Errotari
Errotaria | ||||||||||||||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Iraute egoera | ||||||||||||||||||||||||||||
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | ||||||||||||||||||||||||||||
Sailkapen zientifikoa | ||||||||||||||||||||||||||||
Erreinua | Fungi | |||||||||||||||||||||||||||
Klasea | Agaricomycetes | |||||||||||||||||||||||||||
Ordena | Agaricales | |||||||||||||||||||||||||||
Familia | Entolomataceae | |||||||||||||||||||||||||||
Generoa | Clitopilus | |||||||||||||||||||||||||||
Espeziea | Clitopilus prunulus | |||||||||||||||||||||||||||
Basionimoa | Agaricus prunulus | |||||||||||||||||||||||||||
Mikologia | ||||||||||||||||||||||||||||
|
Errotaria edo Salataria (Clitopilus prunulus) perretxiko mota bat da.[1]
Deskribapena
Perretxiko honen txapelaren diametroak 3-10 cm du. Txapela oso hauskorra da, eta hasieran ganbila eta titidun samarra, baina gero leundu egiten da, eta azkenik Clitocybe moduan erditik sartua. Txapelaren ertza biribilkatua da ale gaztea denean, baina ale heldua bada, irregularra eta uhindua. Txapeleko azala lehorra eta matea da, kolore zurixkakoa, eta batzuetan grisaxka erdialdean. Orriak oso dekurrenteak dira, hasieran zurixkak eta gero, esporak helduak direnean, arrosak. Hanka motz, zuri eta matea du, eta askotan eszentrikoa. Mami zuria, oso biguna eta hauskorra. Irin freskoaren usain eta zapore nabarmenak. Espora arrosak, fusiformeak albotik ikusita eta angeludunak aurretik begiratuta.
Jateko ona da, sukaldaritzan asko erabiltzen da gainera, baina kontuz ibili behar da Clitocybe cerussata eta Clitocybe rivulosa pozoitsuekin ez nahasteko. Hauek leku berdinetan ateratzen dira, eta askotan elkarrekin. Dena dela, desberdintasunak badituzte: Clitocybe prunulus hauskorra da, irin usain nabarmena du eta orriak oso dekurrenteak dira, eta ale heldua bada, arrosak. Clitocybe pozoitsuak berriz, elastikoak dira, usaina ahulagoa dute, irina eta anisaren artekoa, eta orriak ez dira hain dekurrenteak eta arrosak, krema-zurixkak baizik.
Espezie hau bereizteko, irin-usainari erreparatu behar digu; aintzat hartzekoak dira, halaber, haragiaren hauskortasuna eta esporak ondu ahala orriek hartzen duten kolore arrosa. Ezaugarri horiek kontuan izanda, ez dugu kolore zuriko eta toxikotasun handiko Clitocybe espeziarekin nahasteko arriskurik izango.
Bizilekua
Oso perretxiko arrunta da udan eta udazkenean, belar artean, hostozabal desberdinen azpian ateratzen da, talde txikietan. Askotan, Boletus edulis onddotik hurbil ernamuintzen denez, “salatari” ere deitzen zaio.
Galeria
Erreferentziak
- ↑ Euskal Herriko perretxiko eta onddoak, 2013, 2014, 2016, 2017, Fernando Pedro Pérez, Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza • Bizkaiko Perretxiko eta Onddoak, A.D.E.V.E., 2012 • Euskalnatura • Euskal Herriko Onddoak. 5 tomos, Luis García Bona, Kriselv, 1987 • Catálogo micológico del País Vasco, Aeranzadi, 1973 • Mendizalearen Hiztegia [mikologia], Ostadar Mendi Taldea.