Artaxoa
- Artikulu hau Erriberriko merindadeko udalerriari buruzkoa da; Longidako herria gaitzat duena beste hau da: Artaxo
|
Artaxoa |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Artajona | ||
| Estatua Erkidegoa Merindadea Eskualdea |
Espainia Nafarroako Foru Erkidegoa Erriberriko merindadea Tafallaldea |
||
| Alkatea | Beatriz Mendia Belatz (AIA, indep.) |
||
| Herritarra | artaxoar | ||
| Koordenatuak | 42°35′23″N 1°45′52″W / 42.58972°N 1.76444°WKoordenatuak: 42°35′23″N 1°45′52″W / 42.58972°N 1.76444°W | ||
| Eremua | 66,90 km2 | ||
| Garaiera | 427 m | ||
| Distantzia | 31 km Iruñera | ||
| Posta kodea | 31140 |
||
| Biztanleria | 1.731 bizt. (2012) | ||
| Dentsitatea | 25,87 bizt./km² | ||
| http://www.artajona.net/ | |||
Artaxoa[1] Nafarroako erdialdean dagoen udalerria da, Erriberriko merindadekoa. Iruñetik 31 kilometrora, Tafallatik 10 kilometrora, eta Garesetik 11 kilometrora dago Artaxoa. 2012ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, herriak 1.731 biztanle ditu.
Eduki-taula |
Inguru naturala eta kokapena [aldatu]
Erriberriko merindadean kokaturik, Artaxoa Nafarroako bi autobide nagusien artean kokatzen da, AP-15 autobidea eta Iruñea eta Logroño batzen dituen autobidea. "Inguraketa" (erderaz Cerco) izeneko etxe multzoa, muino baten gainean dago, hauxe da Artaxoako erdi aroko herrixka izandakoa. Ondorengo mendeetan, Artaxoa muino horren ondoko lur lauetan zehar garatu zen. Gaur egun, betan bizi da biztanleria gehiena eta bertan daude zerbitzu guztiak, igerileku publikoa, liburutegia, medikua eta abar.
NA-601 errepidea, udalerriaren behekaldetik igarotzen da eta Artaxoa Mendigorria eta Tafallarekin elkartzen ditu. Erliebea 500 eta 600 metro arteko muinoek osatzen dute, eta udalerriko punturik garaienak iparralde eta ekialdean daude, itsasoaren mailatik 650 metrora. Artaxoako udalerriak Añorbe, eta Obanosko udalerriekin egiten du muga iparraldean, Mendigorria eta Larragarekin mendebaldean, Tafallarekin hegoaldean, eta Puiu, Garinoain, eta Barasoaingo udalerriekin ekialdean.
Klima eta landaredia [aldatu]
Klima mediterraniar-kontinentala da, uda lehor eta negu hotzekin. Batez-besteko tenperatura 13 eta 14 gradu bitartekoa da, eta prezipitazioa 450mm eta 600mm ingurukoa. Urteroko egun euritsuak 70 inguru izaten dira. Nafarroa erdialdean bezala, Artaxoan ekaitz ugari izaten da udaberritik udazkenera. Ekaitzak Errioxan dauden hegoaldeko mendietan sortu eta iparralderantz egiten dute, Artaxoa zeharkatuz, hau bereziki nabarmena da udazken eta udaberrian. Hauek dira baita ere urteko urtarorik euritsuenak, eta udan egoten den ekaitz bakanen bat kenduta, eguneko prezipitaziorik ugarienak, orduan ematen dira.
Ia ez da jatorrizko harizti eta artadien arrastorik geratzen. Gaur egun, birlandaturiko pinuak dira udalerriko basoetan nagusi (Alepoko pinuak eta Austriatik ekarritako pinu beltzak). Dena den, basoek udalerriaren %2a baino ez dira, birlandaketak inguruko herritan baino askoz urriagoak izan zirelako.
Estazio meteorologikoa [aldatu]
Herrigunearen kanpoaldean, itsasoaren mailatik 353 metrora, Espainiako Nekazaritza ministerioaren estazio meteorologikoa dago.[2]
Historia [aldatu]
Artaxoako lehen aztarna arkeologikoak historiaurrekoak dira, zehazki Eneritzeko Portillo eta Minako trikuharriak, gutxi gora behera Kristo aurreko hirugarren milurtekoak. Ondorengo mendeetako bestelako aztarnak aurkitu dira, Zerkoko akropolia, Dorre herrixka, eta abar. Erromatarren garaian, Artaxoa guztia etxe txikiz beterik egon zen, Artadia, Elizaldea eta Goenzelaia. Trikuharriak dauden gunera iristeko Artaxoako hilerriaren atzean dagoen bide bat hartu behar da.
Erdi Aroan, eraso barbaroei aurre egiteko sortutako Zerkoa edo harresi multzoa da, gaur egungo Artaxoako monumenturik esanguratsuena. Erdi Aroan zehar petxa ordaintzen zuen jaurerria izan zen. 1193 eta 1208 urteen artean, Antso VII.a erregeak "bederatzigarrena" izenaz ezagutzen zen petxaren zenbatekoa 7.000 soldatetara murriztu zuen. Zerga hori urtean behin bakarrik ordaindu beharko zuten. Artaxoako harresiak, herriak Goi Erdi Aroan bizi izandako oparotasunaren adierazle dira. Zoritxarrez, XIV. mendeko Izurrite Beltzak hildako eta kalte handiak eragin zituen Artaxoan. Biztanleria hamarren batera gutxitu zen.
Herriaren desagertzea eragozteko, Carlos III.a erregeak, artaxoarrak "hiritar libre" izendatu zituen eta Lizarrako San Martingo forua eman zion herriari, asteroko merkatua antolatzeko eskubidearekin (1423. urtean). Nafarroako gerra zibilean, herria Beaumontarren eskuetan geratu zen, eta nahiz eta Katalina eta Albretko Juan III.a erregeek euren jabetzara atxiki (1498, 1512an Leringo konteen jabetzara igaro zen berriz ere. XVI. mendearen bigarren erdia gatazkatsua izan zen, eta artaxoarrek behin eta berriro saiatu ziren, "hiribildu ona" izateak zekarren pribilegioa berreskuratzen. Azkenik 1631ean Nafarroako gorteetan zeukan jarlekua berreskuratzea lortu zuten.
1797 eta 1798 urteen artean, Artaxoak Muru Artederretarako bidea eraiki zuen, Iruñearekiko komunikabideak hobetzeko asmoarekin. XIX. mende herrian pattarra ekoizten zuten bost lantegi pribatu eta publiko bat zeuden. Horrez gain, olioa ekoizten zuten lau errota zeuden. 1863an Karitatearen Alaben ordena bat ezarri zen herrian, Aingeruaren ikastetxearen zuzendaritza hartu eta Ospitaleko gaixoak zaintzeaz arduratzen hasi zirelarik. 1870ean "Eskorten Elkartea" sortu zen.
Demografia [aldatu]
XX. mende osoan zehar biztanleriaren heren bat baino gehiago galdu zuen Artaxoak. Biztanle gehienak Iruña eta inguruko herrietara jo zuten bizimodu hobe baten bila. Joera hori 1990eko hamarkadararte mantendu da. Dena den, autobide berrien eraikitzeak eta Nafarroako hiriburuarekiko duen hurbiltasun erlatiboak, bizilagun berriak erakarri ditu Artaxoara. Horrez gain, etxebizitza berriak eraiki dira, eta ehundaka gehiago eraikiko dira hurrengo urteetan.
Nafarroako gobernuak 2003. urtean argitaraturiko datuen arabera Artaxoan 1.699 biztanle zeuden, 896 gizon eta 803 emakume. Udalerriko biztanleen batez besteko adina 43 urtekoa zen.
| 1897 | 1900 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1975 | 1981 | 1991 | 1999 | 2004 | 2005 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 2470 | 2303 | 2617 | 2443 | 2406 | 2050 | 1890 | 1788 | 1745 | 1701 | 1689 | 1666 | 1700 |
2008ko erroldaren arabera, 77 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %4,50a (Nafarroako batez bestekoaren azpitik).
Ekonomia [aldatu]
Artaxoako iharduera ekonomiko nagusia nekazaritza izan da historikoki. Abeltzantzak garrantzia handia dauka herrian, behi, txerri eta ardi guztiak zenbatuta 30.000 abelburu inuguru dagoelarik. Garia eta garagarra dira labore nagusiak Nafarroako erdialde guztiak gertatu bezala. Horrez gain, XX. mendean zehar industria xume garatuz joan zen, palak, artisautza produktuak eta elikagaiak ekoizten zituztenak. Artaxoan lur amankomunek 1.237 hektarea hartzen dituzte (erroldaturiko laborantza lurren %18,6). Zerealak (garagarra garia baino gehiago), mahastiak, eta olibondoak dira landatzen diren laborerik ugarienak. Sekain lurren hedapena XIX. mendearen amaieran hasi zen, eta urte gutxitan landatutako lurren azalera 1.741 hektareatik (1891) 3.993 hektareara hazi zen (1935). Mahastien gutxitzea nabarmena izan zen XX. mendean zehar, batez ere filoxeraren gaitzak eraginda eta 1.314 hektareatik 295 hektareara jaitsi da (1980ko hamarkadan).
Artaxoan hainbat elkarte eta nekazal koperatiba osatu dira XX. mendea hasi zenetik. 1904ko azaroaren 10ean Nafarroako nekazal aurrezki kutxak sustaturiko koperatiba sortu zen, 1939ko abenduaren 3an Frantzisko Xabierkoaren upategi koperatiba, 1944ko azaroaren 24ean Mesedeetako Amaren koperatiba, 1962ko abuztuaren 6an Jerusalengo Ama Birjinaren koperatiba, eta 1965ko uztailaren 3an, Kontserben San Santurnino koperatiba.
Azken urteetan nekazalturismoaren garapena gertatu da, eta horrela, hainbat landetxe zabaldu dira udalerrian.
Industria [aldatu]
Nafarroako gobernuak industrialdeak sustatzeko sortutako Nasuinsa elkartearen ekimenez, La Vergalada industrialdea eraikitzea aurrikusten da 2009tik aurrera. Proiektua 2008ko otsailaren 7an aurkeztu zioten gobernuko ordezkariek Artaxoako udaleko arduradunei eta herrigunearen kanpoaldean eraikiko da 50.000 metro koadroko gune batean. Indusrialdeak bederatzi lursail izango ditu orotara. Azpiegituraren datu teknikoak honakoak dira:
Azalera guztira: 53.038 m2
Lursailen azalera: 20.277,81 m2
Parke eolikoak [aldatu]
Artaxoan Nafarroako gobernuak eraikitako bi parke eoliko daude, "Karakidoia" eta "Egastiaga" izenekoak. Lehenak 15,00 megawatteko potentzia dauka eta airesorgailuak Artaxoa eta Barasoain bitartean hedatzen dira, bigarrenak 6,00 megawatteko potentzia dauka eta parkeko airesorgailuak Artaxoako mugen barruan bakarrik hedatzen dira.
Ondarea [aldatu]
San Saturnino eliza [aldatu]
San Saturnino eliza herrigunearen punturik garaienean dago, harresien eremu barruan. 1085. urtean jatorrizko eraikuntzarekin hasi zen erromanikoa altxatu zuten, 1103. urtean lanak amaituz. XIII. mendearen lehen erdian, gaur egungo tenplu gotikoaren eraikuntza hasi zen, lehenik aurrealdea eraikiz. Ondorengo mendeetan zehar, egitura berriztu eta elizak gaur egun duen itxura gotikoa lortu zuen.
San Pedro eliza [aldatu]
San Saturnino elizatik gertu, San Pedroren omenezko eliza dago. 1959an eraiki zuten, antzinako San Pedro elizaren aztarnen gainean. Fatxada nagusia, plaza txiki baten aurrean, dago, eta bertara heltzeko malda handiko bi kale hartu behar dira, Artaxoako gunerik garaienean.
Baselizak [aldatu]
Tafallarako bidearen ondoan, San Bartolome baseliza dago, XIX. mendean eraiki arren, jatorrizko baselizaren izateari buruzko lehen dokumentua 1235ekoa da. Baseliza barruan, San Bartolomeren XIX. mendeko egurrezko irudia dago. Herrian bestelako baselizak izan ziren, San Miguel, Santa Katalina eta San Gilen omenezkoak, baina zoritxarrez ez dira existitzen gaur egun.
Gaztelua eta harresiak [aldatu]
1085ean Okzitaniako Tolosako elizgizonek, hamalau dorredun gotorlekua eraikitzen hasi ziren (gaur egun Zerkoa deitzen dena[3]). Jatorrizko harresia, konponduz eta hobetuz joan ziren hurrengo hamarkada eta mendetan, batez ere XIV. mendean). 1280an Zerkoaren alkate edo burua Pedro Ruiz Argaitz zen, eta kargu horretan egoteagatik zortzi liberako soldata jasotzen zuen. XIV. mendearen hasieran Diego Sanchez Gartzes izan zen gotorlekuko burua. 1464ean Leonor Andreak artaxoarrak saritu zituen Beaumondarren aurka erakutsitako kemenagatik.
XVI. mendearen hasieran Leringo konteak herria eraso eta bertako jaun moduan onartua izatea exijitu zuen. 1513an konteak herria eta harresiak okupatu zuen eta zazpi urte beranduago, 1520an Carlos V.ak kondearen herriarekiko jabego eta eskubideak berretsi zituen. Zerkoak sarrera edo atari desberdinak dauzka, Remaguakoa, Rabalgo atari zaharra, San Migelgoa, eta Aitzaidea izenekoa.
Artaxoarren esanetan, Zerkoko kanpaiak kontrako alderantz jotzen diren munduko kanpai bakarrak dira, gaur egun lau kontserbatzen dira, horietatik bi erromatarrak. Zaharrena 1735ekoa da eta handienak 1.801 kilo pisatzen ditu. 1896ean ezarritako tradizioaren arabera, Nafarroako eliza guztietako kanpaijoleek Artaxoako zerkoko kanpaiak behin jo behar dituzte.
Politika [aldatu]
Alkateak [aldatu]
| 1979-1983 | ||
| 1983-1987 | ||
| 1987-1991 | ||
| 1991-1995 | ||
| 1995-1999 | ||
| 1999-2003 | Jesús Zabalegi Jimeno | UPN |
| 2003-2007 | Pedro María Egea Ortiz | AIA (indep.) |
| 2007-2011 | Pedro María Egea Ortiz | AIA |
| 2011-2015 | Beatriz Mendia Belatz | AIA |
Udal hauteskundeak [aldatu]
Azken agintaldietan alkatetza AIA ("Agrupación de Independientes de Artajona) taldearen esku egon da. 2003tik 2011ra Pedro María Egea Ortiz izan zen alkate. 2007ko maiatzeko hauteskundeetan zerrenda horrek botoen %48,96a eta bost zinegotzi lortu zituen, gehiengo absolutua eskuratuz. UPNk botoen %32,55a eta hiru zinegotzi lortu zituen eta PSNk botoen %16,67a eta zinegotzi bakarra.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| Agrupación de Independientes de Artajona (AIA) | 564 | 5 |
| UPN | 375 | 3 |
| PSN | 192 | 1 |
2011n ere AIAk (5 zinegotzi) eskuratu zuen alkatetza, Beatriz Mendia Velazentzat hain zuzen. Orduan beste zerrenda independente bat (AGD, Artajona Gestión y Desarrollo, 4 hautetsi) besterik ez zuen aurrean izan.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| AIA | 503 | 5 |
| AGD | 498 | 4 |
Udaletxea [aldatu]
Udaletxea 1959. urtean eraikitako harrizko eraikina da, eta San Pedro elizaren ondoan dago. Udaletxe berria zaharra zegoen toki berdinean eraiki zen eta beheko solairu eta gainean eraikitako beste bi solairu dauzka. Fatxada nagusiak malda handiko bi kaleen elkargunean dago.
- HELBIDEA: Eugenio Mendiorotz kalea, 3
Euskara [aldatu]
Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Artaxoa eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %1,46k zekien euskaraz hitz egiten.
2009an Artaxoa, Mendigorria eta Larragako guraso batzuek Biderra taldea sortu zuten, hiru herri horietako umeek irakaskuntza publikoan euskaraz -hau da, D ereduan- ikasi ahal izateko beharrezkoak diren neurriak lortu nahian.
Jaiak eta ospakizunak [aldatu]
- Jai txikiak: Martxoaren 19an.
- Jerusalem Ama Birjina: Irailaren 7tik irailaren 15a arte.
- Saturnino deunaren jaiak: Azaroaren 29tik ondorengo asteburua.
Jaietan hainbat ekitaldi antolatzen dira, jota emanaldiak, kontzertuak, eta herriko behekaldetik gunerik altuenerako laia lasterketa. Lasterketan parte hartzen dutenek, laien gainean ibiltzen dira, Artaxoako kalerik aldapatsuenetan.
Zerbitzuak [aldatu]
Artaxoa "Izarbeibarko Mankomunitateko" kidea da. Garesen egoitzan duen erakunde hau, zaborra biltzeaz eta ur-hornidura bermatzeaz arduratzen da.
Baseliza eta herriaren artean Iruñera joan errepidetik gertu "El Chorro" izeneko pasealekua dago. Bertan, mahaiak, jartzeko tokiak, janaria egiteko erretegi txikiak, eta iturria daude. Horrez gain, Kale Nagusian, umeentzako jolastia dago.
Artaxoar ezagunak [aldatu]
- Saturnino de Lasterra
- Lope de Artajona 1142 eta 1159 artean Iruñeko gotzaina.
- Felix Zabalegi Catalan (1845-1903) poeta.
- Jose Maria Jimeno Jurio (1927 - 2002) historialari eta etnografoa.
Erreferentziak [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Euskaraz) Artaxoako udalaren webgunea
- (Euskaraz) Harrizko Herria Berria egunkariko artikulua.
- (Euskaraz) Historiaren talaia Argia.com webguneko artikulua.
- (Gaztelaniaz) Artaxoari buruzko informazioa Nafarroako gobernuaren webgunean.
- Pilar Zabalegi kalea, herriaren behekaldean, Google Street View-n.