Edukira joan

Los Arcos

Koordenatuak: 42°34′00″N 2°10′59″W / 42.566666666667°N 2.1830555555556°W / 42.566666666667; -2.1830555555556
Wikipedia, Entziklopedia askea
Urantzia» orritik birbideratua)
Los Arcos
Urantzia
 Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Los Arcosko bandera
Bandera

Los Arcosko armarria
Armarria


Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Nafarroa Garaia
Merindadea Lizarra
Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Nafarroa
Izen ofiziala Los Arcos
AlkateaJerónimo Gómez Ortigosa (UPN)
Posta kodea31280
INE kodea31029
Herritarralosarcostar[1]
Geografia
Koordenatuak42°34′00″N 2°10′59″W / 42.566666666667°N 2.1830555555556°W / 42.566666666667; -2.1830555555556
Azalera57,67 km²
Garaiera438 metro
Distantzia59 km (Iruñetik)
Demografia
Biztanleria1.151 (2023:  12)
alt_left 576 (%50)(2019) (%48,5) 558 alt_right
Dentsitatea0,2 bizt/km²
Zahartzea[2]% 31,64
Ugalkortasuna[2]‰ 45,23
Ekonomia
Jarduera[2]% 66,9 (2011)
Desberdintasuna[2]% 0 (2011)
Langabezia[2]% 11,34 (2013)
Euskara
Euskaldunak[3][4]% 2,80 (2018: %0,18)
Datu gehigarriak
SorreraXI. mendea
Webguneahttp://www.losarcos.es

Los Arcos[1] ([los aɾkos] gaztelaniaz eta ofizialki; Urantzia [uɾants̻ia] euskaraz baina ez ofizialki) Nafarroako hego-mendebaldean dagoen udalerria da. Udalerriak 1.167 biztanle zituen 2014. urtean.

XX. mendean Los Arcos hiribildua euskaraz izendatzeko Urantzia erabili izan da, Euskaltzaindiaren Euskal Herriko udalen izendegian 1979an hala agertu baitzen, baina oinarri nahikorik gabean zuzendu egin zuen akademiak gero, eta Los Arcos eman zuen arauzko izentzat.[1] Urantzia izena oinarritzen da erdiaroko hainbat testigantzatan, zeinetan "urancia que dicitur arcus" bezalako aipuak aurkitu izan diren[5]. Jimeno Juriok Lizarrako Foruan jasotzen den Arkueta (Arqueta) izena jo zuen herri honetako izen euskalduntzat[6]

Inguruko herriekin osatzen duen multzoari, Los Arcosko Bostiriak esaten zaie.[7] Armañantzas, El Busto, Santsol eta Torres del Rio dira Los Arcosekin batera bost hiri horiek.

Ingurune naturala eta klima

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Los Arcos Lizarrako merindadearen hego-mendebaldean dago, Logroño eta Iruñeatik erdibidean, eta A-21 autobideak zeharkatuta. Los Arcosen ez dago altuera handiko mendirik, eta erliebea 500-600 metro arteko muinoek zehazten dute. Horrela, udalerriko gunerik garaienak, Valdelaguardia (585m), Lomba (562m), El Carcal (500m) eta Peñas Blancas (540m) dira.

Los Arcosko klima mediterraneo-kontinentala da. Prezipitazioak nahiko urriak dira (448-600mm inguru) eta 60-80 egunetan jausten dira. Udak epelak eta lehorrak dira eta neguak hotzak eta ez oso euritsuak. Urteko batez besteko tenperatura 10 °C eta 13 °C artekoa da. Izozteak nahiko ohikoak izaten dira neguan, udazkenaren amaieran eta udaberriaren hasieran, estatistiken arabera izozteak normalean, azaroaren 22tik apirilaren 2ra izaten dira ohikoen. San Gregorioko mendizerraren eragina nabarmena da herriko klimarengan, eta horrela neguak gogorregiak izaten dira, batez ere, izozteei dagokienean. Uda garian tenperaturak 34 °C eta 40 °C artekoak dira eta neguan termometroak -3 °C eta -7 °C ingurura jaitsi daitezke.

Jatorrizko landaredia erabat aldatu da gizakiaren eragina dela eta, eta lehen arteak eta mota desberdineko zuhaixkak zeuden tokian, nekazaritzarako lurrak daude gaur egun.

Estazio meteorologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrigunearen kanpoaldean, itsasoaren mailatik 172 metrora, Espainiako Nekazaritza ministerioaren estazio meteorologikoa dago.[8]

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Aukeratu beheko zatian urte-tarte bat, urte horiek goian xehetasun handiagoz ikusteko.

Ikusi edo aldatu datu gordinak.


Udalerri mugakideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriak, Sorlada, Mues eta Etaiurekin egiten du muga iparraldean, Villamayor de Monjardin, Barbarin eta Sesmarekin ekialdean, Elizagorria eta Mendabiarekin hegoaldean, eta Desoio, Santsol eta El Bustorekin mendebaldean.

Urantzia jartzen duen zonaldea, Los Arcosko Bostiriak, Gaztela bihurtu zen 1463an.

Historiaurrea eta Erdi Aroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Los Arcosko udalerriaren mugetan, historiaurreko hainbat kokaleku aurkitu dira, La Atalaya, El Castillar eta San Lorentzokoak, Burdin Aroan zehar garaturikoak. Antzinako gaztelua dagoen gunea erromatarren garaian populatu zen eta herria Curnonium izeneko mugabarru militarreko herria izan zen. Errege bideen gurutze-bidea, herriak Gaztela eta Nafarroako erresumaren arteko merkataritzari esker aberastu zen. Erdi Aroan zehar Los Arcos honako herriek osatzen zuten Armañantzas, El Busto, Santsol, Torres del Rio eta gaur egun herri hustua den Melgar.

X. mendean musulmanek konkistaturikoa, Antso I.a Gartzeitzek herria birkonkistatzea lortu zuen XI. mendean, Valdejunquera izeneko borrokan. XII. mendean Nafarroako Antso VI.a Jakituna erregeak berezko forua eman zion Los Arcosi, asteroko merkatua antolatzeko eskubidea emanez. Erdi Aroan zehar, merkataritzari esker, herriak garapen handia izan zuen. Garai hartakoa da Andre Mariaren parrokia zaharraren egitura erromaniko-berantiarra eta Donejakue bideko erromesen bidea errazteko eraikitako ospitalea. Herrian, juduak eta frankoak bizi izan ziren XV. mendea arte. Oparotasun horren adierazle, herriko hainbat eraikin eta batez ere 1423an Los Arcosek Nafarroako gorteetan lorturiko jarlekua dira.

Gaztelatik gertu egoteagatik, herriak erresuma honetako ejertzitoen erasoaldiak jasan zituen maiz. 1274an Alfonso X.a Jakitunaren ejertzitoak herria inbaditu zuen, eta ondorengo mendean Joanes II.a erregeak.

15. mendeko Nafarroako Gerra Zibilaren kontestuan, 1463an Los Arcos Gaztelako Erresumari gehitu zitzaion Frantziako Luis XI.a erregearen sententziaren bitartez. Herriak erabakia onartu zuen, aurretik zituen pribilegio eta foruak mantentzearen truke. Los Arcosekin batera, Armañantzas, El Busto, Santsol eta Torres del Rioko udalerriak sartu ziren Gaztelako erresuman[9]. Los Arcosko Bostiriak esaten zaie hauei.

XVI. mendetik XX. mendera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Felipe II.a erregeak, foruak berretsi (1572) eta herria bisitatu zuen 1592an. Ondorengo Espainiako erregeek berdina egin zuten 1697 eta 1702an. XVII. mendetik XVIII. mendera bitartean Andre Mariaren plaza eta Frutaren plaza eraiki ziren.

1521. urtean Albreteko Henrike II.a erregea Nafarroa birkonkistatzen saiatzean Los Arcos arpilatua izan zen. Erregeak, herriaren Gaztelarekiko erakutsitako zintzotasuna eskertzeko, asteazkenero merkatua ospatzeko eskubidea eman zion. Mende hauetan, herriak berriro ere oparotasun garaia bizi izan zuen, eta estilo barrokoko hainbat eraikin, jauregi, eta nobleen etxe eraiki ziren.

XVIII. mendearen amaieran, zehazki 1753. urtean, Los Arcos Nafarroako herri bihurtu zen berriro ere, Bostiriak multzoan, izatez[9]. Merkatua ospatzeko eskubidea eta aurretik zituen bestelako eskubideak mantendu zitzaizkien, horietatik garrantzitsuena, Gaztelara garia esportatzeko pribilegioa. Nafarroako gorteetan zeukan tokia berreskuratu zuen, baina Unibertsitateen ordeneko bederatzigarren tokia egokitu zitzaion. XIX. mendearen bigarren erdian, biztanleria mantendu edo motelki haziz joan zen.

XX. mendetik aurrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen lehen erdian, irin, kandela eta txokolate lantegiak eraiki ziren. Guardia Zibilaren kuartela, hiru eskola, frantziskotarren komentua, eta pauldarren komentua zeuden herrian. Los Arcosen, Nafarroako babes ofizialeko lehen etxebizitzak eraiki ziren 1950eko hamarkadaren amaieran. "Etxe merke" delakoak solairu bakarreko 48 etxebizitza ziren, eta erosketa kontratua 1954ko irailaren 23an sinatu zuten, urtebete beranduago eraikuntza obrak hasiz. Etxeen eraikuntzan hildako bat egon zen, 22 urteko Jose Luis Alba Zirauki. 82 metro karratuko etxe hauek altxatzen lagundu zuten langileek 35 eta 30 pezeta irabazten zituzten eguneko, igeltseroek 35 eta beharginek 30.

Etxeak egokitu zitzaizkien familiek, 13.645 pezeta eman behar izan zituzten sarrera gisa, eta beste 100 pezeta hil zen langilearen familiari. Ondoren, 167,50 pezeta ordaindu behar izan zuten hilero, guztira etxeek balio zuten 56.022,50 pezetak ordaindu arte.

Abiadura zirkuitua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako zirkuitua»

2007an, enpresa pribatu batek Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, abiadura zirkuitua eraikitzeko lanak hasi zituen. Los Arcosen aukeraketaren arrazoia, Iruñea eta Logroño artean herriak duen kokagunea izan zen. Zirkuitua 2010eko ekainaren 19an zabaldu zuten.

Biztanleria nekazaritzatik bizi izan da historikoki eta baita gaur egun ere.

  • % 35 nekazaritza edo lehen sektorea
  • % 40 industria edo bigarren sektorea
  • % 25 merkataritza eta zerbitzuak edo hirugarren sektorea

Nekazaritzako laborerik garrantzitsuenak, mahastiak eta olibondoak dira. Garia, garagarra eta mahatsa, lehor zein lur ureztagarrietan landatzen da. Lur ureztagarriak laborantza lurren % 12 dira, eta mahastiek 1891ean filoxeraren agerpenaren aurretik 182 hektarea hartzen zituzten. Ondoren, azalera gutxituz joan zen, eta gaur egun ia erabat desagertu dira.

Elkarteei dagokionez, 1921eko apirilaren 20an, Nafarroako nekazal aurrezki kutxak sustaturiko kooperatiba sortu zen, 1948ko urtarrilaren 6an San Jose upategi kooperatiba, eta 1951eko apirilaren 15ean herriko nekazari talde batek beste kooperatiba bat sortu zuen.

Nafarroako gobernuak industrialdeak sustatzeko sortutako Nasuinsa elkartearen ekimenez, Lizarraldea industrialdea (Polígono Industrial Tierra Estella gaztelaniaz) eraiki zen XX. mendearen hasieran. Nasuinsa elkartea 1990eko hamarkadan sortu zenetik eraikitako industrialderik handienetakoa izan zen, guztira 465.455 metro koadroko azalera hartuz. Eraikuntza lanak 2005ean hasi eta bi urte beranduago lehen pabiloiak altxatzen hasi ziren.

Industrialdearen datu teknikoak honakoak dira:

Azalera guztira: 460.023 m2

Lursailen azalera: 294.160 m

Zerbitzuetan biztanleriaren % 25 baino ez du lanik egiten, eta orokorrean herriguneko taberna, eskola, banketxe, udal bulego eta denda txikietan lan egiten duten pertsonetara mugatzen da. Horrez gain, herriaren kanpoaldean supermerkatua dago.

Los Arcos gainbeheran dagoen herria da populazioaren aldetik. XX. mendearen lehen erdialdean 2.000 biztanleen inguruan mantendu ondoren, 1960eko hamarkadatik aurrera biztanleen galera etengabea izan zuen, baita XXI. mendearen lehen hamarkadan ere, eta 1.200 biztanleen inguruan zegoen 2011n.

Los Arcoseko biztanleria

2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 101 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren % 8,01a (Nafarroako batezbestekoaren azpitik).

Udaletxea 1764an eraiki zen, eta estiloa barrokoko jauregi eta nobleen etxeetan erabilitako ezaugarriak biltzen ditu. Lehen solairua harlanduz egina dago, bigarrena adreiluzkoa da eta azken solairua altuera gutxiko atikoa da. Eraikinaren gorengo puntuan, harrizko herriaren armarria dago. Antzinako udaletxea Rancho kalean zegoen eta XVI. mendean eraiki zen. Gaur egungo udaletxea Andres Garciak diseinatu zuen eta XVIII. mendearen bigarren erdian eraiki zen, 1764an. Harlandua eta adreilua nahasten dituen fatxada dauka. XX. mendean eraikina eraberritu egin zen, eta lanek 18,5 milioi pezetako aurrekontua izan zuten (Nafarroako gobernuak diruz lagundu zuen Los Arcosko udala). Udala alkatea eta zortzi zinegotzik osatzen dute.

  • HELBIDEA: Foruen Kalea, 1

Udal hauteskundeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken agintaldietan udalerriko alkatea UPN alderdiko Jerónimo Jose Gómez Ortigosa da. 2007an Udaleko bederatzi zinegotzietatik sei lortu zituen Nafarroako Herriaren Batasunak eta hortaz gehiengo absolutua udalean. Baliogabeko botoak 21 izan ziren (emandako guztien % 2,44a) eta zurizko 15 boto izan ziren (botoen % 1,79a). Abstentzioa % 24,21koa izan zen.

Udala (2007)
Alderdia Botoak Zinegotziak
UPN 526 6
Agrupación Independiente de Los Arcos 299 3

2011n ere UPN (5 zinegotzi, Gómez Ortigosa alkatea barne) izan zen nagusi. Urte horretan PSNri (4) aurre egin behar izan zion eta diferentzia txikiagoa izan zen.

Udala (2011)
Alderdia Botoak Zinegotziak
UPN 429 5
PSN 300 4

Hauek izan dira Los Arcosko azken alkateak:

Alkatea Agintaldi hasiera Agintaldi amaiera Alderdia
Jesus Gorostiza Gonzalvo[10] 1979 1983 UCD
Jesús Maria Sancet Tanco[10] 1983 1987 Agrupacion Independiente de Los Arcos
1987 1991
1991 1995
1995 1999
Jose Mari Blasco 1999 2000 a
Jeronimo Gomez Ortigosa 2000 2003
Jeronimo Gomez Ortigosa 2003 2007 UPN
Jeronimo Gomez Ortigosa 2007 2011 UPN
Jeronimo Gomez Ortigosa 2011 2015 UPN
Javier Chasco Abaigar[11] 2015 2019 UPN
Javier Chasco Abaigar[11] 2019 Jardunean Trabajando por Los Arcos[12]

a 2000. urtean Jose Mari Blasco zendu zen.

La Estellesa autobus konpainiak Los Arcos Lizarrarekin batzen du. Autobus lineak, honako ibilbidea egiten du:

La Estellesaren Logroño eta Iruñea arteko lineak ere geltokia dauka Los Arcosen. Hiru zerbitzu izaten dira norabide bakoitzeko astelehenetik ostiralera.

Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Los Arcos eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren % 2,64k zekien euskaraz hitz egiten.

Jaiak eta ospakizunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Los Arcosko herriko jaiak, abuztuaren 14tik abuztuaren 20ra ospatzen dira, Jasokundeko Ama Birjinaren eta San Rokeren omenez. Aste osoan zehar entzierroak, musika emanaldiak, su-artifizialak eta zezen suzkoak izaten dira.

Urtean zehar, erromeria eta ospakizun desberdinak izaten dira:

  • Otsailean, ihauteriak.
  • Otsailaren 3an, San Blas baselizarako erromeria izaten da.
  • Mendekoste astelehenean, pizkunde igandetik 50 egunen ondoren, San Gregorio baselizarako erromeria antolatzen da. Sorlada eta Los Arcosko alkateek batera egiten dute baselizarako bidea, eta behin hara helduta, botere makilak trukatzen dituzte.
  • Uztailaren 25ean, Donejakue eguna.
  • Abuztuaren 10ean, San Lorentzo baselizarako erromeria izaten da, izen bereko mendian kokaturik.

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Lorentzo baseliza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin barrokoa da, nahiz eta duela gutxiko zaharberritzek aldaketak eragin duten eraikinaren kanpoaldeko itxuran. Eraikinak oinarri laukizuzena dauka, eta hormak pilastren inguruan daude oinarriturik. Kanpoaldeko hormak harlanduzkoak dira. Fatxada nagusian, sarrera atea adreiluz eginiko erdi puntuko arkudun portiko batez dago apaindurik, eta bertan Los Arcosko XVIII. mendeko armarria ageri da.

Portikoaren ondoan, eta elizaren hormari atxikita, laukizuzen itxurako harri handia dago, San Vizenteko baselizatik eratorria.

Gaztelua Erdi Aroan eraiki zen, baina gaur egun ez da ia arrastorik geratzen. Antza denez, XVIII. mendean Gagesko kondeak, Nafarroako erregeorde zenak, gazteluaren eraisketa agindu zuen. Dena den, gazteluaren oinarria eta perimetroa antzeman daitezke oraindik, 1750ko plano bati esker. Gazteluaren barruti osoan, karratu itxurako dorre ugari zeuden, eta Omenaldiko dorrea nabarmentzen zen, barrutiaren hego-mendebaldean.

Losarcostar ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri eta hiri senidetuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Los Arcos ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c Euskaltzaindia, 155. araua: Nafarroako udal izendegia.
  2. a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  3. Euskara ezagutza tasa. (2010) Euskal Herriari Begira (Udalbiltza), Eustat, INE, NASTAT eta Euskal Herriko Hizkuntza Adierazle Sistema (EAS).
  4. Nafarroako Gobernua. (2018). Nafarroako Datu Soziolinguistikoak. Euskarabidea, 48-53 or..
  5. «Los Arcos - Lekuak - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
  6. https://www.culturanavarra.es/uploads/files/07_FLV55-0055-0064.pdf
  7. «Los Arcosko Bostiriak - Lekuak - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
  8. Nafarroako Meteorologi Agentziaren webgunea.
  9. a b «LOS ARCOS (NAVARRA)» www.fernandezdearcaya.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
  10. a b «Los Arcos - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-17).
  11. a b (Gaztelaniaz) «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
  12. «LIZARRAKO ESKUALDEKO HAUTESKUNDE BATZORDEA Aurkeztutako hautagai-zerrendak» NAO 78. zenbakia, 2019ko apirilaren 24a, asteazkena (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).
  13. «CORELLA, Jaime de - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
  14. «Martínez de Morentin López, Javier - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
  15. (Gaztelaniaz) Del Pozo, Fernando. [https://bibliofep.fundacionempresaspolar.org/dhv/entradas/d/diaz-de-llarraza-simeon/ «Díaz de Ilarraza, Simeón | DHV, Diccionario de Historia de Venezuela»] bibliofep.fundacionempresaspolar.org (Fundación Empresas Polar) (Noiz kontsultatua: 2023-07-14).
  16. «García-Villoslada, Ricardo - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
  17. «Videgain Agos, Fernando - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
  18. «ABREGO SANTESTEBAN, Mari - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa