Conocybe vestita

Wikipedia, Entziklopedia askea
Conocybe vestita
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
KlaseaAgaricomycetes
OrdenaAgaricales
FamiliaBolbitiaceae
GeneroaConocybe
Espeziea Conocybe vestita
Kühner, 1935

Conocybe vestita Bolbitiaceae familiako onddo espezie bat da.[1] Itxura ederrekoa da, ezohikoa bere generoko espezieetan, kapelaren ertzak errezelaren soberakin apendikulatuak dituelako.

Sinonimoa: Pholiotina vestita, Galera vestita.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapela: 1 eta 3 cm bitarteko diametrokoa, hemisferikoa hasieran, gero ganbiletik lau-ganbilera, guztiz ez da inoiz lautzen. Kapelaren azala errugulosa edo krespatua, itxura lehorrekoa, okre kolorekoa orokorrean erdigunea apur bat nabarmenduagoa eta ilunagoa du, baina hezetasun mailaren arabera tonu lehoi kolorekoak izan ditzake, edo horixkak lehorra badago. Maluta formako errezel hondarrak izaten ditu, batez ere ale gazteetan, ertzean apendikulatuta gelditzen dira, basidiomari itxura ederra emanez.

Orriak: Adnatuak, sabeldun samarrak, eta orritxoekin, hasieran okre-horixka kolorekoak, gero okre kolorekoak eta okre-burdin kolorekoak espora-jalkinaren ondoren. Oro har, gainerakoa baino argiagoa ertza.

Hanka: Luzanga kapelaren diametroarekiko, eta 5 cm arteko luzera har dezake, zilindrikoa, fistulosoa edo barnehutsa, hasieran kolore zurixkakoa, baina laster marroia, fibrilosoa, malutez apaindua gaztetan, zahartzean desagertzeko joerarekin.

Haragia: Urria eta mehea, garrantzi gutxikoa, okre antzeko kolorekoa usain eta zapore nabarmenik gabea.[2]

Etimologia: Conocybe terminoa grekotik dator, konoa esan nahi duen "cono" hitzetik eta burua, kasko konikoa, esan nahi duen "cybe" hitzetik.

Jangarritasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Interes gastronomikorik gabea.[3]

Nahasketa arriskua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Conocybe appendiculata delakoak ere antzeko itxura du, mikroskopikoarekin erraz bereizten dira. Badira Pholiota batzuk antzeko itxurarekin, baina handiagoak dira.

Sasoia eta lekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udatik hasita, baina batez ere udazkenean. Normalean bakartuta edo talde txikitan agertzen da eta arrarotzat sailkatu beharreko espeziea da. Lurzoru higrofiloetan eta nutrienteetan aberatsak direnetan, normalean hostozabalen azpian.

Banaketa eremua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Columbia Britainiarra, Europa.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskal Herriko perretxiko eta onddoak, 2013, 2014, 2016, 2017, Fernando Pedro Pérez, Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza  •   Bizkaiko Perretxiko eta Onddoak, A.D.E.V.E., 2012  •   Euskalnatura  •   Euskal Herriko Onddoak. 5 tomos, Luis García Bona, Kriselv, 1987  •   Catálogo micológico del País Vasco, Aeranzadi, 1973  •   Mendizalearen Hiztegia [mikologia], Ostadar Mendi Taldea.
  2. (Gaztelaniaz) Bon,Marcel. (1988). Guia de Campo de los hongos de Europa. Ediciones Omega, S. A. Barcelona, 260 or. ISBN 84-282-0865-4..
  3. (Gaztelaniaz) Calvo Pérez Javi. (2006). El mundo de las setas. Asociacion Micológica Fungipedia.
  4. Conocybe vestita: GBIF—the Global Biodiversity Information Facility.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]