Nafarroako legebiltzarrean. UPN ez beste talde guztien baiezko botoarekin proposamena aurrera aterako zela zirudienean, PSN alderdiaren ustegabeko jarrera aldaketak, atzera bota zuen gune mistoaren hedapena[5]. Baina, Nafarroako Parlamentuak 2010eko otsailaren 18an eremu mistora sartzea erabaki zuen.[4]
Azpiegiturak eta garraioa [aldatu]
Iruñerriko Eskualdeko Hiri Garraioaren honako lineek eskaintzen dute zerbitzua Galar Zendean:
| Línea | Ibilbidea | Ordutegia | Maiztasuna | Oharrak |
|---|---|---|---|---|
| Ezkaba - El Sario eraikina - Galaria | 06:38 - 22:08 | 15´ | ||
| Aizoain - Noain - Beriain | 06:26 - 22:28 | 12´ | ||
| Bakearen Plaza - Noaingo Aireportua | 05:30 - 23:30 | 30´ |
La Tafallesa [aldatu]
La Tafallesa izeneko autobus konpainiak Uztarroze eta Iruñea batzen dituen linea ustiatzen du. Lineak bi zerbitzu dauzka norabide bakoitzean, eta geltokia dauka Cordobillako kontzejuan. Ibilbidea honakoa da:
- Uztarroze - Izaba - Urzainki - Erronkari - Garde - Burgi - Esa - Xabier - Zangoza - Ledea - Irunberri - Nardoze Alduate - Ibargoiti - Elo - Noain - Cordobilla eta Iruñea
Elkarteak [aldatu]
- "Diario de Navarra" egunkaria, Cordobillako kontzejuan du egoitza.
Bibliografia [aldatu]
- Jose Maria Jimeno Jurio (zuzendaria), Nafarroako toponimia eta mapagintza. LI, Iruñea, 1998. ISBN 84-235-1715-2
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ Euskaltzaindia, 155. araua: Nafarroako udal izendegia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0155.pdf
- ↑ Euskaltzaindiaren hobespenak.
- ↑ Cecilio Lusarreta se hace con la vara de mando en Galar, Diario de Noticias, 2011ko ekainaren 12a.
- ↑ a b (Euskaraz) Nafarroako Parlamentuak lau herri eremu mistoan sartzea onartu du, http://www.eitb.com/albisteak/gizartea/osoa/358853/nafarroako-parlamentuak-lau-herri-eremu-mistoan-sartzea-onartu-du/. Noiz kontsultatua: 2010-02-18
- ↑ Euskarakultur.com webguneko albistea.
Ikus, gainera [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Gaztelaniaz) Galar Zendeako udalaren webgunea.
- (Gaztelaniaz) Galar Zendeari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren webgunean.
- Galar kontzejua Google Street View-n ikusia.
| Galar Zendea | ||
|---|---|---|
| Arlegi | Barbatain | Cordobilla | Espartza | Ezkirotz | Galar | Getze | Olatz Nagusia | Subitza | ||
|
|||||||