Tulebras

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Tulebras

 Nafarroa Garaia
Izen ofiziala Tulebras
Estatua
Erkidegoa
Merindadea
Eskualdea
Espainia
Nafarroako Foru Erkidegoa
Tuterako merindadea
Nafarroako Erribera
Alkatea Rafael Ayensa Pascual
(AIT, indep.)
Herritarra tulebrastar
Koordenatuak 41°58′36″N 1°40′35″W / 41.97667°N 1.67639°W / 41.97667; -1.67639Koordenatuak: 41°58′36″N 1°40′35″W / 41.97667°N 1.67639°W / 41.97667; -1.67639

[[Fitxategi:|300px]]

Eremua 3,86 km2
Distantzia 105 km Iruñera
Posta kodea 31xxx
Biztanleria 127 bizt. (2012)
Dentsitatea 32,9 bizt./km²
http://www.tulebras.es/

Tulebras[1] Nafarroako udalerria da. Tuterako merindadeko herri honek 127 biztanle zituen 2012ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera. Nafarroako hiriburutik 105 kilometrora dago.

Inguru naturala eta kokalekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroa hegoaldean dago, Tuterako merindadearen hegoaldeko muturrean. Herrira heltzeko N-121-C errepidea hartu behar da, Cascante-Monteagudoko noranzkoan.

Tulebrasek Cascanterekin egiten du muga iparraldean eta mendebaldean, Barillasekin ekialde eta hegoaldean, eta Monteagudorekin hegoaldean.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tulebrasko klima, mediterranear idorra da, prezipitazioak urriak dira (350-400mm inguru urtean) eta 60 egun baino gutxiagotan jausten dira. Udak lehorrak izaten dira, eta tenperaturak nahiko aldakorrak izaten dira, aldaketa termikoa handia da (urteroko batez besteko tenperatura 14 gradukoa da). Iparraldeko zierzo haizeak maiz jotzen du urtaro gehienetan. Dena den, uda garaian hegoaldeko haize beroa nagusitzen da.

Jatorrizko landaredia guztiz desagertu da gizakiaren eragina dela eta eta gaur egun, laborantza lurrak eta sastrakak aurki daitezke herriaren inguruan. Tarazonako "bide berdea"k udalerriaren mugak zeharkatzen ditu, antzinako trenbidearen lekua hartuz.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herria Karidadeko Andre Mariaren monasterioaren ondoan jaio zen, monasterioko zentsu-hartzaile eta morroien eskutik. XVIII. mende arte, Tulebras herrixka xumea baino ez zen izan, XIX. mendean jaunen eskubideak bertan behera geratu zirenean, udalerri independente bihurtu zen. Mojak 1157an heldu ziren toki honetara Tuteratik, monasterio berria eraikitzeko toki lasai baten bila. Dena den, Tulebras ezarri zen gunean, erromatar eta musulmanen garaietako aztarnak aurkitu dira. Herriaren izena agertzen den lehen dokumentu idatzia 1157koa da, bertan "Tolebras" izeneko gunea aipatzen da. Historialarien ustez, izen hau, monasterioaren aurretiko herrixka musulmana izendatzen du. Herrixka musulman hau, Cascantum herri erromatarren inguruan sortu ziren herrixka erromatarraren ondorengoa izan zen.

XIV. mendean, herriak Gaztelaren aurkako gerren kaltean jasan zituen, eta 1378an herria erabat deuseztu zuten. Tulebras utzik geratu zen, eta moja ez beste biztanle guztiek, ihes egin zuten. Ondoren, herria birpopulatu behar izan zuten, eta mojek tulebrastarren bizimodua errazteko, inguruko lurren gaineko emakidak egin zituzten, herritarren emigrazioa geldiarazten saiatzeko.

XIX. mendearen erdialdean, Tulebrasko umeek Cascanteko eskolara joaten ziren, eta gutunak Tuteratik jasotzen ziren. Herriak gaur egun erabilitako armarria 1841ean ezarri zen, aurretik monasterioaren armarri bera erabili zutelarik. Azpiegiturak hobetuz joan ziren XX. mendeak aurrera egin ahala eta horrela Barillastik zehar zihoan Aragoiko errepidea eraiki zen. Horrez gain, Tarazonatik etorritako elektrizitate-hariak jarri ziren.

XX. mendearen hasieran, herriak irina ekoizten zuen errota, hainbat upategi, okindegia, taberna eta eskola zeuzkan. Monasterioaren lurrek hainbat jabe izan zituzten, gehienak, inguruetako nobleziako familiak. Azkenik, 1956an Nafarroako Foru Aldundiak lurrak erosi eta herriko familien artean saldu zituen.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tulebrasko biztanleria
1897 1900 1910 1920 1930 1940 1950 1960 1970 1981 1991 2001 2006
183 185 175 183 197 197 185 189 154 98 112 101 107

2008ko erroldaren arabera, hamaika etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %8,80a (Nafarroako batez bestekoaren azpitik).

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tulebrasko jarduera ekonomiko nagusia nekazaria da, nahiz eta XX. mendean zehar bere garrantzia gutxituz joan den. 1990eko hamarkadan esaterako, herritarren bi heren nekazaritzan lan egiten zuen arren, lehen sektorea euren lanbide nagusia denen kopurua txikiagoa da, biztanleriaren %40. Askorentzat, nekazaritza, aisialdirako iharduera baino ez da gaur egun.

Laborantza lur gehienak ureztatuak dira, eta bertan olibondo eta mahastiak landaturik daude. Olibondoen azalera gutxituz joan da eta 1891an 134 hektarea hartzen bazituzten, 1982an kopuru hori 89 hektareara murriztu zen. Mahastiak 1891eko 42 hektareatatik 1979ko 33 hektareara igaro dira. Bestelako landaketen artean, alpapa, fruitu arbolak eta patata daude. Abeltzaintza oso murriztua da, zaldi eta astoak erabiltzen dira batez ere. Lur komunak beti izan dira oso eskasak, 17 hektarea larre lur baino ez.

Bigarren eta hirugarren sektoreak handitu diren arren, bigarren mailako jarduera izaten jarraitzen dute, batez ere, ura banaketa, dendaren bat eta udal bulegoetara mugatuz. Gaur egun, tulebrastar askok, Tutera inguruko industrialdetan egiten dute lan.

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tulebrasko monasterioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorriz Tuteran eraiki zen, 1149. urtearen inguruan, Dueñasko Andre Mariari eskainia, zistertar ordenaren emakumezkoen lehen egoitza. 1157an Antso Jakituna erregearen erabaki baten ondorioz, Tulebrasera aldatu ziren mojak. Monasterioa Queiles ibaiaren ertzean berreraiki zuten XII. mendearen amaieran, nabe bakarreko eraikina eta abside erdizirkularrekoa.

Eraikinaren kanpoaldean harlanduzko hormak eta estilo erromanikoko portada txikia ebanjelioaren ondoan. Kanpoaldean estilo gotikoan eraikitako Karitateko Ama Birjinaren XIV. mendeko irudi bat nabarmentzen da. XVI. mendeko klaustroa, eta abade jauregia barrokoa, XVIII. mendean eraikia eta adreiluzko fatxadaduna. Jauregiaren sarreran, alabastrozko armarri bat ageri da.

Monasterioaren barruan bada museo bat, eta aipatzekoa da Jeronimo Cosidak eginiko erretaula nagusi pizkundetarra.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udal hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tulebrasko alkatea Agrupación Independiente de Tulebras (AIT) herri ekimeneko Rafael Aiensa Pascual da 2007ko udal hauteskundeez geroztik. Urte horretan Udaleko bost zinegotziak AIT taldekoak izan ziren. Ez zen baliogabeko botorik izan eta zurizko 4 boto izan ziren (botoen %4,21a). Abstentzioa %12,84koa izan zen.

Tulebrasko Udala (2007)
Alderdia Botoak Aukeratua?
Rafael Aiensa Pascual (AIT) 63 Bai
Angel Maria Perez Martinez (AIT) 47 Bai
Teresa Torres Fernandez (AIT) 46 Bai
Elena Planas Callao (AIT) 42 Bai
Maria Luisa Torres Pascual (AIT) 37 Bai


2011ko udal hauteskundeetan ere AIT izan zen aurkeztutako bakarra eta Ayensak alkatetza gorde izan zuen[2].

Udaletxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udaletxea, komentuari atxikita dago eta XX. mendeko eraikuntza modernoa da, inolako berezitasunik ez duena. Komentuaren estilo klasikoari kontrajartzen zaio. Udala alkatea eta lau zinegotzik osatzen dute.

Tulebrasko udaleko idazkaria, Monteagudo eta Barillasko idazkari ere bada.

  • HELBIDEA: Tuterako errepidea, 1

Alkateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alkateen zerrenda
1979-1983
1983-1987
1987-1991
1991-1995
1995-1999
1999-2003
2003-2007
2007-2011 Rafael Ayensa Pascual AIT
2011-2015 Rafael Ayensa Pascual AIT

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Tulebras eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, ez dago euskara dakien herritarrik Tulebrasen.

Azpiegitura eta garraioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Conda autobus konpainiaren Tarazona eta Iruñea bitarteko autobus lineak geltokia dauka Tulebrasen, eta noranzko bakoitzean ibilaldi bakarra egiten du eguneko. Iruñean autobusa aldatuz Irunera arte joatea dago. Autobusak honako ibilbidea egiten du:

Jaiak eta ospakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriko jaiak abuztuaren 19tik abuztuaren 22ra ospatzen dira San Bernardoren omenez. Herriko patroiak San Bernardo eta Camako Ama birijina dira. Jaietan, herriko biztanleria asko hazten da eta ekitaldi kultural eta gastronomikoak antolatzen dira. Erriberako herri askotako jaietan gertatu bezala, jaietako ekitaldirik jendetsuena "entzierro txikiak" izaten dira.

Urtarrilaren 17an, San Antonen omenezko jaia ospatzen da. Herritarrek herriaren mendebaldeko muturrean dagoen San Antonen irudiraino joaten dira prozesioan. Gaua heltzea, herritarrak suaren inguruan biltzen dira, patata egosiak, txistorra eta olioaz bustitako txigorkiak.

Elkarteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tulebras "Queiles haraneko zerbitzu sozialen mankomunitateko" kidea da. Zaborra biltzeaz "Erriberako hondakin solidoen kudeaketarako mankomunitatea" arduratzen da eta ur-horniduraz "Moncayoko uren mankomunitatea".

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tulebras Aldatu lotura Wikidatan
Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko:Wikiatlasa