Fustiñana
Fustiñana | |||
---|---|---|---|
Nafarroa Garaia, Euskal Herria | |||
Jasokundearen eliza | |||
| |||
Kokapena | |||
Herrialdea | Euskal Herria | ||
Lurraldea | Nafarroa Garaia | ||
Merindadea | Tutera | ||
Administrazioa | |||
Estatua | Espainia | ||
Erkidegoa | Nafarroa | ||
Izen ofiziala | Fustinaña | ||
Alkatea | Juan Antonio Sola Pradilla (UPN) | ||
Posta kodea | 31510 | ||
INE kodea | 31108 | ||
Herritarra | fustiñanar | ||
Geografia | |||
Koordenatuak | 42°01′11″N 1°29′10″W / 42.019722222222°N 1.4861111111111°W | ||
Azalera | 67 km² | ||
Garaiera | 258 metro | ||
Distantzia | 104 km (Iruñetik) | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 2.457 (2023: −2) | ||
Dentsitatea | 36,67 bizt/km² | ||
Zahartzea[1] | % 28,99 | ||
Ugalkortasuna[1] | ‰ 60,82 | ||
Ekonomia | |||
Jarduera[1] | % 79,29 (2011) | ||
Desberdintasuna[1] | % 0 (2011) | ||
Langabezia[1] | % 13,91 (2013) | ||
Euskara | |||
Euskaldunak[2][3] | % 0,20 (2018: %-0,28) | ||
Datu gehigarriak | |||
Webgunea | http://www.fustinana.es |
Fustiñana[4] ([fus̺tiɲana]) Nafarroako udalerria da. Nafarroako hiriburutik 104 kilometrora dago, Tuterako merindadean, eta
2014. urtean 2.528 biztanle zituen.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etimologikoki Fustiñana analisa daiteke *Fustiñ + ana eran, Fustiñ delako baten jabetza baten esanahiarekin. Fustanius edo F(a)ustinus izen latinoak egon daitezke atzean. Faustino delako baten etxaldea, beraz, nolabait[5]. Euskaraz eta gaztelaniaz berdina da herriaren izena.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inguru naturala eta kokapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herria Nafarroa hegoaldean kokatzen da, Tuterako merindadearen ekialdean. Tutera eta Zaragoza batzen dituen NA-126 errepidean dago. Fustiñanak Bardearekin egiten du muga iparraldean eta ekialdean, Cabanillas eta Ribaforadarekin mendebaldean, eta Buñuel eta Ribaforadarekin hegoaldean.
Ebro ibaiak herria zeharkatzen du eta Deustiako ubideak herrira ura garraiatzen du, hainbat barazkiren landaketa posible eginez. Landaturiko barazkien artean, zainzuria, tomatea eta orburua dira. Fustiñanako klima, mediterraneo-kontinentala da, tenperatura aldaketa handiekin. Prezipitazioak nahiko irregularrak dira eta batez beste 400mm inguru izaten da urtero. Nafarroako lekurik lehorrenetakoa da, Bardeako gune desertikoaren antzera. Prezipitazioak udaberri eta udazkenean izaten dira maizago.
Klima eta landaredia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fustiñanak klima mediterraneo-kontinentala dauka, Ebro ibaiaren sakonuneko udalerri gehienek duten klima bera. Prezipitazioak urriak dira eta nahiz eta udaberri eta udazkenean ugariagoak diren, oro har, irregularrak dira urte osoan zehar. Urteko batez besteko tenperatura 14 eta 15 gradu artekoa eta prezipitazioak 400 eta 450mm bitartekoak dira. Urteko egun euritsuak 50-60 inguru dira. Bardea udalerriaren iparraldean dago eta bertan da klimarik gogorrena (lehorrena eta beroena).
Jatorrizko landaredia ia erabat desagertu da baina oraindik ere makaldi eta landatutako pinudiren bat ikus daiteke. Zuhaitz horiek dena den, udalerriaren azaleraren % 0,6an baino ez daude.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historialarien ustez, erromatarren garaian "Viña Faustiniana" izeneko udalerri bat izan zen. 1119an Alfonso Borrokalariak herria eta eskualde guztia berkonkistatu zuen, musulmanak Nafarroatik kanporatuz. 1142. urtean Gartzia Ramirez erregeak, herria Jerusalengo San Joanen Ospitalarien ordenari eman zion, eta hauek hegalpearen egoitza izendatu zuten 1189an. Mende bat beranduago, 1275ean Corbaran Gili saldu zioten, baina berriz ere orden erlijiosoaren eskuetan geratu zen Fustiñanako jaurerria, Evreuxko Felipe III.a erregeak berretsitako dokumentuaren bidez.
XIX. mendearen erdialdean burututako erreforma administratiboaren ondotik, Fustiñana jaurerri izateari utzi, eta udalerri independente bihurtu zen. Ordura arte, herria Jerusalengo Ospitalarien ordenak izendaturiko alkate batek zuzendu zuen. XIX. mendearen hasieran herrian 2.500 abelburu zeuden, eta mende berdinaren erdialdean, nesken eta mutilen eskola bana zegoen. Nesken eskolan 20 neskek ikasten zuten, eta mutilenean, 40 mutil.
XIX. mendearen amaieran uruna ekoizten zuen errota, eta gesal lantegia zeuden herrian. XVI. mendean ospitalea egon zen Fustiñanan. Erregeak Bardeako ustiaketan aritzeko baimena eman zion herriari eta ordutik ganaduaren eta herriko lur komunalen aprobetxamendurako erabili izan da baimen hori. Nafarroako herri askotan bezala, erlijiosoek gobernatu zuten herria XIX. mendera arte.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fustiñanako ekonomiaren ardatza nekazaritza da, lehorreko eta erregadioko laborantza. Lehen sektoren biztanleriaren erdia baino gehiago aritzen da, eta industria eta zerbitzuetan gainontzeko fustiñanarrak. Landatutako lurren %18 erregadioko lurrak dira eta gainontzeko %82a lehorreko lurrak. Erregadioko Lurrak Tausteko ubideari esker ureztatzen dira eta zainzuriak, piperrak, tipulak eta tomateak landatzeko erabiltzen dira. Lehorreko lurretan, zerealak landatzen dira.
1912ko martxoaren 19an Nafarroako nekazal aurrezki kutxak sustaturiko koperatiba sortu zen, 1958ko otsailaren 15ean Nekazarien koperatiba berria, eta 1974ko ekainaren 19an San Isidro Nekazariaren koperatiba sortu ziren. Lur amankomunek 3.111 hektarea hartzen dituzte (erroldatutako laborantza lurren %46,5). Gehienak sekain lurrak dira.
Bardea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Horrez gain, herriaren inguruetan Bardean duela mende askotatik fustiñanar guztientzako herri-lurrak kokatzen dira. Bardeak izan duen garrantziaren adierazgarri, Erdi Aroan Fustiñanak sorturiko elkartea dugu. Fustiñanak, Cabanillas, Tutera, Cortes, Buñuel, Zarrakaztelu, Melida, Kaparroso, Alesbes, Cadreita, Valtierra, Arguedas, Santakara, Martzilla, Faltzes, Azkoien, Funes, Milagro, Corella, Olibako monasterioa, eta Erronkariko ibarra eta Zaraitzuko ibarrekin batera, Nafarroako Bardeako elkartea osatu zuen. Bardeako lur komunak nekazaritzarako erabiltzeko asmoaz.
Parke eolikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fustiñanako mugen barruan, Nafarroako gobernuak eraikitako "La Bandera" izeneko parke eolikoa dago. Instalaturiko potentzia 30,80 megawattekoa da, eta parkearen jabea Nafarroako gobernua da gaur egun.
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1860an herrian 1.010 biztanle zeuden, eta mende bat geroago kopuru hori bikoiztu egin zen, 1950eko erroldaren arabera 2.559 bizi baitziren herrian. Biztanle gehienak herrigunean bizi ziren arren, XX. mendearen hasieran, baziren oraindik etxebizitzak Torre de Leoz, Arrabal Antiguo, El Espartal, Campo del Fraile eta El Ginestarren. XX. mendearen bigarren erdialdean biztanleak galtzen hasi zen herria eta 2.300 inguru izatera iritsi zen 1991ean. Ordutik berriro hazi zen biztanleria eta 2011n 2.550 biztanle zituen herriak.
Fustiñanako biztanleria |
---|
2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 289 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren % 11,29 (Nafarroako batezbestekoaren gainetik).
Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udal hauteskundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2003an bezala, 2007an UPN alderdiko Juan Antonio Sola Pradilla aukeratu zuten alkate. Udaleko hamaika zinegotzietatik sei lortu zituen eta hortaz gehiengo osoa. Baliogabeko botoak 13 izan ziren (emandako guztien %0,76) eta 19 boto zuri izan ziren (botoen %1,11). Abstentzioa %16,11koa izan zen.
2011n alderdi berberak aurkeztu ziren eta haien arteko diferentzia areagotu egin zen (UPNk 7 zinegotzi-PSNk 4). Botoetan biek egin zuten behera.
Alderdi politikoa | 2011 | 2007 | ||
---|---|---|---|---|
Botoak | Zinegotziak | Botoak | Zinegotziak | |
Nafar Herriaren Batasuna (UPN) | %58,33 | 7 | %56,77 | 6 |
Nafarroako Alderdi Sozialista (PSN) | %38,41 | 4 | %42,11 | 5 |
Alkateen zerrenda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2011 | Juan Antonio Sola Pradilla (UPN) |
2007 | Juan Antonio Sola Pradilla (UPN) |
2003 | Juan Antonio Sola Pradilla (UPN) |
Udaletxea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udaletxea 1686an eraiki zen Manuel Ponton arkitektoaren diseinuaren arabera. Eraikinak erabilera asko ditu (bake auzitegia esaterako) eta adreiluzko fatxada dauka. Herriaren hazkundea dela eta, 1981ean handitu behar izan zuten, inguruko eraikinak jatorrizko egiturari gehituz. Horrez gain, XX. mendearen amaieran, berritze lanak egin ziren Nafarroako gobernuaren diru-laguntzari esker (berritze lanetan gastatutako 60 milioi pezetetatik Nafarroako gobernuak bi heren ordaindu zituen).
Udalak alkatea eta hamar zinegotzi dauzka.
- HELBIDEA: Foruen Plaza 1
Azpiegitura eta garraioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Condaren Tutera eta Zaragoza bitarteko autobus lineak lau zerbitzu dauzka egunean. Ibilbidea, honakoa da:
- Tutera - Fontellas - Cabanillas - Fustiñana - Ribaforada - Buñuel - Cortes - Mallen eta Zaragoza
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Fustiñana eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %0,48k zekien euskaraz hitz egiten.
Jaiak eta ospakizunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fustiñanako jaiak abuztuaren 5etik abuztuaren 12ra ospatzen dira Justo eta Pastor santuen omenez. Antolaturiko ekitaldien artean, santuen prozesioak, kontzertuak, herri bazkariak eta bigantxa entzierroak daude. Abuztuaren 6an paloteado dantza eta antzerki ikuskizuna egiteko eguna izaten da. Mendeetako ohitura hau 1901. urtean desagertu zen, eta 1979 berreskuratu zen. Berriro eten zen 1994 eta 2009 artean, baina indarrez berreskuratu du Barde-Ribera dantza taldeak: 2010etik neskek ere parte hartzen dute, eta 2011tik ikuskizunean beste datza bat berreskuratu da, zinta-dantza. Erriberako beste paloteado batzuekin alderatuta, antzezpenaren aldean bi pertsonaia bakarrik daude Fustuñanakoan, rabadán edo artzaina eta mayoral edo nagusia[6][7].
Horrez gain, azaroko hirugarren igandean, Peñako Ama Birjinaren eguna antolatzen da. Larunbat eta igandean, su handi bat egiten da udaletxearen aurreko plazan, eta udaletxeko balkoietatik ehundaka intxaur jaurtitzen zaizkie plazan dauden herritarrei. Bitartean, plazan ardoa banatzen da herriko biztanleen artean.
Ondasun nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jasokundearen eliza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jatorriz eliza erromanikoa izan zen, baina jatorrizko eliza horretatik ezer gutxi kontserbatzen da gaur egun. Eraikinaren nabea handitu eta kaperak eraiki ziren nabearen alboetan. Eliza, plaza handi baten erdialdean dago eta berez Justo eta Pastor santuak omentzen zituen. Jatorrizko eliza Jerusalengo San Joanen ordenak eraiki zuen XII. mendean.
XVI. mendean eliza Errege Katolikoen estiloa erabilita handitu zen, handitze hori da gaur egun ikus daitekeen eliza. Bi zatitan banaturiko nabe bakarra, poligono itxurako aurrealdea, izardun gangez estalia. 1842an Peñako Ama Birjinaren kapera eraiki zuen Villafranca arkitektoak estilo gotiko berantiarrean. Kapera horrek, antzinako eliza sanjoandarraren sarrera erabili zuen.
Erretaula nagusia, estilo platereskokoa da, eta margoak Pietro Morone italiarrak eta Tuterako Juan Monzonek egin zituzten 1561ean.
Baselizak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Santa luzia baseliza.
Fustiñanar ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bartolome Oteitza (1774-1836), elizgizon eta politikaria.
- Juan Pascual Esteban (1864-1940), idazlea.
- José Arregui Gil (1921-2016), legelari eta politikaria.
- Jesús Beltrán (1936-2014), psikopedagogo eta irakaslea.
- José Luis Redrado (1936-), Ofenako apezpikua.
- José Antonio Gaiarre (1940-), nekazari eta politikaria.
- Jesús Etaio Arrondo (1958-), apaiza.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- ↑ Euskara ezagutza tasa. (2010) Euskal Herriari Begira (Udalbiltza), Eustat, INE, NASTAT eta Euskal Herriko Hizkuntza Adierazle Sistema (EAS).
- ↑ Nafarroako Gobernua. (2018). Nafarroako Datu Soziolinguistikoak. Euskarabidea, 48-53 or..
- ↑ Euskaltzaindia. 155. araua: Nafarroako udal izendegia. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Belasko, Mikel. Fustiñana - Toponimia. (argitaratze data: 2009-11-07) (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Nueva, Plaza. «X Paloteado 2019 de Fustiñana» Plaza Nueva (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
- ↑ Tubia, Iker. «Makiletan, sustraiak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |
- (Gaztelaniaz) Fustiñanako udalaren webgunea.
- (Gaztelaniaz) Fustiñanari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren webgunean.
- (Gaztelaniaz) Fustiñanako telebistaren bloga.
- Valero Bermejo kalearen ikuspegia Google Street View-n.
Tuteraldeko udalerri aurkibidea | ||
---|---|---|
Ablitas • Arguedas • Bardeak • Barillas • Buñuel • Cabanillas • Cascante • Castejón • Cintruénigo • Corella • Cortes • Fitero |