Kaiola gorri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Clathrus ruber» orritik birbideratua)
Kaiola gorri
Clathrus ruber spacepleb.jpg
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
KlaseaAgaricomycetes
OrdenaPhallales
FamiliaPhallaceae
GeneroaClathrus
Espeziea Clathrus ruber
Pers., 1801

Kaiola gorria edo kaiola perretxikoa (Clathrus ruber; sinonimoa: Clathrus cancellatus) Phallaceae familiako onddo espezie bat da.[1]

Ez du sukaldaritzako baliorik, usain gogor eta desatseginagatik. Duela urte gutxi arte urria zen Euskal Herrian, baina Pinus insignis-eko gure basoetan hedatuz doa. Naturako espezierik ikusgarrienetako bat da. Onddo honek ez du nahasketako arrisku handirik, arrautza fasean izan ezik, baina ebakiz gero ondo bereiziko dugu.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Peridioa: Arrautza itxurakoa, globo itxura apur batekin; oinarrian kordoi adarkatu bat du, zuria edo zuri-okrea, matea, biguna, batzuetan zimurra lehortzeagatik, goiko aldetik hainbat norabidetan abiatzen diren ildoekin, heltzera iristean bilgarria apurtzeko eta karpoforoa kanporatzeko.

Karpoforoa: Sesila, oboidea, 3 - 6 x 5 - 8 cm-koa, gangan elkartuta dauden besoez osatuta dago, gorri bizia edo gorri-koral kolorekoa, oinarria bolba zuri batean itxita gelditzen da, hau da, jatorrizko peridioaren hondarretan.

Gleba: Besoen barruan sakabanatuta dago eta muzilagoduna da, berde-oliba kolorekoa; bere usain kirasdunak euliak erakartzen ditu.[2]

Etimologia: Cancellatus epitetoa latinetik dator, "cancellatus" hitzetik, eta sareta esan nahi du. Bere itxuragatik.

Jangarritasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrautzan dagoenean, errefrauaren usaina eta zaporea ditu. Adin honetan jangarria izan daiteke, baina normalean ez da jaten.[3]

Nahasketa arriskua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrautzaren itxuran dagoenean, Phallus impudicus eta Anthurus archeri espeziekin nahas daiteke, baina behin garatuta, ez da posible nahastea.[4]

Sasoia eta lekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakarrik edo talde txikitan ateratzen da, bide bazterretan, pinudi eta hostoerorkorren soilguneetan, lorategietan. Udaberritik ia negura arte.[5]

Banaketa eremua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europa, Afrikako iparraldea, Asiako hego-mendebaldea; Kalifornian eta Mexikon bertakotatuta.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskal Herriko perretxiko eta onddoak, 2013, 2014, 2016, 2017, Zuzendaria Fernando Pedro Pérez, Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza
    Bizkaiko Perretxiko eta Onddoak, 2012ko Abendua, A.D.E.V.E, Argazkiak:Fernando Pedro Pérez, Maite Legarra, Xabier Leizaola, Jon Urkijo, Nerea Aurtenetxe.
  2. (Gaztelaniaz) Mendaza, Ramon, Diaz, Guillermo.. (1987). Guia fotografica y descriptiva 800 especies a todo color. Iberduero, 678 or. ISBN 84-404-0530-8..
  3. (Gaztelaniaz) Kutxa Fundazioa Sozial eta Kulturala. (1992). Euskal Herriko perretxikoak. Litografía Danona s. coop.ltda., 5 or. ISBN 84-7173-211-4..
  4. (Gaztelaniaz) Palacios Quintano Daniel. (2014). Disfrutando con las setas. Leitzaran, Grafikak S.L. Andoain, Gipuzkoa, 516 or. ISBN 978-84-617-0196-4..
  5. (Gaztelaniaz) Palazon Lozano Fernando. (2006,). Setas para todos. JoseLuis Añanos Echo Editorial Pirineo, 623 or. ISBN 84-87997-86-4..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]